1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko apirilaren 5ean hartua, “Ilurdozko irristatzea egonkortzea” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko; sustatzailea Esteribarko Udala da.
Esteribarko Udalak 2016ko azaroaren 24an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz (2017ko urtarrilaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua), jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Jendaurrean egoteko epea bukatuta inork alegaziorik aurkeztu gabe, Esteribarko Udalak, 2017ko otsailaren 23ko osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua.
Nafarroako Gobernuko Erregistroan 2017ko martxoaren 3an sartuta, Esteribarko Udalak eskabidea aurkeztu zuen, presakotzat jotzeko proiektu hori egitean ukitzen diren ondasun eta eskubideen okupazioa, alegatu baitu irristatzen den materialaren egonkortasuna handitu beharra dagoela, irristatzen den eremuak etorkizunean egonkor jarraituko duela bermatzeko, Ilurdotzen lurren irristatzea egonkortzeko proiektuari dagokionez.
Nafarroako Gobernuak, Esteribarko Udalak eman dituen arrazoiak ikusita, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.
Horrenbestez, dagokion txosten juridikoa ikusita, balio justua pagatzeko behar adina kreditu atxiki dagoela egiaztatuta, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. “Ilurdozko irristatzea egonkortzea” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Proiektua Esteribarko Udalak sustatu du.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Esteribarko Udalari jakinaraztea.
Iruñean, 2017ko apirilaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1704331