70. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80E/2017 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Añorbeko udal mugapeko 10. poligonoko 32. lurzatian baliabide eolikoa neurtzeko dorrea paratzeko proiektuari. Sustatzailea Desarrollo de Energía Renovables de Navarra SA da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Estazio anemometrikoa jartzeko eskaera egin da; sentsore meteorologikoen multzo batez hornituta egonen da, horiek 99 metroko altuerako metalezko dorre baten gainean daudela, eta hori tiranteen bidez txarrantxatua, Añorbeko udal mugapeko 10. poligonoko 32. lurzatian. Toki horretako potentzial eolikoa neurtzeko erabiliko da.

Espedienteak aldeko txostenak jasotzen ditu, Añorbeko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandakoak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Añorbeko udal mugapeko 10. poligonoko 32. lurzatian baliabide eolikoa neurtzeko dorre bat jartzeko proiekturako. Sustatzailea Desarrollo de Energía Renovables de Navarra SA da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Ez da inolaz ere ukituko neurketa dorrea jartzeko lurzatiaren ertzetan dagoen landaredia.

–Lanen hasieran landare lurra kenduko da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra) eta hondeaketatik datozen gainerako materialetatik bereizirik pilatuko da. Lur hori zimenduen inguruetan zabalduko da, berreskuratzeko moduan, gerora, dorrea kentzen denean, lurzoruaren erabilera berreskuratze aldera.

–Hegaztiek tenkagailuak jo ez ditzaten, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira dorreko tenkagailu guztietan, 5 metroko tartean baliza bat jarriz.

–Neurketaren xedeak beteta, hots, neurketa meteorologikoetarako dorrea instalatzea ekarri zuten xedeak beteta, edo gehienez ere 5 urteko epean, dorrea inolako ukipenik eragin gabe kenduko da, eta okupatutako eremuari aurretik zuen erabilera emanen zaio.

–Hondakinak modu egokian kudeatuko dira, neurketa dorrea muntatzean halakorik sortuz gero.

Hirigintza arlokoak:

–Herrilurren Atalaren txostenarekin bat, estazio anemometrikoa herrilurrak okupatuz jartzeko asmoa dagoenez, obra lizentzia eman baino lehen, Añorbeko Udalak lur horien erabilera lagatzeko baimena eskuratu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Lurretik ateratzen diren instalazioek, euskarriek edo eraikuntzek herri bideekiko zortasun eremu bat errespetatu beharko dute, 3 metrokoa, haien kanpoko ertzetik neurtuta, 35/2002 Foru Legearen 112. artikuluaren arabera.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, proposaturiko neurketa dorrea Noaingo aireportuaren zortasun aeronautikoen eremuaren barruan dagoenez, 584/1972 Foru Dekretuari jarraikiz tramitatu beharko da eta Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren baimena lortu.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Añorbeko Udalari, Tafalla aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko otsailaren 23an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1702504