77. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Laburpena, 2017-2018 denboraldian kirol klubek kirol eskolak antola ditzaten diru-laguntzak emateko deialdiarena

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3b eta 20.8a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; horren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/index) BDNS (Identifikazioa): 341534 eta Udalaren webgunean.

Xedea:

Deialdi honen helburua da 2017/2018 denboraldian (urritik maiatzera bitarte) kirol irakaskuntzako eskolak antolatzen dituzten klubei diru-laguntzak ematea, zehazten diren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak eskatzen dituzten entitateen betebeharrak:

1.–Haien jarduera egokia izanen da Nafarroako kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean eta deialdi honen klausuletan adierazitako printzipio eta lehentasunekiko.

2.–Eguesibarko kirol ikastaroei eta Udalaren kirol eskolei buruzko araudia bete behar dute.

3.–Kirol modalitatearen (ikus 1. eranskina) arabera antolatutako talde guztiak kudeatu behar dituzte, ezarritako ordutegi eta plazen arabera.

4.–Eguesibarko Udalak taldeak handitzeko eta espazioak eta ordutegiak moldatzeko aukera izanen du, sorturiko beharren arabera.

5.–Kirol eskolen antolatzaileak eta kudeatzaileak izan beharko dute. Eskola hauek jendeari irekiak izan behar dute, aukera berdintasunean eta bazterkeriarik gabeak sexu, arraza, erlijio eta/edo ideologia arrazoiak direla eta.

6.–Udalak Kirol eskolei buruzko ordenantza fiskalean ezarritako kuotak kobratu beharko dizkiete klubek eskolen erabiltzaileei.

7.–Arau orokor gisa, entrenatzaile bakoitzeko 15 ikasle egonen dira gehienez, taldekako kirolen eskoletan izan ezik, non gehieneko kopurua federazio bakoitzean fitxen arabera ezarritakoa izanen baita.

8.–Eguesibarko Udalarekin lankidetza hitzarmenik sinaturik ez edukitzea eta Udalak egindako kontratu baten esleipenduna ez izatea, diru-laguntza zein proiektutarako eskatu eta horretarako, eta Udalaren beste edozein alorren diru-laguntzarik jaso ez izana, jarduera hori bera gauzatzeko.

9.–Entitateek ez dute inola ere diru-laguntzarik jasoko, beren xedeek, harrera sistemak, funtzionamenduak, ibilbideak edo jarduketak emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioari kontra egiten badiote.

10.–Orobat, inork ez du diru-laguntzarik jasoko, baldin eta administrazio ebazpen edo epai judizial irmoen bidez soldata-bereizkeriagatik, jazarpen moralagatik edo sexu arrazoiek ekarritako edozein tratu ezberdintasunagatik zehatuak edo kondenatuak izan badira, edo urratzen badituzte Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legean edo Emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipio eta betebeharrak.

Epea, instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena:

Diru-laguntzaren eskabideak eta frogagiriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 10 eguneko epean aurkeztu beharko dira, Eguesibarko Udalaren erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan aipatzen direnetako batean. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Sarrigurenen, 2017ko apirilaren 5ean.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

Iragarkiaren kodea: L1704487