65. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoko lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2016ko abenduaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoko lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Hura 2017ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 11n.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean jarri zen, horretarako iragarkia 2017ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urtarrilaren 11n, baita Herriko Etxeko iragarki oholean ere.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2017ko otsailaren 27an.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAREN, HEGALKINAREN ETA ZORUPEAREN ERABILERA PRIBATIBOA EDO APROBETXAMENDU BEREZIA EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitateak dira herriko jabari publikoko lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak, hala nola:

a) Erabilera publikoko lurren zorupea okupatzea.

b) Erabilera publikoko lurrak salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, puntal, euskarri, aldamio edo gisako instalazioen bidez okupatzea.

c) Pisuetako burdinsareak, lukanak, arnasbideak, ateak, karga-ahoak edo gisako elementuak instalatzea, herriko edozein eremu publikotako lurzorua edo zorupea okupatzen dutenak, soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera eman ahal izateko; halaber, argi-sare publikotik egindako hargunea.

d) Herriko edozein eremu publikotako hegalkina okupatzea, eraikuntza elementu itxiak, terrazak, behatokiak, balkoiak, markesinak, eguzki-oihalak, haize-babesak edo gisakoak jarriz; orobat, eremu publikoaren gainean dauden edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren hegalak, eta balkoi eta terrazak kristalez ixtea.

e) Toki entitateko eremu publiko edo jabari publikoko bertzelako lurretan edo haien hegalkinean kokatuta dauden hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein isurkari eramateko; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, aldamioak eta gisakoak; eta salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

f) Irabazteko xedearekin mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak edo haien gisako bertzelako elementuak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

g) Eremu publikoan kioskoak paratzea.

h) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun, atrakzio eta jolaskizunak jartzea, bai eta kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa ere.

i) Portada, erakusleiho eta beira-arasak.

j) Erregaiaren biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, erabilera publikoko herri-lurretan kokatutako edozein artikulu edo salgai.

k) Toki entitateko jabari publikoko lurrak okupatzen dituzten edo herriko errepide edo eremu publikoetatik ikusgarri diren iragarkiak jartzea.

l) Lur, eraikin edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak zein behin-behinekoak, herriko eremu publikoetan.

m) Banku entitateen kutxazain automatikoak eta bideo denden eta gainerakoen saltzeko makinak, erosleak karrikatik erabiltzen dituenak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentziarik aurretik izan gabe ere erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, zerga jasan beharra eta ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa ordaindu beharra sortuko dira. Pagatzeak, baina, ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke eta, kasua bada, zigorrak ezarrita.

Ordenantza honen xede diren erabilera edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sorrarazpena agintzen duten kasuetan, tasa urtero urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zerga aldia urte naturala izanen da edo sasoiko epea, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zerga aldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko, mahai eta aulkien kasuan izan ezik.

Festetan, kalez kaleko salmenta denean, eranskinean aipatzen den fidantza emanen da, eskabidea egiten denean. Azkenik, behar den baimena tramitatu eta eman ondotik, onuradunaren erruz salmentan hasten ez bada, zenbateko hori Udalak beretako hartuko du, tramitazioko gastu gisa.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta, toki entitateko jabari publikoko lurzoru, hegalkin edo zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titular edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute subsidiarioki.

5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, hegalkinean eta zorupean egindako erabilera edo aprobetxamenduen tasak horien gaineko ordenantza fiskalen edo aplikagarri diren udal erabakien menpe egonen dira.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da erabileraren edo aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako bide publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua. Tarifak ordenantza fiskal honen eranskinean agertzen dira; Udalak horiek aztertu eta onetsiko ditu urtero.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aitzinetik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko Udalaren txosten teknikoa aitzinetik eginda.

Eremu publikoa edukiontziekin okupatzen bada, eremu publikoan edukiontziak paratzeari buruzko Ordenantzan ezarritako zenbatekoei jarraikiz finkatuko da gordailua.

Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko txostena, non indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete eta zoladura behar bezala konpontzen den islatuko baita.

9. artikulua. Erabilera dela eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki konponezintzat hartuko diren kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan eta 20 urte baino gehiagoko zuhaitzetan egindakoak izanen dira.

Lehenik eta behin fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte.

10. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa sei hilabetetik behin ordaindu beharko da, zergadunaren egutegian ezarritako epe eta baldintzetan.

2. Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badute, aurretik dagokien kuota ordaindu beharko da. Horrela izanez gero, txartela jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.

3. Gainerako kasuetan, likidazioa dagokion bulegoan eginen da. Tasa lizentzia edo kontzesioa eman dela jakinarazi baino lehenago ordainduko da, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, pagamendua erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan eginen da, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordain daiteke hiruhileko mugaeguna iragandakoan. Ez da eginen hiruhilekoaren likidazioa, baldin eta erabilerari edo aprobetxamenduari uko egiten bazaio hiruhileko hori hasi baino hilabete lehenago gutxienez.

Salbuespenak, hobariak eta ez ordaintzeko kasuak

11. artikulua. 1. Tasak ordaintzetik salbuetsita daude Espainiako Itsuen Erakundearen kioskoak.

2. Bide publikoa okupatzeko tasa zein kasutan ez den ordaindu behar:

a) Garesko kultur, gizarte eta ongintzako elkarteak, irabazi-asmorik gabekoak.

b) Informazio, pedagogia, zientzia, laguntza edo enplegu kanpainetan, irabazi-asmorik gabeko elkarteek egiten dituzten okupazioak, haien jarduerarekin ikustekoa badute eta salmentarik, merkataritzarik, negoziorik edo transakziorik gabe egiten badira.

c) Aspalditik egin diren kanpainak ongintzarako dirua biltzeko (Gurutze Gorria, minbiziaren kontrako kanpaina, HIESaren kontrako kanpaina, etab.), eremu publikoa okupatzea badakarte.

d) Garesko Udalak babestuta edo sustatuta bide publikoan egiten diren jarduerak, entitate edo elkarte pribatuek antolatzen badituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1702531