70. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

179E/2017 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Lan Osasunaren III. Planean (2015-2020) nahiz Jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeko hitzarmenean (2015-2017), funtsezko helburua da langileen lan osasuna hobetzea eta laneko ezbeharrak murriztea. Horretarako, enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetu behar dira, besteak beste.

Horregatik, helburu hori lortzeko 2017an ere diru-laguntzak emateko deia egiten da Nafarroan lantokiak dituzten 150 langiletik beherako enpresek inbertsioak egin ditzaten laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2009ko martxoaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen diru-laguntza horiek ematea banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 250.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuetako 810012 81500 7709 494100 partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-7709-494100: Lan Osasunaren Plana gauzatzeko inbertsioak

2017

250.000,00

4. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, 250.000 euro arte, gehienez ere. Handitze hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko martxoaren 29an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Diru-laguntza honen xedea langileen segurtasuna eta osasuna sustatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, beharrezkoa da enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetzea.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Diru-laguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten enpresa pribatuak izaten ahalko dira onuradunak:

a) Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak eginak edo egitekoak izatea enpresak Nafarroan dituen lantokietan.

b) 150 langiletik behera izatea. Horretarako, lan unitateen (UTA) kopurua hartuko da kontuan, hau da, enpresan lan egiten duten edo haren kontura lanaldi osoan eta urte guztian ari direnen kopurua. Urte osoan lan egiten ez dutenen edo lanaldi partzialean ari direnen lana UTAren zatiki gisa kontatuko da, eta deialdia argitaratu aurreko urtea hartuko da kontuan.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eginen du eskatzaileak eskabide orrian. Halere, Administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak.

1. Diru-laguntza jasotzen ahalko dute 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte egindako ondoko inbertsioek.

Kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuratutakoak bazter utzita, eta haien behar prebentiboa enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak aipatzen duen jarduera prebentiboaren plangintzan jasotzen bada.

Inbertsioak hiru motakoak izaten ahalko dira:

1.1.–Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak.

1.2.–Lantokietako inbertsioak.

1.3.–Lanpostuetako egokitzapenak.

1.1. Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak:

a) Segurtasun gabeziak dituzten laneko ekipoak edo makinak erabat egokitzea uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenetara. Errege dekretu horretan segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak ezartzen dira langileek laneko ekipoak erabiltzeko.

b) Segurtasun gabeziak dituzten makinen ordez CE marka duten beste baliokide batzuk jartzea, betiere egokitzapenaren kostua makina berria eskuratzearen %40 baino handiagoa bada. Aukera horrek nahitaez makina kentzea ekarriko du.

c) Normalizatuta ez dauden obrako aldi baterako lanak egiteko aldamioak, koadro elektrikoak (obretarako multzoak (CO)) eta ertzetako aldeak babesteko behin-behineko sistemak ordeztea UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin. Aukera horrek ordeztutako ekipoak nahitaez kentzea ekarriko du.

d) Pertsonentzako igogailuak edo plataforma igotzaile mugikorrak (PEMP) eskuratzea, makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituen urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren 17. idatz-zatian aipaturikoak badira.

e) Laneko makinak edo ekipoak egokitu edo eskuratzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, gihar-hezurretako arazoen prebentziorako. Ez dira diru-laguntzaren xedea bulegoko altzariak eta osagarriak.

f) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, osasunerako arriskutsuak diren eragile kimikoen esposizioko arriskua murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna agente kimikoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzko apirilaren 6ko 374/2001 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren a) eta b) idatz-zatiekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: eragile kimikoak girora irten edo hedatzea galarazten duten ekipoak erabiltzea, baita aireztapena eta erauzketa lokalizatua errazten dituztenak ere.

g) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei zarataren esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna zaratarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko martxoaren 10eko 286/2006 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluaren a), b), c) eta e) idatz-zatiekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea zarata maila apalagoko beste batzuekin, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita zarataren murrizte teknikoa ere.

Ez dira diru-laguntzaren xedea lan metodoen antolaketa aldaketak.

h) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei bibrazioen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna bibrazio mekanikoen esposizioarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko azaroaren 4ko 1311/2005 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren a), b), c) eta e) idatz-zatiekin bat.

Besteak beste, honako kasu hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea bibrazio maila apalagoko beste batzuekin, ekipo lagungarriez hornitzea, hala nola, bibrazioaren kontrako aulkiak edo kirtenak, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita bibrazioen murrizketa teknikoa ere.

Ez dira diru-laguntzaren xedea lan metodoen antolaketa aldaketak.

i) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei eragile biologikoen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Lanean agente biologikoen eraginpean egotearekin zerikusia duten arriskuen aurka langileak babesteari buruzko maiatzaren 12ko 664/1997 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluaren a) eta d) idatz-zatiekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: bioerreaktoreak eta III motako segurtasun biologikorako kabinak eskuratzea; erauzketa lokalizatuak edo aireztapen orokorrerako neurriak jartzea.

Ez dira diru-laguntzaren xedea lan metodoen antolaketa aldaketak eta norbera babesteko neurriak.

1.2. Inbertsioak lantokietan:

a) Lantokietan dauden arriskuen aurrean segurtasuna emateko esku-hartzeak, Lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituen apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2.etik 8.era arteko idatz-zatiekin eta 13.arekin bat.

Ondoko hauek ez dira diru-laguntzaren xedea: egiturazko segurtasuna, esku-eskailerak, ebakuazio bide eta irteerak, suteen kontrako babes neurriak eta instalazio elektrikoa (I. eranskinaren 1. idatz-zatia eta 9.etik 12.era artekoak), ordena, garbiketa eta mantentze-lanak (II. eranskina), ingurumen baldintza (III. eranskina), argiteria (IV. eranskina), zerbitzu higienikoak eta atseden-lokalak (V. eranskina).

Eskala finkoak jartzea diru-laguntzaren xedea izanen da, betiere horiek erabili bitartean altueran erorikoen arriskua kontrolatuta badago ainguratze lerroaren gainean (zurruna eta malgua) erorikoen aurkako gailu lerrakorra jarriz.

b) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak jartzea, baldin azalera eta bolumena handitzen ez badira. Inbertsio horrek diru-laguntza jaso ahal izateko RERAn inskribatuta dagoen enpresa batek gauzatu beharko du.

c) Ainguratze gailuak jartzea (UNE-EN 795:2012 arauaren arabera) lantokietako estalkietan, horietan hala nola mantentze-lanak, konponketak edo garbiketak egiteko horietan sartu behar bada.

Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

–Eraikuntzako obretan jarritako ainguratzeak, behin-behineko ainguratze gailu eramangarriak (B mota) eta pisu hileko gailuak (E klasea).

–Estalkian eremu hauskorrak (sabai-leihoak, argi-zuloak edo antzekoak) badaude, bertan lanak egiten diren bitartean altueran erorikoen arriskua elementu finkoen bitartez (pasabideak, tramex-a, eta abar) kontrolatuta ez duten jarduketak.

–Eskala finkoak badaude, estalkira sartzean altueran erorikoen arriskua ainguratze lerroaren gaineko (zurruna eta malgua) erorikoen aurkako gailu lerrakor baten bidez kontrolatuta ez duten jarduketak.

d) Ainguratze lerroa zurrunaren gaineko erorikoen aurkako gailu lerrakorrak jartzea, UNE-EN 353-1:2014 arauaren arabera, edo ainguratze lerroa malguaren gainean, UNE-EN 353-2:2002 arauaren arabera, eskala finkoei lotuta.

Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

–Eskala finkoetan jarritako gailuak, osotasunean, 16 metrotik gorako altuera diferentziak gainditzen badituzte.

–Erorikoen aurkako sistemen gainerako osagaiak (arnesak, lotzeko elementuak eta abar).

e) Lantokietako esku-hartzeak, kanpoko bortizkeriaren (eraso fisikoak) arriskuaren aurrean, langileei segurtasuna emateko.

Besteak beste honako hauek sartzen dira: alarmak eta komunikazio bizkorreko beste sistema batzuk paratzea; pantailak edo bideo-babeserako sistemak paratzea; sarrerak blokeatzea; sarrera murriztuko eremuak zedarritzea; ate-uhateak, manparak eta mostradoreak paratzea; irteera bikoitza eranstea areto, bulego eta arriskuko beste toki batzuetan; pultsadoreak eta erasoaren kontrako beste bitarteko pertsonal batzuk (izu-botoia, eta abar) paratzea; eta argiztapena hobetzea sarbide eta aparkalekuetan (eremu ilunak kentzea).

f) Lantokietako esku-hartzeak, laneko bide-segurtasunaren irizpideak kontuan harturik, ibilgailuek langileak kolpekatu edo harrapatzearen arriskua murrizteko.

Ez dira diru-laguntzaren xedea garraiobideen barnean egindako esku-hartzeak.

1.3. Lanpostuen egokitzapenak, amatasunerako arriskurik ez duten lanpostuak izateko, haurdunaldia eta edoskitze naturala babesteko irizpide prebentiboekin eginak, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 26. artikuluaren arabera.

2. Ezin izanen dira diru-laguntzaren xede izan honako hauek:

a) Mantentze-lanak ez egitearen ondoriozko jarduketak.

b) Eraso fisikoen arriskuak, arintzat eta onargarritzat (edo baliokideak) baloratu direnak, desagerrarazi, murriztu eta/edo kontrolatzeko erabiltzen diren jarduketak. Salbuespena da diruz laguntzen ahal den 1.2.e) gastua.

3. Laguntza izan dezakeen inbertsiotzat hartuko dira leasing kontratuaren bidez eskuratzen diren makinak edo laneko ekipoak, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

4. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza izan dezakeen gastuaren %25ekoa emanen da, BEZa kanpo, eta diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 30.000 eurotik gorakoa izanen.

2. Diru-laguntza %30ekoa izanen da, aurreko atalean aurreikusitako mugarekin, baldin eta emakumeen eta gizonen arteko edozein lan bereizkeria mota galarazteko ondoko neurrietako bat hartu badu enpresak:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat onestea, eskabidearekin batera aurkeztuko dena.

b) Bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoa bateratzen lagunduko duten neurriak onestea, langileen legezko ordezkaritzarekin negoziatuak, edo, halakorik ez badago, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluaren arabera gehienez ere hiru kiderekin izendatutako batzorde batekin. Zilegitasuna duten subjektuek sinatutako akta edo agiri baten bidez justifikatuko da.

c) Genero berdintasunaren arloan eskuduna den entitate batek emandako aitortza edo bereizgarria eskuratzea, tratu eta aukera berdintasunaren aldeko politikak aplikatzeagatik (Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar). Aitortza edo bereizgarri hori aurkeztuta justifikatuko da.

3. Halaber, diru-laguntza %30ekoa izanen da onuraduna lehentasunezko elkartea dela edo lehentasunezko elkarte baten barnean dagoela aitorturik dagoenean, Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legea aplikatuz.

4. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, 250.000 euro arte, gehienez ere. Handitze hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea lau hilabetekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Enpresek inbertsioak egiten hasi aurretik aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Salbuespen gisa, 2017. urtean deialdia argitaratu aurretik egiten diren inbertsioetarako, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratzen denetik hasita.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH). 11. oinarrian ezarritako moduan lor daiteke DEH.

Eskaera bulego batean aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, aurkezpen elektronikoa eginez. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

4. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoa izanen dira eskabidearekin batera (eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin identifikatuta, deialdi honetan erabilitako terminologiaren arabera; esate baterako: “justifikazio-memoria”, “aurrekontuak”, eta abar) aurkeztu behar diren agiriak. Hain zuzen ere, agiri hauek:

a) Justifikazio-memoria:

Inbertsio proiektuaren justifikazio-memoria. Bertan honako datu hauek agertu behar dira: enpresaren identifikazioa, jardueraren deskribapena, eskatutako diru-laguntza kudeatzeko erreferentziako pertsonaren izena eta harremanetarako helbidea.

–Laguntzen fitxan memoriak izan beharko dituen atal beharrezkoak zehaztuko dira.

b) Inbertsio mota bakoitzerako aurkeztu beharreko berariazko dokumentazio beharrezkoa laguntzen fitxan adierazitakoa izanen da.

c) Proiektuaren kostuaren aurrekontu zehaztua (edo faktura proforma). Laneko ekipoak eskuratzen badira, aurrekontuan agertu beharko dira erosiko den objektua eta aplikatu beharreko araudia (marka, eredua, UNEa, elementu bakoitzaren mota, CE marka...).

d) Diru-laguntza jaso dezakeen inbertsio baten gastuak (BEZa kanpo) 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, obraren exekuzioaren gastuaren kasuan, edo 12.000 euroko zenbatekoa, ekipo ondasunen horniduraren kasuan, eskatzaileak hornitzailea eragimen eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu duela frogatu beharko du, horretarako hiru eskaintza aurkeztuz eta aukeratutako eskaintza justifikatuz laguntzen fitxan eskuragarri dagoen “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian.

Enpresak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza horiek aurkeztera, baldin eta diru-laguntzaren xedeko inbertsioen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo inbertsioa diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, halakoak frogatu beharko dira aipatu inprimakian.

5. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskabideak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txostena eman ondoren, Lan Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.

Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute 2017ko urriaren 31ra arte, hori barne; horretarako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, 5. oinarrian adierazitako moduan:

a) Egindako inbertsioa azaltzen duen memoria, gastua eta ordainketa frogatzen dituzten dokumentuak aipaturik.

b) Egindako gastuaren eta ordainketen frogagiriak.

c) Inbertsio mota bakoitzerako berariazko frogagiriak, laguntzen fitxan adierazten direnak.

d) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, leasing kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, eta bertan agertu behar da hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmora ageri dela, errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula eta eragiketaren BEZ osoa ordaindu dela justifikatzen duen agiria.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako inbertsioa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, 10.2 oinarrian adierazitako betebeharra.

d) Diru-laguntzaren xedeko ekipoak eta inbertsioak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren datatik hasita.

e) Inbertsiorako jasotako laguntzari publizitatea ematea, ondoko esaldia korporazioaren webgunean sartuz, edo enpresan ikusteko moduko toki batean, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat jaso du, laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioen 2017ko deialdian”.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako eginbeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

Ordainketaren ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (leasing), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa diru-laguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da.

Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko ditu laguntzak kudeatzen dituen organoaren aurrean, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke helbide elektroniko gaitua. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetuta egon beharko da. DEH eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

12. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak bateraezinak dira, gastu berbetarako, industriako enpresa txiki eta ertainek inbertsioak egiteko laguntzak eskuratzearekin, baita nekazaritzako eta elikagaietako industrietan inbertsioak egiteko laguntzekin ere (Garapen Ekonomikorako Departamentuak emanak). Enpresek beste hautabide hori dute.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakarrari hiru zergaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua adierazita.

Halaber, Lan Zerbitzuak emandako diru-laguntzak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (www.nafarroa.eus).

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1703978