Iragarkia
67. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
4E/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 21ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat 2017” diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat 2017” izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 30.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartu behar da aipatu gastua baimentzeko, bai helburua bai baldintzak betetzen direla, baita legez ezarritako betebeharrak ere, eta espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna duela.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat 2017” diru-laguntzen deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20000-A2010-4816-334100: Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat | 2017 | 30.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2017ko martxoaren 21ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
OINARRI ARAUTZAILEAK
Ediziorako laguntzak irabazi asmorik gabeko entitateentzat 2017
1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1.1. Deialdiak hauxe du helburu: diru-laguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko entitateei liburuak eta aldizkariak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan, edo argitalpen diskografikoak, betiere edukiak artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak badira.
Obrak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, eta 2017ko urtarrilaren 2tik azaroaren 25era argitaratuak, bi data horiek barne.
1.2. Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetan argitaratutako obrak onartuko dira.
1.3. Deialdi honen ondorioetarako, ez da argitalpen artistiko, kultural edo zientifikotzat hartuko:
–Kultur buletinak, ikuskizun gidak, urtekariak, katalogoak eta antzekoak.
–Edozein entitate publikok eta beren entitate autonomoek enkargatutako argitalpenak.
–Urteko ale guztiak hartuta, espazioaren %30etik gora, batez beste, publizitateari uzten diotenak.
–Beste argitalpen baten gehigarri edo ale berezi gisa edo harekin batera eskaintzen diren argitalpenak.
–Maiztasun egonkorra ez duten aldizkako argitalpenak.
–Web orriak.
–Egileen eta haien lanen zabalkunderako erabiltzen diren argitalpenak, balorazio batzordearen iritziz.
–Erakusketetako katalogoak.
–Batzordearen iritziz, kultur objektu bat sortzeko erabiltzen diren material edo bitarteko teknikoei buruzkoak direnak nagusiki, edo gaitzat dituztenak, gehienbat, kultur jardueraren sektore bakoitzeko profesionalen gaiak.
–Berrinprimatzeak, berrargitaratzeak eta argitaratutako obren itzulpenak.
1.4. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.
2. Entitate onuradunen betebeharrak.
2.1. Laguntza hauen entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea. Haren estatutuetan agertuko da helburu kulturala duela.
b) 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitatea izatea.
c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.
2.2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako inguruabarren bat duten entitateei.
2.3. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:
–Toki entitateak, haien entitate autonomoak, enpresa entitate publikoak.
–Fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada.
–Sindikatuak eta entitate korporatibo profesionalak.
–Ezin izanen dira aurkeztu Nafarroako Gobernuaren 2017ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.
3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
3.1. Laguntza hauek, gehienez ere 30.000 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.
3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.
Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.
3.3. Entitate bakoitzeko laguntza ez da 4.000 eurotik gorakoa izanen.
3.4. Onuradunetakoren batek uko egiten badio laguntzari, hori banatu daiteke proportzionalki 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak lortu dituzten proiektuen artean.
4. Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.
4.1. Laguntza eskaerak aurkeztuko dira oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita. Eskaerak aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko sinadura elektronikoa beharko da.
Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
4.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da, aiseago tramitatu eta baloratu dadin.
4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) II. eranskina, obraren datu eta kostuekin, BEZa banakatuta.
b) Oroitidazki bat (gehienez hiru orrialdekoa), ondoko hauekin:
–Edukiaren laburpena.
–Zabalkunde plana: bertan sartuko dira proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak.
–Egilearen CV laburra.
c) Interesgarriak izan daitezkeen beste agiri osagarri batzuk, obraren kalitatea neurtzeko (aurkibidea, liburuaren orrialdeak, maketa, etab.).
d) Entitatearen estatutuak.
e) 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.
f) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.
4.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko d, e eta f ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.
4.5. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.
4.6. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.7. Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari posta elektroniko bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
4.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.
5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
5.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak hauek dira: inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriak biltzen dituztenak, diruz lagundutako proiektua egiteko behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan ezarritako epean egiten direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Argitalpena garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:
–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erresoluzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).
–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).
–Itzulpena, idazketa, zuzenketa edo dokumentazioa, entitate eskatzaileak eginak ez direnak.
–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataformekin.
–Grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada, entitate edo pertsona eskatzaileak eginak ez badira. Proiektua gauzatzeko ezinbesteko gastuak, hala nola estudioa alokatzea, grabazio eta argitalpen lanak, musikariak kontratatzea, argazkia, libretoaren diseinua, azala eta gaileta, masteringa, CDaren inprimaketa, etab.
5.2. Gastu hauetarako ez da diru-laguntzarik emanen:
–Igorketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak, baita langileria gastuak ere.
–Proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.
–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratzen ahal duena.
6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
6.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.
6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horren osatzaileen izenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Honako hauek osatuko dute:
–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.
–Batzordeko kideak: Nafarroako Kulturaren Kontseiluko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua eta Argitalpen Bulegoko burua.
–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikaria, hitzarekin baina botorik gabe.
6.3. Balorazio prozesua.
1. fasea: Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.
2. fasea: Onartutako proiektuak jaso eta aztertuko dituzte Ebaluazio Batzordeko kideek, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka.
3. fasea: Ebaluazio Batzordeak puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.
Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, Ebaluazio Batzordeak zehaztuko du 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.
Aurreko lerroaldean aurreikusitakoaren arabera eman litezkeen laguntzen baturak deialdian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, onuradunen artean hainbanatuko da eta proportzionalki jaitsiko da zenbatekoa.
Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.
6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
7. Proiektuen balorazioa.
7.1. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:
a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Xehetasun hauek hartuko dira kontuan:
–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak sartzea (30).
–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sormena, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (25).
–Egileen ibilbidea (10).
–Obran sartzea genero estereotipoak hausten eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dituzten edukiak (5).
b) Interesa, kultura aldetik. Gehienez 20 puntu.
–Proiektua bat etortzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Argitalpen Planaren helburuekin: berdintasuna, aniztasuna eta parte-hartzea; euskararen presentzia; garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarrien edukiak (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), gaurkoagoak diren beste eremu batzuekin (soziologia, antropologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak edo arte garaikidea) (10).
–Eta lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kultural, historiko, herriko eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak (10).
–Entitate eskatzailearen ibilbidea, gehienez 10 puntu.
–Entitateak jardueran emandako urte osoak (5 puntu).
- 10 urte baino gehiago: 5 puntu.
- 7tik 9 urte bitarte: 3 puntu.
- 4 eta 6 urte bitarte: 2 puntu.
- Urte 1etik 3 urte bitarte: puntu bat.
–Proiektuaren lurralde eremua edo lurraldeari dagokionez duen garrantzia (5 puntu bitarte).
7.2. Erabakia hobeki hartu ahal izateko, batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzeko ere.
Ez dute inolako laguntzarik jasoko 50 puntu lortzen ez dutenek.
7.3. “Argitalpenaren kalitate artistikoa eta interesa” atalean 35 puntu lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.
7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.
8. Diru-laguntza emateko ebazpena.
8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean.
Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.
8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen jakinarazpenak beti argitaratuko dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Gainera, entitate eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).
8.3. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du, jakinarazpena jaso eta 15 egun naturaleko epean, zenbatekoarekin ados dagoela. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkezpenean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.
8.4. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, noiznahi isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
8.5. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere.
8.6. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: ipvpubli@navarra.es.
9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.
9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.
9.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Bereziki, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.
9.3. Orobat, haien proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek azken memoria batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.
10. Onuradunen betebeharrak.
10.1. Entitate onuradunek, diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean eta erregistro telematikoaren bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.
Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez eta oinarri hauen III. eranskinean kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.
Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunek informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
10.2. Deialdi honen barrenean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.
10.3. Laguntzen diren proiektuak argitaratu beharko dira 2017ko urtarrilaren 2 eta azaroaren 25 bitartean, bi data horiek barne.
10.4. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.
10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinarazi beharko diote proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.
Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.
10.6. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: “Lan honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat izan du, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana. / Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura, Deporte y Juventud.”. Gainera, logotipo ofiziala jarri beharko da.
Logotipoa jartzeko jarraibideak kontsultatu daitezke Nafarroako Gobernuko web-orrian http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.
10.7. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.
10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.
Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.
10.10. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
10.11. Diru-laguntzaren entitate onuradunek argitaratutako obraren 3 ale aurkeztu beharko dituzte.
11. Ordaintzeko moduak.
Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:
11.1. Oro har:
Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.
Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, %50 egindakoan.
Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:
a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta, egindako gastuen fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagirien eta egindako ordainketen frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki emana, honako hauek adierazita: hornitzailea/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta osoa), ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagiriak eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua betetzen dela egiaztatzen dutenak.
c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. Zenbateko hori edo txikiagoa duten gastuen kasuan, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten gainerako dokumentuen bidez frogatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.
d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.
Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
11.2. Konturako ordainketa
Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.
Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazioetan:
a) Egindako gastuen fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki emana, honako hauek adierazita: hornitzailea/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta osoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagiriak, diru-laguntzaren helburua betetzen dela egiaztatzen dutenak.
c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, baliabide berekiekin, besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.
Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
12. Justifikatzeko epeak eta modua.
12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako onuradunek, 2017ko azaroaren 25a arte, hori barne, aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez ondoan adierazten diren egiaztagiriak:
a) Egindako argitalpenaren hiru ale.
b) 11.1. oinarrian adierazitako dokumentazioa.
Konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek abenduaren 29a arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.
Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egina badago, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.
12.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.
12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute.
13. Dirua itzultzea.
Entitate onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
14. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.
14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publikoenak izan eta beste entitate pribatu edo publiko batzuenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
Dena dela, bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.
14.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.
14.3. Nafarroako 2017ko aurrekontu orokorretan kontu-sail izenduna duten kultur entitateek ezin izanen dituzte laguntza hauek eskatu.
14.4. Lehiaketa bidezko diru-laguntza hauek bateragarriak dira merkatu bateratuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.f) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
15. Arau-hausteak eta zehapenak.
15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.
15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
16. Diru-laguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.
17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Obraren datuak eta kostua (Excela).
III. ERANSKINA
Gardentasunari buruzko betebeharraren gaineko aitorpena (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1703563
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
