Iragarkia
67. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1E/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, “Artea eta Kultura” programako kultur jarduerak egiteko.
Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostenean proposatu du Nafarroako toki entitateei, “Artea eta kultura” programako kultur jarduerak egiteko diru-laguntzak emateko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 509.000,00 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, “Artea eta Kultura 2017” programako kultur jarduerak egiteko.
2. Diru-laguntza hauen zenbatekoa, gehienez ere 509.000,00 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko gastuen aurrekontuko “Udalen kultur ekintzetarako laguntzak” izeneko A-20002-A2530-4609-334100 partidaren kargura finantzatuko da.
3. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2017ko martxoaren 16an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
“ARTEA ETA KULTURA 2017” PROGRAMAREN BARNEKO ARTE ETA KULTUR JARDUERAK EGITEKO NAFARROAKO TOKI ENTITATEEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Diru-laguntzen xedea eta helburua.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateetan arte eta kultur jarduerak sustatzeko laguntzak arautzea. Jarduera horiek 1.2 puntuan deskribatutako arloetakoak izan beharko dira, eta 2016ko azaroaren 8tik 2017ko azaroaren 7a bitartean eginen dira, biak barne.
1.2. Deialdi honen ondorioetarako, arte eta kultur jarduerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuak egin ohi dituen jarduerekin lotutako ikuskizun eta erakusketak dira, sektore hauetan: musika, lirika, literatura, antzerkia, dantza, arte plastikoak, zinema eta ikus-entzunezkoak, eta jarduerak gauzatzeko eta hedatzeko gastuak.
2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2.2. 40.000 biztanle arteko populazioa duten toki entitateak izatea:
2.2.a. 1.000 eta 40.000 biztanle arteko populazioa duten toki entitateak.
2.2.b. 1.000 biztanletik behera dituzten toki entitateak, kultur jarduerak beste toki entitate batzuekin batean aurkezten dituztenak, denen artean 1.000 biztanletik gora izanik. Toki entitate batek antolatzaile gisa agertu beharko du, eta gainerakoek parte-hartzaile gisa. Laguntzaren eskabidean, toki entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak adierazi beharko ditu, baita haietako bakoitzagatik aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere.
2.3. Toki entitateek zein erakunde edo entitaterekin kudeatzen dituzten zuzenean beren kultur jarduerak, haiexek ere onuradunak izaten ahalko dira, bai eta entitateek osatutako fundazioak ere.
3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
3.1. Laguntza hauek, gehienez ere 509.000 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.
3.2. IV. eranskinarekin bat, diru-laguntzaren gutxieneko zenbateko bat ezartzen da, entitateko biztanle kopuruaren araberakoa (2016ko urtarrilaren 1ean Nafarroako udalerriek zuten populazioaren datu ofizialak, Nafarroako Estatistika Institutuak emandakoak). Deialdian baimendutako zenbatekoa populazioaren arabera herriei dagozkien zenbatekoen batura baino txikiagoa izanez gero, zenbatekoa proportzioan gutxituko da.
3.3. Behin eskaerak azterturik eta aurreko atalaren arabera laguntzak kalkulaturik, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortu ez bada, 7 puntu edo gehiago dituzten entitateen artean banatuko da (deialdi honen oinarri arautzaileetako 7. atalean ezarritako irizpideen arabera). Irizpide hau aplikatuz eginen da banaketa: 7 puntu edo gehiago lortu dituzten toki entitateen puntuazio guztiak batuko dira eta gerakina zati puntuazio hori eginen da, puntu bakoitzaren balioa kalkulatzeko. Puntua bider lortutako puntuazioa eginen da, eta horrela lortuko da toki entitate bakoitzari dagokion kantitatea.
3.4. Laguntzak, gehienez, onartutako aurrekontuaren %40koak izanen dira.
3.5. Gastu proiektua biztanle kopuruaren arabera justifikatu beharreko gutxieneko zenbatekoa adinakoa ez den kasuan, entitateari aurkeztutako aurrekontuaren %20 emanen zaio.
4. Eskabideen aurkezpena eta eskatzen den dokumentazioa.
4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat, eta bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan aurkezten ahalko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 30/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan, eta Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, sinadura elektronikoa beharko da.
Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
4.2. Eskabide eredua eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.
4.3. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.4. Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1. artikuluan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
5.1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueren ezaugarriak biltzen dituztenak dira, eta, ondorio horietarako, hauek jaso dezakete laguntza:
a) Talde profesionalen nahiz amateurren ikuskizunak kontratatzearen ondoriozko gastuak.
b) Erakusketak programatu eta kontratatzeak eragindako gastuak.
c) Egile eskubideen kudeaketarako entitateek sortutako gastuak.
d) Programatutako jarduerak gauzatzeak eragindako gastuak.
e) Programatutako jardueren zabalkunde gastuak.
5.2. Diru-laguntza hauen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:
a) Garraio, otordu, dieta eta ostatu gastuak.
b) Ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, sariak eta lehiaketetako epaimahaiei egindako ordainketak.
c) Toki entitateek herriko festak edo herriko zaindariaren festak direla-eta antolatu edo babesten dituzten kultur jarduerak.
d) Eguberrietako festen inguruan antolatzen diren jarduerak.
e) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.
f) Kultur jarduerak egiteko antzezte-guneak edo lokalak alokatzea.
g) Beste entitate batzuen jarduerek sortutako gastuak, udalak diruz laguntzen dituenean.
h) Nafarroako Gobernuak antolatutako arte programek sortutako gastuak.
6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
6.1. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.
6.2. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.
6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:
a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria.
b) Batzordeko kideak: Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako teknikari bat eta Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, eta, bera izan ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua.
c) Idazkaria: Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako teknikari bat, hizpidea duena baina botorik ez.
Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.
7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak (10 puntu).
7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:
a) Jardueren programazioa (6 puntu gehienez).
a.1) Jarduera kopurua, arloz arlo (musika, lirika, antzerkia, dantza, zinema, ikus-entzunezkoak eta erakusketak) (gehienez ere 2 puntu).
Arlo 1 eta 3 arlo bitarte hartzen dituzten jarduerak: puntu bat.
4 arlo eta 7 arlo bitarte hartzen dituzten jarduerak: 2 puntu.
a.2) Jardueren kopurua: (2,75 puntu gehienez).
4 jardueratik 9 jarduerara bitarte: 0.5 puntu
10 jardueratik 16 jarduerara bitarte: puntu bat.
17 jardueratik 24 jarduerara bitarte: 2 puntu.
24 jarduera baino gehiago: 3 puntu.
a.3) Beste udal batzuekin batera egindako programetan parte hartzea: 0,25 puntu.
a.4) Euskaraz programatutako jarduerak (puntu bat gehienez).
4 jardueratik 9 jarduerara bitarte: 0.25 puntu.
10 jardueratik 16 jarduerara bitarte: 0.50 puntu.
17 jardueratik 24 jarduerara bitarte: 0.75 puntu.
24 jarduera baino gehiago: puntu bat.
b) Aurrekontu-eginahala, populazioarekin alderatuta (2 puntu gehienez). Hau ulertzen da aurrekontu-eginahaltzat: Artea eta Kultura 2017ko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati herriko biztanle kopurua.
0 eurotik 2,00 euro bitarte: 0,25 puntu.
2,01 eurotik 4 euro bitarte: 0,50 puntu.
4,01 eurotik 6 euro bitarte: 0,75 puntu.
6,01 eurotik 8 euro bitarte: 1,00 puntu.
8,01 eurotik 10 euro bitarte: 1,25 puntu.
10,01 eurotik 12.00 euro bitarte: 1,50 puntu.
12,01 eurotik 14,00 euro bitarte: 1,75 puntu.
14 eurotik gora: 2,00 puntu.
c) Udal edo kontzejuan kultur kudeaketako teknikari bat egotea, funtzionarioa nahiz kontratuduna, edo kulturako zerbitzuak kontratatzea enpresa baten bidez. Orobat, 1.000 biztanletik beherako toki entitateetan, baldin elkarturik biztanle kopuru horretara iristen badira eta kultur jarduerak elkarrekin aurkezten badituzte. (2 puntu gehienez).
–1 puntu, A edo B mailara parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna, edo enpresa pribatu baten zerbitzuak kontratatzea.
–0,5 puntu, C mailara parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna.
–Puntu 1, lanaldi osokoa.
–0,5 puntu, lanaldi partzialekoa.
8. Diru-laguntza emateko ebazpena.
8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean.
Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.
8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpenak jakinarazteko, beti baliatuko da Nafarroako Gobernuaren web-orria: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.
Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).
8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, epea sei hilabetekoa izanen da laguntza eskaera ezetsitzat jo eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
8.4. Deialdi honi buruzko komunikazio oro Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratu beharko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan aurkeztu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere.
9. Diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek interes soziala izatea Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.
9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek (merkataritza-sozietateen eta fundazio pribatuen bidez zuzenean kudeatutakoak izan ezik) interes soziala dute foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.
9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.
10. Onuradunen betebeharrak.
10.1. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.
10.2. Diruz lagundutako jarduerak eta egindako gastuak Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean frogatu beharko dira.
10.3. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.
10.4. Programan, kartelean, iragarkietan nahiz edozein motatako publizitatean agerrarazi behar da jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da publicaciones@navarra.es posta elektronikoaren bidez, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.
10.5. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.
10.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.
11.1. Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin ondoren ordainduko dira emandako laguntzak, ordainaldi bakar batean, baldin eta hurrengo dokumentazioa aurkezten bada 2017ko azaroaren 16a bitarte:
a) Laguntza jaso duen programaren datu orri bat, V. eranskin gisa atxikirik dagoen ereduaren araberakoa (datuak SICNAn sartu behar dituzten udalek ez dute aurkeztu beharko).
b) Gastuak justifikatzeko taula (VI. eranskina), eremu guztiak beteta.
–Jarduera.
–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.
–Lana.
–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.
–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.
–Ordainketaren kontabilitate agiriaren data.
–Faktura zenbakia (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).
–Fakturaren data.
–Zenbatekoa (BEZa barne).
c) Idazkariaren ziurtagiria, alkateak ontzat emana (III. eranskinaren arabera) edo, horri ez badagokio, entitateko idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du entitateak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.
d) Mezenasgoaren eta babesletzaren modalitate ezberdinen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da. Orobat, babesletza-kontratuen kopia igorri beharko da, 9.2 oinarrian ezarritakoarekin bat.
11.2. Diru-laguntza jaso duen aurrekontuko guztirako gastua justifikatu beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Diru-laguntzaren esleipena jaso duen aurrekontu guztiaren gastua justifikatzen ez bada, horren arabera murriztuko da laguntza.
12. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.
Toki entitateek Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren edozein deialditara aurkezten ahalko dira. Dena dela, bateraezina izanen da proiektu/programa bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluarekin bat, onuradunak jarduera bera egiteko bateragarriak diren diru-laguntza batzuk hartzen dituenean, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
13. Dirua itzultzea.
Onuradunak behar bezala justifikatu ezean diruz lagundutako programa gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
14. Arau-hausteak eta zehapenak.
14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
15. Diru-laguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.
16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Oinarri hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Programatu beharreko jardueren taula (PDFa).
III. ERANSKINA
Ziurtagiriaren eredua (PDFa).
IV. ERANSKINA
a) Toki entitate bakunak, 1.000-1.999 biztanlekoak: 2.300 euro (kultur jardueretarako gastua 5.750 eurokoa bada).
b) Toki entitate bakunak, 2.000-2.999 biztanlekoak: 2.500 euro (kultur jardueretarako gastua 6.250 eurokoa bada).
c) Toki entitate bakunak, 3.000-3.999 biztanlekoak: 2.900 euro (kultur jardueretarako gastua 7.250 eurokoa bada).
d) Toki entitate bakunak, 4.000-4.999 biztanlekoak: 3.500 euro (kultur jardueretarako gastua 8.750 eurokoa bada).
e) Toki entitate bakunak, 5.000-7.999 biztanlekoak: 4.300 euro (kultur jardueretarako gastua 10.750 eurokoa bada).
f) Toki entitate bakunak, 8.000-9.999 biztanlekoak: 5.100 euro (kultur jardueretarako gastua 12.750 eurokoa bada).
g) Toki entitate bakunak, 10.000-14.999 biztanlekoak: 6.000 euro (kultur jardueretarako gastua 15.000 eurokoa bada).
h) Toki entitate bakunak, 15.000-24.999 biztanlekoak: 6.800 euro (kultur jardueretarako gastua 17.000 eurokoa bada).
i) Toki entitate bakunak, 25.000-40.000 biztanlekoak: 11.700 euro (kultur jardueretarako gastua 29.250 eurokoa bada).
1.000 biztanletik beherako populazioa duten toki entitateak dagokien tartean sartuko dira, behin proiektu bateratuan parte hartzen duten entitateetako populazioak baturik.
V. ERANSKINA
Artea eta Kultura 2017 Programan sartutako jarduerei buruzko datuak (PDFa).
VI. ERANSKINA
Gastuak justifikatzeko taula (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1703413
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
