70. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

62E/2017 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Erronkariko udal mugapean zuntz optikozko linea instalatzeko proiekturako. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Jarduketa horren bidez zuntz optikozko kable berri bat jarri nahi da, Telefónica Servicios Móvilesen oinarrizko estazioari zerbitzu emateko, Erronkariko 4. poligonoko 597. lurzatian. Horretarako, 7 zutoin jarriko dira, 6 zurezkoak eta bat hormigoizkoa; 40 metroko zanga tarte bat eginen da eta zuntz optikozko 470 metro kable instalatuko dira, Erronkariko oinarrizko estaziotik NA-137 errepidearen ekialdearen dagoen aireko linearaino, aipatu diren zutoinen eta zangaren bidez. Proiektuaren helburua da erantzuna ematea transmisiorako abiadura handiko lotuneak izateko beharrari, mugikorren teknologiako azken belaunaldia hedatzeko (4G teknologia ezartzea) eta, horrela, Erronkariko biztanleei zerbitzu hori ematea.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalaren txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Erronkariko udal mugapean zuntz optikozko linea instalatzeko proiekturako. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lanek ur bazterreko landaredia errespetatu beharko dute eta, ukipen zehatzen bat egin behar izanez gero, lur eremua lehen zegoen moduan utzi beharko da lanak bukatutakoan.

–Lanak hasi baino astebete lehenago, Erronkari-Zaraitzu aldeko Basozaintza jakinaren gainean jarriko da (948890518 edo 699307698, ogforosa3@cfnavarra.es), obrak gainbegiratzeko.

–Ezka ibaiaren inguruan egin beharreko lur mugimenduak euri garaitik kanpo eginen dira, solidoak ibaira herrestan joan ez daitezen.

–Lanak ibaian edo ibai inguruan sartu behar duen makineria astunarekin egin behar direnean, ekainetik azarora bitarte eginen dira, salmonidoen ugaltze aldia ez oztopatzeko. Ezka ibaian ur-ipurtatsik atzeman ez denez, ez da bidezkoa lanak espezie babestu horren kontserbazioagatik baldintzatzea.

–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isuriak egitea, eta bereziki zainduko da nola erabiltzen diren substantzia kutsagarriak, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia.

–Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, azpiegiturako elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta.

–Ondare Zerbitzuaren txostenarekin bat, 4/597 lurzatia, Foru Komunitatearena, NASERTIC sozietate publikoari atxikita dago; beraz, sustatzaileak, espedientearen hirigintza tramitazioaz gainera, enpresa horrekiko zortasunen baimena lortu beharko du.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Erronkariko Udalari, Erronkari-Zaraitzu aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko otsailaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1702404