74. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Trafikoaren gaineko ordenantza orokorrean. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2016ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zituen honako aldaketa hauek, Tuterako Udalaren trafikoaren gaineko ordenantza orokorrean: 58. artikulua gehitzea (“Alde zaharreko oinezkoendako II. eremua; sarbidea, Verjas eta Rúa kaleetatik”) eta 56. artikulua moldatzea (“Alde zaharreko oinezkoendako eremua”).

Aldaketa horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia 2017ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 4an. Jendaurreko epea iraganda, aldaketei buruzko alegazioak aurkeztu ziren. Haietako bat onartu zen, alegia, eskatzen zuena, batetik, aipatu oinezkoendako eremuan sartzeko kale berriak edo haien zati batzuk gehitzea eta, bertzetik, alde zaharrean negozio bakoitzari ibilgailu bat baino gehiago sartzeko baimena ematea. Bertze alegazioak eskatzen zuen ez egitea aurrera oinezkoendako eremuaren proiektuarekin; baina, ezeztatu egin zen, proiektua interes orokorrekotzat jotzen baita.

2017ko otsailaren 27ko osoko bilkuran, behin betiko onetsi ziren aipatu aldaketok, I. eranskineko testuari jarraikiz.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.

Tuteran, 2017ko martxoaren 2an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

I. ERANSKINA

“58. artikulua. Alde zaharreko oinezkoendako II. eremua; sarbidea, Verjas eta Rúa kaleetatik.

Honako hauek osatzen dute: Verjas kalea, San Jaime plaza, Rúa kalea, San Julián kalea, Hortelanos kalea, La Higuera kalea, Horno la Higuera kalea, Merced kalea, Arbollones kalea, Fuente del Obispo kalea, Judería plaza, Roso kalea, Juicio kalea, Cárcel Vieja kalea, Vieja plaza, San Antón kalea (2tik 18ra eta 1etik 11ra), Pontarrón kalea (2tik 16ra eta 1etik 13ra), Portal kalea, Vida plaza, Benjamín de Tudela kalea, Magallón kalea, Dombriz kalea, La Parra kalea, Vueltas kalea, Miguel Servet kalea (1.a), Cortes kalea (1etik 13ra eta 2tik 12ra), Pasaje kalea (1.a, eta 2tik 8ra), Horno del Pasaje kalea eta Carnicerías kalea (1etik 13ra eta 2tik 12ra).

Kale horietako erabilera eta xedea oinezkoen eremua izanik, zerbitzu publikoak bermatuta izan ditzaten, auzokoak ibilgailuz sar daitezen eta kale horietako merkataritzako establezimenduek zamalanak egin ditzaten, jarraian adierazten diren baldintzak betetzen dituzten ibilgailuak sartzen ahalko dira aipatu kale eta plazetan.

Bizilagunak Verjas kaletik sartuko dira eremuan. Sarrera “zirkulazio debekatua, baimendutako ibilgailuak izan ezik” dioen seinale baten bidez egonen da arautua. Irteteko, Rúa eta/edo Portal kaleak erabiliko dituzte. Verjas kalearen hasieran, gailu elektroniko bat egonen da, eremura sartzen diren ibilgailuak kontrolatuko dituena: argazkia eginen die sartzeko baimenik ez duten ibilgailuei eta, gero, zehapena jarriko zaie, zirkulatzeko debekua ez betetzeagatik.

Eremuan zamalan profesionala egiteko, Verajs kaletik sartuko dira, eta Rúa eta/edo Portal kaleetatik irten, bizilagunak bezala. Halaber, Carnicerías kaletik sartzen ahalko da Herrerías kaleak eta alboko kaleek osatutako alde zaharreko oinezkoendako eremuan, eta Herrerías kalearen goiko aldetik irten ahalko da. Zamalan horiek 9:30etik 12:30era egiten ahalko dira, eta San Jaime plazako eta Herrerías kaleko piboteak aipatu ordutegian jaitsita egonen dira, lanok egin behar dituzten ibilgailuak sartu eta atera ahal izateko.

Ordenantzaren 22. artikuluak dioenez, eremu publikoan zamalana egitea da salgairen bat eramatea finka batetik ibilgailu aparkatu batera edo alderantziz, eta bi ibilgailuren artean, betiere, lan horretarako baimena izanik. Kapitulu honetan definitutako zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, turismo-ibilgailuak izan gabe, zamalanak garraiatzeko baimena izan eta zirkulazio baimenean definizio horren araberako sailkapena duten ibilgailuak, edo garraio-txartela dutenak.

Debeku da ibilgailuak aparkatzea Alde zaharreko II. oinezkoendako eremua osatzen duten kale guztietan, honako ibilgailu hauek izan ezik:

1. Vida plazan aparkatzeko baimena duten ibilgailuak, plazako eremu berdean edo toki erreserbatuetan aparkatzeko txartela dutelako.

2. Zamalanetako ibilgailuak, horretarako prestatutako eremuetan eta ezarritako ordutegiaren barruan.

3. Kaleotan zirkulatzeko baimena duten ibilgailuak, zamalanak egiteko, bizilagunak hartu edo uzteko...

Alde zaharreko II. oinezkoendako eremuan sartzen ahalko dira:

1. Eremua osatzen duten kale edo plazetako egoiliarren ibilgailuak; eta haien seme-alaben edo ahaideenak, baldin eta egoiliarrak ez badu ibilgailurik.

2. Egoiliar-txartela duten ibilgailuak, baldin eta eremuko kaleetan bizi ez, baina Vida plazako eremu berdean aparkatzeko txartela badute (kale hauetako egoiliarrei emandako txartelak: Cunchillos, Concarera, Arbolancha, Tornamiras, Miguel Servet, Cortes, Huerto del Rey eta Santiago, eta San Francisco plaza).

3. Eremuko kaleetan dauden negozio, elkarte, peña eta abarretako ibilgailuek honelaxe eskuratuko dute baimena:

a) Tabernek, dendek eta abarrek: bi, sozietate izen bakoitzeko.

b) Gastronomia elkarteak, peñak eta elkarteak oro har: bat, hogeita bost bazkideko edo zatiko.

4. Eremua osatzen duten kaleetako garajeetan aparkatzen diren ibilgailuak, titularren jabetzakoak nahiz alokatuak (betiere justifikatu beharko da).

5. Etxera eramateko zerbitzuetako ibilgailuak. Bat, saltoki bakoitzeko, turismo-ibilgailuen edo furgoneten kasuan, eta era guztietako motozikletak eta ziklomotorrak.

6. Vida plazako erreserbatua erabiltzeko baimena eskuratzen ahalko dute desgaitasunen bat dutela egiaztatzen duen ziurtagiria duten pertsonek (bat, ziurtagiri bakoitzeko).

Modu berean, Vida plazako beren erreserbatuak erabiltzeko baimena eskuratzen ahalko dute Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN) eta Hizkuntza Eskola Ofizialak (HEO) adierazitako ibilgailuek.

7. Baimendutako bertze ibilgailu batzuk.

a) Zerbitzu publikoetako eta mantentze-lanetako udal ibilgailuak.

b) Larrialdi zerbitzuetan eta herritarren segurtasuna zaintzeko erabiltzen diren ibilgailuak (segurtasun indar eta kidegoak).

c) Suteak itzaltzeko zerbitzuak eta osasun laguntzakoak nahiz anbulantziak, larrialdi zerbitzua egin behar dutenean.

d) Txirrinduak, abiadura egokian badabiltza eta oinezkoei arriskurik sortzen ez badiete.

Sor daitezkeen egoera bereziak aztertuko dira, interesdunak eskatuz gero.

Baimen bereziak, puntualak edo aldi baterakoak.

Oinezkoendako eremuan sartzeko baimena eskuratzen ahalko dute, Udaltzaingoan aldez aurretik hura eskatuta:

a) Eraikuntza enpresetako ibilgailuak, sarbide murriztuko karrika edo plazetan obrak egiteko.

b) Etxe-aldairetako ibilgailuak. Udaltzaingoak ezarriko du zein izanen den lanok egiteko modurik egokiena, eremuan ibiltzeko nahiz zamalanak egiteko eragozpenik ez sortzeko.

c) Aldi baterako instalazioak. Eremu horietan instalazioak aldi baterako jarri eta bide publikoa okupatzeko, Udalaren lizentzia beharko da. Eskaeran, okupazio horretarako zein ibilgailuk sartu beharra duten adieraziko da.

Zehapen araubidea.

A) Arau-hauste arinak.

–Oinezkoendako eremuan aparkatzea zirkulazioa oztopatu gabe, ibilgailuak eremu horretan zirkulatzeko baimena izanda ere.

Arau-hauste arinengatik aurreikusitako zehapenak: 80 euroko isuna.

B) Arau-hauste larriak.

–Oinezkoendako eremutik zirkulatzea, horretarako baimenik eduki gabe.

–Oinezkoendako eremuan aparkatzea zirkulazioa oztopatuz, ibilgailuak eremu horretan zirkulatzeko baimena izanda ere.

Arau-hauste larriengatik aurreikusitako zehapenak: 200 euroko isuna.”

“56. artikulua. Alde Zaharreko oinezkoendako eremua.

[...]

Modu profesionalean zamalanak egiteko, San Jaime plazatik sartu eta Herrerías kaleko goiko partetik atera beharko da. 9:30etik 12:30era, piboteak jaitsita egonen dira, kale horietan zamalanetan aritzen diren ibilgailuak sartu eta atera daitezen. Ordenantzaren 22. artikuluak dioenez, bide publikoan zamalana egitea da salgairen bat eramatea finka batetik ibilgailu aparkatu batera edo alderantziz, eta bi ibilgailuren artean, betiere, lan horretarako baimena izanik. Kapitulu honetan definitutako zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, turismo-ibilgailuak izan gabe, zamalanak garraiatzeko baimena izan eta zirkulazio baimenean definizio horren araberako sailkapena duten ibilgailuak, edo garraio-txartela dutenak. Kale horietako bizilagunenak ez diren autoak ezin dira oinezkoen kaleetan sartu.

[...]”

Iragarkiaren kodea: L1702682