77. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

147/2017 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Arangurengo Udalarekin zuzeneko diru-laguntza emateko hitzarmena izenpetzea erabakitzen duena, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko obra finantzatzeko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 11n eman 276/2016 Ebazpenaren bidez, Arangurengo Udalarekin lankidetza hitzarmena izenpetzea erabaki da, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko obra proiektuaren prestaketa finantzatzeko; eta 25.000 euroko diru-laguntza eman zaio 2016an udal horri, helburu horretarako.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 23an eman 1213/2016 Ebazpenaren bidez aitortu da kontura ordaindu behar dela Arangurengo Udalari (IFZ: P3102300E) emandako diru-laguntza, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko obra proiektuaren prestaketa finantzatzeko.

2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 547001-52300-7609-312800 partida ageri da, “Arangurengo Udalarentzako transferentzia, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko” izenekoa, eta 740.000 euroko kreditua du.

Ikusita Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren eta Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailearen txostena, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren onespena duena, non proposatzen baita Arangurengo Udalarekin diru-laguntza zuzeneko hitzarmen bat izenpetzea, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko obra finantzatzeko eta udal horri horretarako diru-laguntza bat emateko.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 740.000 euroko gastu bat baimentzea Aranguren Udalari diru-laguntza moduan emateko, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko obra finantzatzeko, 2017ko gastuen aurrekontuko “Arangurengo Udalarentzako transferentzia, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko” izeneko 547001-52300-7609-312800 partidaren kargura.

2. Arangurengo Udalari (IFZ: P3102300E) 740.000 euroko diru-laguntza ematea 2017an, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko obra finantzatzeko, ebazpen honen eranskinean jasotzen den diru-laguntza zuzeneko hitzarmeneko oinarri arautzaileekin bat.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Arangurengo Udalari jakinaraztea eta igortzea Osasun Departamentuko Kontu-hartzailetza delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kontabilitate-kudeaketaren eta Fakturazioaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan. Interesdunari aditzera emanen zaio honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita; horrek ez du ukatuko Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko otsailaren 27an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

DIRU-LAGUNTZA ZUZENEKO HITZARMENA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAREN ETA ARANGURENGO UDALAREN ARTEKOA, MUTILOAKO OSASUN KONTSULTATEGIA HANDITU ETA ERABERRITZEKO
OBRA FINANTZATZEKO

BILDURIK:

Alde batetik, Óscar Moracho del Río jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea.

Eta bestetik, Manuel Romero Pardo jauna, Arangurengo Udaleko alkate-udalburua.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehena.–2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legean 547001-52300--7609-312800 partida ageri dela, “Arangurengo Udalarentzako transferentzia, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko” izenekoa, eta 25.000 euroko kreditua duela.

Bigarrena.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 11n eman 276/2016 Ebazpenaren bidez, Arangurengo Udalarekin lankidetza hitzarmena izenpetzea erabaki da, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko obra proiektuaren prestaketa finantzatzeko, eta 25.000 euroko diru-laguntza eman zaio udal horri helburu horretarako.

Hirugarrena.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 23an eman 1213/2016 Ebazpenaren bidez aitortu da kontura ordaindu behar dela Arangurengo Udalari (IFZ: P3102300E) emandako diru-laguntza, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko obra proiektuaren prestaketa finantzatzeko.

Laugarrena.–2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean 547001-52300-7609-312800 partida ageri dela, “Arangurengo Udalarentzako transferentzia, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko” izenekoa, eta 740.000 euroko kreditua duela.

Bosgarrena.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Arangurengo Udalak interesa dutela diru-laguntza zuzeneko hitzarmen bat izenpetzeko, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzea finantzatzeko, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean ezarritakoaren babesean.

Helburu horrekin, bi alderdiek hitzarmen hau izenpetu dute, honako hauek ezarririk:

ARANGURENGO UDALARENTZAKO DIRU-LAGUNTZAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, MUTILOAKO OSASUN KONTSULTATEGIA HANDITU ETA ERABERRITZEKO OBRA FINANTZATZEKO

1.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute Arangurengo Udalari diru-laguntza bat emateko aplikatu beharreko araudia ezartzea Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko obra finantzatzeko. Diru-laguntza 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean ageri da, “Arangurengo Udalarentzako transferentzia, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko” izeneko 547001-52300-7609-312800 partidan, eta 740.000 euroko kreditua du.

2.–Onuraduna.

Diru-laguntza hori izenduna da, eta onuraduna Arangurengo Udala da, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

3.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzaren onuradunak honako beharkizun hauek izanen ditu:

a) Mutiloako kontsultategia handitu eta eraberritzeko obrak egin eta bukatzea, hitzarmen honetan ezarritako epearen barrenean.

b) Diruz lagundutako jarduketak eta guztirako gastua justifikatzea.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako diru-laguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jartzea.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako diru-laguntzen berri ematea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

4.–Onuradunaren gardentasunerako betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du aipatutako informazioa.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Telematika bidez aurkeztuko da informazio hori, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.

Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, 59/2013 Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezarritako ondorioak aplikatuko dira.

5.–Diru-laguntzarik jasoko ez duten gastuak.

Mutiloako kontsultategia handitu eta eraberritzeko obrekin lotura izan eta 2017an egiten diren gastu guztiak lagundu daitezke diruz (obren zuzendaritza fakultatiboa eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa gauzatze fasean, obrak, zergak, baimenak, harguneak eta lotunea), 740.000 eurorekin gehienez ere.

6.–Jarduketek bete beharreko baldintzak.

Osasun kontsultategia osasun jardueretarako erabiliko da soilik.

Udalak, egin beharreko jardueretarako, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren araudi tekniko-sanitarioa aplikatuko du, eta, zehazki, honako hauek: Establezimenduak sortu, eraberritu edo lekuz aldatzeko eta horien funtzionamendurako baimena eskatzeko administrazio prozedura arautzeko irailaren 1eko 214/1992 Foru Dekretua eta Ospitaleratzerik gabeko osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetarako gutxieneko baldintza tekniko-sanitarioak ezartzeko Osasuneko kontseilariak otsailaren 12an emandako 37/1999 Foru Agindua.

Halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek eraikinean jardunen dutenez, kontuan hartu beharko dira erakunde horren Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak ematen dituzten zehaztapenak.

Onuradunak behar adinako publizitatea eman beharko dio diruz laguntzen diren jardueren finantzaketa publikoari, eta, zehazki, lanen eremuan kartel bat egonen da, obraren ezaugarriak eta finantzatzen dituen erakundea adierazita.

7.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta aurrekontuko zuzkidura.

740.000 eurokoa da ematen den diru-laguntzaren zenbatekoa, eta 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren 547001-52300-7609-312800 partidaren kargura izanen da (“Arangurengo Udalarentzako transferentzia, Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko” izenekoa).

8.–Jarduketaren lanak egitea.

Diru-laguntza honen xedeko lanak urte honetan hasi eta egin behar dira.

9.–Gastua justifikatzeko epea eta modu balioduna.

Diruz lagundutako jarduketak egin direla eta eragin duten gastua justifikatzeko, dagozkion fakturak edo obra ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, kasua zein den, jatorrizkoak izan edo administrazio edo notario bidez konpultsatutako kopiak izan; diru-laguntza faktura horien edo obra ziurtagirien guztirako balioaren adinakoa izanen da, eta ez du emandakoa gaindituko.

Arangurengo Udalaren Osoko Bilkuraren akta erantsiko da, non onesten baita Mutiloako kontsultategia handitu eta eraberritzeko obren gastua, urte anitzekoa, eta obren lizitazioa baimentzen baita.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, kontratista hautatzeko orduan, eraginkortasunari eta ekonomiari begira egin dela frogatzearren, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria gehituko da, erakusteko ezen, kontratista hautatzerakoan, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen aginduak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearenak bete direla.

Orobat, toki entitateko idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria gehituko da, emandako diru-laguntza zertan gastatu den, haren helburuari nola egokitu zaion erakusteko.

Era berean, ordainketak gastuari dagozkion fakturen titularren banku-kontuetan egin direla ziurtatzen duten agiriak erantsiko dira.

10.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

2017an egiten diren obrak eta obren zuzendaritza fakultatiboa dena batera ordaintzen ahalko dira diruz lagundutako jarduera bukatutakoan, edo zatika, zatikako justifikazioen bidez, gastuaren justifikazioa aurkeztu ondoren, bederatzigarren oinarrian zehazten den moduan.

Agiri horiek 2017ko abenduaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko dira.

Ordainketa “kontura”-koa izanen da, eta Mutiloako osasun kontsultategia handitu eta eraberritzeko jarduketak erabat bukatzeari lotua egonen da. 2019ko abenduaren 31 baino lehenago bukatu beharko dira jarduketa horiek. Aipatutako obren harrera-akta aurkeztu beharko du Udalak.

11.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, zilegi da azpikontratazioa egitea, hots, hirugarrenekin diru-laguntzaren xedeko jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea hitzartzea.

12.–Onuradunaren betebeharrak ez konplitzea eta itzulketa.

Mutiloako kontsultategia handitu eta eraberritzeko obrak gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo hitzarmen honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

13.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Diru-laguntza hartzen duen entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen da eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

14.–Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta diru-laguntza ematearen kontrako errekurtsoak.

Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta diru-laguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Administrazio publiko ez diren interesdunek, diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta diru-laguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4 artikuluarekin bat.

15.–Aplikatu beharreko araudia.

Erabaki hau eta oinarriak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin da; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.

Sinatua: Óscar Moracho del Río jauna eta Manuel Romero Pardo jauna.

Iragarkiaren kodea: F1702654