Iragarkia
79. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1004/2017 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da sistema informatikoetako erdi mailako teknikarien lanpostuak betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdia, aldi baterako kontratazioetarako, Hezkuntza Departamentuan sortzen diren beharrei erantzuteko.
Ikusirik Hezkuntza Departamentuan dauden langile beharren ezaugarriak, bidezkoa da deialdia egitea sistema informatikoetako erdi mailako teknikarien lanpostuak betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, aldi baterako kontratazioetarako, Hezkuntza Departamentuan sortzen diren beharrei erantzuteko.
Deialdia honako hauetan xedatutakoarekin bat onesten da: Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 7. artikulua (haren bidez zehaztu ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak), eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (haren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak).
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Deialdi bat onestea, sistema informatikoetako erdi mailako teknikarien lanpostuak betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, aldi baterako kontratazioetarako, Hezkuntza Departamentuan sortzen diren beharrei erantzuteko.
2. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Deialdien Atalari, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileen Kontrataziorako Atalari, eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Deialdia, sistema informatikoetako erdi mailako teknikarien lanpostuak betetzeko izangaien zerrenda bat osatzeko, aldi baterako kontratazioetarako, Hezkuntza Departamentuan sortzen diren beharrei erantzuteko.
Hona hemen deialdiaren,
OINARRIAK
Lehena.
Deialdia iragartzen da, hautaproben bidez zerrenda bat osatze aldera, sistema informatikoetako erdi mailako teknikari lanpostuetan aritzeko, Hezkuntza Departamentuan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren.
Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.
Bigarrena.–Betebeharrak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko gradudunaren, diplomadunaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edukitzea, edo haien baliokidea den beste bat, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenbiziko hiru ikas-mailak osorik gaindituak izatea.
Tituluak atzerrian lortu badira, homologatua dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Laugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkeztu beharko dira (Santo Domingo kalea, 8, –beheko solairua–, 31001 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 16.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.
4.2. Eskabidea II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotu beharko zaio. Eredu horiek Hezkuntza Departamentuko Erregistroan daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.
Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
4.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.
Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.
b) Unibertsitateko gradudunaren, diplomadunaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren tituluaren fotokopia, edo haien baliokidea den beste batena, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenbiziko hiru ikas-mailak osorik gaindituak dituela dioen ziurtagiriarena, betiere eskaerak aurkezteko epea bukatu aurrekoak.
4.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.
5.1. Behin-behineko zerrenda.
Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta jendaurrean jarriko, Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean (Santo Domingo kalea, 8, –beheko solairua–, 31001 Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.nafarroa.eus).
Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.
5.2. Behin betiko zerrenda.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean (Santo Domingo kalea, 8, –beheko solairua–, 31001 Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu, deialdi hauetan ezarritako hautaproba egiteko egunarekin, orduarekin eta tokiarekin batera.
Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Seigarrena.–Proba.
6.1. Ebazpen honen bidez onetsitako deialdirako hautapen prozesuan, proba bat eginen da bi zatitan banatua:
Lehenbiziko zatian test motako 40 galdera izanen dira, I. eranskineko gai zerrendarekin lotuak, eta erantzuteko lau aukera izanen dira. Erantzun bakarra izanen da baliozkoa, eta erantzun okerrak zehatu eginen dira, erantzun zuzen baten balioaren herena adina. Lehenbiziko zatia egiteko ordu bat izanen da.
Bigarren zatian 5 galdera izanen dira, I. eranskineko gai zerrendarekin lotuak. Bigarren zatia egiteko ordu bat izanen da.
Plika sistemaren bidez eginen da bigarren zatia.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere. Mahai gainean bolaluma besterik ezin da eduki.
6.2. Probak 10 puntuko kalifikazio orokorra izanen du, gehienez ere. Bai probaren lehenbiziko bai bigarren zatian 5 puntu lor daitezke gehienez. Hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen dutenek gaindituko dute proba.
6.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.
6.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Zazpigarrena.–Epaimahaia.
7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Juan Ardáiz Astráin, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko mahaiburua: Aitor Lakasta Zubero, Hezkuntza Departamentuko Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendaria.
Mahaikidea: Ángel María Montero Garrido, Hezkuntza Departamentuko irakaskuntzako aholkularia.
Ordezko mahaikidea: Lourdes Azanza Beramendi, Hezkuntza Departamentuko irakaskuntzako aholkularia.
Mahaikidea: Luis Calatayud Yuste, Hezkuntza Departamentuko Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Ataleko burua.
Ordezko mahaikidea: José Antonio Palacios, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Sistema eta Sareen Bulegoko burua.
Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.
Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.
Mahaikide-idazkaria: Francisco Javier Ibero Gutiérrez, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeetako Informazio Sistemen Bulegoko burua.
Ordezko mahaikide-idazkaria: Javier Martínez de Estíbariz Ochagavía, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoko burua.
7.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.
Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.
7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
Zortzigarrena.–Emaitzak.
8.1. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 19ko 387/2015 Ebazpenean xedatutakoarekin bat, parte-hartzaileen artean izan daitezkeen berdinketak hausteko, 2017ko martxoaren 3an egin zen zozketaren emaitzari jarraituko zaio. Zozketa hori egin zen ezartzeko zer letra erabiliko diren 2016-2017 ikasturtean berdinketak hausteko, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitatzen dituen deialdietan (Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 3ko 753/2017 Ebazpenaren bidez eman zitzaion publizitatea), eta hartan “I” eta “Z” letrak atera ziren.
8.2. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak, Hezkuntza Departamentuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus), proba gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren araberakoa.
Halaber, epaimahaiak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari nagusiari igorriko dio zerrenda, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
Bederatzigarrena.
Sistema informatikoetako erdi mailako teknikarien lanpostuak betetzeko izangaien zerrenda, aldi baterako kontratazioetarako, Hezkuntza Departamentuan sortzen diren beharrei erantzuteko.
9.1. Behin betiko zerrenda.
Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, eta Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean (Santo Domingo kalea, 8, –beheko solairua–, 31001 Iruña) argitaratuko da, bai eta Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.nafarroa.eus).
9.2. Deia.
Arau honetako zerrendako izangaiei dei egiteko eta, hala bada, kontratatzeko, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 88. artikulua eta hurrengoak (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), deialdi honetako oinarriak, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. atalean, ezarritakoa, non arautzen baitira Nafarroako administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak.
Deia jasotzen dutenek deialdi honetan eskatutako titulazio betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, gradudunaren, unibertsitateko diplomadunaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo lizentzia bateko, ingeniaritzako edo arkitekturako lehenbiziko hiru ikasmailak osorik gaindituak izateari buruzko ziurtagiriarena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratuta.
Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Sistema informatikoetako erdi mailako teknikarien lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.
Hamargarrena.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Deialdiaren, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Iruñean, 2017ko apirilaren 4an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Miren Itziar Aragüés Cemboráin.
I. ERANSKINA
Gai zerrenda
1. gaia.–Metodologia arinak: SCRUM. Kanban. Erabiltzen diren tresnak.
2. gaia.–Softwarearen garapena. Bizi zikloa: baldintzen analisia, diseinua, garapena, integrazioa, probak, ezarpena, mantentze-lanak eta bilakaera.
3. gaia.–Java EE. Lan esparruak: JSF, Spring MVC, Web Services, EJB, Iraunkortasuna.
4. gaia.–JBOSS EAP 6.x aplikazioen zerbitzarietan aplikazioak ezartzea.
5. gaia.–BBDD zerbitzarien gaineko aplikazioen garapena. Javatik BBDDra iristea. SQL Server. Oracle. Programazioa T-SQL-n eta PL-SQL-en. Direktorioetarako sarbidea: LDAP.
6. gaia.–Web aplikazioen garapena: XML, HTML, CSS, XSD, XSLT. Erabilgarritasunerako jardunbide egokiak eta printzipioak.
7. gaia.–1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onesten duena, VIII. titulua: “Segurtasun neurriak datu pertsonalen tratamenduan”.
8. gaia.–Diseinu patroiak. Jardunbide egokiak softwarearen diseinuan.
9. gaia.–Negoziorako adimen sistemak analizatzea eta garatzea. Data Warehouse.
II. ERANSKINA
Aldi baterako kontrataziorako eskabidea (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1704232
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
