72. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

138/2017 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako udalek ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egiteko eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia prestatzeko deialdia onesten duena, 2017ko urterako.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 113. artikuluan xedatutakoarekin bat, toki entitateek beren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen inbentario baloratua prestatu behar dute.

Agindu horren bigarren atalean ezarritakoari jarraikiz, inbentario hori etengabe eguneratu eta urtero zuzendu behar da, eta, udalbatza berritzen den aldiro, egiaztatu beharra dago.

Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 73. artikuluak eta hurrengoek, orobat, aipatu 6/1990 Foru Legean ezarritakoa garatzen dute, Nafarroako toki entitateen ondasun inbentarioaren edukia eta ezaugarriak adieraziz.

Era berean, Nafarroako Parlamentuaren 2017ko urtarrilaren 9ko Aldizkari Ofizialean Nafarroako Kontuen Ganberak prestaturiko Toki Sektore Publikoari buruzko Fiskalizazio txostena argitaratu zen (2014ko ekitaldia), eta hartan jasotako ondorio nagusien artean zera agertzen da:

“2014. urtean, 15 toki entitate fiskalizatu ziren, horien artean Nafarroan biztanle gehien duten 11 udalak. Fiskalizatutako 15 entitateen diru-sarrerek eta gastuek Nafarroako toki sektore publiko osoaren diru-sarrera eta gastuen %47 eta 48 egiten zuten, hurrenez hurren, eta haien biztanleria, berriz, biztanle guztien %59, 2014ko urtarrilaren 1eko datuak kontuan harturik.

Fiskalizazioetan atzemandako gabezia nagusiak hauek dira: inbentario baloratu eta eguneratu bat ez izatea eta aurrekontuak ez onestea ezarritako epearen barrenean.”

Hori dela eta, Kontuen Ganberak gomendio hauek egiten dizkie Nafarroako toki entitateei, besteak beste:

“Udal ondasun eta eskubideen inbentario baloratua eta eguneratua ezartzeko prozesua osatzea, eta ibilgetuaren kontuekiko lotura.”

“Udalaren lurzoru ondarearen erregistroa sortzea eta bertan idaztea sarrera-irteerak, justifikatuta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako xedeekin egindakoak, bai eta Udalaren lurzoru ondarea udalaren gainerako ondasunetatik bereizirik kudeatzea ere.”

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren 2017ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuan (abenduaren 28ko 24/2017 Foru Legea, Nafarroako 2017rako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa) 780001-78200-7609-922400 partida ageri da, “Toki entitateen udal ondasunen inbentarioak” izenekoa, 75.000 euroko zuzkidura duena.

Nafarroako Kontuen Ganberak gomendatutakoa betetzeko asmoz, hala 6/1990 Foru Legean nola Nafarroako toki entitateen ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoari dagokionez, bidezkoa da toki entitateei erraztasunak ematea 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, Nafarroako udalek ondasun eta eskubideen udal inbentarioa eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia egin ditzaten. Eginkizun horretan, lehentasuna emanen zaie biztanle gehien duten udalerriei, inbentario behar bezala eguneratua edukitzeko beharrik handiena haiek dutelako, eta kontuan hartu beharko dira, orobat, biztanle bakoitzeko diru-sarrera arruntak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridikoa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago, eta haren 17. artikuluak ezartzen du diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko dela.

Foru lege honen ondorioetarako, honako honetan oinarritzen da norgehiagokako prozedura: diru-laguntzak nori eman erabakitzeko, aurkezten diren eskaerak alderatzen dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza adjudikatzen zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Lagungarriak dira gauzatzen hasteko data 2017ko urtarrilaren 1etik aurrerakoa duten eskaerak, modu honetan, toki entitateek izango dute epe nahikoa diruz laguntzen den ekitaldia egiteko.

Komeni da data hori jartzea inbentarioa egiteko abiapunturako, Toki Araubideko Foru Batzordean jakinarazi baitzen zuzendaritza nagusiak nahiko lukeela toki entitateen sektoreak inbentarioak lehenbailehen izatea eskura; gainera, berariazko partida bat aurreikusi da horretarako, eta, kontuan hartuta litekeena dela entitateren batek inbentarioa urte hasieran egin izana, ezarritako tramitazioaren ondorioz laguntzak emateko data gutxi gorabehera zein izanen den ikusirik; izan ere, data horren arrazoia deialdiaren onurak ahalik eta udal gehienek jasotzearen interesa da.

Toki entitateei laguntza hauek jaso ahal izateko erraztasunak ematearren, bidezkoa da ebazpen bat ematea, toki entitateek udal ondasunen inbentarioak egiteko 2017ko aurrekontuetan aurreikusita dauden diru-laguntzen deialdia onesteko eta, halaber, diru-laguntzen banaketa arautuko duten oinarriak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako udalek ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egiteko eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia 2017an prestatzeko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 75.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2017ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Toki entitateen udal ondasunen inbentarioak” izeneko 780001-78200-7609-922400 partidaren kargura, deialdi honen ondoriozko beharrei aurre egiteko.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalari eta Ogasun Departamentuak Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian duen Kontu-hartzailetza Delegatuari igortzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2017ko martxoaren 28an.–Toki administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

ERANSKINA

Nafarroako udalek ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egiteko eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia prestatzeko deialdiaren oinarriak (2017)

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egiteko eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia prestatzeko gastuengatik Nafarroako udalei emanen eta ordainduko zaizkien diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

Honako betebehar hauek betetzen dituzten Nafarroako udalak izan daitezke onuradunak:

a) Deialdi hau argitaratzen den egunerako ez izatea egina, ez ondasun eta eskubideen udal inbentarioa, ez eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia ere.

b) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan ezarritakoaren arabera eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bidalia izan behar zuen kontu orokorra bidalia izatea Nafarroako Gobernuari.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

d) Inbentarioa egiteko lana 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasita izatea.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa, diruz lagungarriak diren gastuak, gauzatzeko epea eta egin beharreko lanetan bete beharrekoak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa inbentario horiek egiteko kontratatzen den laguntza teknikoaren kostuaren %50 (BEZa barne) finantzatzeko adinakoa izanen da. Aplikatu beharreko BEZa deialdia argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko laguntza 5.000 eurokoa izanen da.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak lanak egiteko kontratatzen den laguntza teknikoaren kostuari dagozkionak dira, BEZa barne. Ondorio horietarako, kontratazioa 6/2006 Foru Legearen bidez ezarritako moduan egin beharko da, eta kostu osoa hartuko du.

Inbentarioak gauzatzeko epea 2017ko azaroaren 15ean bukatuko da.

Kontratatutako laguntza teknikoak elementu hauek hartu beharko ditu, guzti-guztiak, horiek izanez gero betiere:

a) Ondasunen eta eskubideen udal inbentarioa prestatzea, epigrafe hauei dagokiena, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren arabera:

1. Higiezinak.

2. Eskubide errealak.

3. Altzari historiko edo artistikoak, edo balio ekonomiko handia dutenak.

4. Udalbatzaren balore higigarriak, kredituak eta eskubide pertsonalak.

5. Ibilgailuak.

6. Ondasun eta eskubide itzulgarriak.

b) Udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia, udalak horrelakorik baldin badu.

c) Eta, nolanahi ere, emaitzak inbentarioak kudeatzeko aplikazio batean kargatzea. Aplikazio hori goiko a) eta b) letretan aipatutako inbentarioetan aipatzen den kontabilitatearekin lotuta egonen da.

4.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren 2017ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Toki entitateen udal inbentarioak” izeneko 780001-78200-7609-922400 partidaren kargura finantzatuko dira, gehienez ere 75.000 euro.

5.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2.–Eskabideak bide telematikotik aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua).

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

5.3.–Eskabidearekin batera, deialdian parte hartu nahi duten udalek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egiteko kostuaren gutxi gorabeherako aurrekontua (BEZa barne), Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 1, 2, 3, 4, 5 eta 8 epigrafeei dagokiena, udalaren lurzoru inbentario bereizia prestatzeko kostuarena, halakorik bada, eta inbentario horiek kontabilitatearekin lotuta dagoen inbentarioen kudeaketarako aplikazio batean kargatzeko kostuarena.

b) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi hau argitaratzen den egunean ondasun eta eskubideen udal inbentarioa eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia egin gabe daudela.

c) Azkeneko kontu orokorra zein egunetan bidali zen Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusira adierazten duen aitorpena.

d) Eskumena duen organoak luzatutako aitorpena, hitz ematen duena, laguntza lortuz gero, eskaeraren xedeko inbentarioa eginen dela deialdian azaldutako moduan.

e) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak egunean dituela bai zerga betebeharrak, bai Gizarte Segurantzaren arlokoak.

f) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den, horren bitartez ziurtatzeko aurreikusitako diru-laguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen kontratatutako laguntza teknikoaren kostu osoa.

g) Inbentarioa egiteko lanak eskaerak aurkezten hasi baino lehen eta 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiak badira, udal idazkaritzaren ziurtagiria erantsi beharko da hala dela adieraziz, eta lanen adjudikazioa egin zen dataren berri emanez, adjudikazioaren eguna hartuko baita lanen hasiera datatzat. Horri, 7.2. oinarrian adierazitako dokumentazioa ere erantsiko zaio.

5.4.–Eskaerak aurreko atalean adierazitako betebeharrak bete ezean edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Halakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena jakinaraziko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. oinarriko betebeharrak bete ezean edo eskaera eta egin beharreko lanaren aurrekontu zenbatetsia epean aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.

6.–Diru-laguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.

6.1.–Diru-laguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, jarraian datorren 6.2 puntuan azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun ordenari jarraikiz.

6.2.–Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1. Udalerriko biztanleen kopuru ofiziala 2016. urteko urtarrilaren 1ean: 70 puntu gehienez. Udal bakoitzari taula honetan agertzen den biztanle kopuruaren araberako puntuazioa emanen zaio:

BIZTANLE KOPURU OFIZIALA

PUNTU KOPURUA

100.000 biztanle baino gehiago

70 puntu

100.000 eta 10.000 biztanle bitarte

60 puntu

9.999 eta 3.000 biztanle bitarte

50 puntu

2.999 eta 2.000 biztanle bitarte

30 puntu

2.000 biztanle baino gutxiago

15 puntu

2016ko urtarrilaren 1eko populazio zifra Nafarroako Estatistika Institutuak 2016rako argitaratutako zifra ofiziala izanen da.

2. Aurkeztutako azken kontu orokorraren arabera biztanle bakoitzeko lortutako diru-sarrera arruntak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako igorri beharreko azken kontu orokorra hartuko da oinarri): gehienez 30 puntu. Aldagai hori kalkulatzeko datua Nafarroako Nafarroako Estatistika Institutuak 2016an argitaratutako biztanleen kopuru ofiziala izanen da.

Udal eskatzaile bakoitzari biztanle bakoitzeko dituen diru-sarrera arrunten arabera dagokion puntuazioa adjudikatuko zaio, alderantzizko proportzioaren araberako kalkulua eginda, hau da, 30 puntu adjudikatuko zaizkio biztanle bakoitzeko diru-sarrera arruntik txikienak dituen udalari, eta 10 puntu biztanle bakoitzeko diru-sarrera arruntik handienak dituen udalari.

7.–Diru-laguntza ematea.

7.1.–Udal bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa finkatu ondoren (5.3 oinarrian eskatutako gutxi gorabeherako aurrekontuaren %50), eta eskaera bakoitzeko gehienez 5.000 euro eman daitezkeela kontuan harturik, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuko Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalak deialdia ebazteko proposamen bat (aurreneko fasea) argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es, zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan), honako hauek erantsita:

I. eranskina: diru-laguntza jasoko duten udalen zerrenda, puntuaziotik altuenetik txikienera zorrozki ordenaturik, 6.2 oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Diruz lagungarria den gutxi gorabeherako aurrekontua eta horren arabera emanen zaion diru-laguntza zehaztuko dira.

II. eranskina: deialdiko betebeharrak ez betetzeagatik diru-laguntza ukatu zaien udalen zerrenda.

III. eranskina: erreserban gelditzen diren udalen zerrenda, deialdian ezarritako betebeharrak bete arren, eskaera onartu ezin izan zaienena, aurrekontuan diru aski ez izateagatik. Zerrenda hau ere, lehenago aipatutako I. eranskinekoaren jarraipena izanen dena, puntuaziorik altuenetik txikienera zorrozki ordenatua agertuko da, 6.2 oinarrian ezarritako irizpideen arabera, eta aurrekontuan diru aski izanez gero egokituko zitzaien diru-laguntza eta diruz laguntzen ahal zaien aurrekontua zehaztuko dira.

I. eranskineko zerrendan agertzen diren udalek ebazpen proposamenaren berariazko jakinarazpena jasoko dute, eskatutako aurrekontua eta diruz laguntzen dena zehaztuta, baita ematen zaien diru-laguntzaren zenbatekoa ere.

7.2.–Ebazpen proposamena jakinarazi eta 20 egun naturaleko epean, I. eranskinean agertzen diren udalek, eskaera aurkeztu baino lehen inbentarioarekin hasi ez direnek, beren idazkaritzak egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, honako hauek agerrarazteko:

1. Kontrataturiko laguntza teknikoaren lizitazioa eta laguntzaren helburua.

2. Adjudikatzeko prozedura.

3. Entitate adjudikazio-hartzailea.

4. Kontratua zenbatean adjudikatu den, dagokion BEZa adierazita.

5. Adjudikazio-data.

6. Adjudikazioan aurreikusten den gauzatzeko epea.

7.3.–Egiaztagiri hori bide telematikotik aurkeztu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluekin bat, Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalari zuzenduta, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua).

7.4.–Ziurtagiria ezarri den epean aurkeztu ezean, eskatu eta proposatutako diru-laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

7.5.–Ziurtagiriak jasotakoan, diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira adjudikazion zerrendan gertatzen diren bajak kontuan harturik, eta 7.1 puntuan adierazitako ebazpen proposamena aldatuko da, behin betiko ematen diren zenbatekoak zehaztuta.

7.6.–Aurreko 7.5 puntuan adierazitako udalei eman beharreko behin betiko diru-laguntzak finkatu ondoren, horien guztirako zenbatekoa deialdi honetarako ezarritako diru kopurutik beherakoa bada, hau da, 75.000 eurotik beherakoa, 7.1 oinarrian aipatutako III. eranskinean agertzen diren udalak sartuko dira, diru-laguntza ematearen ondorioetarako, lehentasun hurrenkerari zorrozki jarraikiz, aurrekontuan dagoen dirua agortu arte. Zerrenda horretan III. eranskinean aipatzen ziren gastu lagungarriak eta diru-laguntza jasoko dira.

Onuradun gertatzen diren III. eranskineko udalek behin-behineko diru-laguntzaren gaineko berariazko jakinarazpen bat jasoko dute, 20 egun naturaleko pean 7.2 oinarrian adierazitako ziurtagiria aurkez dezaten 7.3 oinarrian azaldutako moduan eta tokietan.

Ziurtagiri hori aurkeztu ezean, eskatutako eta proposatutako diru-laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.

7.7.–Ziurtagiriak jasotakoan, Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalak 7.1 oinarrian adierazitako ebazpen proposamena berreginen du (aurreneko fasea); ebazpen proposamena behin betikoa izanen da, eta emaitza-kontuko saldoa askatu eginen da. Proposamenean jasoko dira deialdi honetan amaieran onuradun gertatu diren udalak, diruz lagungarriak diren gastuak eta eman zaien diru-laguntza zehaztuta (I. eranskina), eta, orobat, laguntza ukatu zaien udalen zerrenda agertuko da, betebeharrak ez betetzeagatik, berariaz uko egin diotelako edo aurrekontuan diru aski ez izateagatik.

7.8.–Deialdi hau Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta sei hilabeteko epean. Deialdi honen behin betiko ebazpena deialdian parte hartu duten udalei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.9.–Hala ere, epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

7.10.–Ebazpen espresuaren edo presuntziozkoaren aurka jotzeko, administrazio publikoek egintzak aurkaratzearen gainean xedatutakora joko da.

8.–Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.

8.1.–Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, betiere 2017ko azaroaren 20a baino lehen honako dokumentazio hau igortzen bada, 7.3 oinarrian ezarritako erregistroen bidez, Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalari zuzenduta:

1. Egindako gastuaren faktura edo horren kopia konpultsatua.

2. Faktura hori ordaindu izanaren egiaztagiria.

3. Udal Idazkaritzak emandako egiaztagiria, diruz lagundutako jarduera egin dela frogatzen duena, alderdi hauek adierazita:

Inbentarioan sartutako ondasunen kopurua eta haien balioa, osotara, atalez atal.

Udalaren Lurzoru Ondarearen inbentarioa, baldin badago.

Inbentarioko ondasunak inbentarioak kudeatzeko aplikazio batean kargatu dela, kontabilitatearekin konektatuta.

4. Udalak ez badu udalaren lurzoru ondarerik, udal idazkaritzak luzatutako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, adierazita ez dela zilegi inbentario hori egitea, udalak lurzoru ondarerik ez duelako.

5. Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena 3. oinarrian ezarritako gastuak egiteko bestelako laguntza publiko edo pribaturik jaso ote den.

6. Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak egunean dituela bai zerga betebeharrak, bai Gizarte Segurantzaren arlokoak.

8.2.–Diruz lagungarria den gastutik benetan egin eta justifikatzen dena diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastura egokituko da.

9.–Onuradunek bete beharrekoak.

Diru-laguntzaren onuradun gertatzen diren udalek betebehar hauek izanen dituzte:

9.1.–Laguntza erabiltzea, bakar-bakarrik, ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egiteko, udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia prestatzeko, horrelakorik badago, eta emaitzak inbentarioak kudeatzeko aplikazio batean kargatzeko, kontabilitateari loturik egon beharko duena. Laguntza emateko ebazpenean aintzat hartutako baldintzak nola edo hala aldatuz gero, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

9.2.–Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalaren aurrean justifikatzea eskatutako betebehar eta baldintzak bete direla.

9.3.–Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ez bada, horren gaineko ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

9.4.–2022ko ekitaldira arte (hori barne), inbentario horren urteko eguneratzea igortzea Toki Administrazioko Zuzendaritzako Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari, ekitaldi bakoitzeko apirilaren 30a baino lehen. Horretarako, hauek aurkeztuko dira:

Inbentarioa osatzen duten ondasunen gaineko mugimenduen zerrenda, dokumentazioa igorri aurreko urtean egindakoena (altak, bajak, amortizazioak).

Egoeraren balantzea, dokumentazioa aurkeztu aurreko urteko abenduaren 31koa.

9.5.–Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari ematea diru-laguntzaren xedeko jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

9.6.–Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.

9.7.–Udalek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

10.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, emandako laguntza guztien baturak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako laguntza teknikoaren gastu lagungarria.

11.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

11.1.–Inbentarioa egiten ez bada edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.2.–Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11.3.–Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

11.4.–9.4 oinarrian adierazitako dokumentazioa ez aurkeztea ez-betetzetzat hartuko da. Halakoetan, jasotako laguntza itzultzeko espedientea irekiko da, eta laguntzaren %10eko zehapena ezarriko da eguneratze hori behar den epean aurkezten ez den urte bakoitzeko.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

12.1.–Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da (42. artikulua eta hurrengoak).

12.2.–Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

13.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaile hauen, eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

14.–Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

Iragarkiaren kodea: F1704041