72. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Ordenantza, Atetzen animalia arriskutsuak eta bertzelakoak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2016ko abenduaren 29an egin osoko bilkuran, Udalbatzako kideen legezko gehiengo osoa edukita, hasiera batez onetsi zuen Animalia arriskutsuak eta bertzelakoak edukitzea arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritze Atetzen, 2017ko martxoaren 3an.–Alkatea, Ezekiel Martin Muxika.

ORDENANTZA, ANIMALIA ARRISKUTSUAK ETA BERTZELAKOAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Atezko udalerrian egokitu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

2. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezken animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

2. Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, pitbull terrier, Mallorcako ausiki zakurra, Kanarietako ausiki zakurra, artzanor napolitarra, bullmastiff, tosa japoniarra eta rottweiler. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, beren ezaugarri etnikoak dituztenak eta beren gurutzatzeak.

3. Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia.

4. Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diona. Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

3. artikulua. Lizentzia.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluaren 1., 2. eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga trafikoarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik. Penalen ziurtagiriaren bidez frogatuko da.

c) Animalia arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.

d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.

f) Kasuan kasuko ordenantzan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Atetzen bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera bertan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak bi hilabetez bederen Atetzen egon behar badu.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Atezko Udalari mota horretako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak egin ditzan.

4. Lizentziak 3 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie.

Erranak erran, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzaren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

4. artikulua. Arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzailearen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten diren epeetan.

b) Lizentzia eskuratzeko ordenantza honen 3. artikuluko 2. atalean aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu direla komunikatzea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzinetik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketaren berri ere eman beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela komunikatu beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten denean.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa frogatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren eta erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Atetzera ekartzen bada, mugarik gabe edo bi hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta hiritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak bete beharko dituzte.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.

5. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Atezko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaiotze data.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bilakatzen duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

6. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Bide publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adingabeek ezin izanen dituzte inola ere eraman.

2. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurren instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

b) Instalazioetako ateek inguruko gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek beraiek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartarazteko.

3. Atzeko Udalak, dagozkion udal zerbitzuen bidez, egokiak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu herritarrek edozein salaketa jarritakoan, animaliek bide publikoan nola eremu pribatuetan beldurra, estresa, jazarpena eta abar eraginez gero.

Bildutako zakurra berreskuratzeko, jabeak 24 orduko epea izanen du jakinarazten zaionetik. Behar baldin bada, txertoaren egutegia eguneratzera beharturik dago eta udal diruzaintzan sortutako gastuak ordaintzera, baita gerta daitezkeenak ere. Bertzelakoan, Nafarroako Gobernuko Zakurtegira eramanen da, eta bertan eduki legeak agintzen duen epea bete arte.

4. Udalaren osasun zerbitzuek eraman eta konfiskatuko dituzte behin eta berriz arau-hausteak egin eta eragozpenak sortzen dituzten animaliak. Agintaritza eskudunak eman beharko du animalia etxetik ateratzeko eta konfiskatzeko agindua, eta animaliok Udalaren esku geldituko dira. Zakurra zuzen identifikatua badago, jabeari gaztigatuko zaio eta hark, biltzeko, 24 orduko epea izanen du jakinarazten zaionetik. Behar baldin bada, txertoaren egutegia eguneratzera beharturik dago eta udal diruzaintzan sortutako gastuak ordaintzera, baita gerta daitezkeenak ere. Bertzelakoan, Nafarroako Gobernuko Zakurtegira eramanen da, eta bertan eduki legeak agintzen duen epea bete arte.

5. Abandonatuak dauden zakurrak bildu eginen ditu Udalaren bilketa zerbitzuak eta hogeita lau orduz zainduko. Epe hori iragan eta jabeek ez badituzte animaliak berreskuratu edo, haien baimena izanik, ez bazaizkie hirugarrenei ematen, animaliak biltzeko Nafarroako Gobernuaren zerbitzuaren esku geldituko dira.

Nafarroako Gobernuko Zakurtegiak egungo legeriari jarraituko dio, animaliak hil, esleitu edo gordetzeari dagozkion afera guztietan. Nafarroako Gobernuaren Zakurtegian sartzen diren zakurren elikadura eta zainketa gastuak jabeen edo hartzaile berrien kontura izanen dira. Dagokiena ordaindu gabe ezin izanen dute animalia eskuratu.

Beren jabe edo edukitzaileen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen diren animaliak ustez abandonatutzat joko dira eta udal zerbitzuek atzematen ahalko dituzte. Horien ardura izanen da animaliekin zer egin, arauz kanpoko kasuetan, inork erreklamatzen ez baditu legez ezarritako epean (24 ordu).

7. artikulua. Bertze arau batzuk.

1. Ordenantza honen 2. artikuluan sartzen ez diren zakurrei arau hauek aplikatuko zaizkie:

a) Adinagatik beharturik badaude, zakur guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon behar dute.

b) Hiri lurzoruan (Udal Planak horrela sailkatu duena) zakur guztiek uhalarekin loturik ibili behar dute, luzagarria izan daitekeena, gehienez ere bortz metro egiteraino. Orobat, gidatzen edo laguntzen dituen pertsonarekin joan beharko dute beti.

2. Zakur batek edo bertze edozein animaliak bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan edo bertze edozein eremu publikotan kaka egiten badu, paseatzen duenaren egin beharra da hura istantean garbitzea.

3. Debeku da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak, zakurrak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta arrazaz edo espeziez horien gisakoak direnak ikastetxeetara, aisia- edo josteta-lekuetara, parke publikoetara eta eraikin publikoetara sartzea.

4. Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.

5. Zakurrak hirugarrenei egiten ahal dizkien kalteak estaliko dituen erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea aholkatzen zaie zakurren jabeei.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo larritzat jotzen dira:

1. Arriskutsutzat hartzen den animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.

2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte, bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3. Atezko Udalaren errekerimenduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

4. Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta portaera hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honen 7. artikuluko edozein ataletan xedatzen dena ez betetzea.

9. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean eta ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak zehatuko dira 50/1999 Legean edota horren ordez indarrean legokeen arauan ezarritako isunekin.

Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

–Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

–Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

10. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Fitxategia eginen da Atezko Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien obligazioak. Fitxategia Atezko Udalak baizik ez du erabiliko.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

Xedapen iragankor bakarra.–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek hiru hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

Azken xedapenetan lehena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Azken xedapenetan bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, edo haien ordez ematen direnak, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.

ERANSKINA

Tasa hauek ezarri dira:

–Lehenengoa. Zakur abandonatuak jasotzea: 18,00 euro.

–Bigarrena. Egonaldia udal biltegian: 6,00 euro egunean.

3 ordutik goiti, egun osotzat hartuko da.

Iragarkiaren kodea: L1702764