74. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKABARTE

Aldaketa, Jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko eta jarduera eskualdatzeko lizentzien gaineko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Ezkabarteko Udalak, 2016ko abenduaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea Jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko eta jarduera eskualdatzeko lizentzien gaineko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Iragarkia 2016ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 29an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betikoz onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ezkabarten, 2017ko martxoaren 13an.–Alkatea, Pedro María Lezaun Esparza.

ORDENANTZA FISKALA, JARDUERA SAILKATU ETA KALTEGABEETAN ARITZEKO ETA JARDUERAK ESKUALDATZEKO LIZENTZIAREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Ordainarazpenaren xedea

2. artikulua. Ordainarazpen honen xede dira kasu hauetan ematen diren lizentziak:

a) Jarduera berritik jartzea lokal batean.

b) Jarduera lokal batetik bestera aldatzea.

c) Aldaketak jardueran, izena, titularra eta lokala aldatu gabe.

d) Jarduera handitzea, eta hori gertatutzat emanen da jarduera sailkatuen gaineko kontribuzioa handitzen den aldiro, non ez den araudi fiskalaren aldaketak sortua.

e) Eskualdaketak eta titular aldaketak, bertan garatzen den jarduera aldatu edo handitu gabe.

f) Lizentzia aztertzea, titularraren nahiz Administrazioaren jarduketak direla-eta.

g) Jarduera-lizentzia.

h) Lizentziaren definizio berria, kafetegi-taberna bilakatzeko.

Zerga-egitatea

3. artikulua. Zergapeko egintzak dira irekitzeko lizentziak eman aurretik eta haiek eskualdatzeko edo haien titulartasuna aldatu aurretik emandako zerbitzu tekniko eta administratiboak, lizentzia haien jabe izan behar baitute, nahitaez, ingurumena kontrolatzeko jarduera sailkatuen edo kaltegabeen titularrek.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Zergak ordaindu beharra hasten da:

a) Beharrezko lizentzia ematen den unean.

b) Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako inguruabarretako bat gertatzen denean.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Pertsona natural edo juridikoak daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera, lizentzia ematen bazaie jarduera batean aritzeko, eskualdaketa egiten bazaie edo titulartasuna ematen.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria egiten den eskari bakoitza edo egindako jarduera bakoitza da.

Tasa

7. artikulua. Karga-tasa ordenantza honen eranskinean agertzen da.

Kuota

8. artikulua. Kuota izanen da zerga-oinarriari ordenantza honen eranskinean agertzen den karga-tasa aplikatzearen ondoriozkoa, edo bestela horretarako adierazten den zenbateko finkoa.

9. artikulua. Ez da tasarik sortuko interesdunak eskabideari uko egiten badio lizentzia emateko udal erabakia hartu baino lehen.

Kudeatzeko arauak

10. artikulua. Jarduteko eta irekitzeko lizentzia erdiesteko interesa duten pertsonek behar den eskabidea aurkeztuko dute udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak eta horren kokapena zehazten dituztela, dagozkion udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.

11. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsita dela, interesdunak zenbateko bat ordaindu beharko du borondatezko kobrantza aldiaren barrenean, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

12. artikulua. Emandako lizentziek balioa galduko dute dagokien ordenantzan ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

13. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu.

14. artikulua. Kafetegi-taberna baten lizentziari definizio berria eman nahi bazaio, izenaren eta funtzionamenduaren araubidearen aldetik taberna berezi edo ikuskizunetarako kafetegi bilakatu ahal izateko, irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. puntuan ezarritakoari jarraituz, behar den eskaria egin beharko da eta behar den dokumentazioa ekarri, aplikatzen ahal den araudian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Arau-hausteak

15. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez Ordenantza fiskal orokorrean xedatuari lotuko zaio, edo bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan xedatuari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa behin betiko onetsita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honek indarrik gabe uzten du “Irekitzeko lizentzien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala”.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Jarduera sailkatuak.

Jarduera-lizentzia, lizentzia berriak tramitatzea, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa: 414,00 euro.

Irekitzeko lizentzia, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa: 207,00 euro.

Jarduera eskualdatzea, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa: 207,00 euro.

Lokalaren egoera egiaztatzeko, Udalaren zeregin tekniko nahiz juridikorik behar ez duten lizentziak: 62,00 euro.

II. epigrafea.–Jarduera kaltegabeak.

Irekitzeko lizentzia, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa: 310,50 euro.

Jarduera eskualdatzea, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa: 207,00 euro.

III. epigrafea.–Lizentziaren definizio berria, kafetegi-taberna jarduerarako.

Lizentziaren definizio berri bakoitzagatik, jarduera izenaren eta funtzionamenduaren araubidearen aldetik taberna berezi edo ikuskizunetarako kafetegi bilakatu ahal izateko: 517,50 euro.

Iragarkiaren kodea: L1703276