1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
197/2017 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko esparru-hitzarmena luzatzeko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzen duena.
Nafarroako Gobernuak, 2016ko azaroaren 30ean egindako bilkuran, erabaki hori onetsi zuen eta ahalmena eman zion Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari hori sinatzeko.
Aipatu erabakiak laugarren klausulan xedatzen du Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela. Hortaz, sinatu ondoren bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Horrenbestez,
EBATZI DUT:
Xedatzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko esparru-hitzarmena luzatzeko erabakiaren testua.
Iruñean, 2017ko apirilaren 6an.–Edurne Eginoa Antxo, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia.
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ARTEKO ESPARRU-HITZARMENA LUZATZEKO ERABAKIA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN HERRITARRENTZAKO ARRETARAKO BULEGO INTEGRATUEN SAREA EZARTZEKO
Madrilen, 2016ko abenduaren 28an.
BILDURIK:
Alde batetik, Elena Collado Martínez andrea, Funtzio Publikoko Estatuko idazkaria, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministeriokoa, kargu horretarako azaroaren 11ko 437/2016 Errege Dekretuaren bidez izendatua, ministerioaren izenean eta hura ordezkatuz, departamentuko titularrak eskuordetutako eskumenak erabiliz, ekainaren 14ko HAP/1335/2012 Aginduaren 6.1 artikuluan (eskumenen eskuordetzeari buruzkoa) xedatutakoarekin bat.
Eta beste aldetik, María José Beaumont Aristu andrea, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 90. artikuluak emandako eskumenak erabiliz, horretarako ahaldundua Nafarroako Gobernuaren 2016ko azaroaren 30eko Erabakiaren bidez.
ADIERAZTEN DUTE
Lehenengoa.
2010eko abenduaren 15ean esparru-hitzarmena sinatu zen Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko (2011ko 44. Estatuko Aldizkari Ofizialean, otsailaren 21ekoan, eta 2011ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 18koan, argitaratua).
Bigarrena.
Hitzarmen horren bederatzigarren klausulan alderdi sinatzaileek erabaki zuten ondorioak izanen zituela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen zen egunetik eta indarraldia 2016ko abenduaren 31n bukatuko zela. Hori sei urtez luzatzen ahal zen, indarraldia bukatu aurretik esku-hartzaileek erabaki espresua hartzen bazuten. Indarraldi hori, aipatu hitzarmenari atxikitako Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateetan ere aplikatzen zen, hamargarren klausularen babesean.
Hirugarrena.
Aipatu esparru-hitzarmenaren hamargarren klausulan ezarritakoari jarraikiz, ulertzen da administrazio esku-hartzaileek eta hitzarmenari atxikitako toki entitateek elkarrekin beren gain hartu dituzten betebeharrek, baita hitzarmenaren hamabigarren klausulan ezarritako prozeduraren bidez atxikitako entitateek hartutakoek ere, indarra izanen dutela esparru-hitzarmen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik iraungi arte, edo bestela, arestian aipatutako esparru-hitzarmenaren hamargarren klausulan aurreikusitako arrazoiengatik.
Laugarrena.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, edozein administrazio publikok edo haiei lotutako edo haien menpeko edozein erakunde edo entitatek sinatutako hitzarmen indardun guztiek egokitu beharko dute aipatu legean xedatzen denera, lege horrek indarra hartu (2016ko urriaren 2an) eta hiru urteko epean.
Bosgarrena.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen laugarren xedapen iragankorrak aurreikusten du erregistro elektronikoari dagozkion aurreikuspenek indarra hartu arte dauden kanalei eustea, herritarrek administrazioekin modu elektronikoan harremanak izateko eskubidea bermatzeko.
Xedapen hori betez, bi alderdiek beharrezkotzat jotzen dute esparru-hitzarmenaren luzapen bat izenpetzea, jarduera administratiboaren alderdi jakin batzuen gaineko argibide, orientazio, arreta eta tramitazio zerbitzu integratuak emateak jarraipena izateko herritarrentzako arretarako bulego integratuen bidez.
Seigarrena.
Bi alderdiek, hitzarmenaren hamargarren klausulan ezarritakoarekin bat, erabaki hau izenpetu dute, Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan, Estatuaren eskumenari buruzkoa baita, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 46. artikuluetan, administrazio prozedura eta toki araubidearen arloan Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenei buruzkoak baitira, xedatuaren babesean.
Horrenbestez, alderdiek adostu dute aipatu hitzarmena luzatzeko erabakia sinatzea, ondoko hauei jarraikiz
KLAUSULAK
Lehena.
Alderdi sinatzaileek erabaki dute 2010eko abenduaren 15ean formalizatu zen hitzarmenaren luzapena sinatzea, Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko. Erabaki honen ondorioak 2017ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arte luzatuko dira.
Bigarrena.
Erabaki hau sinatu duten administrazioek eta aipatu hitzarmenari atxikitako toki entitateek, baita etorkizunean atxikiko direnek ere, konpromisoa hartzen dute beharrezkoak diren jarduketak garatzen segitzeko, Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko esparru-hitzarmenaren xede diren zerbitzu integratuak ematera bideratzen baitira.
Hirugarrena.
Aurreko klausulan aipatutako administrazio publikoek beren gain hartu duten betebeharrak indarrean egonen dira, epeak iragateagatik edo lehen aipatutako esparru-hitzarmenaren hamargarren klausulan aurreikusitako arrazoiengatik hitzarmena luzatzeko erabakia iraungi arte.
Laugarrena.
Hitzarmena luzatzeko erabaki hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Funtzio Publikoko Estatuko idazkaria, Elena Collado Martínez.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1704445