1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
996/2017 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, ikasturtea hasi ondoren irakasleen aldi baterako kontratazioa esleipen telematikoaren bidez egiteko dei orokorraren prozedura zehazten duena.
Hezkuntza Departamentuak aldi baterako irakasleak kontratatzea berariaz araututa dago Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduan, bertan onesten baitira izangaien zerrendak kudeatzeko arauak Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratazioaren bidez irakasle lanpostuetan aritzeko.
Xedapen horren 12. artikuluak dioenez, ikasturte bakoitzaren hasieran irakasle beharrak betetzeko dei eginen zaie izangaiei iragarkia jarrita webgunean eta Argibide Bulegoan, eta lanpostuak esleitzeko, destinoak aukeratzeko ekitaldia eginen da edo, zein den kasua, Giza Baliabideen Zerbitzuak erabakiko du zer prozedura erabili. Betiere, Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko da zenbat izangairi dei egiten zaien eta zenbat lanpostu eskaintzen diren.
Halaber, ikasturte hasierako lanpostuen esleipena eginik agertzen diren kontratazio premiak bana-banako deien bidez beteko dira edo, zein den kasua, dei orokorraren bidez. Azken kasu horretan, deitutako izangaien kopurua eta eskaintzen diren lanpostuak argitaratuko dira Hezkuntza Departamentuaren webgunean.
Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 14ko 35/2017 Foru Aginduaren bidez (54. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 17koa), ezartzen da administrazio prozedura elektronikoa eta telematika bidezko tramitazioa nahitaezkoak direla Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen hainbat prozeduratan, besteak beste, departamentu honetan irakasle zerbitzuak eginen dituzten langileen kontratuen esleipen telematikoa.
Horrenbestez, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak aldian-aldian kontratuetarako egiten dituen dei eta esleipen orokorren prozedura telematikoa zehaztu eta arautzea. Prozedura horrek ebazpen honetan eta Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko dio.
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Lanpostuen esleipen telematikoa egiteko prozedura onestea, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat. Eranskinean ageri diren jarraibideen arabera eginen da.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpena eta eranskina Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Interneteko www.navarra.es helbidean argitaratzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.
4. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileen Kontratuen Atalera, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langile Kontratatuak Kudeatzeko Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora.
5. Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2017ko apirilaren 3an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Miren Itziar Aragüés Cemboráin.
ERANSKINA
Lanpostuen esleipen telematikoan parte hartzeko prozedura
Lehendabizikoa.–Xedea.
Ebazpen honen xedea da ikasturtea hasi ondoren kontratuetarako dei orokorra eta esleipen telematikoa egiteko prozedura arautzea. Sortzen diren kontratazio beharren arabera izanen da, eta horretan sartuko dira Hezkuntza Departamentuak onetsi eta indarra duten zerrendetan ageri diren langileak, apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera.
Era berean, irakasle lanpostuak esleitzeko egintza publikoetatik ateratzen diren kontratazio beharrei erantzuteko aplikatuko da prozedura hori.
Bigarrena.–Esleituko diren lanpostuak eta deien aldizkakotasuna.
Prozedura telematikoa irakasle lanpostuak aldi baterako betetzeko aplikatuko da, hala lanpostuak irakasle behar berriak sortzeagatik betetzeko nola ikasturtean sortzen diren ordezkapenak betetzeko. Horretarako, lanpostuen esleipen telematikoa egiteko ekitaldietarako dei eginen da, eta horiek Hezkuntza Departamentuaren webgunean iragarriko dira.
Orokorrean, lanpostuak esleitzeko ekitaldietarako deiak astelehen, asteazken eta ostiraletan eginen dira, bete beharreko hezkuntza beharren eta kontratazioaren presaren arabera.
Aldian aldiko ekitaldi horietan lanpostuak batuta eskainiko dira, erabiliko den zerrendaren arabera, eta elementu hauen bidez zehaztuko dira:
Identifikatzailea.
Zerrenda (kidegoa, espezialitatea eta hizkuntza).
Herria.
Ikastetxea.
Lanpostu mota (lanpostu hutsa edo ordezkapena).
Eskakizunak.
Lanaldia (osoa edo partziala).
Ibiltaritzak.
Trebetasunak.
Kontratuaren hasiera eguna.
Kontratuaren amaiera eguna.
Ordezkapenaren arrazoia (ordezkapen kasuan soilik).
Oharrak.
Salbuespenez, espezialitate edo hizkuntza bati dagozkion izangaien zerrendak erabili ahalko dira antzeko beste espezialitate bateko lanpostuak aldi baterako kontratazioarekin betetzeko, apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduaren 12.3 artikuluan ezarritako ondorioekin.
Hirugarrena.–Parte-hartzaileak.
Prozedura honetan parte har dezakete espezialitate eta hizkuntza bakoitzean indarra duten zerrendetako pertsonek, deialdi bakoitza argitaratzen den unean erabilgarri badaude, prozedura honetan ezartzen diren modalitateekin bat.
3.1.–Parte hartzeko baldintzak.
Lanpostuen esleipen telematikoa egiteko ekitaldian parte hartzeko eta, edonola ere, irakasle kontratu baten esleipena izateko, beharrezkoa izanen da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda indardunetakoren batean egotea, baldintza orokorrak eta titulaziokoak betetzea (Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduan ezarriak) eta erabiltzailearen ziurtagiri bat (NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala) edo NAN+PIN egiaztagiria edukitzea.
3.2.–Parte hartzeko modalitateak.
Hezkuntza Departamentuak lanpostuak esleitzeko ekitaldira dei eginen die izangaiei, nahitaezko eta/edo borondatezko moduan, kidego, espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko eta lanpostuak esleitzeko ekitaldi bakoitzeko:
3.2.1. Nahitaezko parte-hartzea: modalitate hau izanen da izangaien zerrendatako tokiaren arabera nahitaez parte hartu behar dutenentzat, Hezkuntza Departamentuak lanpostuen esleipen telematikoko ekitaldi bakoitzean bete nahi dituen beharren kopurua kontuan harturik. Parte hartzeko modalitate honen bidezko deia izaten dutenak ebazpen honen 7. atalean ageri denari lotuta geldituko dira.
3.2.2. Borondatezko parte-hartzea: aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan ageri diren gainerakoentzat izanen da, alegia, lanpostuen esleipen telematikoaren ekitaldian nahitaez parte hartu beharrik ez izan arren, borondatez parte hartu nahi dutenentzat, lanpostuak nahitaez parte hartu duten izangaiekin betetzen ez diren kasurako. Izangai horiei ez zaie aplikatuko ebazpen honen 7. atalean ezarritakoa.
3.2.3. Deiak beste batzuen aldi berean gertatzea.
Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduaren 12. artikuluarekin bat, lanpostuak esleitzeko prozedura telematiko baterako deia gerta daiteke presagatik egiten diren banakako telefono deien aldi berean.
Banakako eskaintza onartuz gero, lanpostuen esleipen telematikoaren deialditik kanpo geldituko da automatikoki izangaia.
Laugarrena.–Lanpostu motak, hautaketaren nahitaezkotasunaren arabera.
Izangai batek, nahitaezko deia jaso arren, uko egin diezaioke nahitaezko izaera ez duten lanpostuak hautatzeari, Hezkuntzako kontseilariaren 55/2016 Foru Aginduaren 13. artikuluaren arabera.
Honako ezaugarri hauetakoren bat betetzen duten lanpostuei egiten ahal zaie uko, lanpostuen esleipen telematikorako deia izaten duten espezialitateetan prest ez egotera pasatu gabe:
–Lanaldi partzialeko kontratua, lanaldi erditik beherakoa.
–Ibiltaria.
–Antzeko espezialitate batekoa.
–Espetxekoa.
Era berean, izangaiarentzat ez dira nahitaezko lanpostuak izanen, 55/2016 Foru Aginduaren 9.2 artikuluaren arabera, ezaugarri hauek dituztenak:
–Izangaiak frogatu gabeko eskakizun bat edo batzuk dituztenak.
–Musikarekin, Gorputz Hezkuntzarekin, Hizkuntza modernoarekin, gaztelaniazko ikastetxeetan euskararekin osatzen direnak, baldin eta izangaia ez bada agertzen lanpostua osatzen duten espezialitate edo hizkuntzen kontratazio zerrendetan.
–Beste trebetasun batzuk eskatzen dituztenak tresnen edo tekniken aldetik.
Deia espres jaso duen izangai batentzat nahitaezkoa den lanpostu bati uko egitearen ondorioak apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduaren 13. artikuluan ezarrita daude.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.
Lanpostuen esleipen telematikoaren ekitaldirako deia jasotzen duten izangaiek deialdi horretarako eskaera aurkeztu ahalko dute, parte hartzeko epea irekita dagoen bitartean.
Deialdia argitaratzen den unean izangaia zein zerrendatan dagoen prest, horren araberako eskaintzen poltsatik eginen da lanpostuen hautaketa, izangaiak ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraikiz.
Eskaera aurkeztutakoan, izangaiak horren frogagiria lortuko du, sarrera zenbakiarekin, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean. Deialdi bakoitzean aurkezten den azken eskaerak bakarrik izanen du balioa.
Hala ere, aurkezpen epea irekita dagoen bitartean, salbuespenez eta arrazoiturik, Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du izangai bat deialditik kanpo uztea edo deialdiko eskaintza bat kentzea.
Seigarrena.–Deialdiaren ebazpena eta lanpostuen esleipena.
Hezkuntza Departamentuak deialdi bakoitza ebatziko du, orokorrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan edo bukaera horren ondoko egunean eta, betiere, hurrengo deialdia argitaratu baino lehen.
Izangaiak jarritako lehentasun hurrenkera kontuan harturik esleituko dira lanpostuak, kasuan kasuko zerrendan izangaiek duten lehentasun ordenaren eta, hala denean, profilen arabera.
Indarrik gabe geldituko dira deialdietan parte hartzeko eskatzen diren baldintza orokorrak eta titulaziokoak betetzen ez dituzten parte-hartzaileei esleitutako destinoak.
Zazpigarrena.–Eskainitako lanpostuari uko egitea.
Aldi baterako kontrataziorako izangai bat, lanpostuak esleitzeko ekitaldirako nahitaezko deia jasorik, eta lanpostu horiei uko egiterik ez dagoenean, baina zerrendetan duen hurrenkeraren arabera lanposturen bat egokitzen bazaio, prest ez dagoela agertuko da bera dagoen zerrenda guztietan, apirilaren 29ko 55/2016 Foru Aginduaren 13.1 artikuluari jarraikiz eta artikulu horretan ageri diren ondorioekin.
Zerrendetan berriz prest agertzeko aukera eta, beraz, lanpostuen esleipen telematikoa egiteko hurrengo prozeduretan parte hartzeko aukera, aipatu artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.
Zortzigarrena.–Lanpostuen esleipenaren jakinarazpena.
Hezkuntza Departamentuak lanpostuen esleipen telematikorako deialdi bakoitzaren ebazpenaren emaitza jarriko du www.educacion.navarra.es webgunean.
Aipatu ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
Halaber, Hezkuntza Departamentuak, informazio helburuz soilik, deialdi bakoitzaren ebazpenaren berri emanen die, posta elektronikoz eta sms mezuz, eskatutako lanposturen baten esleipena jaso duten izangaiei, eta, kontratua zein ikastetxetan sinatu behar duten, haren baliabide beren bidez ere emanen zaie informazioa.
Bederatzigarrena.
Lanpostuak esleitzeko deialdi bakoitzaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F1704126