65. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariak emana, toki entitateentzako diru-laguntza deialdi bat onesten duena gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak banatzeko.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Orobat, xedatzen du Nafarroako toki entitateen titulartasunpeko oinarrizko gizarte zerbitzuak, gizarte zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko unitateak izateaz gainera, sistema horretara heltzeko sarbide ere badirela, bai eta hartzaileengandik eta familiaren eta gizartearen esparrutik hurbilen dagoen maila ere. Gizarte zerbitzu horien eginkizunei dagokienez, besteak beste, arreta ematen diete gizarte zerbitzuen aurrean eskariak egiten dituztenei, lehen erantzuna emateko (30.b artikulua), eta gizarte larrialdietako prestazioak kudeatzen dituzte (30.h artikulua).

Nazioarteko ekonomia jasaten ari den krisi ekonomiko eta finantzarioak herritarrengan eta titulartasun publikoko gizarte zerbitzuetan dituen ondorioetako bat da oinarrizko gizarte zerbitzuek bermatu behar duten berehalako eta presako erantzuna nahikoa ez izatea haien eskumeneko oinarrizko eskualdean bizi direnek planteatzen dituzten behar sozialei aurre egiteko.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, 31.4 artikuluan, aukera ematen die oinarrizko gizarte zerbitzuei oinarrizko laguntzan egiten den esku-hartzea osatzeko, toki entitateek, nork bere lurralde eremuan eta bere eskumenen barrenean, ezartzen dituzten bestelako programa edo jarduketak garatuz.

Egoera ikusirik, toki entitateak zenbait neurri hartzen ari dira gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak emateko, beren udalerrietan bizi diren familia-unitateen presako behar sozialak berehalakoan bermatzeko asmoz.

Deialdi honen xedea da diru-laguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea, toki entitateek gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak banatzeko jarduketak egin ditzaten; izan ere, haien bidez ematen ahal diete lehen erantzuna herritarrek planteatzen dituzten gizarte beharrei.

Deialdi honek bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoak ikusita, agerian uzten dute, hurrenez hurren, oinarrizko gizarte zerbitzuak dituzten toki entitateei horrelako diru-laguntzak ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gizarte gaien arloan eta gizarteratze arloan esleitu zaizkion eskumenak erabiltzea Eskubide Sozialetako Departamentuari dagokio, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatuaren arabera.

Horrenbestez, departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia eta dagozkion oinarri arautzaileak onestea, gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak kudea ditzaten 2017an. Deialdiaren oinarriak foru agindu honen eranskinetan jaso dira.

2. Guztira, 2.000.000,00 euroko gastua baimentzea 2017ko gastuen aurrekontuko “Gizarte larrialdietako laguntzak” izeneko 900003 91600 4609 231503 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari igortzea, baita Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Foru agindu honen kontra, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko martxoaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak kudeatzeko 2017an

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren toki entitateei diru-laguntza sail bat emateko orduan aplikatuko den araubidea ezartzea 2017ko ekitaldirako, horien bidez gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarte prozesuetan laguntzekoak kudea ditzaten nork bere eskumenen esparruan.

2. Diru-laguntza horien helburua da Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoei erraztasunak ematea gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak kudeatu ditzaten. Laguntza horiek gabezia ekonomikoak edo/eta sozio-sanitarioak dituzten pertsonentzat dira, zailtasun handiak izaten baitituzte ostatu, energia, nutrizio, osasun eta hezkuntza arloko oinarrizko beharrak berehala asetzeko.

3. Familia-unitate bakoitzari ematen zaizkion gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarte prozesuetan laguntzekoak bateragarriak izanen dira ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan jasotzen diren prestazioekin (dekretu horren bidez Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen). Dena dela, ezinezkoa izanen da aldi berean tramitatzea, alde batetik, diru-laguntza hauen kontura ematen diren larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak, eta bestetik, Gizarte Zerbitzuetako Departamentuaren laguntza berezia, baldin eta haien zenbatekoa/kontzeptua/faktura berdina baldin bada. Ezin dira diru-laguntza hauen kontura egotzi toki entitateek familia-unitateei oinarrizko beharrak asetzeko ematen dizkieten aurrerakinak, baldin eta gizarteratze prozesuaren barrenean alderdiek adostutako akordioaren arabera itzuli behar badira.

Diru-laguntza hauek beste diru-laguntza edo laguntza mota batzuekin batera kobratzen ahalko dira, baina, betiere, diru-laguntzaren xedeko kontzeptuen kostu erreala gainditzen ez badute.

Bigarrena.–Definizioak.

1. Gizarte larrialdietako laguntza eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoa: ordainketa bakarreko prestazio ekonomiko bat da, gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko behar diren berariazko gastuei (arruntak edo bereziak) aurre egiteko baliabide ekonomiko aski ez duten familia-unitateei ematen zaiena.

Prestazio hauek ondoko ezaugarriak dituzte:

–Helburu zehatz baterako dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.

–Pertsonalak eta eskualdaezinak dira, familia-unitate batentzat diren aldetik.

–Berehala tramitatzekoak dira: laguntzak ahalik eta azkarren jasotzeko moduan kudeatuko dira.

–Profesionalen jardunaren osagarri dira, hau da, oinarrizko gizarte zerbitzuak familia-unitatean egiten duen esku-hartzeari laguntzeko neurri bat da.

2. Bizikidetzako familia-unitatea: foru agindu honen ondorioetarako, bertan sartzen dira eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi diren pertsona bat edo gehiago, ezkontzaren bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez elkartuta daudenak, edo bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa dutenak.

3. Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak: Familia-unitateari egozteko moduko diru-sarrerak eta ondarea (ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak).

Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira eskaera egiten denean unitateko edozein kidek eskuratutakoak kontzeptu hauen bidez:

–Besteren konturako lan etekinak edo enpresa edo lanbide jardueren bidezkoak (zenbateko gordinak kontuan hartuta, hau da, Gizarte Segurantzako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik eta antzekoengatik ordaindu beharrekoa kenduta), prestazioak eta pentsioak, eta hilero jasotzen den beste edozein diru-sarrera.

–Ohiko bizilekutik aparteko ondasun higiezinek emandako etekin garbiak (alokairuak, errentak,...).

Ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak bosgarren oinarriko 4. eta 5. puntuetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

Hirugarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horietarako, guztira, 2.000.000 euro bideratuko dira, 2017ko gastuen aurrekontuko “Gizarte larrialdietako laguntzak” izeneko 900003 91600 4609 231503 kontu-sailaren kargura.

Laugarrena.–Entitate eskatzaileek bete beharrekoak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3.1 artikuluarekin bat, baldin eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzu baten titularrak badira eta 2017ko ekitaldian aipatu diren jarduketak egiten badituzte edo egiteko asmoa badute.

Eskaerak deialdi honen 1. oinarrian adierazitako xede eta helbururako egokiak izan beharko dira.

Laguntza hauek oinarrizko eskualdean bizi diren pertsonen beharrak estaliko dituzte 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 22ra arte.

Bosgarrena.–Familia-unitate onuradunek bete beharrekoak.

Familia-unitateentzako gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak jaso ahal izateko, oinarrizko gizarte zerbitzuen ardura da baldintza hauek betetzen diren egiaztatzea:

1. Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo bere ardurapean seme-alaba adingabeak dituen 18 urte baino gutxiagoko adingabe emantzipatua.

2. Familia-unitatea erroldatua egotea bere erreferentziako oinarrizko gizarte zerbitzuaren oinarrizko eskualdeko herrietako batean.

3. Eskaera egiten denean familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak, bigarren klausularen 3. puntuan adierazitakoaren arabera kalkulatuak, ez izatea hurrengo eskala progresiboan adierazten diren kopuruak baino handiagoak (familia-unitatearen kide kopuruaren arabera):

FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUA

HILEROKO GEHIENEKO DIRU-SARRERAK 2017. URTEAN

1

1350 euro (2,25 EB, pertsona 1)

2

1500 euro (2,50 EB, pertsona 1)

3

1650 euro (2,75 EB, pertsona 1)

4

1800 euro (3,00 EB, pertsona 1)

5

1950 euro (3,25 EB, pertsona 1)

6 edo gehiago

2100 euro (3,50 EB, pertsona 1)

EB: Errenta bermatua.

4. Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino handiagoak. Foru lege horren bidez gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautu ziren (9360 euro).

5. Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko Errenta Bermatua halako hamar baino handiagoa (600*12*10= 72.000 euro). Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori egitea.

6. Berariazko gastuei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Familia-unitate eskatzailea Errenta Bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 3., 4. eta 5. ataletan eskatutakoa.

Seigarrena.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduketa bera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahalko dira.

Zazpigarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira, pertsonen gizarteratze eta laneratze prozesua errazten badute eta 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 22ra bitarte egiten badira.

2. Kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako diru-muga arteko diru-laguntzak emanen dira. Familia-unitate bakoitzeko, 3.000 euroko diru-muga ezarri da urte osorako.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak kategoria hauetako batekoak izan beharko dira:

a) Ostatua.

a.1) Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar), auzokideen elkarteko gastuak.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 2.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

a.2) Etxebizitza berria alokatzeko kontratua, eskatzailearen ohiko bizileku erreal eta benetakoa izan behar duenean, hasierako ordainketa harentzat ohiz kanpokoa denean eta bere baliabide ekonomikoekin etxebizitzaren ohiko ordainketa bermatzen ahal duenean.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 2.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

b) Oinarrizko hornidurak.

b.1) Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuetakoak (estolderia, zaborrak biltzea, eta abar).

b.2) Argindarra, gasa, berokuntza, ur bero zentrala eta bestelako erregaiak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasoila, eta abar).

b.1) eta b.2) kontzeptuen konturako gehieneko laguntza, urtean eta bi atalak baturik, 800 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

b.3) Oinarrizko horniduren kontratuen altak ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 3.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

c) Elikadura eta osasuna.

c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (norberaren eta etxeko higienerako oinarrizko gaiak).

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kideen kopuruaren arabera:

FU-KO KIDEAK

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Kide bat

500 euro urtean

2 kide

700 euro urtean

3 kide

940 euro urtean

4 kide edo gehiago

1.220 euro urtean

c.2) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak, lekualdatze edo egonaldi behartuek sortutako gastuen kasuetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretuaren bidez estaltzen ez badira; edo osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua, fakultatiboek agindutakoa bada; gehienez 500 euro urtean, pertsona bakoitzeko.

c.3) Norberaren funtzionamendu integraturako beharrezkoak diren elementuak eskuratzeko laguntzak; zentzumenei lotuak ere izan daitezke (entzumenari eta ikusmenari); 500 euro, gehienez ere, pertsona bakoitzeko.

c.4) Beste jarduketa sozio-sanitario batzuk, gizarte-bazterketa saihesteko eta gizarteratzea errazteko, gehienez ere 500 euro urtean pertsona bakoitzeko.

d) Hezkuntza eta gizartean eta lan munduan sartzea.

Gizarteratzeko eta/edo lan munduan sartzeko laguntza. Gizarteratzen edo/eta lan munduan sartzen laguntzen duten diru-laguntzak aurreikusten dira; bereziki, hezkuntza jarduera arautu gabeetan parte hartzeko aukera ematen duen sostengu puntualak, prestakuntzan hasteko modu bakarra direnean.

Gehienez ere 800 euro urtean familia-unitate bakoitzeko.

e) Oinarrizko beste premia batzuk betetzea.

Aurreko ataletan jaso gabeko beste egoera batzuk, haien apartekotasunaren arabera eta familia-unitateak jasan ditzakeen kalte konponezinen arabera.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FU-KO KIDE KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Kide bat

500 euro urtean

2 kide

700 euro urtean

3 kide

940 euro urtean

4 kide edo gehiago

1.220 euro urtean

Zortzigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari zuzenduak. Lizitatzaileek Nafarroako Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan aurkezten ahalko dituzte proposamenak (González Tablas kalea 7, Iruña, 31005), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan (urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen indargabetzaile bakarra).

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdeko idazpuruan garbi agerrarazteko bulegoaren izena eta eguna, tokia eta ordua (minutuak eta guzti).

Eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten ez bada, entitate eskatzaileak Oinarrizko Laguntzaren eta Laguntza Komunitarioaren Atalari lehenbailehen adierazi beharko dio eskaera bidali duela. Horretarako, posta elektronikoa erabiliko du (dgasaprimaria@navarra.es).

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Bederatzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta, honako agiri hauek erantsirik aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea, berariaz prestatutako ereduaren araberakoa (ikus II. eranskina). Eredua Eskubide Sozialetako Departamentuko oinarrizko gizarte zerbitzuen web orriaren Komunikazio Atarian eskura daiteke.

b) Larrialdietako laguntzak emateari buruz 2017. urtean indarra duen ordenantzaren kopia, toki entitateak horrelakorik badu.

c) Entitate eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.

Hamargarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean atzera egiten duela ulertuko dela:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Eskatutako agiriak aurkeztu ezean, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarri bezala.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari lotutako kasu guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamaikagarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, III. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Diru-laguntzarako eskaera aintzat hartua izateko, programak gutxienez 30 puntu lortu beharko ditu.

3. Ematen den diru-laguntza entitateak eskatutakoa izanen da.

4. Onesten diren programen balorazioaren ondorioz guztira emateko ateratzen den diru kopuruak aurrekontuko diru-izendapen erabilgarria gainditzen duenean, toki entitate onuradun bakoitzari eman beharreko kopurua mugatuko da, oinarri hauen IV. eranskinean jasotzen diren adierazleren arabera hainbanatuta.

Hamabigarrena.–Alegazioen tramitea.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

Hamahirugarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: diru-laguntzak zer entitateri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Hamalaugarrena.–Jakinarazpena eta publizitatea.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamabosgarrena.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Oro har, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko dira diru-laguntzak, jarduera egin dela justifikatu ondoren 16. oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Ordainketa partzialak egiten badira, ordainketa proportzionalak izanen dira, gastuak justifikatu ondoren.

2. Ordainketa aurreratua egitea onar dezake organo laguntza-emaileak, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik eduki beharra justifikatzen baldin bada. Horretarako, entitateak behar hori justifikatzen duen txostena aurkeztuko du, non une horretan entitateak banku-kontuetan dituen saldoak agertuko baitira, ekitaldi horretako diruzaintzaren fluxua, edo, bestela, diruz lagundutako jarduera ez geldiarazteko edo hasteko dirua behar dela frogatzen duen edozein agiri.

3. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa den kasuetan, honela jokatuko da:

a) Onartutako diru-laguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, aurrerakin gisa.

b) Onartutako diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, honela ordainduko da: Guztirako zenbatekoaren %50 hasierako ordainketa batean, eta gainerako %50a, gastuak eta kofinantzaketa, horrelakorik bada, justifikatu ondoren.

Hamaseigarrena.–Diru-laguntza justifikatzea.

1. Entitate onuradunek honako agiri ekonomiko eta teknikoak aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako programa gauzatu dutela justifikatzeko, inprimaki ofizialetan betiere:

a) Entitatearen fede publikoa daraman idazkariaren edo pertsonaren ziurtagiria, emandako diru-laguntzaren guztirako gastuari eta entitatearen ekarpen ekonomikoari buruzkoa; ziurtagiri horri eredu normalizatuaren araberako zerrenda bat gehituko zaio, non honako hauek azalduko baitira: pertsona onuradunen espediente zenbakia, emandako gizarte larrialdietako laguntzen kontzeptuak eta haien zenbatekoak, eta 5. oinarrian adierazitako baldintzak betetzen direla. Gainera, berariaz adierazi beharko da familia-unitate bakoitzari tramitatutako/emandako diru zenbatekoak, beste laguntzekin batera konputatuta, ez duela gainditzen estali beharreko beharren kostu erreala.

Ziurtagiria eta kudeatutako laguntzen zerrendak Tramit@ aplikazioaren bidez lortzen ahal dira.

Diru-laguntzaren azken ordainketa jasotzeko edo, kasua bada, diru-laguntza osorik jasotzeko eskubidea ematen duen aurkezpena egiteko azken eguna 2017ko abenduaren 22a izanen da.

b) Diruz lagundutako jarduketen gaineko azken txosten teknikoa, prestatutako ereduari jarraikiz egina. Txosten horretan jasoko dira, gutxienez, egindako jarduketen laburpena, gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak eman arte igarotako batez besteko denbora, eta proposatutako adierazleen araberako ebaluazioa, zenbateraino bete den ikusteko.

Txostenaren azken eguna 2017ko abenduaren 22a izanen da.

c) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren gauzatze edo martxa onaren berri emateko.

2. Gizarte larrialdietarako eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzeko ematen diren laguntza guztiek gastu eta ordainketen frogagiriak beharko dituzte, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Frogagiriak fakturak izanen dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, diru-laguntza emateko banakako espedienteetan artxibatuta egon beharko dute. Horiek guztiak jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira.

3. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko itzulketa bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera horren bidez entitateak adieraziko du itzuli duen zenbatekoari uko egiten diola.

Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatuko dion ordainketa-gutunaren bidez eginen da itzulketa.

Hamazazpigarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

1. Entitate onuradunak ezin izanen du hirugarrenekin azpikontrataziorik egin diru-laguntzaren xedeko jarduera osorik edo hein batean gauzatzeko. Onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Hemezortzigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematea eragin duten jarduerak eskaeraren eta, halakorik bada, eskaera aldatuaren arabera gauzatzea, baita deialdi honetako oinarrien, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera ere, eta kontzeptu honetarako esleitutako funtsak hartarako baino ez erabiltzea.

b) Larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak ematea balorazio soziala egin ondoren, eta tokian tokiko oinarrizko gizarte zerbitzuko gizarte-langileak proposatuta. Berariaz adierazi beharko da familia-unitate bakoitzari tramitatu/eman zaion zenbatekoak ezin izanen duela inoiz beharraren kostu erreala gainditu, beste laguntza batzuekin baturik.

c) Laguntzak ahalik eta lasterren tramitatu eta ordaintzea, interesdunak oinarrizko gizarte zerbitzuari beharraren berri ematen dionetik kontatuta.

Ordainketa banku-entitate baten bidez egiten bada, familia-unitate eskatzaileak jakitera ematen duen banku-kontuan eginen da, salbu eta familia-unitateak berariaz baimentzen badu beste pertsona edo entitate baten kontuan egitea, hots, zorra pertsona/entitate harekin duelako edo laguntzaren xedeko beharrak hark estali behar dituelako.

d) Larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak oinarrizko gizarte zerbitzuetatik kudeatzea, Tramit@ aplikazio informatikoaren bidez, hala laguntzak erregistratzeko orduan, nola gastua justifikatzean. Aplikazio horretan sartzeko baimenak, horren gaineko prestakuntza eta funtzionamenduan gertatzen diren gorabeherak konpontzeko lanak Eskubide Sozialetako Departamentuak kudeatuko ditu.

e) Diruz lagundutako jarduketak gauzatu direla eta horietan izandako gastu guztiak justifikatzea, oinarri arautzaile hauetan adierazitako frogagiriak aurkeztuz. Toki entitateak diru-ekarpen bat egiten badu, konfinantzaketaren portzentajea eskaeran (edo haren birformulazioan) finkatutakoa edo hortik gorakoa izanen da.

f) Egiaztapen lan guztiak onartzea, hala diru-laguntza ematen duen organoak egiten dituenak nola indarreko ordenamendu juridikoaren arabera horretarako eskumena duten gainerakoek egiten dituztenak, eta horretarako eskatzen zaizkien agiri guztiak aurkeztea.

g) Diru-laguntza nork eman duen adieraztea programaren zabalkundean eta publizitatean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Entitateek foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1 b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

h) Helburu bererako beste diru-laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea diru-laguntzak ematen dituen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

i) Programa gauzatu ezin bada edo diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua itzultzea, edo, justifikatu gabeko zatirik bada, hari dagokiona.

j) Jasotzen diren bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa finkatzeko kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari. Betiere, funtsezko aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Salbuespen gisa, diru-laguntza hartzen duten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako jarduketen edukia aldatzeko eskatzea, bai eta haiek egiteko modua eta epeak ere, jarduketak gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, edo/eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

k) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

l) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

Hemeretzigarrena.–Jarraipena.

Instrukzio organoak diruz lagundutako jarduketen segimendu eraginkorra egiteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, eta entitateak horretarako ematen zaion epearen barrenean aurkeztu beharko du.

Halaber, instrukzio organoak jarraipen bisitak egiten ahalko ditu programak betetzen direla eta diru-laguntzak behar bezala aplikatzen direla ziurtatzeko.

Hogeigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Programa gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea. Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

2. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Diruz lagundutako programaren arlo teknikoa eta aurrekontua zenbateraino bete den.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Txostenak epetik kanpo aurkezten direnean, zenbat egun iragan diren.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari.

Hogeita batgarrena.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Hogeita bigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin da; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.

II. ERANSKINA

Oinarrizko gizarte zerbitzuak. Gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak (PDFa).

III. ERANSKINA

Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak

Eskaera bakoitzak 100 puntu lortzen ahal ditu, gehienez.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, entitateek gutxienez 30 puntu lortu beharko dituzte, honela banatuak:

1. Toki entitateek lehendik araudi bat izatea larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak arautzeko:

–Udal ordenantza arau-emailea badago: 25 puntu. Eskabide-orrian ordenantza badutela adierazi beharko da, eta kopia bat erantsi.

–Udal ordenantza arau-emailerik ez badago: 0 puntu.

2. Laguntzak tramitatu eta kudeatzeko kalkulatzen den batez besteko denbora, laguntza eskatzen denetik familia-unitateari ordaindu arte.

5 lanegun gehienez: 25 puntu.

6-15 lanegun bitarte: 15 puntu.

16 egun edo gehiago: 10 puntu.

Eskabide-orrian laguntzak tramitatu eta kudeatzeko batez besteko denbora adierazi beharko da.

3. Ebaluazioaren adierazleak:

Entitate eskatzaileak ebaluazioa egiteko aurreikusitako adierazleetatik zein aukeratzen duen adierazi beharko du:

–25 puntu, adierazitako guztiak aukeratzeaz gainera, adierazle gehiago ere proposatzen baditu.

–15 puntu, adierazitako guztiak aukeratzen baditu.

–10 puntu, gutxienez adierazle kuantitatibo bat eta adierazle kualitatibo bat aukeratzen baditu.

4. Xede berberetarako diru-laguntza jaso zuen azkeneko deialdian exekutatutako gastuaren portzentajea.

–Emandako diru-laguntzaren %100 exekutatu bada: 25 puntu.

–Emandako diru-laguntzaren %51tik %99ra bitarte exekutatu bada: 15 puntu.

–Emandako diru-laguntzaren %50 edo hortik behera exekutatu bada: 10 puntu.

IV. ERANSKINA

11.4 oinarria aplikatzeko adierazleak

11.4 oinarria oinarrizko eskualde bakoitzerako ezarri diren adierazle hauen arabera aplikatuko da (erreferentzia 2016/12/31 izanen da):

–Biztanleria osoarekin alderatuta, Errenta Bermatuaren prestazioa kobratzen ari diren pertsona onuradunen ehunekoa (%50).

–Biztanleria osoarekin alderatuta, langabezian dauden pertsonen ehunekoa (%50).

Iragarkiaren kodea: F1703458