70. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

205E/2017 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia onesten duena.

Nafarroako artisautza sektorea antolatu eta garatzen duen ekainaren 17ko 188/1988 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako artisautza sektorea arautu zen eta, orobat, ezarri zen Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak diru-laguntzak ematen ahalko zizkiela artisautza enpresei haien egitura edo errentagarritasun baldintzak, kudeaketa edo merkatuko lehiakortasuna hobetuko duten jarduerak egiteko.

Urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta 49. artikuluan Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala ezarri; besteak beste, barne merkataritza eta artisautza antolatu eta sustatzea, eta bere eskumeneko esparruari lotutako jardueretarako diru-laguntzen deialdiak egin eta haiek ematea.

Artisautza sektorearen berezitasuna kontuan izanda, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren ustez ezinbestekoa da sektoreko enpresak bultzatzen jarraitzea, haien merkataritza sustapena indartu eta lanbide trebakuntza hobetuko duen diru-laguntzen araubide bat ezarriz, enpresa horiei ematen zaien berariazko prestakuntza bultzatuta.

Hori dela eta, 2017ko martxoaren 15ean egindako bilkuran, azalpenak eman zitzaizkien eta entzun zitzaien Nafarroako Artisautzaren Kontseilu Aholku-emaileko kide diren artisautza elkarteei.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, diruz laguntzen ahal diren jarduketetan egindako gastuari oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen araberako portzentajea aplikatuz zehazten dena; aurrekontuan dagoen dirua aplikazio horren ondoriozko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa bada, deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua hainbanatu eginen da enpresa eskatzaileek aurkezten duten diruz laguntzeko moduko gastu bolumenaren artean.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 45.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako hurrengo partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

830003-83130-4701-431402: Nafarroako artisautza sustatzeko eta horretan trebatzeko ekintzak (MBP)

2017

45.000.00.

4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ohartaraztea deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dela Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko martxoaren 24an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko diru-laguntzen
2017ko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea.

1. oinarria. Xedea.

Nafarroako artisautza enpresei diru-laguntzak emateko araubidea zehaztea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien lehiakortasuna bultzatzearren, haien produktuak merkaturatu eta sustatzeko jarduerak bultzatuz, bai eta haien langileen prestakuntza maila hobetzen duten jarduerak ere, haiek garatu eta indartze aldera.

Artisautzako enpresak eta beren produktuak bultzatzea da diru-laguntzen onura publikoa, sektorea bizkortu eta indartzearren, hain da beharrezkoa artisautzaren sektorea bizirik mantendu eta bultzatzea; izan ere, gizarte osoaren aberasgarri da kultura aldetik eta krisi ekonomikoaren ondoriozko zailtasunek bereziki joa izan da, beste jarduera ekonomiko batzuk baino gehiago agian, artisautzaren produktua ez baita premia-premiazkoa.

2. oinarria. Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua honako hau da: 45.000 euro.

3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.

1. Diruz laguntzeko modukotzat joko dira 2016ko abenduaren 16tik 2017ko azaroaren 15era arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren gastuak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna izanen da gastua egin den eguna.

2. Diruz laguntzeko moduko gastuen ordainketa agiriek 2016ko abenduaren 16tik 2017ko azaroaren 17ra artekoak izan beharko dute, biak barne.

4. oinarria. Enpresa onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak enpresa txiki eta ertainek eskuratzen ahalko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar berariazko hauek ere betetzen badituzte:

1. 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan izen emanda egotea.

2. Diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisautza enpresa dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea. Betiere, artisautzako enpresa izateko eskatzen diren beharkizunak bete beharko dituzte enpresa horiek, deialdian diruz lagundu ahal izateko zehaztutako jarduerak egiteko ezarrita dagoen epean. Horrenbestez, artisautza enpresek beharkizun horiek betetzen dituzten epean egindako inbertsioak baizik ez dira onartuko.

3. Enpresa onuraduna dela frogatzeko, 6. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren jarduketa motak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak.

Hurrengo jarduketak jotzen dira diruz laguntzeko modukoak:

a) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea.

a.1) Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

–Inskripziorako gastuak, tokiaren eta standaren alokairua.

–Standa muntatu, apaindu edo instalatzeko gastuak.

Erakus-mahai, saltoki edo estandetan erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatu eta errotulatzeko gastuek izan dezakete diru-laguntza eta, zehazki, diseinuari, produkzioari eta inprimatze prozesuei edo antzekoei buruzko gastuak onartuko dira, bai eta aipatu jarduketak burutzeko euskarria edo materiala erostekoak ere. Euskarri horietan lehentasuna izanen du Nafarroako Gobernuaren turismo markak, edo logo ofizialak; betetzen ez bada, aipatu publizitate-euskarriei dagokien gastu guztia ezetsiko da.

–Materiala norberaren ibilgailuan garraiatzea: 0,30 euroko konpentsazioa emanen da kilometro bakoitzeko, materiala eraman eta ekartze aldera; bide-sariaren gastuak ere onartzen dira.

–Materiala beste moduren batean garraiatzea: erabilitako garraiobidearen gastua edo alokatutako ibilgailuarena onartzen da; azkeneko kasu horretan, gainera, erregaiaren eta bide-sariaren gastuak onartuko dira.

–Azokak atzerrian egiten direnean, artisautza enpresako langile baten bidaia eta ostatu gastuek ere izanen dute diru-laguntza. Ez da diru-laguntzarik izanen mantenuagatik.

a.2) Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketek bete beharrekoa eta hori ez betetzearen ondorioak.

–Artisau enpresak bere artisau tailerrean egindako produktuekin soil-soilik parte hartu behar du jarduketa horietan, eta ezin da inola ere birsalmentarik egin.

Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak bere gain du edozein azokaren entitate antolatzailearen inguruko informazioa eskatzeko eskubidea, lehen aipatu den baldintza betetzen dela ziurtatzeko. Betetzen ez bada, azoka horri dagozkion gastu guztiak ezetsiko dira.

b) Sustapenerako materiala argitaratzea.

b.1) Honako jarduketa hauek jaso dezakete diru-laguntza:

–Artisau enpresak landutako produktuak aurkezteko edo artisauaren lanbidea hedatzeko katalogoak, triptikoak, flyerrak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Diseinuari, konposizioari edo/eta maketazioari, banaketari eta produkzioari buruzko gastuek izan dezakete diru-laguntza.

–Publizitate tarteak komunikabide eta hedabideetan, artisautzako enpresa bultzatu, hedatu eta ezagutzera emateko. Diseinuari, produkzioari eta tarteari buruzko gastuek izan dezakete diru-laguntza.

b.2) Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketek bete beharrekoak:

–Kanpo daude artisautzako produktuari, lanbideari edo enpresari buruzkoa ez den publizitate, dibulgazio edo propagandako material guztiak.

–Ez dezakete diru-laguntzarik izan produktuak saltzeko edo erakusteko beharrezkoak diren enbalaje, kaxa, estutxe edo antzekoak erosteko gastuak; orobat, bisita-txartelen edo antzekoen diseinuari eta produkzioari buruzkoek, ez eta sare sozialetan egindako publizitate gastuek ere.

–Sortzen diren euskarri guztietan lehentasuna izanen du Nafarroako Gobernuaren turismo markak, edo logo ofizialak, aurreko a) atalean ezarritakoaren arabera; betetzen ez bada, bertan aurreikusitako ondorioak izanen dira.

c) Berariazko prestakuntzako eta hobekuntza profesionaleko ikastaroetan parte hartzea.

Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

–Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioan aipatzen diren lanbideetako batean hobekuntza profesionala helburu duten prestakuntza eta trebakuntza teknikoko ikastaroetan parte hartzea; baimendutako zentro ofizialek edo horretarako kualifikatutako enpresa edo profesionalek antolatu edo eman beharko dituzte, eta artisauaren lanbidean aritzeko trebakuntza profesionala hobetzen lagundu beharko dute.

–Gastu akademikoetarako, matrikularako eta ikastaroak egiteko beharrezko den material didaktikorako soilik izanen da diru-laguntza, baina sekula ez bidaia, ostatu edo mantenu gastuetarako.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, diruz laguntzen ahal diren gastuen zenbatekoari (BEZa kanpo) %50eko portzentajea aplikatuz zehazten dena.

Hauxe da gehieneko diru-laguntza, hura jaso dezaketen jarduketen arabera:

a) Azoketan parte hartzea: 1.500 euroko diru-laguntza, gehienez ere, azoka bakoitzeko, eta 5.800 eurokoa, enpresa eskatzaile bakoitzeko eta diru-laguntza dagoen epe bakoitzeko.

b) Sustapenerako materiala argitaratzea: 2.000 euroko diru-laguntza, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko, eta diru-laguntza dagoen epe bakoitzeko.

c) Berariazko prestakuntzako eta hobekuntza profesionaleko ikastaroetan parte hartzea. 2.000 euroko diru-laguntza, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko, eta diru-laguntza dagoen epe bakoitzeko.

6. oinarria. Eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

a) Inbertsioa egiteko epea 2017ko irailaren 25etik 2017ko urriaren 10era artekoa izanen da, biak barne.

b) Eskaerak honela aurkeztuko dira:

1. Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Comercio+y+artesania/Artesania/), (aurrerantzean laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

2. Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.

c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

d) Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

2. Eskatzen den dokumentazioa.

Eskaeraren berariazko inprimakiari erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Telematikoki aurkezten bada, agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

2.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) Berariazko beharkizunen frogagiriak.

Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak ofizioz egiaztatuko ditu 4. oinarri arautzailean ezarritako berariazko beharkizunak.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako dokumentazioa.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren beste laguntzei buruzkoa, “de minimis” laguntzei buruzkoa barne.

–“Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz lortu ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko inprimakian sartuta daude.

2.2. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketei buruzko dokumentazioa.

1. 2016ko abenduaren 16tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Azoka edo erakusketetan parte hartzen denean: txosten bat, ekitaldi bakoitzaren izena eta non eta noiz egiten den zehaztuko duena, bai eta haietako bakoitzeko kontzeptuen eta gastuen zerrenda ere, behar adina xehetasunekin.

b) Azoka edo erakusketetan parte hartzeagatik diru-laguntzak eskatzen badira materiala norberaren ibilgailuan garraiatzeagatik bakarrik, dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta bertan behar adina frogatu artisautzako enpresak ekitaldian parte hartzen duela; esate baterako, antolatzailearen ziurtagiria, publizitate-iragarkien kopia, azokako eskuorriak edo katalogoak edo antzeko dokumentazioa.

c) Standak muntatu eta apaintzen erabilitako olanak, eguzki-oihalak, biniloak edo antzekoak inprimatuz gero, standaren, olanen, eguzki-oihalen edo publizitateko euskarrien argazkiak.

d) Sustapen-materiala argitaratzeko jardueretarako:

–Txosten bat, behar adina xehetasunekin azaltzen duena zein den egindako materiala eta erabili diren euskarriak, bai eta kontzeptuen eta gastuen zerrenda ere, behar adina xehetasunekin.

–Sustapenerako argitaratutako katalogo, eskuorri, triptiko, flyer, ikus-entzunezko edo beste edozein materialaren ale bat.

–Publizitate-bidean eta komunikabide eta hedabideetan iragarkirik egin bada, haren kopia bat eta publizitate-bidearen azalarena aurkeztuko dira.

e) Prestakuntza jardueretarako: txosten bat, behar adina xehetasunekin zenbait datu ematen dituena (prestakuntza jardueraren izena, jasotako prestakuntzaren edukia, zein zentrok antolatu duen, irakasle edo hizlariak, tokia, datak, iraupena eta zer helburu bete nahi ziren), eta, horrekin batera, kontzeptuen eta gastuen zerrenda, behar adina xehetasunekin.

f) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, diru-laguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira.

g) Egindako gastuak ordaindu direla dioten bankuko frogagiriak.

Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitateak egin eta enpresaren kontuan zordundutakoa. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuta egon beharko dute.

Espediente bakoitzeko, 1.000 euro arte (BEZa barne) eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileek sinatu eta zigilatutako hartu-agiriak aurkezten baditu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.

2. Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2017ko azaroaren 15a arte egin gogo diren jardueretarako, hurrengo dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Epe horretan egin gogo diren jarduerak zehaztu eta azaltzen dituen txostena, eta, horrekin batera, epe horretan egin gogo diren jarduketen aurrekontuak, proforma fakturak edo gastuaren zenbatespena.

b) Epe horretan egin beharreko jarduerentzat aurreikusten diren gastu eta diru-sarreren zerrenda zehatza.

7. oinarria. Izapidetzea eta laguntzak emateko ebazpena.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, enpresa interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena egin eta jakinaraziko zaio.

2. Diru-laguntza emateko, irizpide hauei jarraituko zaie, betiere onartutako eskaeren artean:

a) Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa 5. arauan ezarritako gehieneko zenbatekoen eta portzentajeen arabera kalkulatuko da.

b) Aurrekontuan dagoen dirua aurreko puntuko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa izatera, deialdiaren konpromisoak betetzeko baimendutako gastua hainbanatu eginen da diru-laguntza jasotzeko onartzen den gastu bolumenaren artean (enpresa eskatzaileek aurkeztua).

3. Aurkezten diren eskaerak behin betiko azterturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

4. Diruz laguntzen ahal den jarduketa mota bakoitzaren barrenean onartutako jarduera multzoari emanen zaio diru-laguntza eskatzaile bakoitzari eta ordainduko zaio. Jarduera horiek 5.1 oinarri arautzailearen a), b) eta c) ataletan daude zehaztuta.

5. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Diru-laguntza ematen duen eta eskaera aurkeztearekin batera frogatutako jarduketak ordaintzen dituen ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik eta, epe hori iraganik ebazpen espresik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. Eskatutako diru-laguntzak eman edo ukatzen dituzten ebazpenen aurka, enpresa eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. oinarria. Enpresa onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen enpresa onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntza eskatzeko eskabide-orrian datorren adierazpenean aditzera ematen zaio enpresa eskatzaileari horren bitartez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan.

2. Egindako gastuak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea. 9.1.b) oinarri arautzaileak ezartzen duen epean egindako jarduketen justifikazioa 2017ko azaroaren 17tik aurrera egiten bada, galduko da jarduketa horietarako emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea.

3. Behar bezala hedatzea diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketa publikoa dela eta, zehazki, lehentasuna izanen du Nafarroako Gobernuaren turismo markak edo logo ofizialak, 5.1 oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.

4. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, laguntzari buruzko fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

9. oinarria. Egindako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea eta modua.

Egindako jardueren frogagiriak epe hauetan aurkeztuko dira:

a) 2016ko abenduaren 16tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, diru-laguntza eskatzearekin batera aurkeztuko dira frogagiriak.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2017ko azaroaren 15a arte egindako jardueretarako, 2017ko azaroaren 17a izanen da azken eguna frogagiriak aurkezteko.

Justifikazioa 6.1 oinarrian eskabideak aurkezteko aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzari buruzko fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

2. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz laguntzen ahal diren jarduketak bukaturik, enpresek haiek egin izana frogatu beharko dute eta, horretarako, honako hau aurkeztu:

a) 2016ko abenduaren 16tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, eskaeraren inprimakia aurkeztuko da 6. oinarri arautzailearen 2.2.1 atalean ezarritako dokumentazioarekin batera.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2017ko azaroaren 15a arte egindako jardueretarako, justifikazioaren inprimakia aurkeztuko da 6. oinarri arautzailearen 2.2.1 atalean ezarritako dokumentazioarekin batera.

10. oinarria. Diru-laguntza ordaintzea.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta onuradunek eginbeharrak bete izana, diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duena, frogatzen duen txostena gehituko zaio.

Diru-laguntzak epe hauetan ordainduko dira:

a) 2016ko azaroaren 16tik eskabidea aurkeztu arte egindako jarduketetarako, hura aurkeztearekin batera justifikatzen baitira, diru-laguntza ematen duen ebazpenean berean aginduko da ordainketa egiteko.

b) Eskabidea aurkeztu eta biharamunetik 2017ko azaroaren 15a arte egindako jarduketetarako, 2017ko azaroaren 17a baitute azken eguna justifikatzeko, 6. oinarri arautzailean ezarritako frogagiriak aztertu eta onartu ondoren eginen da ordainketa.

11. oinarria Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste diru-laguntzekin.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzari buruzko fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna eta emandako diru-kopurua.

Iragarkiaren kodea: F1703791