72. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

783E/2017 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak emana, epe bat ezartzen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak kontratatzeko zerrendetako izangaiek beren aukerak egokitu ditzaten Osasuneko kontseilariak martxoaren 23an emandako 347E/2017 Foru Aginduaren arabera. Aipatutako foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren.

2017ko apirilaren 12an argitaratu da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Agindua. Bertan, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi dira eta aurreko 60/2015 Foru Agindua indargabetu da.

Lehenbizi, arau berriak ezartzen du, bere 6.1. b) artikuluan, iraupen laburreko zerrendetarako, izangaiek “foru agindu honen II. eranskinean adierazten diren eremuetatik hiru aukeratzen ahalko dituztela”. Honek aldaketa dakar aurreko arauekin eta, beraz, egoki da epe bat irekitzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aldi baterako kontrataziorako zerrendetako izangaiek beren hautaketa handitu eta/edo aldatu dezaten, probak gainditu arren lanposturik lortu ez dutenek izan ezik.

Bigarren, 347E/2017 Foru Aginduak aukera ematen die izangaiei beren burua baztertzeko deialditik, baldin kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo handik beherakoa bada. Hori horrela izanik, aukera eman behar zaie izangaiei eskaintza horietarako deialditik beren burua baztertzeko.

Prestasunari dagokionez, 11.1. m) artikuluak ezartzen du izangaiak berak “eskatzen ahalko du jaso dezatela ez dagoela prest kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetako lanpostuetan aritzeko, eremu/aukera guztietan, gutxienez 6 hilabetez”. Aurreko arautegian jasotzen zen prest ez egotea zenbait kontratazio eremutan aritzeko; orain, eremu guztietako kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetan prest ez egotea. Beraz, egoki da epe bat irekitzea interesdunek hautaketa egokitu diezaioten arau berriari.

Bestalde, epe bat ireki behar da euskaraz jakitea nahitaezkoa duten plazak eskuratzeko kontratazio zerrendetan dauden pertsonek aukera izan dez aten horretarako, eta eskatzen den maila badutela egiaztatzeko dokumentazioa aurkez dezaten.

Azkenik, arau berriak aldaketa bat sartu du III. eranskinean, zerrenda bereziei dagokienez: Ospitaleguneko zerrenda berezia, lehen “Larrialdiak eta Anestesiaren Ondoko Bizkortze Unitatea (Erizaintza eta EZLT)” izenekoa, erdibitu egin da: bata Larrialdietako zerrenda berezia, eta bestea Anestesiaren Ondoko Bizkortze Unitaterako, biak Erizaintza eta EZLT-rako. Horregatik epe bat irekitzen da, aurreko zerrendan zeuden izangaiak bata hala bestea aukeratu dezaten.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hamar egun balioduneko epea ezartzea, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera:

1.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aldi baterako kontrataziorako zerrendetako izangaiek beren hautaketa handitu eta/edo aldatu dezaten, probak gainditu arren lanposturik lortu ez dutenek izan ezik.

1.2. Izangaiek beren borondatez beren burua bazter dezaten deialditik, baldin kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo handik beherakoa bada.

1.3. Izangaiek adieraz dezaten ez daudela prest Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetako lanpostuetan aritzeko, eremu/aukera guztietan, gutxienez 6 hilabetez.

1.4. Euskaraz jakitea nahitaezkoa duten plazak eskuratu nahi dituzten izangaiek, eskatzen den maila badutela egiazta dezaten, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailaren ziurtagiria aurkeztuz, edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi urratsen ziurtagiria.

1.5. Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdiak eta Anestesiaren Ondoko Bizkortze Unitatea (Erizaintza eta EZLT) izeneko zerrenda bereziko izangaiek aukera izan dezaten sartzeko eremu horretako Larrialdietako zerrenda berezian eta/edo Anestesiaren Ondoko Bizkortze Unitatekoan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1. eta 2.c) artikuluarekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduaren bidez egindako eskuordetzarekin, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko martxoaren 29an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendaria, Esteban Ruiz Álvarez.

Iragarkiaren kodea: F1703982