77. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

85E/2017 EBAZPENA, otsailaren 27an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 16ko 6E/2017 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Lizarrerrian BTT espazio bat sortzeko proiektuari.

Estenozko Kontzejuak berariaz eskatu ondoan, urtarrilaren 16ko 6E/2017 Ebazpenean baimendutako BTT espazioko trazaduretako bi tarte aldatzen dira, Muetzen eta Lerateren artean eta Muetzen eta Muzkiren artean.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta eta kontuan izanik sustatzaileak emandako argudioak eta informazioa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldeko txostena egiten dio urtarrilaren 16ko 6E/2017 Ebazpena aldatzeko eskaerari, ikusi baita BTT espazioko tarte berrien trazadurarako proposatzen diren aldaketek ez dutela ukipen nabarmenik edo osagarririk sortzen ingurumenaren aldetik, hasierako proiektuan ebaluatutakoen aldean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak urtarrilaren 16an eman 6E/2017 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Lizarrerriko BTT espazioa sortzeko proiekturako. Sustatzailea Lizarrerriko Turismo Partzuergoa zen. Gainera, ebazpen horren sustatzailearen izena zuzentzen da, Lizarrerriko Turismo Partzuergoa baita, eta ez Lizarrerriko Turismo Partzuergoa (TEDER).

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Natur Ingurunearen Zerbitzuari, Basozaintzari (Urbasako, Lizarrako iparraldeko eta Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko otsailaren 27an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1702660