70. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES

Deialdia, Alesbesko Udalaren zerbitzuko
zaintzailea izateko lan-poltsa eratzeko

Oinarriak, zaintzailearen lanpostuan (D maila) aritzeko izangaien zerrenda bat oposizio-lehiaketa bidez eratzeko, aldi baterako kontratuak egiteko, Alesbesko Virgen del Portal Zahar Etxean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Alesbesen, 2017ko otsailaren 16an.–Alkate udalburua, Delia Linzoain Pinillos.

OINARRIAK

I.
Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak

1. Aldi baterako lan-kontratudunak.

2. Izena: zaintzailea (D taldea).

3. Bete beharreko eginkizunak edo lanak:

–Erabiltzaileen higiene pertsonalaz arduratuko da.

–Zentroko plan funtzionalaren arabera, erabiltzaileen tresnak garbitu eta mantendu behar ditu, oheak egin, gelak txukun egon daitezen lagundu, arropa bildu, garbitegira eraman eta erabiltzaileen arropa pertsonalaz arduratu.

–Erabiltzaileei jaten emanen die, beren kasa egin ezin dutenean. Alde horretatik, otorduak jaso, banatu eta bilduko dizkie erabiltzaileei.

–Jarrera aldaketak eta zerbitzu osagarriak eginen ditu, beren prestakuntza teknikoa kontuan harturik agintzen zaizkionaren arabera.

–Erabiltzailearen osasunari buruzko gorabeheren berri emanen du.

–Erabiltzaileei lagunduko die egin behar dituzten irteeretan: medikura, kudeaketak egitera...

–Instalazioen garbiketa eginen du.

–Altzariak, materialak eta botikineko aparatuak garbitu eta prestatuko ditu.

–Profesionalen taldearekin elkarlanean arituko da haien zerbitzu espezializatuak osatzeko oinarrizko atazak eginez, erabiltzaileei autonomia pertsonala emateko eta gizarteratzeko.

–Erabiltzaileen familiakoak lagunduko ditu, betiere zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideen barrenean, eta orobat, haiek zentroko bizitzan sar daitezen lagunduko du.

–Erabiltzaileekiko harremanetan edo jardueretan, laguntzaren, hezkuntzaren eta prestakuntzaren aldetik profesionalengandik jasotzen duten lana osatzen lagunduko du.

–Erizaina (OLT/EUD) ez badago, glukosaren proba egiten ahalko du eta azal azpiko bidea erabiltzen ahalko du erabiltzaileei botikak emateko (intsulina, heparina...), betiere tratamenduaren dosia eta segimendua medikuek edo erizainek egiten badute.

–Oro har, lehenago zehaztu ez diren arren, agintzen zaizkion jarduera guztiak eginen ditu, baldin eta bere lanbidearen jardunekoak eta bere prestakuntza teknikokoak badira.

–Jantoki-officeko lanak eginen ditu eta arreta berezia jarriko du erabiltzen dituen materialetan.

–Garbitegiko lanak eginen ditu, arropa zuriaz arduratuko da, makinen erabilera eta zainketaz, eta, orobat, erabiltzaileen arropaz.

–Lanak egiterakoan atzemandako gorabehera edo anomalien berri emanen dio bere nagusi hurrenari.

–Egoitzak harrerako eskuliburua emanen dio langileari kontratua hasten denean.

4. Lan baldintzak:

Kontratatzen den langilea zentroko zuzendariaren menpean izanen da zuzenean eta eginkizun nagusia izanen du eguneroko jardueretan erabiltzaileak zaindu eta laguntzea, haien kabuz egin ezin dutenean, eta haien laguntza pertsonala eta haien ingurunearena xede duten lan guztiak egitea.

Lan hori egiteko, zaintzaile/gerokultoreak egoiliarren zenbait datu pertsonal eskuratu ahalko ditu, osasunari buruzkoak barne, eta fitxategiak dauden tokietara sartzeko baimena izanen du. Uneoro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei eta egindako lanetan jaso ahal izan duen informazio orori buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia egoera eta abar). Daukan informazioa erabili ahalko du soilik lanpostuko beharkizun eta beharretarako, eta ezin izanen du erabili lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarrenei jakinarazi ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da.

Lanaldiaren araubidea Udaleko lan-kontratudunentzat ezarritakoa izanen da, zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.

Deialdiaren xedeko lan baldintzak enpresaren hitzarmen kolektiboan arautzen direnak dira.

Kontratatutako langilearen soldata maila enpresaren hitzarmen kolektiboan aipatutako kategoriari dagokiona izanen da.

15 laneguneko probaldia ezartzen da.

II.
Deialdia, Alesbesko Virgen del Portal Zahar Etxearen zerbitzuan,
aldi baterako kontratazioaren bitartez, zaintzailearen
lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzeko

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Alesbesko Virgen del Portal Zahar Etxearen zerbitzuan, aldi baterako kontratazioaren bitartez, zaintzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat eratzea, oposizio-lehiaketa bidez, sortzen diren beharrei erantzutearren.

2. Izangaien betebeharrak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa eratzeko Itunean zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beheitikoak badira edo, adin horretatik goitikoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Honako titulu hauetako baten jabe izatea: Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria, Arreta Soziosanitarioko teknikaria edo Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko lanbide ziurtagiria.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, hura galaraziko duen gaixotasunik izan gabe.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren Estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Egiaztagiriak kopia konpultsatuen bidezkoak izanen dira.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. Aldi baterako kontrataziorako izangaientzako deialdia.

Azterketa gainditu duten izangaiei dei egiten ahalko zaie Alesbesko Virgen del Portal Zahar Etxean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoari jarraituz.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Alesbesko Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz ere. Izangaiak Gizarte Segurantzaren araubide orokorraren sartu eta kidetuko dira.

III.
Hautapen prozesua nola eginen den

1. Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Alesbesko Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza España, 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2. Eskabideak deialdi honen III. eranskinean ageri diren ereduen araberakoak izanen dira edo, bestela, Internet bidez lortzen ahalko dira (www.villafranca.es).

Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

1.3. Behar bezala betetako eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

–Eskatzen diren titulazioen fotokopia konpultsatua.

1.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen araberako desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

1.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

2. Eskaeren onarpena.

2.1. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alesbesko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen zerrenda onesteko, eta www.villafranca.es webgunean argitaratzeko aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren web-orrian.

2.2. Onartuen eta baztertuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintza guztiak betetzen direla onartzeko. Dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3. Epaimahaia.

3.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Arantxa Romeo Arizala, Virgen del Portal Zahar Etxeko Patronatuko Batzordeko burua.

–Ordezko mahaiburua: behar izanez gero izendatuko dena.

Mahaikidea: teknikari bat, Zahar etxeen eta adinekoei arreta emateko zerbitzuen elkarteko (LARES) ordezkaria.

–Ordezko mahaikidea: behar izanez gero izendatuko dena.

Mahaikidea: Aranzazu Sanz Morentin, egoitzako Laguntzako teknikari koordinatzailea.

–Ordezko mahaikidea: behar izanez gero izendatuko dena.

Mahaikidea: Erintzaintzako graduatua, izendatu beharrekoa.

–Ordezko mahaikidea: behar izanez gero izendatuko dena.

Mahaikidea: M.ª Carmen Lafraya Fernández, egoitzako ordezkari sindikala.

–Ordezko mahaikidea: behar izanez gero izendatuko dena.

Idazkari mahaikidea: Francesca Ferrer Gea, Alesbesko Udaleko idazkaria.

Ordezko idazkaria: behar izanez gero izendatuko dena.

3.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

3.3. Epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu eta argitara emanen, onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendarekin batera.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4. Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.

Hautapen prozesua bi urratsetan gauzatuko da, hurrenez hurren, lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia.

4.1. Lehiaketaldia (30 puntu gehienez).

4.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 2.3 oinarriak dioen bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

4.1.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

4.1.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko arrazoitzen ez diren merezimenduak.

Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak, edozein unetan.

4.1.4. Lehiaketaldiak 30 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere. Deialdiaren I. eranskinari jarraikiz banatuko dira puntuak.

4.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan ikusi uste dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

4.1.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen.

4.1.7. Merezimenduen balorazioa amaitutakoan, epaimahaiak emaitza Internetez zabalduko du (www.Villafranca.es), hautaprobak hasi baino 72 ordu lehenago gutxienez.

4.2. Oposizioaldia 70 puntuz baloratuko da.

4.2.1. Ariketa teoriko-praktikoa: test motako galderak erantzun beharko dira, II. eranskineko gaitegiko ezagutzak frogatzeko. Gehienez ere 40 puntu lortu ahalko dira.

Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.

4.2.2. Proba praktikoa: ariketa bat egin beharko da, izangaiak zaintzaile/gerokultorearen eginkizunetan duen abilezia egiaztatzeko. Gehienez ere 30 puntu lortu ahalko dira.

4.2.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo identifikaziorako beste agiri administratibo publiko ofizial bat aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu dokumentuetako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.2.4. Izangaien kopurua kontuan hartua, iragarritako egun eta tokian aurkeztu direlarik, epaimahaiko buruak aldatu ahalko du probak egiteko tokia, bai eta ordena eta probak egiteko datak ere. Inguruabar horiek Udalaren web-orrian jakinaraziko dira.

4.2.5. Bi ariketen kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak web-orrian argitara emanen du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

4.2.6. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.2.7. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5. Proba gainditzen dutenen zerrenda eta deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Udalaren web-orrian, aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren araberakoa.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan sartuko dira hautaprobetan ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak.

Zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio.

5.2. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute.

5.3. Zerrenda kudeatuko da abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, bertan onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

6. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Baremoa

Merezimenduen baremoa (lehiaketaldia), 30 puntu.

Laneko esperientzia (Zaintzailea/gerokultorea).

Esperientzia zaintzaile/gerokultore gisa, egoitza geriatrikoetan edo antzeko laguntza zentroetan, titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan, behar bezalako kontratu harremanarekin.

Mendekotasuna duten pertsonak laguntzeko egoitzetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,20 puntu.

Administrazio publikoak edo dagokion enpresak emandako ziurtagirien bidez soilik frogatuko dira egin diren zerbitzuak.

Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin ikusteko izanez gero soilik baloratuko dira.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubide eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: laneko gaixotasunaren, lan istripuaren kontzeptuak. Ergonomia: gorputz mekanika.

2.–Osasunaren-gaixotasunaren kontzeptua. Garapena eta paradigmak. Osasunean eragina duten faktoreak.

3.–Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.

4.–Pazientearen eskubideak, betebeharrak eta autonomia. Lanbideko sekretua: kontzeptua eta araudi juridikoa. Historia klinikoa: definizioak, eginkizunak eta historia motak. Historia klinikoaren lege eta osasun alderdiak. Agirien diseinua eta normalizazioa.

5.–Infekzio nosokomiala: definizioa, kate epidemiologikoa, oztopo higienikoak. Prebentzio neurriak, isolamendua. Aurreneurri unibertsalak. Eskuen garbiketa eta norbera babesteko ekipamenduak erabiltzea.

6.–Garbiketa, desinfekzioa, asepsia, antisepsia eta esterilizazioa. Desinfektatzaileak eta antiseptikoak: Ekintza mekanismoak eta garbiketarako eta desinfekziorako metodoak. Gehien erabiltzen diren antiseptikoak eta desinfektatzaileak. Esterilizazio kontzeptua. Esterilizazio metodoak. Esterilizazioaren kontrol motak. Kalitatearen kontrola. Material esterilaren manipulazioa eta kontserbazioa.

7.–Lagin biologikoak hartu eta garraiatzeko prozedura: lagin biologikoaren kontzeptua. Laginak hartzeko, manipulatzeko, garraiatzeko eta kontserbatzeko prozedurak.

8.–Hondakinen kudeaketa: definizioa, sailkapena, biltegiratzea, garraioa, ezabaketa eta tratamendua.

9.–Mugitzeko arazoak dituen pazienteari laguntzea: mugikortasun eta mugiezintasun fisikoa; mugikortasunean eragiten duten faktoreak. Oinez ibiltzen laguntzeko teknikak. Posizio anatomikoa eta gorputz lerrokadura. Ultzerak presioagatik: kontzeptua, arrisku faktoreak, lokalizazioa, etiologia eta prebentzio neurriak. Mobilizazioa eta jarrerak aldatzea. Erortzeko arriskua, prebentzio neurriak. Laguntzeko gailuen erabilera egokia.

10.–Pazientea lagundu eta zaintzea higiene-beharretan. Higienearen kontzeptu orokorra eta partziala, azalaren eta ilearen higienea, bainu lagunduaren teknika, ohean dagoen pazientearen higienea. Aho osasuna eta higienea.

11.–Sistema neuroendokrinoa eta zentzumenen organoak. Fisiologia eta patologia ohikoenak.

12.–Bihotz-hodietako sistemaren patologia eta anatomofisiologia. Sintomatologia. Bihotz-zikloa eta bihotz-gastua. Bizi-konstanteak eta erregistro grafikoak.

13.–Arnas sistemaren anatomofisiologia. Arnasketa arazoak dituzten pertsonen balorazioa eta zainketak. Sintomatologia eta patologia nagusiak. Oxigenoterapia eta bestelako teknikak. Oxigenoa emateko metodoak, aurreneurriak eta materiala garbitzeko metodoak.

14.–Pazientea lagundu eta zaintzea, kanporatze lanei dagokienez. Diuresia eta libratzea, enema motak, enemen administrazioa. Ezagutzak eta laguntzeko jarduerak, gernu, digestio eta ondeste aparatuetako zundaketak egiteko.

15.–Digestio aparatuaren patologia eta anatomofisiologia. Metabolismoa, nutrizioa eta hari lotutako patologiak. Pazientea lagundu eta zaintzea elikaduran eta nutrizioan. Elikaduraren eta nutrizioaren kontzeptua, elikagaiak eta haien sailkapena, dietak eta dieta terapeutiko motak. Elikadura enterala eta parentala: kontzeptua eta teknikak.

16.–Medikamentuak emateko arau orokorrak, emateko bideak, neurriak aldez aurretik, bitartean eta eman ondotik. Medikamentuak biltegiratu eta kontserbatzea. Segurtasun klinikoa: kontrako gertaerak identifikatzea.

17.–Larrialdi kontzeptua. Bihotz-biriken oinarrizko erreanimazioa, oinarrizko bizi euskarria. Gelditze gurditxoa. Lehen laguntzak: politraumatizatuak, erreak, shock egoerak, intoxikazioa, zauriak, hemorragiak eta asfixiak.

18.–Osasun mentaleko pazienteari laguntza eta zainketak honako hauetan: komunitate terapeutikoa eta eguneko ospitalea, eta errehabilitazio psikosozialaren esparruan, arreta komunitarioa eta etxean bisita.

19.–Pazienteari laguntza eta zainketak, miaketa bat egiteko eta ebakuntza kirurgiko baterako prestatzerakoan: jarrera anatomikoak. Ebakuntza egin aurretiko eta ondorengo arreta.

20.–Laguntza eta zainketak zaharrari: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zainketak, zahartzaroarekin lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen pazientea laguntzea.

21.–Laguntza eta zainketak hil hurren den pazienteari, zainketa aringarriak: Gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua: Aldi baterako kontrataziorako izangaiak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1703838