66. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

42/2017 Foru Agindua,martxoaren 29koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak hautatu (izendapen librearen bidez), ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituena.

HITZAURREA

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren xedea da Lanbide Heziketaren, kualifikazioen eta egiaztapenen sistema integratu bat antolatzea eskaera sozialei eraginkortasunez eta gardentasunez erantzuteko, prestakuntza modalitateen bitartez. Lege horren 11.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio eskudunak izendapen libreko prozeduraren bidez izendatuko ditu hezkuntza administrazioa titular duten Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetako zuzendariak, irakasle funtzionario publikoen artetik, merezimendu, gaitasun eta publikotasunaren printzipioen arabera, aurretik ikastetxeko kide anitzeko organoei kontsultatuta.

Ildo beretik, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko betekizunak arautzen dituen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan (maiatzaren 7ko 564/2010 Errege Dekretuak aldatua), 13.1 artikuluan, zehaztutakoaren arabera, izendapen librearen bitartez izendatuko dira titulartasun publikoko ikastetxe bateratuetako zuzendariak, eta, hezkuntza administrazioa titular duten Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen kasuan, irakasle funtzionario publikoen artean hautatuko dira, merezimendu, gaitasun eta publikotasunaren printzipioen arabera, ikastetxeko kide anitzeko organoei aldez aurretik kontsultatuta.

Orobat, Nafarroako Foru Komunitatean, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak arautzen dituen irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuan ezartzen da aplikazio araudia. Horren 10.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, izendapen librearen bidez izendatuko dira ikastetxeko horietako zuzendariak, eta, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe bateratuen kasuan, irakasle funtzionario publikoen artean hautatuko dira, merezimendu, gaitasun eta publikotasunaren printzipioen arabera, ikastetxeko kide anitzeko organoei aldez aurretik kontsultatuta. Bestetik, aipatu foru dekretuaren 12.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxe bateratuko gizarte kontseiluaren eginkizuna da, besteak beste, aurretiko txostena egitea ikastetxeko zuzendaria izendatzeko prozesuan.

Hezkuntza Departamentua jakitun da zuzendaritza lana garrantzitsua dela ikastetxe bateratuetan, elementu estrategikoa baita ikastetxe horiek eskaintzen dituzten zerbitzu ezberdinak garatzeko, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 6. artikuluak ikastetxe horiei ezartzen dizkien oinarrizko eginkizunak bermatzeko asmoz. Horretarako, arau garapen hau proposatzen da ikastetxe bateratu publikoetako zuzendari postuak betetzeko prozedura oinarrizko araudira egokitzeko, izendapen librearen bidez, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasunaren printzipioak bermatuta eta gizarte kontseiluaren eta irakasleen klaustroaren parte-hartzea ziurtatuta.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak hautatu (izendapen librearen bidez), ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematea du xede foru agindu honek.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak izendapen librearen bidez hautatuko dira, Lanbide Heziketako irakaskuntzan irakats dezaketen karrerako irakasle funtzionarioen artean. Ikastetxe bateratuko irakaskuntzaren batean irakats dezaketenek izanen dute lehentasuna.

2. Izendapen librearen bidezko prozedura berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasunaren printzipioen arabera gauzatuko da, dagokion ikastetxeko gizarte kontseiluari eta irakasleen klaustroari aldez aurretik kontsultatuta. Horretarako, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, Hezkuntza Departamentuak aldian behin deialdia eginen du zuzendari postua hutsik duten ikastetxe bateratuetako zuzendariak hautatzeko, izendapen librearen bidez.

3. Hezkuntza Departamentuak irizpide batzuk ezarriko ditu ikastetxe bateratuetako zuzendariek egiten duten zuzendaritza lana ebaluatzeko.

3. artikulua. Ikastetxe bateratuetako zuzendariak izendatzeko eta kargutik kentzeko proposamena egiteko eskumena.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak eskumena du Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetako zuzendariak izendatzeko eta kargutik kentzeko proposamena egiteko.

4. artikulua. Parte hartzeko baldintzak.

1. Ikastetxe bateratuetako zuzendariak izendapen librearen bidez hautatzeko deialdietan parte hartu ahal izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen karrerako funtzionarioa izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa irakaskuntzaren funtzio publikoan, eta Hezkuntza Departamentuan zerbitzuak ematea.

b) Karrerako funtzionario gisa zuzeneko irakaslana egin izana, hiru urtez gutxienez, Lanbide Heziketako irakaskuntzan, Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publiko batean.

Hezkuntza Orientazioko espezialitatea duten irakasleen kasuan, ondorio horietarako, karrerako funtzionario gisa bere espezialitatearen berezko lana egin izana, hiru urtez, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak eskaintzen dituen Nafarroako ikastetxe publiko batean.

c) Zuzendaritza proiektu bat aurkeztea, 1. eranskineko ereduaren arabera.

d) Zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapen proposamena aurkeztea, interesdunek onartua. Proposamen eta onarpen horiek zuzendaritza proiektua osatuko dute, haren parte direla. 2. eranskinean ezarri da zuzendaritza taldeko gainerako kideak izendatzeko eta proposamen hori onartzeko eredua.

e) D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateratu bateko zuzendaria izateko hautagaitzen kasuan, EGA titulua edo baliokidea izatea.

2. Deialdi bakoitzari dagokion eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza horiek.

5. artikulua. Eskaerak.

1. Ikastetxe bateratuetako zuzendariak izendapen librearen bidez hautatzeko prozeduran parte hartzeko eskaerak 3. eranskineko ereduaren arabera eginen dira.

2. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, kasuan kasuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzura zuzenduko dira. Eskaera eta gainerako dokumentazioa, ahal dela, Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan eta bigarren xedapen iragankorrean adierazitako erregistro eta bulegoetan ere aurkezten ahalko dira. Eskaera postetxe batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki baten bidez aurkeztuko da, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

4. Izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Zuzendaritza proiektu bat, 1. eranskinean adierazitako edukiak biltzen dituena.

–Curriculum vitaea, 4. eranskineko ereduaren arabera. Ikastetxe bateratuetako zuzendariak izendapen librearen bidez hautatzeko deialdi bakoitzean aipatzen diren alderdiekin lotutako merezimenduak jasoko ditu. Alegatutako merezimenduen frogagiriak aurkeztuko dira, eta behar den epean eta moduan justifikatu direnak hartuko dira kontuan soilik.

–Zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapen proposamena, interesdunek onartua.

–D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateratu bateko zuzendaria izateko hautagaitzen kasuan, zuzendaritza taldea osatzen duten kide guztiek EGA titulua edo baliokidea izan eta justifikatu behar dute.

5. Halaber, izangaiek agiri hauek aurkezten ahalko dituzte:

–Zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiria, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak erregelamenduz ezarritakoaren arabera egina, betiere ikastaroa Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak edo autonomia erkidego bateko hezkuntza administrazioak, zuzenean edo aldez aurretik baimendutako entitate laguntzaileen bidez, eman badu.

–Hezkuntza administrazio batek, zuzendari postu baterako izendapena nahi dutenentzat, antolatutako hasierako prestakuntza programaren bat egin duela ziurtatzen duen agiria.

–Ikastetxe publikoetako zuzendaritzaren gaikuntzak edo egiaztapenak dituela ziurtatzen duen agiria, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak indarra hartu baino lehen eginak.

–Zuzendaritza gaitasunak eskuratzeko edo eguneratzeko prestakuntza ikastaro bat egin duela ziurtatzen duen agiria.

6. Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai bakoitzaren zerbitzu-orria erantsiko du ofizioz.

6. artikulua. Parte-hartzaileen onarpena.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen Zerbitzuak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Hezkuntza Departamentuaren web orrian. Bazterturik bada, horren arrazoiak adieraziko dira. Argitaratze horrekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela.

2. Izangaiek, behin-behineko zerrendak departamentuaren web orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, hamar egun balioduneko epea izanen dute bazterketaren arrazoia den akatsa zuzentzeko eta, hala bada, behar den dokumentazioa Giza Baliabideen Zerbitzuan aurkezteko.

3. Aurreko idatz-zatian adierazitako epean bazterketaren arrazoia den akatsa zuzentzen ez duten izangaiak, onartua izateko eskubidea ez justifikatzeagatik, hautapen prozeduratik baztertuko dira behin betiko.

4. Akatsa zuzentzeko aurkezten diren eskaerak onartu edo baztertu ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira behin-behinekoak argitaratzeko erabilitako web orri berean.

II. KAPITULUA

Prozedura. Izendapena

7. artikulua. Ikastetxe bateratuetako kide anitzeko partaidetza-organoei egin beharreko kontsulta.

1. Giza Baliabideen Zerbitzuak jasotako eskaera bakoitzaren kopia bidaliko dio Lanbide Heziketako kasuan kasuko ikastetxe bateratuari, eskaerei erantsitako dokumentazioarekin batera. Dokumentazioa jaso ondoren, ikastetxeko zuzendariak aparteko bilera bana egiteko deia bidaliko die ikastetxeko gizarte kontseiluari eta irakasleen klaustroari. Aurkeztutako hautagaitzei buruzko kontsulta izanen da bilera horien gai bakarra. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu hautagaitza bakoitzaren dokumentazioa kide anitzeko organo horietako kideen eskura egon dadin.

2. Gizarte kontseiluaren eta irakasleen klaustroaren aparteko bilera horietan iritziak plazaratuko dira aurkeztutako hautagaitzei buruz. Kide anitzeko organo bakoitzeko idazkariak bileraren akta eginen du, eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio hamabost egun naturaleko epean, dokumentazioa ikastetxean jaso zenetik hasita. Akta horiek ikastetxe bakoitzeko partaidetza-organoek egindako txostentzat hartuko dira, aginduzkoak baina ez lotesleak.

8. artikulua. Balorazio batzordeari egin beharreko kontsulta.

1. Halaber, Giza Baliabideen Zerbitzuak jasotako eskaera bakoitzaren kopia bidaliko dio zuzendari postuak betetzeko deialdiaren kasuan kasuko ikastetxe bateratu bakoitzerako eratuko den balorazio batzordeko buruari, eskaerei erantsitako dokumentazioarekin batera.

2. Dokumentazioa jaso ondoren, balorazio batzordeko buruak bilera egiteko deia bidaliko dio batzordeari. Aurkeztutako hautagaitzei buruzko kontsulta izanen da bilera horren gai bakarra. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu hautagaitza bakoitzaren dokumentazioa balorazio batzordeko kideen eskura egon dadin.

3. Balorazio batzordearen bileran iritziak plazaratuko dira aurkeztutako hautagaitzei buruz. Idazkariak bileraren akta eginen du, eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio hamabost egun naturaleko epean, dokumentazioa jaso zenetik hasita. Akta hori ikastetxe bakoitzeko balorazio batzordeak egindako txostentzat hartuko da, aginduzkoa baina ez loteslea.

9. artikulua. Balorazio batzordeak.

1. Balorazio batzorde bat eratuko da ikastetxe bateratu bakoitzerako, kide hauek izanen dituena:

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark izendatzen duen pertsona, batzordeburu arituko dena.

–Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako funtzionario bat, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak proposatua eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak izendatua, izangaiak aukeratu duen ikastetxean edo haren jatorrizko ikastetxean behin betiko destinoa ez duena. Funtzionarioa idazkari gisa arituko da.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

2. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, ebazpen baten bidez, balorazio batzordeetako kideak izendatuko ditu, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta Giza Baliabideen Zerbitzuak titularrak eta ordezkoak izanen direnen izendapena jakinarazi ondoren.

3. Txostena egiteko, balorazio batzordeak alderdi hauek aztertu beharko ditu, gutxienez:

a) Izangaien merezimenduak, aurkeztu duten curriculum vitaeen arabera.

b) Aurkezten diren hautagaitzen zuzendaritza proiektuak.

4. Balorazio batzordeak akta eginen du, non zuzendari postu hutsetarako izangaiak baloratzen dituen txostena sartuko baita, eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio.

10. artikulua. Ikastetxe bateratuko zuzendariaren izendapena.

1. Irakasleen klaustroaren gizarte kontseiluaren eta balorazio batzordearen aginduzko txostenak jaso ondoren, Hezkuntzako zuzendaria nagusiak izangaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du, eta, beharrezkotzat jotzen badu, izangaiei dei eginen die zuzendaritza proiektua defenda dezaten.

2. Denak batera eta beren osotasunean aztertu eta ebaluatu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak deialdiko ikastetxe bateratu publikoetako zuzendari bakoitza izendatuko du, merezimendu, gaitasun eta publikotasunaren printzipioen arabera. Interesdunari jakinaraziko zaio izendapena.

Izangai egokirik ez dagoenez zuzendari postua bete gabe gelditzen bada, Hezkuntzako zuzendari nagusiak postua bete gabe uzten duen ebazpenean arrazoitu beharko du erabakia.

3. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dio ikastetxe bateratuko zuzendaria izendatzen duen ebazpena, zuzendari guztiak izenda ditzan.

4. Hautatuak lau urterako izendatuko dira zuzendari, Giza Baliabideen Zerbitzuaren ebazpen baten bidez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dena.

5. Gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetako zuzendariak izendatzen dituen Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren aurka, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

6. Zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapen proposamena zuzendariak eginen du. Proposamenak bat egin beharko du foru agindu honen 4.1.d) artikulua betetzeko egindakoarekin, salbu arrazoitutako inguruabarrak badira eta inguruabar horiek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onartzen baditu.

7. Ikastetxean behin betiko destinoa ez duen irakasle bat proposatzen bada zuzendaritza taldeko kide izateko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onartu beharko du, betiere kargualdian betetzen ahal duen lanpostu hutsa badago, ikasturte bakoitzaren hezkuntza plangintzaren arabera.

8. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak zuzendaritza taldeak izendatuko ditu, ikastetxeko zuzendariari dagokion epe bererako.

11. artikulua. Izendapen bereziak.

1. Izangai egokirik edo hautagaitzarik ez badago, Hezkuntzako zuzendari nagusiak karrerako irakasle funtzionario bat izendatuko du zuzendari, gehienez ere lau urterako.

2. Halaber, deialdirik aurreikusita ez duten ikasturteetan zuzendari postuak hutsik gelditzen badira, Hezkuntzako zuzendari nagusiak karrerako irakasle funtzionario bat izendatuko du zuzendari. Kasu horretan, ikasturte baterako izendatuko du, eta postu hutsa hurrengo deialdian sartuko da nahitaez.

3. D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe baterako izendatutako zuzendariak EGA titulua edo baliokidea izan beharko du.

4. Artikulu honetan deskribatutako izendapen berezia Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez eginen da.

5. Antzeko moduan, zuzendaritza taldeko kideak izendapen berezi baten bidez izendatuko dira, ikastetxe bateratuko zuzendariari dagokion epe bererako.

6. D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe baten kasuan, izendapen bereziz izendatutako zuzendaritza taldeko kideek EGA titulua edo baliokidea izan beharko dute.

12. artikulua. Ikastetxe bateratu bateko zuzendariaren kargu-uztea.

1. Ikastetxe bateratu bateko zuzendariaren kargu-uztea kasu hauetan gertatuko da:

a) Izendapen aldia edo haren luzapena, halakorik bada, bukatzea.

b) Uko egite arrazoitua, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak onartua.

c) Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak kargutik kentzea, modu arrazoituan.

2. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak kargutik kentzea erabakiko du inguruabar hauetako bat gertatzen denean, besteak beste:

a) Gerora sortutako ezintasun psikikoa edo fisikoa, karguari dagozkion zereginak betetzea galarazten diona.

b) Ez-betetze larria karguari dagozkion zereginetan. Kasu horretan, interesdunari entzun ondoren eta diziplina-espediente bat instruitu ondoren gauzatuko da kargu-uztea.

c) Konfiantza-elementuak galtzea kargudunarengan, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuko zuzendariari dagozkion zereginak gauzatzeko moduagatik.

13. artikulua. Ikastetxe bateratuko zuzendariordearen, ikasketaburuaren eta idazkariaren kargu-uztea.

1. Ikastetxe bateratu bateko zuzendariordearen, ikasketaburuaren eta idazkariaren kargu-uztea kasu hauetan gertatuko da:

a) Izendapen aldia bukatzea.

b) Uko egite arrazoitua, ikastetxe bateratuko zuzendaritzak onartua eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak berretsia.

c) Proposatu zituen ikastetxe bateratuko zuzendariaren kargu-uztea.

d) Kargutik kentzeko proposamena.

2. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak kargutik kentzea erabakiko du inguruabar hauetako bat gertatzen denean, besteak beste:

a) Gerora sortutako ezintasun psikikoa edo fisikoa, karguari dagozkion zereginak betetzea galarazten diona.

b) Ez-betetze larria karguari dagozkion zereginetan, ikastetxe bateratuko zuzendariak txostena egin ondoren. Kasu horretan, interesdunari entzun ondoren eta diziplina-espediente bat instruitu ondoren gauzatuko da kargu-uztea.

c) Ikastetxe bateratuko zuzendaritzaren proposamen arrazoitua.

III. KAPITULUA

Ebaluazioa eta izendapena berritzea

14. artikulua. Izendapena berritzea.

1. Zuzendarien izendapena lau urteko ondoz ondoko epeetarako luzatzen ahalko da, epe bakoitzaren amaieran lanaren ebaluazio positiboa egin ondoren eta azken kargualdian egindako lanari buruzko zuzendaritza memoria aurkeztu ondoren.

2. Memoria hori Hezkuntza Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko du, hark azter dezan. Izendapena berritzeko proposamena egiten badu, Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko dio, behar den ebazpena egin dezan.

15. artikulua. Zuzendaritza lana ebaluatzeko prozeduraren printzipioak.

1. Zuzendaritza lanaren ebaluazio prozeduraren bidez zuzendaritza lana nola egin den aztertuko da, eta praktika hori hobetzen laguntzeko pizgarria izan nahi du.

2. Zuzendaritza lanaren ebaluazioa zuzendariaren kargualdi osoan eginen da.

3. Hezkuntza Departamentuak izendatzen dituen zuzendari guztiak haien kargualdia bukatutakoan ebaluatuko dira.

4. Zuzendaritza lana ebaluatzeko, deialdiaren ebazpenean ezartzen diren irizpideak eta prozedurak hartuko dira kontuan.

16. artikulua. Zuzendaritza lana ebaluatzeko prozedura.

1. Zuzendariak haien kargualdia bukatutakoan ebaluatuko dira.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatutako ikuskatzaileek eginen dute ebaluazioa.

3. Zuzendari lana gainbegiratzeko, ikuskatzaileak honako hauek eginen ditu:

a) Ebaluatzen den zuzendariak egindako lanari buruzko balorazio txosten bat eskatuko dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuari.

b) Behar den jarraipena eginen du kargualdiko lau urteetan. Horretarako, agirien bidezko azterketa, elkarrizketak zuzendariekin, zuzendaritza taldearekin eta gizarte kontseiluko kideekin eta bisitak eginen ditu, ikastetxeko kide anitzeko organoen eta koordinazio organoen funtzionamendua behatzeko.

4. Jarraipen horren ondorioz, ikuskatzaileak detektatzen badu zuzendaritza lanean hobetu daitezkeen arloak badirela, zuzendariari jakinaraziko dio kargualdiko urte bakoitza bukatzen denean, kasuan kasuko ebazpenean zehazten diren prozedurak erabiliz, behar diren neurriak har daitezen.

5. Kargualdia bukatutakoan, lortutako emaitzen azken ebaluazioa eginen du ikuskatzaileak, egindako jarraipenaren eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren txostenaren arabera.

6. Azken txostena negatiboa bada, aurkeztu baino lehen, entzunaldia emanen zaio zuzendariari. Bertan, txosten negatiboaren oinarri diren kausen berri emanen zaio, eta ebaluazioaren aurka daudela argudiatzeko behar diren dokumentuak aurkezteko eta egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko aukera emanen zaio.

Dokumentazio eta alegazio horiek aintzat hartuko dira azken txostena egin baino lehen. Hala ere, negatiboa baldin bada, behar bezala arrazoitu beharko da.

7. Azken ebaluazio txostenak “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa jarriko du. Zuzendariak “Gai” kalifikazioa lortzen badu, ebaluazioa positibotzat hartuko da, eta “Ez gai” kalifikazioa lortzen badu, berriz, negatibotzat joko da.

8. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari bidaliko die azken ebaluazio txostena.

9. Txostenak jaso ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, bidezkotzat jotzen badu, erabakiko du izendapena berritzea lau urteko kargualdi berri baterako, eta Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen dio erabakiaren berri. Bestela, erabakiko du ikastetxe bateratuko zuzendari postua betetzeko deialdi berri bat egitea.

Xedapen iragankor bakarra.–Lehenago izendatutako zuzendariak.

Foru agindu hau argitaratu baino lehen izendatu ziren ikastetxe publikoetako zuzendariek karguan jarraitzen ahalko dute kargualdia bukatu arte.

Xedapen gehigarri bakarra.–Ikastetxe bateratu bihurtzen diren Bigarren Hezkuntzako institutuetako zuzendariak.

Bigarren Hezkuntzako institutu izatetik Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu izatera iragan diren ikastetxeetako zuzendariek beren izendapenari dagokion agintaldia bukatuko dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak, bereziki Nafarroako Foru Administrazioko Hezkuntza Departamentuaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituen ekainaren 24ko 57/2013 Foru Agindua.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko martxoaren 29an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

1. ERANSKINA

Zuzendaritza proiektuaren edukiak

Zuzendaritza proiektuak ondoko alderdi hauek bilduko ditu gutxienez:

A) Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuaren ezaugarri nagusien deskribapena eta analisia.

–Ikastetxearen definizioa.

–Ikastetxe bateratuaren prestakuntza eskaintza.

–Lanbide ingurunea.

–Produkzio ingurunea.

B) Zuzendaritza lanarekin lortu nahi diren lehentasunezko helburuak, eta aurkeztutako zuzendaritza proiektuak eta bere helburuek ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionalarekin duten lotura.

C) Jarduketaren lerro estrategikoak eta plan zehatzak, besteak beste hauekin lotura duten helburuak lortzeko:

–Kudeaketa prozedurak.

–Prestakuntza lanbide kualifikazioak lortzera bideratzea.

–Berrikuntza proiektuak.

–Gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak.

–Lanbiderako informazioa eta orientazioa.

–Irakasleen prestakuntza.

–Enplegurako prestakuntza.

D) Zuzendaritza kudeaketa eta zuzendaritza proiektua ebaluatzeko prozedurak, adierazleen edo parametroen bidez.

E) Izangaiak garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein alderdi.

Proiektuak 10 orri izanen ditu gehienez, DIN-A4 formatukoak, bi aldeetan idatziak, 12 puntuko calibri letra motarekin eta tarte bikoitzarekin.

2. ERANSKINA

Zuzendaritza taldeko kide izateko izendapen proposamena, eta zuzendaritza taldeko kidea izateko proposamena onartzea.

3. ERANSKINA

Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetako zuzendariak hautatzeko deialdian parte hartzeko eskabidea.

4. ERANSKINA

Izangaien curriculum vitaearen edukia.

Behera kargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1703939