Iragarkia
67. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BAKEDAO
Erabilera publikoko bideen aprobetxamendua eta erabilera arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Bakedaoko Kontzejuak, 2017ko urtarrilaren 31n egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bakedaoko Kontzejuko erabilera publikoko bideen aprobetxamendua eta erabilera arautzen dituen ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Bakedaon, 2017ko martxoaren 22an.–Kontzejuko burua, Pedro María Lacosta Zozaya.
BAKEDAOKO KONTZEJUAKO ERABILERA PUBLIKOKO
BIDEEN APROBETXAMENDUA ETA ERABILERA
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Urederrako iturburura bisitari etorrerak gero eta jendetsuagoak izan dira eta horrek bertara sartzeko arauak ezartzeko beharra ekarri zuen, naturagunea babeste aldera. Besteak beste, ibilgailuak Bakedaoko harreragunean aparkatzeko betebeharra baita autobusek horretarako prestatutako aparkalekuan aparkatzea ere.
Betebehar honek, ordea, jendea Kontzejura landabideetatik sartzea eta horietan aparkatzea eragin du, ordaindu beharreko tasa ez ordaintzeko.
Hori dela eta, ordenantza honen onespenarekin, erabilera publikoko bideak egoki baliatzea eta bisitarien etorrerak bizilagunen egunerokoa ahalik eta gutxien aztoratzea lortu nahi da. Horretarako honakoak antolatu behar dira: Bakedaoko Kontzejurako sarrera, bertan aparkatzeko prestatutako eremuak eta herriko turismoari zuzenean lotutako salmenta ibiltaria, publizitatea eta txakurrak edukitzea.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Ordenantza honek Bakedaoko mugapean erabilera publikoko bideen aprobetxamendua eta erabilera arautzea du helburu, baita Urederrako natur-erreserbako harreragunea arautzea ere.
2. artikulua. Kontzejuaren eskumena.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatuarekin bat, kontzejuen kudeaketa eta administrazio organoei dagozkie, besteak beste, eskumen hauek:
–Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haien aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.
–Mugapeko landabideak zaindu, artatu eta begiratzea, baita kontzejuetako interesekoak baino ez diren gainerako erabilera-ondasunak eta zerbitzu publikoak ere.
–Bideen garbiketa.
II. TITULUA
Bakedaoko sarbidea, bertan gelditzea eta aparkatzea
I. KAPITULUA
Bakedaoko sarbidea
3. artikulua. Sarbidea.
Bakedaoko mugapera errepide nagusitik soilik sartzen ahalko da (NA 7187). Debeku da bertara landa bideetatik sartzea asteburuetan eta jai egunetan martxotik abendura bitartean, biak barne, eta ekainaren 15etik irailaren 15era egunero. Salbu, Bakedaoko, Gollaoko eta Artatzako kontzejuen mugapeko biztanleak eta egunerokoan zerbitzua ematen dutenak.
Hala ere, aurrean aipatu debekutik salbuetsiko dira Ameskoa ibarreko bizilagunak, hauek Zudairitik datorren bidetik sartzen ahalko baitira, soilik erreka ertzera joateko bada.
4. artikulua. Landabideak ixtea.
Aurreko artikuluan ezarri debekua betetzea bermatzeko, Bakedaora sartzeko landabideak aipatu garaietan itxiak egonen dira, horretarako oztopo-zutoin automatikoak, hesiak edo kasuan kasuko seinalizazioa paratuz.
Gollao, Artatza eta Bakedaoko bizilagunek aipatu oztopo-zutoin automatikoak ireki eta ixteko mekanismoak ematea eskatzen ahalko dute, Gollaotik Bakedaora sartzeko landabideetan.
Gehienez etxebizitza bakoitzeko mekanismo bat emanen da.
Aipatu mekanismoak emango dira betebehar hauek betetzen badira:
–Bakedaon, Gollaon edo Artatzan erroldatuta egotea.
–Gidabaimenaren jabe izatea.
–Ibilgailu baten jabe izatea, indarra duen zirkulazio baimena duena.
–Horren erabilera eta mantentze egokia bermatzeko eskatzen den fidantza ordaintzea. Fidantza bueltan emango da eskatzaileak kontzejuari mekanismoa itzultzean.
Aipatu oztopo-zutoinen irekiera eta itxiera mekanismoak jaso dituzten pertsonak, horien galeraren erantzule izanen dira eta Bakedaoko Kontzejuari galeraren berri ahal bezain laster eman beharko diote. Kasu honetan, kontzejuaren esku geratuko da emandako fidantza.
Mekanismo hauen gehiegizko edo iruzurrezko erabilera ordenantza honetako 12. artikuluaren arabera zehatua izanen da.
II. KAPITULUA
Gelditzea eta aparkatzea
5. artikulua. Arau orokorrak.
1. Kontzejuari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.
2. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere bidearen gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.
Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.
Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.
3. Jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.
4. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.
5. Autobusak, berriz, espresuki baimentzen dituen geralekuetan baizik ez dira geldituko bidaiariak hartu edo utzi ahal izateko.
6. Eskola garraioaren eta haren geralekuen araua 443/2011 Errege Dekretuan xedatutakoa izanen da.
7. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, betiere zirkulazioak eraginez ez bada.
8. Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik eta motorra pizturik dagoela uztea, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.
6. artikulua. Autobusak, kamioiak, autokarabanak, atoiak, edukiontziak eta karabanak.
1. Debeku da gehieneko pisu baimendua 5.000 kg baino gehiagokoa duten ibilgailuak aparkatzea Bakedaoko mugapeko bide guztietan, zamalanak egiteko ez bada eta herri sarreran kokatutako aparkalekuan salbu.
2. Debeku da autobusak Bakedaoko mugapeko bide orotan aparkatzea, salbu herri sarreran horretarako berariaz prestatua dagoen aparkalekuan.
3. Debeku da autokarabanak, atoiak, edukiontziak eta erdi-atoiak aparkatzea, salbu herri sarreran horretarako berariaz prestatua dagoen aparkalekuan, eta ez autobusentzat prestatutakoan.
7. artikulua. Aparkatzea.
Ameskoa ibarrean bizi ez direnen ibilgailuak herri sarreran dagoen aparkalekuan aparkatzea nahitaezko izanen da, salbu baimendutako salmenta ibiltarira bideratutako ibilgailuak. Aparkatzeagatik dagokion tasa ordaindu beharko da, ordenantza honetako I. eranskinean jasotakoaren arabera, espresuki debekatuz horretarako egokitutako eremuetatik kanpo aparkatzea.
III. KAPITULUA
Seinaleak
8. artikulua. Ezartzea.
Bakedaoko Kontzejuko batzarrak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea.
Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.
9. artikulua. Aplikazioa.
Bakedaoko sarbideetan paratzen diren seinaleek udal mugape osoan izanen dute indarra, halako karrika tarteren baterako seinale berariazkoak izan ezik.
IV. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
1. ATALA
Arau-hausteak
10. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuak izanen dira.
2. Kontzejuaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunaren esku jarriko dira.
11. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den bertze araudi batean arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badu.
Zehatz-mehatz, arintzat jotzen da horretarako prestatutako aparkalekuetatik kanpo aparkatzea ordenantza honen arabera eta Bakedaora sarbidea duten landabideetako oztopo-zutoinen irekiera eta itxiera mekanismoen gehiegizko edo iruzurrezko erabilera.
Hala, gehiegizko edo iruzurrezko erabileratzat jotzen da, besteak beste, aipatu mekanismoen kopia egitea eta hirugarren bati hori ematea kontzejuaren baimenik gabe.
Edozein kasutan, arau-hauste larritzat jotzen da Bakedaorako sarbideaz ordenantza honetan jasotako xedapenak ez betetzea (3. artikulua), 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 76c) artikuluarekin bat (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko urriaren 30ekoa, urriaren 31ko 261. zenbakidun Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua).
2. ATALA
Zehapenak
12. artikulua. Motak.
1. Arau-hauste arinek 100 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek, 200 eurora bitartekoa.
2. Bakedaora sarbidea duten landabideetako oztopo-zutoinen irekiera eta itxiera mekanismoen gehiegizko edo iruzurrezko erabilerak, arau-hauste arin gisa dagokion zehapenaz gainera, mekanismoa eskuratzeko emandako fidantza galtzea eta arau-hausleak berriz ere hori eskuratzeko eskaera ezin egitea dakar.
III. TITULUA
Merkataritza ez egonkorra
I. KAPITULUA
Definizioak
13. artikulua. Merkataritza ez egonkorra:
Ordenantza honi dagokionez, merkataritza ez egonkorra da merkatariek ohiko saltoki egonkorretatik kanpo, instalazio desmuntagarrietan, aire zabalean edo denda-ibilgailuetan egiten dutena.
14. artikulua. Motak.
Merkataritza ez egonkorraren esparruko merkataritza jardueratzat hauek har daitezke:
1. Noizbehinkako merkataritza, salmenta kalez kale egiten denean.
2. Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan
15. artikulua. Debekatutako merkataritza.
Halako produktu baten araudiak haren salmenta debekatzen badu, ez da inolaz ere hura saltzeko baimenik emanen.
Elikagaien salmenta baimentzen ahalko da, sektoreko legediak produktu mota bakoitzerako ezartzen dituen osasun eta higiene baldintzak betetzen direnean soilik. Elikagaien salmenta ibiltarirako instalazioek produktua arautzen duen araudian eta elikagaien higiene baldintzak arautzen dituen araudian ezartzen diren osasun baldintza teknikoak bete beharko dituzte.
Baimenduriko produktua janari prestatutzat jotzen bada, jarduera gauzatu baino lehen, lizentziaren titularrak ezarpenaren berri eman beharko die osasun publikoko zerbitzu ofizialei, establezimendua ikuska dezaten.
16. artikulua. Merkatarien betebeharrak.
1. Merkatari ez egonkorrek baldintza hauek bete beharko dituzte beti:
a) Alta emana izatea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan edo Lizentzia Fiskalean, dagozkien epigrafeetan.
b) Kasuan kasuko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak beteak izatea.
c) Alta emana izatea Gizarte Segurantzan dagokion araubidean eta ordaindu beharreko kuotak ordainduak dituela frogatzea.
d) Bakedaoko Kontzejuaren baimena izatea, saltokian ikusteko moduan agerian egonen dena.
e) Erregelamendu tekniko-sanitarioek eta gainerako xedapen aplikagarriek merkaturatzen diren produktuen gainean eskatzen dituzten baldintzak betetzea.
f) Atzerritarren kasuan, bizileku-baimena eta lanean beren kontura aritzeko baimena izatea, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.
g) Argi ikusteko moduko kartelen bidez kontsumitzaileari adieraztea zein diren salgaien fabrikazio edo produkzioko ezkutuko akatsak.
h) Behar adinako dokumentazioa izatea, salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria egiaztatzen dituena.
e) Salgaiak gizakiaren kontsumorako elikagaiak baldin badira, elikagaiak manipulatuko dituzten pertsonek dagokien ziurtagiria eduki beharko dute.
j) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, baimendutako instalazioetan gerta daitezkeen ustekabeko arrazoi edo ezbeharrak direla eta, hirugarrenek izan dezaketen kaltea estaliko duena.
2. Interesa duten merkatariei baimena emango zaie dagokion tasa behin diruzaintzan ordainduta.
Baimenean alta zein baja gertatzen bada, hiruhilekoaren zati proportzionala kitatuko da, asteka zatituz.
Pertsona bakoitzak salmenta baimen bakarra eskuratzen ahalko du, eta aipatu baimenak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira. Gehienez ere urte beteko indarra izanen dute.
Aipatu baimenen jabeek esleitutako postua garbi izatera behartuta daude eta egunero salmenta lanaldia bukatutakoan garbitzera.
II. KAPITULUA
Noizbehinkako merkataritza feria eta jaietan
17. artikulua. Baimena.
Feria eta jaietan Bakedaoko Kontzejuan noizbehinkako merkataritzan aritzeko, baimena eskuratu beharko da aldez aurretik.
18. artikulua. Eskumena.
Kontzejuko buruaren eskumena da salmentarako baimena ematea herriko feria eta festetan. Organo honek garaiz onetsiko ditu salmentarako baldintzak. Zehatz-mehatz, honako hauek ezarriko ditu: merkatarien kokalekua, salmentarako orduak, saltokien gehieneko kopurua eta horiek zer baldintza bete behar duten.
19. artikulua. Beharkizunak.
Herriko jai eta ferietan salmentan aritzen diren merkatariek ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
Halaber, debekaturik dago 15. artikuluan aipatutako produktuak saltzea, baina saltzaileak haietarako baimena eska dezake berariaz.
20. artikulua. Baimena eskatzea.
Baimen eskabideak kontzejuan aurkeztuko dira, kontzejuak berak ezarritako epearen barrenean. Bestela, feria edo jaia hasi baino hamabost egun lehenago.
Eskatzaileek 16. artikuluan adierazitako dokumentazioa beharko dute aurkeztu eskaerarekin batean.
Feriak edo festak irauten duen bitartean baizik ez dute balioko baimenek.
Kontzeju buruak lizentzien kopurua mugatzen badu, zozketaz emanen dira eskaeren kopurua baimenena baino handiagoa denean; betiere, Bakedaoko eta Ameskoabarrengo herritarrek lehentasuna dutela.
III. KAPITULUA
Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan
21. artikulua. Eskumena.
Kontzejuko buruak emanen du baimena denda-ibilgailuan merkataritzan aritzeko, merkatariak eskaera egin ondoren, 16. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztuz.
Saltzen diren produktuak 15. artikuluan aipatu direnetakoak badira, baimena izan dezaketenak alegia, baimen hori eman baino lehen merkatariak osasun agintari eskudunei frogatu beharko die produktuak garraiatu eta hotzean edukitzeko instalazio egokiak dituela.
Salmenta ordutegia eta ibilgailua non kokatuko den zehaztuko ditu baimenak.
22. artikulua. Beharkizunak.
Denda-ibilgailuko merkatariek uneoro bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak.
IV. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
23. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Baimeneko baldintzetakoren bat ez betetzea.
b) 13/1989 Foru Legearen aginduak edo ordenantza honetakoak ez betetzea, arau-hausteen beste bi kategorietakoak izan ezik.
24. artikulua. Arau-hauste larriak.
Honako hauek dira arau-hauste larriak:
a) Arau-hauste arina berriro egitea. Hiru arau-hauste arinek arau-hauste larri bat egiten dute.
b) Merkataritzako gaiak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.
c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibideak ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.
25. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Arau-hauste larriak berriro egitea.
b) Toki entitatearen baimenik gabe aritzea.
c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, hertsatzea edo mehatxatzea.
26. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 90,15 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
Arau-hauste larriak 90,16 eurotik 150,25 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
Arau-hauste oso larriak 150,26 eurotik 300,51 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, zein den kasua, saltzeko baimena aldi baterako kenduko da, edo baliorik gabe utziko.
V. KAPITULUA
Alderdi fiskalak
27. artikulua. Tasa.
Ordenantza honetan aipatu udal lizentzietatik edozein eskuratzea zergapeko egintza da, eta tasa ordaindu beharko da.
Edozein lizentzia eskatu eta eskuratzen duen merkataria da tasaren subjektu pasiboa.
Tasaren zenbatekoa ordenantza honen eranskinean zehaztuko da.
IV. TITULUA
Kartelak, pankartak eta gisakoak
I. KAPITULUA
Kokalekua eta baldintzak
28. artikulua. Publizitatea.
1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.
2. Debeku da, Udalak baimena eman ezik, edozein iragarki mota paratzea eraikin publikoen fatxadetan, karrerapeetan, markesinetan, hiri altzarietan, arboletan eta murruetan. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderaxka ezartzea.
29. artikulua. Afixa, pankarta eta banderaxkak.
1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:
a) Herrian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.
b) Udalerrirako interesgarriak diren kontzertu, ekitaldi edo erakusketak egitea laguntzen dutenean.
c) Hauteskunde kanpainetan, leku behar bezala baimenduetan.
d) Publizitate helburua dagoenean.
Salbuespen gisa, eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea baimentzen ahalko da, adierazitakoen artekoetako bat ez denean.
Betekizun hauetatik salbuetsita daude eskumena duten agintaritzek sustatutako kanpaina instituzionalen hedapenerako kartelak.
2. Artikulu honek aipatu baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:
a) Kartel edo banderaxken edukia eta neurriak.
b) Haiek jartzeko lekuak.
c) Zenbat denboran eta zein egunetan egonen diren jarrita.
d) Haiek kentzeko eta sor litzaketen kalteak konpontzeko konpromisoa.
e) Banderaxkak kale-argi edo argiei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriak bere pinturan edo galbanizatuan kalterik jasoko ez duela bermatuta.
3. Kartelek eta banderaxkak baimendu diren zehaztapenetara mugatuko dira.
4. Kartel eta banderaxkek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu epea bukatu bezain laster. Hori bete ezean, Udalak nahitatezko betearazpenari ekinen dio.
30. artikulua. Liburuxkak eta esku-orriak.
1. Debeku da bide edo eremu publikoetan mota guztietako liburuxkak, esku-orriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.
2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.
3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute, aldez aurretik.
II. KAPITULUA
Kartelak, pankartak edo gisakoak jartzeko baimena
31. artikulua. Baimena.
Aipatu euskarrietako edozein Bakedaon jartzeko aldez aurreko baimena behar da, salbu eskumena duten agintaritzek sustatutako kanpaina instituzionalak hedatzeko direnak.
32. artikulua. Eskumena.
Kontzejuko buruaren eskumena da aipatu euskarrietako edozein jartzeko baimena ematea kontzejuaren mugapenean.
III. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
33. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Baimeneko baldintzetakoren bat ez betetzea.
b) Publizitatea egiteko euskarriak aldez aurreko baimenik gabe jartzea.
34. artikulua. Arau-hauste larriak.
Honako hauek dira arau-hauste larriak:
a) Arau-hauste arina berriro egitea. Hiru arau-hauste arinek arau-hauste larri bat egiten dute.
b) Kartelak jartzea ordenantza honetako 30. artikuluan espresuki baimentzen diren tokietatik kanpo.
35. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:
Arau-hauste larrietan berrerortzea.
36. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 90,15 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
Arau-hauste larriak 90,16 eurotik 150,25 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
Arau-hauste oso larriak 150,26 eurotik 300,51 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, zein den kasua, saltzeko baimena aldi baterako kenduko da, edo baliorik gabe utziko.
IV. KAPITULUA
Alderdi fiskalak
37. artikulua. Tasa.
Ordenantza honetan aipatu udal lizentzietatik edozein eskuratzea zergapeko egintza da, eta tasa ordaindu beharko da.
Tasaren subjektu pasiboa da publizitate euskarriak jartzeko lizentziak eskatu eta eskuratzen dituen pertsona.
Tasaren zenbatekoa ordenantza honen eranskinean zehaztuko da.
V. TITULUA
Zakurrak edukitzea
I. KAPITULUA
Zakurren jabeen betebeharrak
38. artikulua. Zakurrak edukitzea
Eremu publikoan nahiz etxeetako sarbide eta leku komunetan (atari, eskailera, igogailu, eskailburu eta abarretan) zakurrak ibiltzen ahalko dira, soil-soilik baldin eta behar bezala identifikaturik eta txertaturik badaude, eta haietaz arduratzen den pertsonaren batek kate edo uhalaren bidez eramaten baditu.
Gainera, arriskutsuak gerta daitezkeen animaliei nahitaez muturrekoa jarri beharko zaie, 50/1999 Legeak xedatutakoaren arabera.
II. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
39. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.
b) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.
40. artikulua. Arau-hauste larriak.
Honako hauek dira arau-hauste larriak:
a) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliekin sartzea.
b) Arau-hauste arinetan berrerortzea.
41. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:
Arau-hauste larrietan berrerortzea.
42. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 151tik 600 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601etik 3.000 eurora bitartekoak.
VI. TITULUA
Espresuki debekatutako jarduerak
I. KAPITULUA
Jarduera debekatuak
43. artikulua. Kanpaldi librea.
Espresuki debekatzen da kanpaldi librea kontzejuko mugapen osoan egitea.
Kanpaldi librea da paratzea aterpe mugikor bat, karabana bat, autokarabana bat, kanpadenda bat edo gisako elementu bat edo gehiago, aise garraiatu eta desmuntatzekoa, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora. Kanpatzeko elementuak dira aise garraiatzen direnak eta zimendurik ez dutenak.
Edozein kasutan, debeku da gaua pasatzea eta mahaiak, aulkiak eta gisakoak paratzea, kontzejuko edozein aparkalekutan, edota frontoian, piknikgunean eta haurrendako parkean.
44. artikulua. Suak, barbakoak eta gisakoak.
Debeku da suak, sutzarrak, barbakoak eta gisako jarduerak egitea kontzeju osoaren mugapean, horretarako espresuki baimendutako tokietatik at.
II. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
45. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Kontzejuaren mugapean kanpatzea, horretarako espresuki baimendutako tokietatik at.
b) Kontzejuaren aparkalekuetan eta frontoian gaua pasatzea.
c) Kontzejuaren aparkalekuetan eta frontoian aulkiak, mahaiak eta gisakoak paratzea.
46. artikulua. Arau-hauste larriak.
Honako hauek dira arau-hauste larriak:
a) Debeku da suak, sutzarrak, barbakoak eta gisako jarduerak egitea kontzeju osoaren mugapean, horretarako espresuki baimendutako tokietatik at.
b) Arau-hauste arinetan berrerortzea.
47. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:
Arau-hauste larrietan berrerortzea.
48. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 151tik 600 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601etik 3.000 eurora bitartekoak.
VII. TITULUA
Zehatzeko prozedura
49. artikulua. Prozedura.
Prozeduraren instrukzioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera egingo da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erdkideari buruzkoa.
50. artikulua. Berehalako ordainketa.
Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari eta ebazpen espresa eman beharrik gabe bukatu daiteke prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.
51. artikulua. Eskumena.
Kontzejuko buruaren eskumena da ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzea, organo eskudun zehatzaileari antzematen diren arau-hausteen berri emateko ahalmena duelarik; hori guztia, kontzejuko langileei ordenantza honetan jasotakoak antolatzeko eta betetzen direla kontrolatzeko ematen zaien ahalmenaren kaltetan izan gabe.
ERANSKINA
Lizentziak, baimenak eta aparkalekuak emateko tasak
1. Publizitaterako erabilera:
–Hesiak eta zutoinbakarrak: 0,50 euro/metro karratua, egunean.
–Banderatxoak: 1,00 euro/metro karratua, egunean.
–Iragarki kartelak: 45 euro/metro koadroa urtean.
–Eraikin publikoetako fatxadetan kartelak eta bertzelakoak paratzeagatik: 45 euro/metro karratua urtean.
2. Merkatu eta azoka txikiak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko:
–Elikagai, arropa eta oinetakoen salmenta: 0,52 euro egunean.
–Eskulanak, liburuak, numismatika eta kulturakoak diren bertze gauza batzuk saltzea: 0,52 euro egunean.
3. Kioskoak: metro karratu edo zatiki bakoitzeko: 0,52 euro egunean.
Herriko bestetan, 3,31 euro metro karratu edo zatikiko, egunean; gehienez ere, 163,56 euro egunean.
4. Ostatu-ibilgailuak: 0,52 euro egunean, metro karratu edo zatiki bakoitzeko.
Herriko bestetan, 3,31 euro metro karratu edo zatikiko, egunean; gehienez ere, 163,56 euro egunean.
5. Aparkatzea.
Prezioa eguneko:
–Turismoa: 4,5 euro.
–Motozikletak: 2 euro.
–Autokarabanak: 5 euro.
Autobusak:
–15 lagun bitarteko taldeak: 10 euro.
–15 lagun edo gehiagoko taldeak: 20 euro.
Aparkalekurako zehaztutako prezioek dagokien BEZa barne dute.
6. Zutoin automatikoen irekiera eta itxiera urrutiko kontrolagailuengatik ordaindu beharreko fidantza: 20 euro.
Iragarkiaren kodea: L1703647
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
