67. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Aldaketa, Udalaren eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera, bai eta bakoitzari dagokion tasa ere, arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2016ko abenduaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Udalaren eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera, bai eta bakoitzari dagokion tasa ere, arautzen duen ordenantzan.

Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 10ean, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza horren aldaketa behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Vianan, 2017ko otsailaren 23an.–Alkatea, José Luis Murguiondo Pardo.

ORDENANTZA, UDALAREN ERAIKIN, LOKAL, INSTALAZIO EDO ALTZARIEN ERABILERA, BAI ETA BAKOITZARI DAGOKION TASA ERE, ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza honetako tasa.

2. artikulua. Ordenantza honek udal eraikin eta lokalen erabilera arautzea eta kontzeptu horri dagokion tasa ezartzea du xede.

3. artikulua. Ordenantza honen arauak Udalaren eraikin, lokal eta instalazio guztietan aplikatuko dira, partikularrek horiek erabiltzen ahal badituzte eta arautzeko ordenantza berariazkorik ez badute.

4. artikulua. Udal eraikinak eta lokalak erabiltzeko interesa dutenek, Udalaren baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik.

5. artikulua. Baimena lortzen duten eskatzaileek udal eraikin eta lokalak erabili beharko dituzte haien izaera eta xedea kontuan hartuz, haietan inolako kalte edo galerarik sortu gabe, nahiz eta higadura gerta daitekeen, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela eta.

6. artikulua. Udalaren eraikin eta lokalak ezin izanen dira inoiz erabili baimendutako helburuaz bestelakoetarako.

7. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek zainduko dute haien garbitasuna eta antolamendua. Egun bateko erabilaldiaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, beste hartzaile batzuek berehalakoan erabiltzeko moduan.

8. artikulua. Udal eraikin eta lokalak erabili nahi dituzten pertsonek edo entitateek idatziz eskatu beharko diote Udalari, beren identifikazio datuak, beharrak, erabilera-denbora, okupatzaileen nortasuna eta kopurua eta erabileraren helburua adieraziz. Eskatutakoaz ebazteko egoki irizten dion dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatzen ahalko du Udalak. Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilpenaren ondoriozko harremanak izaterakoan, horrexetarako izendatzen den lagunarekin edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetan lehenbizikoarekin arituko da Udala.

9. artikulua. Udalburuak kasu bakoitzean bidezko juzgatzen duena erabakiko du, kontuan izanik eskatutako ezaugarriak dituzten eraikin edo lokalen erabilgarritasuna, okupatzaile kopurua, helburua eta erabilera-denbora.

10. artikulua. Udalak eskatzen ahalko du fidantza jar dadin, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabili eta lagapenaren aitzin zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzuteko izanen da fidantza. Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da delako fidantza.

Fidantzaren zenbatekoa izanen da eraikinak edo lokalak erabili diren denbora guztiarengatik edo udal altzariak lagatzeagatik likidatutakoa.

11. artikulua. Udalaren eraikinaren edo lokalaren erabilpena bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari. Udalak nahi hainbat ikuskapen egin dezake, erabiltzaileek ordenantza honetan eta indarra duen gainerako legerian ezarritako beharkizunak bete ote dituzten frogatzeko. Erabiltzaileek ordenantza honetan ezarritako beharkizunak bete dituztela, kalte-galerarik ez dela eta zehapenik paratzea bidezko ez dela frogatuta, Udalak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu.

Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, ordenantza honetan ezarritako beharkizunak ez betetzetik eta eragindako kalte-galeretatik etor daitezkeen diru-erantzukizunak ordaintzeko izanen da fidantza.

II. KAPITULUA

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak

12. artikulua. Zerga-egitatea. Zerga-egitatea da pertsona fisiko nahiz juridikoek, baita, nortasun juridikoa izan ala ez, erakunde edo entitateek ere, Udalaren lizentzia eskuratu ondotik udal eraikin, lokal edo instalazioak edo hiri-altzariak erabiltzeagatik ordaindu behar den tasa.

Ez dira ordenantza honen mende egonen:

a) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskola-ordutegiaren barruan eta eskolak berak baimenduta bada, eta hezkuntza-programa ofizialak garatzeko edo horien osagarri diren jarduerak badira.

b) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskolaz kanpoko ordutegian bada eta gurasoen elkarteak antolatutako jarduera gisa egiten bada, eta eskola kontseiluak eta Udalak onetsia.

c) Irabazi-asmorik gabeko kultur, kirol edo ongintzako elkarteak, egoitza soziala Vianan badute, edo Vianan erroldatutako edozein pertsona fisiko, baldin eta arestian aipatu xedeetako bat badute.

13. artikulua. Subjektu pasiboak.

1) Pertsona naturalak edo juridikoak daude ordainarazpenok ordaintzera behartuta, baimena badute beren intereserako udal instalazio hauek erabiltzeko: Kultur Etxea, Navarro Villoslada Kultur Zentroa, Udalaren bilkura aretoa, Añoa etxea, Gaztegunea, San Pedro parkearen inguruko Aretoa (9:00etatik 12:00etara) eta udal altzariak.

2) Lokalak erreserbatzeko eskaeran adierazi beharko da zein den gauzatuko den jarduera, zein den parte-hartzaile kopuru estimatua, noiz hasi eta bukatuko den jarduera, bai eta beste edozein informazio garrantzitsu ere.

14. artikulua. Dekretu bidez erabiltzeko baimena ematen den unean sortuko da ordaintzeko betebeharra.

15. artikulua. Eskubideak ondoko tarifen arabera bilduko dira:

1) 39,00 euro egunean, areto guztietan, salbu eta San Pedro inguruko parkeko Aretoan.

2) San Pedro inguruko parkeko Aretoaren erabilera: 400 euroko kostua izanen du eguneko, eta 200 euroko fidantza utzi beharko da eskudirutan.

3) Udalaren mahaiak eta aulkiak erabiltzea:

–50 zentimo, aulki eta egun bakoitzeko.

–2 euro, mahai eta egun bakoitzeko.

Eskatzailearen betebeharra izanen da udal lokala eta/edo altzariak behar bezala uztea.

16. artikulua. Lokalen eta altzarien erabiltzaileek uneoro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa edo altzariak erabiltzeko jarritakoak.

17. artikulua. Iruzurtzat joko da Udalaren baimenik gabe lokalean sartzea edo altzariak erabiltzea.

18. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta sortuko ditu erabateko ondorio juridikoak.

Iragarkiaren kodea: L1702482