70. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

2017ko lan egutegia

Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak 78/2017 Ebazpena eman zuen, bi mila eta hamazazpiko martxoaren zortzian. Hona hemen haren testu osoa:

Ikusirik 746/2016 Ebazpena, ekainaren 17koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2017ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.

Ikusirik 1425/2016 Ebazpena, azaroaren 22koa, Politika Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2017ko jaiegunak zehazten dituena Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

Udaleko langileen ordezkari sindikalekin egin beharreko hitzarmena bukatuta.

Horrenbestez, kontuan hartuta espedienteko dokumentazioa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1.985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Oltza Zendeako Udalaren eta haren erakunde autonomoaren zerbitzuko langileen 2017ko aste barreneko jaiegunen egutegia onestea. Hona hemen:

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Urtarrilaren 7a: jaieguna Ororbian.

–Apirilaren 13a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 14a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 17a: Pazko biharamuna.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Abuztuko Andre Maria.

–Abuztuaren 18a eta 21a: Ororbiako bestak.

–Urriaren 12a: Espainiaren Jai Nazionala.

–Urriaren 13a: Espainiako jai nazionalaren zubia.

–Azaroaren 1a: Santu guztien eguna.

–Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren ondoko astelehena.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri.

Bigarrena.–Oltza Zendeako Udalaren eta haren erakunde autonomoaren administrazioan eginen den lanaldiaren urteko kopurua, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuaren arabera, 1.592 ordukoa izanen da, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Nahitaez lan egin beharko da 9:30etatik 14:30ak arte; gainerako bi ordu eta hogei minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:00etik 16:30 arte. Orobat, kirol eta kultur koordinatzaileak asteazken arratsaldeetan ordu bat eta berrogei minutuz lan egin beharko du nahitaez. Hortaz, lanpostu horren ordutegi malgua, astelehenetik ostiralerako goizaldeetan, bi ordutara mugatuko da.

Zerbitzuaren beharren mendekoa ez den lanaldi murriztua duten langileen kasuan, nahitaez bertan egoteko denbora egokitu eginen da, ahal den neurrian, murrizketaren ebazpenean baimendutako ordutegira, edo, bestela, langilearekin adostuko da zerbitzuaren beharren arabera.

9:30etik 14:30era bitarteko nahitaezko lan-ordutegiak indarra hartuko du Osoko Bilkurak berresten duenean negoziazio mahaiak modu unitarioan erdiesten duen ituna, une honetan akordio kolektiboa negoziatzen ari baita, funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan baldintzak ezartzeko eta udal honetako lan-kontratudunen Lan hitzarmen kolektiboa zehazteko.

Osoko Bilkurak hura berretsi arte nahitaezko lan-ordutegia 9:30etik 14:00etara bitartekoa izanen da.

Artikulu honetako aurreko atalean zehaztutako lanaldiaren ordu banaketa ez zaie aplikatuko “Oltza Zendeako/Orkoiengo Musika Eskola” erakunde autonomoko langileei.

Hirugarrena.–Oltza Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen lanaldiaren malgutasuna handitu da, langileek laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea errazago izan dadin. Hona hemen jarraibideak:

1.–Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko dira hilabete natural bakoitzaren barrenean, egiatan lan egindako ordu guztiak eta hilabete natural bakoitzean egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

2.–Nahitaezko lanaldia izanen da 9:30etik 14:30era arte eta langile bakoitza kanpoan egon daiteke gehienez 25 orduz urtean; nolanahi ere, lantokian egon gabeko ordu horiek konpentsatu beharko ditu urtean zehar lan eginda.

Dena dela, aurreko atala aplikatuko da Osoko Bilkurak berresten duenean negoziazio mahaiak modu unitarioan erdiesten duen ituna, une honetan akordio kolektiboa negoziatzen ari baita, funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan baldintzak ezartzeko eta udal honetako lan-kontratudunen Lan hitzarmen kolektiboa zehazteko.

Osoko Bilkuraren berrespena izan arte, nahitaezko lanaldia izanen da 9:30etik 14:00ak arte eta langile bakoitza kanpoan egon daiteke gehienez 10 orduz urtean; nolanahi ere, lantokian egon gabeko ordu horiek konpentsatu beharko ditu urtean zehar lan eginda.

Laugarrena.–Lanera agertzea kontrolatzeko, bertaratu direnen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik ateratzean fitxatu beharko dute nahitaez. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta amaieran, baita lanaldiaren barnean irteten eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Bosgarrena.–Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horri dagokionez, bulegoetako langileek nahitaez fitxatu beharko dute sartu-ateratzeetan.

Seigarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2017. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta abuztuaren 18a eta 21a eta urriaren 13a, horiek jaiegun izanen baitira.

Zazpigarrena.–Udal administrazioaren zerbitzuetako premiak direla-eta, eta behar bezala jardun ahal izateko, kontabilitate, herritarrendako laguntza eta idazkaritza zerbitzuetan eta zerbitzu anitzetan-albiente lanetan, bertako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.

Orobat, garbiketako langileen kasuan, medikuaren kontsultategiaren garbiketa 14:00etatik 16:00etara egiten saiatuko dira, osasun langileei trabarik ez egiteko.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Oltza Zendeatik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio. Iruñerriko herrietan, joan-etorria egiteko kalkulatutako denbora 60 minutukoa izanen da (joan-etorria guztira).

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi osoa bezala kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora kasu honetan baizik ez da lan denboratzat hartuko: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuak bere dituen eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko.

Euskara ikastaroak egiteko ordu eta dirua konpentsazioak, behar bezala baimenduak, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 1311/2010 Ebazpenean arautzen dira, haren bitartez parekatzen baitira euskara ikastaroak egiteko, ekainaren 21eko 195/1993 Foru Dekretuaren bitartez ezarritako ordu konpentsazioak gaur egungo prestakuntza jardueretara.

Oltza Zendean, 2017ko martxoaren 9an.–Alkate udalburua, Moisés Garjón Villanueva.

Iragarkiaren kodea: L1703206