67. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

101/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, bi prestakuntza bekatarako deialdia onesten duena unibertsitateko tituludunentzat Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia).

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza beka sortu eta haien deialdia egitea proposatzen du Eskubide Sozialetako Departamentuan, gazte tituludunen prestakuntzan modu eraginkorrean laguntzeko.

Horrenbestez, Departamentuaren egitura organikoa onesten duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Bi prestakuntza beka emateko deialdia onestea: bat Soziologian lizentziatutako edo graduatutako pertsonentzat eta bestea Matematikan, Estatistika, Informatikan edo horien baliokideetan lizentziatutako edo graduatutako pertsonentzat, 12 hilabeterako eta Plangintza eta Ebaluazio Atalean aritzeko, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusian, foru agindu honi gehitutako eranskinetan jasotzen diren oinarriei jarraituz.

2. Gehienez 26.880,00 euroko gastua baimentzea 2017. eta 2018. urteetarako, 2017. urteko Gastuen Aurrekontuko “Ikerketetarako bekak eta proiektuak” izeneko 900008 92100 4809 231002 partidarako, eta 2018. urteko Gastuen Aurrekontuko partida baliokidean. Betiere, egokia den kreditua baldin badago, eta xehetasun honekin:

–17.920,00 euro 2017. urterako.

–8.960,00 euro 2018. urterako.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusira, Plangintza eta Ebaluazio Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, bai eta Diru-Laguntzen Datu Base Nazionalera ere.

Iruñean, 2017ko martxoaren 14an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Bi prestakuntza beketarako deialdiaren oinarriak, Soziologiarako eta Informazio Sistemetarako, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko

1. oinarria. Xedea.

Deialdi honen xedea da bi prestakuntza beka ematea norgehiagokako araubideari jarraikiz, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko: bat Soziologian graduatutako edo lizentziatutako pertsonentzat eta bestea Informazio Sistemetan graduatutako edo lizentziatutako pertsonentzat (Matematika, Estatistika, Informatika edo horien baliokide diren prestakuntzak, non analisi estatistikoko tresnak erabiltzen diren berariaz).

Deialdiaren xedea unibertsitateko tituludunen prestakuntza bultzatzea da, departamentuan gauzatzen diren gizarte politikak zuzenean ezagut ditzaten.

2. oinarria. Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetarako zenbatekoa 26.880,00 eurokoa da; 24.560,00 euro egotziko dira 2017ko gastuen aurrekontuko “Ikerketa proiektuak eta bekak” izeneko 900008 92100 4809 231002 kontu-sailaren kargura, eta 2.240,00 euro, 2018ko aurrekontuetan prestatuko den kontu-sailaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada bi aurrekontuetarako.

3. oinarria. Iraupena.

Bekak hamabi hilabete iraunen du, 2017ko otsailaren 1etik hasita, edo, geroago egiten bada haiek ematen dituen ebazpena, ebazpen horretan adierazten den egunetik hasita.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak bekaren iraupena luzatzen ahalko du, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak barne.

4. oinarria. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekaren zuzkidura 13.440,00 eurokoa izanen da. Zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sarturik daude. Beka ordaintzeko, 1.080 euro gordin emanen dira hilabetero, edo horren zati proportzionala, hala badagokio, eta hilabetea bukaturik ordainduko da. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Orobat, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak, hilero, bekari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.

5. oinarria. Tutoretzak.

5.1. Kasuan kasuko administrazio unitateak tutore bat izendatuko du, eskatutako titulazioaren antzekoa duena, bekadunaren jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.

5.2. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunak bere eginbeharrak bete ditzan begiratuko du.

6. oinarria. Bateraezintasunak.

Prestakuntza bekak bateraezinak izanen dira Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

7. oinarria. Eskatzaileen betebeharrak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenbiziko oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortua.

f) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

8. oinarria. Baloratzeko baremoa.

Ebaluazio Batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, eta bekak puntuazioaren araberako hurrenkeran emateko proposatuko du, izangaiak gutxienez 10 puntu lortzen baditu betiere.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak:

a) Espediente akademikoa (gehienez ere 6 puntu).

Espedientearen batez besteko nota baloratuko da. Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituak, haien kalifikazioa zehazten ez denean, “nahikoa” gisa baloratuko dira.

Era berean, ikasketa planen arabera bakarrik “gai” kalifikazioa izan dezaketen kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

Ez dira baloratuko 6,0 puntutik beherako batez bestekoa duten espedienteak (10 puntuko eskalan).

Aurkeztu diren espedienteen artean batezbesteko handiena duen espedienteari emanen zaio puntuazio handiena; gero, gainerako espedienteak arabera baloratuko dira.

b) Analisi estatistikoko programa informatikoak ezagutzea (5 puntu gehienez).

–0,50 puntu emanen dira antzeko edo era honetako ikastaroetako 10 irakastorduko (exijitutako prestakuntza akademikotik kanpo).

–Ikerketa proiektuetan parte-hartzea, non eskatzaileak erabili dituen analisi estatistikoko programa informatikoak, datu baseak edo bestelako informazio-iturriak tratatzeko eta analizatzeko: 2 puntu, urtebeteko iraupena duen ikerketa proiektuko (proiektu bakoitzeko aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio).

c) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta euskara (gehienez ere 3 puntu).

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen da titulazioa izatea, puntu batekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko. Maila txikiagoko ziurtagiriak edo titulazioak proportzioan baloratuko dira.

d) Prestakuntza ikastaroak –8b epigrafean jaso gabeak–, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eskumenekin lotuak (gehienez 3 puntu):

–300 ordutik gorako ikastaroak: 2 puntu.

–150etik 300 ordu bitarteko ikastaroak: 1,5 puntu.

–50etik 150 ordu bitarteko ikastaroak: 0,9 puntu.

–15etik 50 ordu bitarteko ikastaroak: 0,3 puntu.

Kontuan hartuko da nola egin diren ikastaroak, bertaratuz edo online, puntuazio handiagoa emanen baitzaie ikastaroan agertuz egiten direnei. Orobat, puntuazio handiagoa emanen zaie erakunde ofizialek emandako ikastaroei.

15 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

e) Beste titulu akademiko batzuk (pilagarriak, gehienez ere 3 puntu arte).

–Gradu, diploma edo lizentzia bakoitzeko 1,5 puntu; betiere, ez da izanen prestakuntza bekarako eskatutako eta norberak aurkeztutakoa.

–Puntu bat, bukatutako master bakoitzeko.

–Nafarroako doktorego programa bat egiten ari bada, 0,5 puntu.

f) Lan profesionala, bekak eta ikerketako beste proiektu batzuk (pilagarriak, 5 puntu gehienez).

–Errealitate Sozialaren Behatokiaren eskumenekin lotutako lan profesionala: 2 puntu, urte bakoitzeko.

–Ikerketa bekak garatzea (eskatutako titulazioa egin bitartean edo gero): 0,50 puntu, urte bakoitzeko.

–Ikerketa azterlan edo ikerketetan parte hartze –8b epigrafean jaso gabeak–, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eskumenekin loturik: 2 puntu, urtebeteko iraupena duen ikerketa azterlan edo proiektu bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.

g) Buruz buruko elkarrizketa. gehienez ere 6 puntu.

Bost kalifikazio onenak dituztenei buruz buruko elkarrizketa eginen zaie. Baloratzeko, motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun batzuk hartuko dira kontuan.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.

9. oinarria. Eskaerak.

9.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskaera aurkeztu beharko dute Eskubide Sozialetako Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, Iruñea) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 15 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honetako eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko da beka eskaera (II.1 eranskina Soziologiarako eta II.2 eranskina Informazio Sistemetarako), honako agiri hauekin batera:

a) Deialdiaren xedeko tituluaren fotokopia.

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta alegatutako merezimendu bakoitzaren ziurtagiriak.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne.

d) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriaren edo fotokopia soilaren bidez frogatuta.

e) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

f) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

9.2. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

Era berean, eskabidea ez bada aurkezten II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, eskatzaileak uko egin duela ulertuko da, zuzentzeko aukerarik eman gabe.

9.3. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

10. oinarria. Ebaluazio batzordeak: osaera eta bekak emateko prozedura.

10.1. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, beka bakoitza eskatzen dutenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion guztira izangai onartuari. Hau izanen da osaera:

Epaimahaiburua: Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Plangintza eta Ebaluazio Ataleko burua.

Mahaikidea: Plangintza eta Ebaluazio Ataleko Planak Koordinatzeko Bulegoko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Plangintza eta Ebaluazio Ataleko teknikari bat.

Idazkaria: Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Publikoko teknikari bat (Arlo Juridikoa), Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak berak izendatua.

Ordezko idazkaria: Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Publikoko teknikari bat (Arlo Juridikoa), Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak berak izendatua.

10.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaera jasotakoan. 7. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

10.3. Lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera proposatuko du Ebaluazio Batzordeak zein izangairi eman beka.

10.4. Beka bakoitza Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez banatuko da, instrukzio organoak proposamena egin ondotik. Ebazpena Departamentuko iragarki oholean jarriko da (Gónzalez Tablas kalea, 7), instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.

Ebazpenak adieraziko du nori eman zaion beka, eta, halakorik bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.

Ebazpena puntuaziorik altuena lortzeagatik onuradun ateratzen den interesdunari jakinaraziko zaio, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko iragarki oholean (González Tablas, 7; Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

11. oinarria. Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta, horretarako, beka emateko baldintzak eta aurreikusitako helburuak noraino bete diren baloratu eta azaltzeko atal bat jaso beharko du.

12. oinarria. Onuradunen eginbeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

f) Organo eskudunari komunikatzea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

h) Prestakuntza jarduera bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

13. oinarria. Prestakuntza jardueraren hasiera eta bekari uko egitea.

Bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badute, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez dituen ikusten ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Bekari uko eginez gero, Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

14. oinarria. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaduna Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuaren egoitzan ariko da, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio onuradunari.

15. oinarria. Jabetze intelektuala eta datuen babesa.

Jabetza intelektualaren gaineko eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Halaber, bekaren onuradunak bete beharko ditu Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko betebeharrak, baita hura garatzeko arauek ekarritakoak ere. Hala, indarreko xedapenak bete beharko ditu, beka gauzatzearen ondorioz eskuratutako datu pertsonalak tratatzeari dagokionez.

16. oinarria. Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak, kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Beken onuradunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo beraientzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. oinarria. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko administrazio publikoarekin duen harreman juridikoa deusetan galarazi gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria. Ez-betetzeak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz itzuliko dira jasotako zenbatekoak. Zehazki, dirua itzultzeko arrazoi hauek daude:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Bukaerako memoria ez aurkeztea eta/edo tutorearen adostasuna ez jasotzea.

c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntza bat.

19. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendu beharko zaio.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

II.1. ERANSKINA.

Soziologiako prestakuntza beka baterako deialdia, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko.

II.2. ERANSKINA

Informazio Sistemetako prestakuntza beka baterako deialdia, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1703562