74. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

93/2017 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, ekainaren 5eko 230/2015 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez, abereen gaitzak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko arauak onetsi ziren, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 5ean emandako 230/2015 Foru Aginduaren bidez, abereen gaitzak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko arauak onetsi ziren, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

Azken urteotan, esne ekoizpeneko behi-aziendaren sektoreak izandako bilakaerak ekarri du ekoizpena ustiategi gutxiagotan biltzea; ustiategi horiek, beren tamaina eta izaera intentsiboa kontuan harturik, berariazko osasun patologiak eta arazoak jasaten dituzte. Hori horrela, aplikatzen zaizkien kontrol programek garrantzi handiko berezitasunak dituzte gainerako ekoizpenekin alderatuz gero; hala, berariazko helburuak eta neurriak hartuko dira eta, horregatik, ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduan araututako programa eta laguntzetatik kanpo utzi dira.

Halaber, eta 993/2014 Errege Dekretua aplikatuz (animalien eta animalia jatorriko produktuen esportazioaren aurretiazko kontrolak bateratzen ditu), ezarri da ezen, hirugarren herrialde jakin batzuetarako esnekien kasuan, paratuberkulosia kontrolatzeko ofizialki onartutako programa bat izateak ahalbidetuko duela haiek ziurtatzea, herrialdeak gaitz horren inguruko bermeak eskatzen dituenean.

Hori horrela, departamentu honek berariazko programak garatuko ditu, paratuberkulosia kontrolatzeko, esnetarako behi-aziendaren ustiategietan, zeren eta programa hauek ekoizpen mota honetarako egokituagoak baitaude analitikak egiteari dagokionez.

Neurri hori egoki kudeatzearren eta Nafarroako Foru Komunitateko eta Estatuko araudian ezarritakoarekin bat etor dadin, beharrezkotzat jotzen da arauan aldaketak egitea, alderdi orokorrei dagokienez.

Bestalde, behi-aziendaren ustiategietako osasun programaren aplikazioan izandako esperientziak erakusten digu programa hori egokitu egin behar dugula gaur egun detektaturiko egoera epidemiologikoaren arabera, haren eraginkortasuna hobetzeko; horregatik, bidezkoa da foru aginduaren II. eranskina aldatzea, ADSGen osasun programen gutxieneko edukiei dagokien horretan.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 230/2015 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, abereen gaitzak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko arauak onetsi ziren, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

1.–Ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduaren I. eranskineko 1. artikuluaren 1. puntua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:

“1. Abeltzaintzaren osasun defentsarako Nafarroako elkarteei laguntzak emateko arauak ezartzea du xede foru agindu honek, haragitarako behi-aziendaren, ardi eta ahuntz aziendaren, zaldi-aziendaren eta untxien gaitzak prebenitzeko, kontrolatzeko, desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko lanak egiteko, abeltzaintzako ustiategien osasun estatusa hobetzeko asmoz.”

2.–Ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduaren I. eranskineko 7. artikuluaren 1. puntuko a) idatz-zatiko 2. puntua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:

“2. Abereen zentsua eta espeziea:

–Puntu bat, deialdiaren urteko martxoaren 31n 24 hilabetetik gorakoak diren haragitarako behi-aziendako 200 abelburuko talde bakoitzeko.

–Puntu bat, deialdiaren urteko martxoaren 31n umetarako dauden 1.500 untxiko talde bakoitzeko.”

3.–Ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduaren I. eranskineko 7. artikuluaren 1. puntuko c) idatz-zatiko 2. puntua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:

“2. Abereen zentsua eta espeziea:

–Puntu bat, deialdiaren urteko martxoaren 31n 24 hilabetetik gorakoak diren haragitarako behi-aziendako 400 abelburuko talde bakoitzeko.

–Puntu bat, deialdiaren urteko martxoaren 31n umetarako dauden 2.000 untxiko talde bakoitzeko.”

4.–Ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduaren II. eranskina aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:

II. ERANSKINA

Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetako osasun programen gutxieneko edukiak

Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetako albaitariaren beharkizunak.

Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko albaitaritza zerbitzuak, abeltzaintzako ustiategien osasun arduraduna den aldetik, ustiategiko albaitariaren izaera hartzen du, eta ondotik aipatzen diren eginkizun generikoak izanen ditu:

–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aurrean ordezkari eta bitarteko tekniko gisa aritzea, abeltzaintzako ustiategiaren osasun gaietan.

–Abenduaren 20ko 2611/1996 Errege Dekretuaren arabera, gaitzak desagerrarazteko programen gainean egin behar diren jarduketak egitea (biosegurtasun neurriak edo jarraibideak gaitzaren susmoa dagoenean eta berresten denean, simaurraren tratamendua eta erabilera, positiboak desagerrarazteko epea, abereak geldirik egoteko neurrien aplikazioa, animalia positiboak desagerrarazi ondoren desinfekziorako jarraibideak).

–Ustiategiei aholku teknikoak ematea, abereen osasunaren, ongizatearen eta ekoizpenaren arlo orokorretan. Abeltzainaren lana gainbegiratzea eta orientabideak ematea abereak identifikatu eta erregistratzeko eta ustiategiaren liburuak eta erregistroak (identifikazioa, elikadura, botikekiko tratamenduak, mindak desagerraraztea, etab.) eguneraturik eramateko dituen betebeharretan.

–Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko ustiategietan, zaldi-aziendaren identifikazioa egitea edo gainbegiratzea, baita ardi-aziendarena ere, hausnar bolodunekin identifikatzen badira.

–Nafarroako osasuna zaintzeko sarearen garapenean parte hartzea.

–Abeltzaintza Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea abereen osasunaren eta elikaduraren segurtasunaren arloetan behar diren eginkizun guztietan, aurretik gaikuntza eta berariazko prestakuntza jaso eta gero.

–Ahal duen guztietan, abeltzaintzari lotuta dauden administrazio eginkizun telematiko guztietan parte hartzea (txertaketa-agiriak, osasun giden eskaera eta entregak, behi-azienda identifikatzeko agirien entregak, belarritakoak, etab.).

Espezie guztientzako programa orokor amankomunak.

1.–Biosegurtasun neurriak ustiategietan.

–Biosegurtasun inkestak: albaitaritza zerbitzuek biosegurtasun inkesta eginen dute abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko ustiategi guztietan, Abeltzaintza Zerbitzuak ezartzen dituen ereduen arabera. Inkestetan ustiategiaren osasun azpiegitura eta abelazkuntzako ohiko praktikak jasoko dira, gaitzen gainean eragina duten biosegurtasunaren arloko alderdi kritikoak atzemateko. Albaitariek neurri zuzentzaileak ezarriko dituzte inkestetan atzematen diren akatsetarako, eta abeltzainak neurri horiek aplikatzen dituela kontrolatu beharko dute.

–Biosegurtasun inkesta, gutxienez, hiru urtean behin eginen da ustiategi guztietan. Bereziki kontrolatuko da aurrekoetan proposatutako neurri zuzentzaileak noraino aplikatu diren. Neurri zuzentzaileetan bereziki kontuan hartuko da ustiategiaren historial analitikoa, hala nola haren osasun estatusa. Hortaz, neurriak pertsonalizatuko dira osasun egoera zehatzaren arabera.

–Berrogeialdia: ustiategietan sartzen diren abereak besteetatik bereizita edukiko dira, gaitzik ez dutela egiaztatzeko beharrezkoak diren proba diagnostikoak egin arte. Ustiategian abere gehiago sartuz gero, abeltzainek abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko zerbitzu teknikoei jakinarazi behar diete.

–Ustiategietan sartzen den abereren batek abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen osasun planetan sartutako edozein gaitzetan emaitza positiboa ematen badu, identifikatu eginen da eta plan bat ezarriko da, gaitzaren araberakoa, kontrolatzeko edo desagerraraztea planifikatzeko, beste abere batzuk kutsatzeko aukeraren arabera.

–Abere horiek ezin izanen dira ustiategitik inola ere atera ugalketarako beste ustiategi batera, kontzentrazio zentro batera, ferietara, azienda erakusketa edo merkatuetara edo merkataritzako eragileen instalazioetara eramateko.

2.–Osasun prestakuntza:

–Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteek gutxienez prestakuntza eta dibulgazio ikastaro bat eginen dute urtean. Bertara, elkartutako abeltzainen %40k joan beharko dute gutxienez. Ikastaroa abereen ongizateari buruzkoa, ustiategien biosegurtasunari buruzkoa eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen osasun programan sartutako gaitzen prebentzio eta kontrolari buruzkoa izanen da.

–Ikastaroaren egitarau osoa eta egutegia Abeltzaintza Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio, hasi baino 10 egun lehenago gutxienez.

–Behar bezala justifikatutako arrazoiak direla kausa, bidezkoa izanen da programazioa beste aukera batez ordeztea, betiere antzeko prestakuntza maila lortuko dela bermatzen bada.

3.–Nafarroako zaintza epidemiologikoaren sarea.

–Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetako abeltzaintzako ustiategiak, beren albaitaritza zerbitzuen bidez, albaitaritzako osasun alertaren sare batean sartuko dira, Kode Zoosanitarioaren zerrendako gaitzei aurre egiteko, Abeltzaintza Zerbitzuak ezartzen duen barne jarduketarako protokoloari jarraikiz.

4.–Abere hilak desagerrarazteko osasun arloko aholkularitza eta kontrola.

–Indarreko araudian ezarritako neurri orokorrak betetzea, baita Abeltzaintza Zerbitzuak garatzen dituen berariazko neurriak ere.

5.–Desinfektatu eta intsektuak eta arratoiak hiltzeko programak.

–Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko albaitaritza zerbitzuak desinfektatu eta intsektuak eta arratoiak hiltzeko sistema deskribatuko du. Sistema hori abeltzainak berak prestatuko du, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen gainbegiradapean, edo kontratatutako enpresa espezializatu batek.

–Programan datu hauek agertuko dira gutxienez: erabilitako produktuak, aplikatzeko tokiak eta aplikaziorako jarraibideak, ontzien bilketa, ingurumenaren babesa eta laneko segurtasun eta babeserako neurriak.

6.–Barneko zein kanpoko bizkarroiak kontrolatzeko programa.

–Aziendak tarteko edo behin betiko ostalari gisa jarduten duen kasuetan kanpo eta barne parasitosiaren hedadura saihesteko, eta txertaketa programen eragina handitzeko, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko albaitaritza zerbitzuak barneko eta kanpoko bizkarroiak kontrolatzeko programa bat ezarriko du bere menpeko ustiategietan. Programa horretan, gutxienez, hazteria, ezkabia eta programan mugatutako beste parasitosi batzuk zaindu, kontrolatu eta desagerraraztea jasoko da.

–Parasitosi mota bakoitzerako, prebentzio tratamenduak eta horien aplikaziorako jarraibideak eta maiztasuna azalduko dira, hala nola ukitutako azienda isolatu, tratatu eta geldirik edukitzeko jarduketak.

Haragitarako behi-aziendaren ustiategietarako berariazko programak.

1.–Behi-aziendaren paratuberkulosia kontrolatzeko programa, haragitarako ugalketa ustiategietan, Nafarroako abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetan.

–Simaurraren eta mindaren kudeaketa egokia aurrerako abelburuentzat diren ukuiluak eta larreak kutsa ez daitezen. 12 hilabetetik beherako abereek erabiltzen dituzten larreak ezin izanen dituzte aurretik abere helduek erabili urtebetean edo abere heldu horien eginkariekin simaurtu.

–ELISA probetan seronegatiboak diren ugaltzaileetatik heldu diren abereak soilik erabiliko dira aurrerako gisa.

–Zaintza epidemiologikoaren protokoloa, paratuberkulosiarekin bat datorren sintomatologia (emaziazioa, beherakoa, eta abar) duten abelburuak errutinaz aztertu eta atzemateko.

–Paratuberkulosiaren sintomatologia duten behien kumeak, diagnostikoa baino 24 hilabete lehenago jaioak, isolatu edo desagerrarazi eginen dira.

–Herri-lur bat abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarte bateko ustiategien %90ak gutxienez erabiliz gero. Larre horietara eramaten diren abereek seronegatiboak izan behar dute gaitz horren ELISA probetan.

2.–Paratuberkulosia kontrolatzeko planaren helburua:

–Helburu gisa ezarriko da ukitutako ustiategietan seroprebalentzia %10 murriztea 2 urteko epean.

–Aurreko puntua ez da aplikatuko seroprebalentzia %2tik beherakoa bada, betiere PCR teknikaren bidez analizatu badira abere seropositibo guztiak, eta denek emaitza negatiboa badute teknika horrekin.

–Helburua ez bada bi urte horietan betetzen, bisita ofizial bat eginen da, aurreko ataletan gaitza kontrolatzeko ezarri diren neurriak aplikatzen ari diren egiaztatzeko.

3.–Behi-aziendaren trikomonosia kontrolatzeko programa, haragitarako ugalketa ustiategietan, Nafarroako abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetan.

–Ustiategietan sartzen diren hazitarako abere guztiak analizatu eginen dira.

–Bi lagin hartuko zaizkio prepuzioa marruskatuz hazitarako abere bakoitzari, hamalau egun utzita, gutxienez ere, batetik bestera. Laginaren kultiboa eginen da, eta agente etiologikoa zehaztuko da, lurreko abereentzako OIEren eskuliburuari jarraituz.

–Trikomonosiaren fokua berretsiz gero, hil eginen dira kutsatuta dauden hazitarako abereak.

4.–Behien infekziozko errinotrakeitisa (IBR) kontrolatzeko programa, haragitarako ugalketa ustiategietan, Nafarroako abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetan.

–Debekatuta dago behien infekziozko errinotrakeitisa kontrolatzeko txerto markatu gabeak erabiltzea ugaltzaileen ustiategietan, Nafarroako abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetan.

5.–Estatusaren jarraipena. Analitikak egitea.

–Paratuberkulosia: Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetako behi-aziendaren ustiategiek urtero eginen dute paratuberkulosiaren analisi serologikoa; serumak saneamendu ofizialaren bidez eskuratuko dira. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarte batean sartzen diren behi-aziendaren ustiategi berrietan, probak saneamenduko serumekin eginen dira eta, ezin bada, laborategiak egun horretarako serumik prest ez duelako, hurrengo urtera arte itxarongo da; bestela, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteko albaitariek egiten ahalko dute laginketa. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetako albaitariek lortu beharko dituzte oraingoz hil behar ez diren abelburu positiboei egin beharreko probetarako serumak edo/eta laginak. DRMAyALaren (Abere laborategia) Nekazaritzako Elikagaien Laborategian egiten ahalko dira probak edo gaituta dagoen beste edozein laborategitan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuak horretarako baimenduta badago.

–Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen osasun programa duten ustiategietan behi-aziendako abelburuak sartzea: Kanpaina ofizialen xedeko gaitzak kontrolatzeko indarra duen araudian ezarritakoa gorabehera. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteetako ustiategietako titularrak behartuta daude analisiak egitera ustiategian sartzen dituzten abelburuei, azienda osasun aldetik babesteko eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartearen beraren osasun estatusari eusteko.

–IBRri, IgEri, Paratuberkulosiari, Neosporari eta PIri (BVD) buruzko analisia sorburuan egitea emaitza negatiboekin; albaitari batek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, albaitaria ustiategiaren erantzukizuna duena izan edo abeltzaintzaren osasun defentsarako elkartean ustiategiari dagokion albaitaria izan. Arren kasuan, trikomonosi probak ere eginen dira. Probak 30 egunerako balioko du.

–Bigarren analisia egitea destinoan lehen aipatu gaitzetarako, emaitza negatiboekin; analitika hori ustiategian sartu eta, gehienez ere, 15 eguneko epean egin beharko da. Denbora horretan, abelburua isolatuta eduki beharko da ustiategian, emaitza onak jakin arte.

Untxien ustiategietarako berariazko programak.

Untxientzako osasun programan, gutxienez, honako jarduketa hauek jasoko dira:

1.–Albaitari arduradunak osasun programa prestatzea.

2.–Osasun defentsarako elkarteko albaitari arduradunak gaitza kontrolatu eta desagerrarazteko osasun programa bat prestatu eta Abereen Ekoizpen eta Osasun Atalera igorriko du. Programan gaitz hori abere-taldean zabal ez dadin ezarri beharreko biosegurtasuneko jarraibide zehatzak finkatuko dira.

3.–Orientabide gisa, honako gaitz hauei aurre egiteko osasun programan sartu beharreko gomendio batzuk proposatzen dira:

–Mixomatosia kontrolatzeko eta haren aurka borrokatzeko programa:

  • Biosegurtasunerako oinarrizko neurriak ezartzea.
  • Ustiategietan sintomatologia klinikoa duten abereak hiltzea edo isolatzea.
  • Zaintza epidemiologikorako protokolo bat ezartzea, mixomatosiari lotutako sintomatologia klinikoak errutinaz aztertu eta atzemateko.
  • Txertaketarako egutegi zorrotz bat aplikatzea (epeak, jarraibideak eta abereen adina). Txertoaren berri Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abere Osasuneko Atalari emanen zaio.
  • Ustiategien kalifikazioa. Ustiategiak ekainaren 25ko 1547/2004 Errege Dekretuaren eranskinean ezarritakoaren arabera sailkatuko dira, horren bidez untxien ustiategiak antolatzeko arauak ezarri baitziren.

–Pneumonia hemorragiko birikoa kontrolatu eta haren aurka borrokatzeko programa:

  • Biosegurtasunerako oinarrizko neurriak ezartzea.
  • Ustiategietan sintomatologia klinikoa duten abereak hiltzea edo isolatzea.
  • Zaintza epidemiologikorako protokolo bat ezartzea, gaitz hemorragiko birikoari lotutako sintomatologia klinikoak errutinaz aztertu eta atzemateko.
  • Txertaketarako egutegi zorrotz bat aplikatzea (epeak, jarraibideak eta abereen adina). Txertoaren berri Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abere Osasuneko Atalari emanen zaio.
  • Ustiategien kalifikazioa. Ustiategiak ekainaren 25ko 1547/2004 Errege Dekretuaren eranskinean ezarritakoaren arabera sailkatuko dira, horren bidez untxien ustiategiak antolatzeko arauak ezarri baitziren.

–Enteropatia mukoidea kontrolatu eta haren aurka borrokatzeko programa:

  • Biosegurtasunerako oinarrizko neurriak ezartzea.
  • Ustiategietan sintomatologia klinikoa duten abereak hiltzea edo isolatzea.
  • Zaintza epidemiologikorako protokolo bat ezartzea, enteropatia mukoideari lotutako sintomatologia klinikoak errutinaz aztertu eta atzemateko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko otsailaren 28an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1703598