66. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez, Nafarroako enpresei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dira, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten 2017an, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 14.1 artikuluan, ezartzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak bultzatuko dituela eskolako umeentzat kirol jarduerak sustatzeko programak, Nafarroako hezkuntza administrazioarekin, toki entitateekin, kirol entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatuekin elkarlanean, kasua bada.

Foru lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen, halaber, eskolako umeentzat kirol jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentzioaren osasun ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza arloan behar bereziak dituzten eskolako umeen integrazioa aurreikusi eta sustatuko dute.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirol Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol jarduerak eta jarduera fisikoak Nafarroako gizarte osoan sustatzea, horretarako laguntzak eta diru-laguntzak emanez.

Kasu honetan, naturan egiten diren jarduerak bultzatuko ditu Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, heziketa eta kirol proiektuen barnean.

Proiektu horien helburua da naturan jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egitea, betiere ingurumenean eragin txikia dutenak, horrela natura zaintzen lagunduz, heziketaren eta kirolaren ikuspegitik; lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere azalduko dira.

Heziketaren eta kirolaren arloko proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak izan behar du, alde batetik, tresna bat, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko. Jarduera fisiko honek zenbait balio ere sustatuko ditu, hala nola, ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna; ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa ahaztu gabe.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako enpresei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako enpresei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak onestea, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten 2017an, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Betiere, laguntzak emateko, dagokion kontsignazioa beharko da aurrekontuetan.

2. Deialdi honi aurre egiteko, 90.000,00 euroko gastua baimentzea. Dirua kontu-sail hauei egotziko zaie:

–40.000 euro Nafarroako 2017ko aurrekontu orokorretako “Eskola kanpainak naturan jarduerak egiteko” izeneko A50002-A5110-4709-336100 partidaren kargura.

–50.000 euro aurrekontuko “Eskola kanpainak naturan jarduerak egiteko” izeneko 420000- 42000- 4709- 322G00 partidaren kargura, otsailaren 13ko 24/2017 Ebazpenaren arabera.

3. Foru agindu hau eta I, II eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5. Foru agindu hau Kirolaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Kirola Sustatzeko Atalari eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko martxoaren 20an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako enpresei diru-laguntzak ematea, norgehiagokako araubidean, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten, Nafarroako unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko, pribatu eta hitzartuei zuzenduta.

Diru-laguntzak bideratuko dira hein batean ordaintzera naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak antolatu, kontrolatu eta garatzeak sortutako defizitak. Proiektuak 2016-2017 ikasturtean eskainiak eta eginak izanen dira, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta hiru eguneko txandak izan behar dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.

2. Helburua.

2.1. Proiektu horien helburua da naturan jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egitea, betiere ingurumenean eragin txikia dutenak, horrela natura zaintzen lagunduz, heziketaren eta kirolaren ikuspegitik; lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere azalduko dira.

Heziketaren eta kirolaren arloko proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak izan behar du, alde batetik, tresna bat, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko. Balio batzuk ere sustatuko dira, hala nola, ahalegin pertsonala, talde lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna. Ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa ahaztu gabe.

2.2. Aurkezten diren proiektuek, xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, aurreko puntuan xedatutakoarekin bat, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak bete beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.

3. Entitate onuradunak.

3.1. Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan daitezke gaur egun kirol zerbitzuak eta turismo aktibo eta kulturalekoak ematen ari diren eta dagokien erregistroan inskribatuta dauden enpresak.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko beste deialdi zehatzago batzuen helburu diren heziketa eta kirol proiektuak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4. Entitate onuradunen betebeharrak.

4.1. Dagokien erregistroan inskribatuta egotea, kirol zerbitzuak eta turismo aktibo eta kulturalekoak ematen dituzten enpresen moduan.

4.2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteak izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

4.3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzen onuraduna izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Aurkeztu den heziketa eta kirol proiektuari dagozkion gastuetarako bakarrik emanen da diru-laguntza eta, zehazki, honako hauetarako:

a) Kirol jardueren, osagarrien eta alternatiboen kostua.

b) Parte-hartzaileen ostatua eta mantenua (ikasleak eta irakasleak).

c) Ostatu lekutik jardueren lekura eta alderantziz egiten diren joan-etorriak.

6. Eskaerak aurkeztea.

6.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. IV. eranskineko dokumentua erabiliko da.

Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren sinadura elektronikoa beharko da, baita kasuan kasuko elkartearen sinadura elektronikoa ere.

6.2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Enpresa eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

7.1. Eskaerak eskabide orokor baten bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura zuzenduta. Eskabidea enpresako kudeatzaileak edo haren legezko ordezkariak sinatu beharko du. Eskabidearekin batera, eskaeraren inprimakia aurkeztuko da (IV. eranskina), behar bezala betea, baita hasierako dokumentazio hau ere:

7.1.1. Heziketa eta kirol proiektua.

Alderdi hauek jaso beharko dira:

A) Helburu orokorrak.

B) Edukiak:

B.1. Jardueren (kirol jardueren, osagarrien eta alternatiboen) deskribapena.

B.2. Jardueren metodologia eta antolaketa.

B.3. Jardueren (kirol jardueren, osagarrien eta alternatiboen) denbora banaketa.

C) Giza baliabideak:

C.1. Proiektua diseinatzen, antolatzen, kontrolatzen eta garatzen zuzenean parte hartzen duten langileen deskribapena (titulazioa eta esperientzia).

D) Baliabide materialak eta instalazioak.

E) Segurtasuna:

E.1. Instalazioetan eta proiektuko jarduera bakoitza gauzatzean izanen diren segurtasun neurrien deskribapena.

E.2. Kanpainan osasun laguntzarako eta ebakuaziorako ezarri diren planen deskribapena.

F) Kanpainaren garapenaren jarraipena eta ebaluazioa.

7.1.2. Heziketa eta kirol proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua. (V. eranskina).

7.1.3. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duena. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

7.1.4. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela egiaztatzen duena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

7.1.5. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea diru-laguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

7.1.6. Gardentasunaren gaineko aitorpena, 16. oinarrian aurreikusten denari jarraikiz. Horretarako, IV. eranskin gisa erantsitako eredua erabiliko da.

7.1.7. Helbide elektroniko bat, eskaera egin, osatu edo zuzendu ahal izateko, eta proiektuaren garapenari buruzko informazioa eskatzeko, eta, orobat, deialdiaren gaineko ebazpenak bertan jasotzeko, komunikazio gisa bakar-bakarrik. (IV. eranskinaren arabera).

8. Eskaera zuzentzea.

8.1. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

8.2. Errekerimendua modu elektronikoan egiten ahalko da, mezu elektroniko bat bidaliz eskatzaileak eskaeran jarritako helbidera. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz baimendu baldin badu, eskabide orri orokorreko aitorpena sinatuz.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

9.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

9.2. Instrukzio organoak eskaerak ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri arautzaile hauetan eskatzen diren baldintzak zorrotz betetzen direla frogatzeko ere.

9.3. Dokumentazioa osatu edo zuzentzeko aurreko lerroaldeetan ezarri den errekerimendua komunikazio elektronikoaren bidez egiten ahalko da, eskaeran eskatzaileak adierazitako helbide elektronikora bidalita. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz baimendu baldin badu, eskabide orriko aitorpena sinatuz.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua interesdunari pertsonalki egin zaiola ulertuko da, legezko ondorio guztietarako, noiz eta hark emandako helbide elektronikora bidalitako mezu elektronikoa irekitzen den unean berean.

Mezu elektronikoa irekitzearekin ondorioztatuko da jakinarazitako egintza administratiboaren edukia eskuratu dela eta interesduna dela eduki horretan sartu dena.

Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena jaso dela jakinda, hamar egun naturaleko epean mezua irekitzen ez bada, jakinarazpenari uko egiten zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezuan sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

10. Diru-laguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

10.1. Diru-laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak 90.000,00 euro bitarte bideratzen ahalko ditu proiektuetarako, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den diru-laguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren diru-laguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak 2017ko ekitaldirako daukan aurrekontuan horretarako kreditu aski eta egokia izatearen mende egonen dira.

Zenbateko hori honela banatuko da:

a) 40.000 euro 2017ko aurrekontu orokorretako “Eskola kanpainak naturan jarduerak egiteko” izeneko A50002-A5110-4709-336100 partidaren kargura.

b) 50.000 euro aurrekontuko “Eskola kanpainak naturan jarduerak egiteko” izeneko 420000-42000-4709-322G00 partidaren kargura, otsailaren 13ko 24/2017 Ebazpenaren arabera.

10.3. Kasuan kasuko diru-laguntza ematean, alderatu eginen dira aurkeztutako eskaerak, horien artean lehentasuna ezartzeko, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz. Eta puntuaziorik handiena lortu duen eskatzaileari esleituko zaio diru-laguntzaren zenbatekoa. Eragiketa hori egindakoan eskura dagoen kreditua agorturik ez badago, bigarren puntuaziorik handiena lortu duen entitateari esleituko zaio gelditzen den saldoa, ezarritako hurrenkerari jarraituz. Eragiketa hori gainerako entitate eskatzaileekin errepika daiteke, aurrekontuko kreditua agortu arte.

Esleitu beharreko zenbatekoan, jarduerak sortutako defizita izanen da muga.

11. Ebazpena.

11.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak kasuan kasuko kontzesioaren ebazpena emanen du. Interesdunei 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.3. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11.4. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

11.5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa bete beharrez, deialdi honetan emandako diru-laguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko eta Kirolaren Etxeko iragarki oholetan jarriko dira.

12. Frogagiriak eta proiektuaren memoria.

12.1. Proiektua hasten denetik bukatu arte egindako ekintzen frogagiriak 2017ko irailaren 1a baino lehen aurkeztuko dira, agiri hauekin batera:

–Heziketa eta kirol proiektua egitean sortutako diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua. Entitateko idazkariak sinatuko du emaitzen kontua, eta zuzendariak ontzat eman beharko du.

–Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza.

–Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztiak (ez bakarrik diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak) dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu den eguna (VI. eranskina). Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.

–Ordaindutako fakturen jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, emandako diru-laguntzaren zenbateko osoa jasota. Aurkeztutako zerrendan dagokion zenbakia adieraziko da kopian, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira. Honako hauek izaten ahal dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

–Heziketa eta kirol proiektuaren memoria teknikoa, atal hauek zehaztuta:

1.–Edukiak:

–Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.

–Partaidetzaren gaineko datuak: parte-hartzearen datuen taula, honako hauek zehaztuta: astea/ikastetxeak/parte-hartzaileak ikastetxeen arabera (sexuaren arabera banatuta)/parte-hartzaile guztiak.

2.–Balorazio teknikoa.

2.1. Talde bakoitzaren ebaluazioaren emaitzak garraioari, jarduerei, monitoreei, materialari eta ostatuari (jatekoa, garbiketa, gela, tratu pertsonala) dagokienez, ebaluazio txantiloietan oinarrituta.

2.2. Zertan hobetu.

3.–Egindako jardueren argazki bidezko euskarria.

12.2. Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

Aukera hori egonen da hala hasierako dokumentazioa nola justifikazio agiriak aurkezterakoan. Errekerimenduetarako, entitate parte-hartzaileek eskabidean (IV. eranskina) adierazten duten helbide elektronikoa erabiliko da.

12.3. 7. eta 12. oinarrietan aipatzen diren inprimakien ereduak (IV., V. eta VI. eranskinak) eskura daude bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan, bai Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.navarra.es.

13. Diru-laguntza ordaintzea.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diru-laguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Betiere 2017. urtean sinatuko da.

14. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, proiektuaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15. Betebeharrak.

15.1. Diru-laguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

15.3. Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

15.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.5. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute diru-laguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

15.6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

15.7. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta 28.3 artikuluen arabera.

15.8. Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16. Gardentasun betebeharrak.

16.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

16.2. Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

16.3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

16.4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita. Bestela, ezinezkoa izanen da ordainketa hori ebazpenarekin batera egitea.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17. Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea. Entitate onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Entitateek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako diru-laguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

17.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan aurrikusitakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago.

18. Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

19. Errekurtsoak.

19.1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

19.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak deialdia onesten duen foru agindua aplikatzeko ematen dituen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

20. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Ezaugarriak

1. Alderdi orokorrak.

Naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuek honako alderdi orokor hauek izan behar dituzte oinarri:

Parte-hartzaileak: DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntzako behar bereziak dituztenak barne. Ikastetxeko irakasleek lagunduta egonen dira beti, 5.4 atalaren araberako ratioarekin.

Tokia: Nafarroako Foru Komunitatea.

Proiektuaren iraupena, guztira: 2016-2017 ikasturtean eskainiko da, Aste Santuko oporrak kenduta.

Eskainitako jardueren iraupena: 3 egun. Astelehenetik asteazkenera edo asteazkenetik ostiralera.

Ostatua eta mantenua: 1. egunean: bazkaria, afaria eta lo egitea; 2. egunean: gosaria, bazkaria, afaria eta lo egitea; eta 3. egunean: gosaria eta bazkaria.

2. Edukiak.

Heziketa eta kirol proiektuan hiru jarduera mota izanen dira eta honela garatuko:

a) Kirol jarduerak: nahitaezkoa izanen da jarduera guztiak natura ingurunean eta naturarekin harremana izanik garatzea, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta eta jarduera bakoitzak behar dituen baliabide materialekin, giza baliabideekin eta azpiegiturekin. Goizeko eta/edo arratsaldeko ordutegian eginen dira.

b) Jarduera osagarriak: atal honetan sartzen diren jarduera guztiek heziketaren ikuspegia izanen dute eta kirol jardueren osagarri izanen dira. Ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa eta ingurunearen eta bertako tradizioen ezagutza landuko dira jarduera horietan. Goizeko, arratsaldeko edo gaueko ordutegian eginen dira, proiektuaren arabera.

c) Jarduera alternatiboak: jarduera hauek eginen dira, soil-soilik, eguraldi txarra dagoenean edo suertatzen diren beste arrazoi batzuen ondorioz kirol jarduerak eta jarduera osagarriak ezin badira baldintza onetan egin segurtasunaren eta garapenaren aldetik.

3. Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

3.1. Heziketa eta kirol proiektuetako jardueretan aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

3.2. Uretako jardueren kasuan, parte-hartzaileek ezinbestekoa eta nahitaezkoa izanen dute igerian jakitea. Antolatzaileek ez diete baimenik emanen uretako jarduerak egiteko igerian ez dakitenei. Gainera, beharrezko eta berariazko neurriak hartuko dituzte hori kontrolatzeko.

3.3. Uretan egiten diren jarduera guztietan nahitaezkoa izanen da salbamendu-txalekoa eramatea.

3.4. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek.

3.5. Nahitaezkoa izanen da larrialdi kasuetan jarduteko protokolo bat izatea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuarekin koordinatuta.

4. Giza baliabideak eta prestakuntzakoak.

4.1. Honako hauek izanen dira heziketa eta kirol proiektua egiteaz arduratzen direnak:

–Koordinatzaile 1, antolaketaren, kontrolaren eta programa egitearen arduraduna.

–Naturan egiten diren jardueretako monitoreak, berariazko prestakuntza izanen dutenak, zuzentzen duten jarduera zein den.

4.2. Kirol jarduerak egiteaz arduratzen diren monitore guztiek berariazko prestakuntza izan behar dute beren kirol eta/edo gorputz modalitatean.

4.3. Parte-hartzaileen talde bakoitzeko monitore ratioa ezartzeko, egin beharreko jarduera, arriskua eta egiteko tokia hartuko dira kontuan.

4.4. Programa garatu bitartean hainbat lanetan aritzen diren proiektuko langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

5. Parte-hartzaileak.

5.1. Proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoei, pribatuei eta hitzartuei zuzenduta daude. Parte-hartzaileak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak izanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntzako behar bereziak dituztenak barne, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetatik eratorritako murrizketarik egin.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu hautapen prozesuen ondorioz. Hezkuntzako behar bereziak dituzten ikasleak hezkuntzako sistema normalizatuan sartzeko ahalegina islatu behar da proiektuan parte hartzeko aukera emanez. Hori betetzen ez bada, diru-laguntza galduko da.

5.3. Talde guztiek ikastetxeko irakasleak izanen dituzte lagun, eta taldeak antolatzen lagunduko dute hori behar den jardueretan eta ostatu lekuetan. Otorduetan lagunduko dute, eta gauetan ordena eta ordutegiak betearazteaz arduratuko dira. Halaber, edozein arrazoirengatik programatu gabeko joan-etorriren bat egin behar duten ikasleei lagunduko diete, baita programaturiko jarduera guztietan ere.

5.4. Honako hau da irakasleen ratioa, proiektuan parte hartzen duten ikasle arrunten kopuruaren arabera:

TALDEA

GUTXIENEKOA

15 arte

Ikastetxeak beharrezkotzat jotzen duena

1

16tik 30era bitarte

Ikastetxeak beharrezkotzat jotzen duena

2

30etik 50era bitarte

Ikastetxeak beharrezkotzat jotzen duena

3

50etik 75era bitarte

Ikastetxeak beharrezkotzat jotzen duena

4

75etik 100era bitarte

Ikastetxeak beharrezkotzat jotzen duena

5

Hezkuntzako behar bereziak dituzten ikasleen kasuan, taldearen beharren arabera ezarriko da ratioa.

6. Ostatua.

Parte-hartzaile guztiek, hala ikasleek nola irakasleek, jarduera lekutik ahalik eta hurbilen hartu behar dute ostatu. Gehienez ere 30 km-tara.

7. Baliabide materialak eta azpiegiturak.

7.1. Heziketa eta kirol proiektuaren barnean egin beharreko jarduera bakoitzean aritzeko beharrezko eta berariazko material guztia jarriko dute enpresa onuradunek parte-hartzaile bakoitzaren eskura.

7.2. Material guztia behar bezala erabiltzeko moduan egonen da, eta onuradunen ardura izanen da hura konpondu edo ordeztea.

8. Baimenak.

Deialdi honetako entitate onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla heziketa eta kirol proiektuko jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

9. Laguntza teknikoa.

Beste entitate batzuekin lankidetzan ari daitezke entitate onuradunak egiten dituzten zerbitzuetako edozein egiteko: ostatua, mantenua, garraioa, lurreko eta uretako kirol jarduerak egitea, aisialdiko jarduerak etab., I. eranskineko 17. oinarriarekin bat.

10. Osasun laguntza.

Parte-hartzaile guztientzako istripu asegurua kontratatu behar dute entitate onuradunek. Horretaz gain, erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute.

III. ERANSKINA

Baremoa. Balorazio irizpideak

Deialdi honetaz baliatu nahi duten enpresek aurkeztutako eskaerak barematzeko balorazio irizpideak honako honetan oinarritzen dira:

Proiektuaren alderdi teknikoak:

1.–Proiektuaren helburuak: 5 puntu gehienez.

Ikasleen adinetara eta ezaugarrietara egokituak: 5 puntu gehienez.

2.–Edukiak: 88 puntu gehienez.

2.1. Kirol jarduerak: 50 puntu gehienez.

Motibatzaileak, era askotakoak eta zailtasunaren arabera mailakatuak. 5 puntu arte jarduera bakoitzeko.

Ingurumenaren aldeko sentsibilizazio helburuari eta ingurunea ezagutzekoari egokituak: 5 puntu arte jarduera bakoitzeko.

2.2. Jarduera alternatiboak: 30 puntu gehienez.

Motibatzaileak, era askotakoak eta zailtasunaren arabera mailakatuak. 3 puntu arte jarduera bakoitzeko.

Ingurumenaren aldeko sentsibilizazio helburuari eta ingurunea ezagutzekoari egokituak: 3 puntu arte jarduera bakoitzeko.

2.3. Jarduera osagarriak: 8 puntu gehienez.

Motibatzaileak, era askotakoak eta zailtasunaren arabera mailakatuak. 2 puntu arte jarduera bakoitzeko.

Ingurumenaren aldeko sentsibilizazio helburuari eta ingurunea eta bertako tradizioak ezagutzekoari egokituak: 2 puntu arte jarduera bakoitzeko.

3.–Antolaketa: 9 puntu gehienez. Egoki sekuentziatzea egitekoak diren jarduerak (denbora banaketa/jarduerak): 3 puntu gehienez.

Monitoreen ratioa talde/jarduera bakoitzeko: 6 puntu gehienez.

Monitore 1 / 5 parte-hartzaile = 6 puntu.

Monitore 1 / 7 parte-hartzaile = 4 puntu.

Monitore 1 / 9 parte-hartzaile = 2 puntu.

4.–Giza baliabideak:

Proiektuko koordinatzailearen lan esperientzia eta titulazioa. 10 puntu gehienez.

Naturan egiten diren jarduera fisikoetako eta kirol jardueretako monitore bakoitzaren lan esperientzia. 10 puntu gehienez monitore bakoitzeko. Puntu 1 esperientzia urte bakoitzeko.

Monitore bakoitzaren berariazko titulazioa, irakasten duen jarduerarekin lotura izan behar duena: 10 puntu gehienez monitore bakoitzeko.

5.–Baliabide materialak: 20 puntu gehienez.

Proiektuan programatutako jarduera bakoitzean eskura dagoen material kopurua, parte-hartzaileen kopuruaren arabera: 15 puntu gehienez.

Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako materiala eta instalazioak: 5 puntu gehienez.

6.–Segurtasuna: 20 puntu gehienez.

Jarduera eta instalazio bakoitzean ezarritako segurtasun neurrien kalitatea: 15 puntu gehienez.

Osasun laguntzarako eta ebakuaziorako ezarri diren planak: 5 puntu gehienez.

7.–Parte-hartzaileen ostatuaren distantzia: 10 puntu gehienez.

(Ostatutik urrutien dagoen jarduera hartuko da erreferentzia gisa).

Jardueratik 0-9 km-tara: 10 puntu.

Jardueratik 10-20 km-tara: 7 puntu.

Jardueratik 21-30 km-tara: 3 puntu.

Iragarkiaren kodea: F1703540