65. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua. Behin betiko onespena

Iruñeko Udalbatzak, 2017ko martxoaren 2an egindako Osoko Bilkuran, Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua onetsi zuen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iruñean, 2017ko apirilaren 3an. Alkatea, Joseba Asiron Saez.

IRUÑEKO UDALTZAINGOAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDU ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA.

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.

II. TITULUA.–Iruñeko Udaltzaingoaren antolaketa.

I. KAPITULUA.–Antolaketa-egitura.

II. KAPITULUA.–Arloak eta brigadak.

I. atala.–Arloak.

II. atala.–Plangintza Estrategikoko eta Koordinazioko Arloa.

III. atala.–Hurbiltasun eta Prebentzioko Arloa.

IV. atala.–Bitartekaritza eta Instrukzioko Arloa.

V. atala.–Bide Segurtasuneko Arloa.

III. TITULUA.–Udaltzaingoaren funtzionamendua.

IV. TITULUA.–Egiturarako laguntza. Baliabide materialak.

V. TITULUA.–Lanpostu-hornikuntza.

I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak.

II. KAPITULUA.–Lanpostu-hornikuntza lehiaketa eta berariazko lehiaketa bidez.

III. KAPITULUA.–Izendapen askea eta behin-behineko atxikipena.

IV. KAPITULUA.–Lanpostuen hornikuntzarako bestelako erak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK.

LEHENA.–Polizia-eginkizunak.

BIGARRENA.–Berregituraketa.

HIRUGARRENA.–Polizia-etikako araudia.

LAUGARRENA.–Bitarteko izendapenak.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.

AZKEN XEDAPENA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeak xedatzen du polizia kidegoak dituzten toki-erakundeek antolaketa araudiak egin edo, hala behar izatera, egokitu eginen dituztela Foru Legearekin bat.

Foru legearen agindua betetze aldera, eta testua osatzen ordezkari sindikal gehienek parte hartu dutelarik, Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendu hau idatzi da Iruñeko Udaltzaingoari aplikatzeko.

Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen zioen azalpenean adierazita dago Nafarroako polizietan dagoen bitasuna -batzuk Nafarroako Gobernuaren menpe baitaude eta beste batzuk toki-erakundeen menpe-, ez dela jarduteko printzipio ezberdinak izateko aitzakia. Printzipio horiek komunak izan behar dute, eta bat etorri segurtasun publikoaren indar eta kidego guztietako oinarrizko jarduketa irizpideekin. Horrez gain, eta udal-autonomiaren adierazpen gisa, toki-erakundeek foru arauen osagarriak diren arauak ematen ahalko dituzte udaltzaingo bakoitzaren berezko antolaketarako.

Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legeak honako helburu hauek ezarri ditu Nafarroako Polizia Kidegoetarako:

–Ordenamendu juridikoaren arabera, pertsonek aitorturik dituzten askatasun eta eskubideak babestea eta begiratzea.

–Segurtasun eta lasaitasun publikoa, legearekiko errespetua eta gizarte-ordena bermatzea.

–Delinkuentziari aurre egitea eta haren kontra borrokatzea.

–Herritarrei laguntza eta zerbitzuak ematea.

Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendu honek Iruñeko Udaltzaingoari bere eginkizunaren arabera dagozkion zereginak garatuko ditu, bat etorriaz honako hauekin: Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legea, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko 2/1986 Lege Organikoa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legea eta Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurrien gaineko 57/2003 Legea, bai eta Iruñeko udaltzainen lanpostuei dagozkien zereginak eta Iruñeko Udaltzaingoa osatzen duten unitateenak ere.

Horrenbestez, eta Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrak proposaturik, Iruñeko Udalbatzak, 2017ko martxoaren 02ko bilkuran, Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta funtzionamendu erregelamendua onetsi du.

IRUÑEKO UDALTZAINGOAREN ANTOLAKETA
ETA FUNTZIONAMENDU ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Udalaren Osoko Bilkurak 1964ko urtarrilaren 8an hartutako erabakiaren bidez, Iruñeko Udaltzaingoa sortu zen, Iruñeko Udalaren mendeko erakunde armatu zibila dena.

2. Erregelamendu honen xedea Iruñeko Udaltzaingoa berrantolatzea da. Horretarako, egitura berria emanen zaio, agindutako eginkizunak eraginkortasunez bere gain hartzeko gai izan dadin.

3. Barne-antolaketari, eginkizunei eta funtzionamenduari dagokienez, erregelamendu honek eta gainerako xedapen aplikagarriek arautuko dute Iruñeko Udaltzaingoa.

4. Halaber, erregelamenduak xede du Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko lanpostuak hornitzeko prozesuetan jarraitu beharreko araubidea xedatzea.

5. Iruñeko Udaltzaingoari atxikitako lanpostuak merezimendu, gaitasun, antzinatasun, berdintasun, gardentasun eta publizitate printzipioen arabera beteko dira, erregelamendu honetan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua. Jarduketa eremua.

1. Udaltzainek Iruñeko udal-mugartean gauzatuko dituzte eginkizunak.

2. Iruñeko Udaltzaingoa bere eremutik kanpo aritzen ahalko da, honako inguruabar hauek gertatzen badira:

–Eskudun agintariak eskatzen badio, larrialdi egoeretan edo beste toki entitate bati laguntzeko.

–Tokiko Segurtasun Batzordeak, Alkatetzak edo horrek eskuordetzen duen pertsonak baimena ematen badio.

–Aginte judizialak hala agintzen badio.

–Udal-mugartetik at egiten diren zerbitzuak haien agintarien zuzeneko agintepean egiten badira.

3. Aurreko inguruabarrak gertatzen ez badira ere, udal-mugartetik kanpo aritzen ahalko da, premiazko beharrari erantzuteko eta administrazio-oharrak edo ebazpenak jakinarazteko.

3. artikulua. Eginkizunak.

Iruñeko Udaltzaingoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Iruñeko udal-mugartean prebentzio-eginbideak egitea, baita bestelako jarduketak ere, delitu-egintzak egitea eragozten dutenak eta herritarren segurtasuna eta eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzen dituztenak.

–Iruñeko udal-mugartean zirkulazioa antolatu, seinaleztatu eta zuzentzea, indarreko legedian ezarritakoarekin bat.

–Bide-hezkuntzan eta elkarbizitzaren aldeko hezkuntzan parte hartzea eta beharrezko laguntza ematea hori eskatzen duten erakunde, elkarte eta ikastetxeei.

–Tokiko Udalbatzako agintariak babestea.

–Udal eraikinak zaindu eta babestea.

–Polizia Administratiboko lanetan aritzea, bere eskumeneko esparruaren barneko udal ordenantzei, bandoei eta gainerako xedapenei eta gainerako lege eta xedapen orokorrei dagokienez. Bere eskumeneko esparruan agintariek emandako aginduak beteko ditu.

–Lege eta xedapen orokorrak betetzen direla zaintzea eta oinarrizko zerbitzu publikoak betetzen direla bermatzea.

–Jolas jardueretan eta ikuskizun publikoetan legezkotasuna betetzen dela babestu eta zaintzea.

–Istripu, hondamendi edo zorigaitz publikorik egonez gero, laguntza ematea eta Babes Zibileko planetan parte hartzea, legeetan ezarri bezala.

–Iruñeko udal-mugartean zirkulazio-istripuetan atestatuak instruitzea.

–Salaketak jasotzea eta atestatuak instruitzea, Iruñeko udal-mugartean egindako zigor arloko lege-hausteen ondorioz.

–Polizia judizial gisa jardutea, legeek eta, batez ere, prebentzio neurriei eta hasierako eginbideei lotutakoek adierazi bezala; txosten judizialak egitea; zitazio judizialak jakinaraztea; batzorde judizialak babestea; eta polizia judizialaren gainerako eginkizunak, Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurrien gaineko 57/2003 Legeak xedatu bezala.

–Etxe barruko atzipenaldiak betetzen diren kontrolatzea; atxilotuak eramatea; eta epailearen esku uzten diren atxilotuen udal gordailuaren zerbitzua gauzatzea.

–Espazio publikoak zaintzea eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoekin zein Foruzaingoaerkin batera lan egitea, manifestaldiak babesteko eta giza kontzentrazio handietan ordenari eusteko, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

–Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

–Genero-indarkeria prebenitzea, gizarte-arreta ematea eta gaiari buruzko neurri judizialak kontrolatzea.

–Udalbatzaren ordezkaritza-zereginetan hari laguntza ematea.

–Poliziaren beste edozein eginkizun, antolamendu juridikoaren arabera esleitu edo agintzen zaiona.

4. artikulua. Mendekotasun organikoa.

Iruñeko Udaltzaingoa alkatearen mende egonen da, edo, hala behar izatera, zinegotzi ordezkari eskudunaren mende.

II. TITULUA

Iruñeko Udaltzaingoaren antolaketa

I. KAPITULUA

Antolaketa-egitura

5. artikulua. Udaltzainburua.

1. Alkatearen agindupean, eta alor eskudunaren bitartez, udaltzainburuari dagokio Iruñeko Udaltzaingoaren agintaritza operatiboa, esleituta dituen eginkizunak betetzeko.

2. Alkateari dagokio udaltzainburua hautatzea, eta hori izendapen libreko behin-behineko langiletzat joko da.

3. Iruñeko udaltzainburuari honako hauek ere badagozkio:

–Iruñeko Udaltzaingoari esleitutako zerbitzu guztiak egiteko modua zuzentzea.

–Haren mendeko langile guztiei eginbeharrak zehatz betetzeko galdatzea egitura hierarkikoa kontuan hartuta funtzionario bakoitzari dagozkion eskuduntzak ezertan ukatu gabe.

–Iruñeko Udaltzaingoa osatzen duten alor guztien jarduera bulkatu eta koordinatzea, eta horien lanaren jarraipena egitea.

–Langileen prestakuntzaren egoera, materialaren kontserbazioa, zerbitzuen betetze-maila eta, oro har, Iruñeko Udaltzaingoari buruzko kontu guztiak ikuskatzea.

–Alorreko zuzendariari, zinegotzi ordezkariari eta alkateari Iruñeko Udaltzaingoaren funtzionamenduaren eta antolaketaren berri ematea.

–Iruñeko Udaltzaingoa osatzen duten pertsonendako berariazko prestakuntza planetarako proposamenak egitea, arloen funtzionamendua hobetzeko eta herritarren gogobetetasuna lortzeko.

–Urteko aurrekontu beharrak aurreikustea eta Alor eskuduneko zuzendariari helaraztea.

–Fiskalekin, epaileekin eta auzitegiekin behar diren harremanak edukitzea, polizia judizialaren esparruan Iruñeko Udaltzaingoari dagozkion lanetan.

–Diziplinako arau-hauste arinen zehapenak jartzea eta, arau-hausteak larriak eta oso larriak direnean, espedienteak abiaraztea.

–Zorion publikoa edo pribatua ematea hori merezi duten Iruñeko udaltzainei eta beste sari batzuk emateko proposamenean parte hartzea.

–Foruzaingoarekin, Polizia Kidego Nazionalarekin, Guardia Zibilarekin eta beste udaltzaingo batzuekin harremanetan egotea, lankidetza eta koordinazio egokia izan beharrez.

–Lege eta erregelamendu xedapenak, Alkatetza-Udalburutzaren ebazpenak eta Udalbatzaren erabakiak betetzen direla zaintzea, Udaltzaingoa ukitzen badute.

–Beste agintari eta erakundeen aurrean Udaltzaingoaren ordezkari gisa aritzea, goragoko agintariei dagokien ordezkaritza deusetan ukatu gabe.

–Lege edo udal xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk.

4. Eritasunaren edo aldi baterako beste edozein ezintasunen ondorioz udaltzainburuak luzaroan postutik kanpo egon behar badu, alkateak edo zinegotzi ordezkariak hautatuko duen komisario nagusi batek -edo, halakorik izan ezean, Iruñeko Udaltzaingoko komisario batek- beteko ditu haren eginkizunak, bitarteko udaltzainburu gisa, titularra itzultzen den arte.

6. artikulua. Unitate organikoak.

1. Iruñeko Udaltzaingoa, funtzionamenduari begira, honako maila hauetan egituratzen da, altuenetik baxuenera: arloak, brigadak, taldeak eta lantaldeak.

2. Buru batek zuzenduko du alor, brigada eta talde bakoitza, kasuan kasuko unitateko buru deituko dena.

3. Oro har, arloek komisario bat izanen dute buru; brigadek, inspektore bat, eta taldeek, inspektoreorde bat.

4. Salbuespen gisara, unitate organikoek beheragoko hurrengo mailako lanpostua duen polizia bat izan lezakete buru, horretarako behar bezalako arrazoiak badaude, tamainaren, espezializazioaren eta antzeko bestelako parametroen aldetik. Halakoetan, polizia horrek bere enpleguari dagozkion ordainsariak eta burutzagatik dagozkion osagarriak jasoko ditu.

7. artikulua. Arloak.

1. Arloa unitate organikoa nagusia da, izaera homogeneoko polizia-eginkizunak dituzten brigada guztiak elkartzen dituena, eta hari dagozkio osatzen duten unitateen aginte gorena, eta horien jarduera sustatu, koordinatu eta kontrolatzeko zereginak.

2. Arloa komisario batek edo, salbuespen gisa, inspektore batek zuzenduko du, hori osatzen duten polizien kopuruaren eta garatu beharreko zereginaren garrantziaren arabera. Arloko buru esanen zaie.

3. Arloko buruak arloko gaietan dagozkion eginkizun orokorren gaineko agintea izanen du, eta eginkizun horiendako esparrua ezarriko duten jarraibide orokorrak emanen ditu.

8. artikulua. Brigadak.

1. Brigada unitate operatiboa da, izaera homogeneoko polizia-eginkizunak dituzten talde guztiak elkartzen dituena.

2. Brigada inspektore batek edo, salbuespen gisa, inspektoreorde batek zuzenduko du, hori osatzen duten polizien kopuruaren eta garatu beharreko zereginaren garrantziaren arabera. Brigadako buru erranen zaie.

9. artikulua. Taldeak.

1. Taldea unitate bat da zeinari zeregin espezializatuak zuzenean gauzatzea baitagokio, polizia jardueraren barnean.

2. Inspektoreorde batek zuzentzen ahal du taldea. Taldeko buru esanen zaie.

10. artikulua. Lantaldeak.

1. Talde batzuen barruan, eta funtzionaltasun-irizpideei helduta, lantaldeak antolatzen dira, berariazko zeregin operatiboei ekiteko.

2. Organikoki zein talderen menpe egon, eta talde horren arduraduna izanen da lantaldeko burua.

11. artikulua. Unitateak sortu, aldatu eta kentzea.

1. Udalaren Osoko Bilkurari dagokio arloak eta brigadak sortu, aldatu edo kentzea. Tokiko Gobernu Batzarrari dagokio alor edota brigada bakoitzeko udaltzain kopurua aldatzea, dagokion lanpostuen zerrendaren bitartez.

2. Erregelamendu honek arloak eta brigadak baizik ez ditu garatzen.

3. Alkateari edo hark eskuordetzen duen zinegotziari dagokio taldeak sortu, aldatu edo kentzea, betiere ebazpen bidez egin behar duelarik.

4. Udaltzainburuari dagokio lantaldeak sortu, aldatu edo kentzea, Burutzaren agindu bidez egin behar delarik.

12. artikulua. Burutzen hornikuntza.

1. Alkateari edo hark eskuordetzen duen zinegotziari dagokio alor eta brigada buruak libreki izendatzea, Iruñeko Udaltzaingoko langileen artetik, Iruñeko udaltzainburuak hala proposatuta.

2. Aurreko zenbakian aipatutako unitateetako buruak kanpoan edo eri badaude edo beste edozein ezintasun suertatzen bazaie aldi luze batean, alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak haren ordez izendatzen ahalko dute, betiere udaltzainburuak proposatuta, maila bereko lanpostua duen agintari bat, edo, halakorik ezean, beheragoko hurrengo mailako lanpostua duena.

3. Oro har, taldeko buruak deialdia egin ostean izendatuko dira, antolaketa-unitateari atxikitako langileen artean, eta erregelamendu honetan xedatutako prozedurari jarraituta. Salbuespen gisa, eta aintzat hartuta lanpostuaren berariazko inguruabarrak, Erakunde Segurtasuneko Taldeko burua izendapen askeko prozeduraren bitartez beteko da, lanpostuan aritzeko eskatzen diren betekizunak betetzen dituzten Iruñeko Udaltzaingoko langileen artean.

4. Taldeetako burutzak kasu bakoitzean eskatzen den mailatik beherako lanpostua duten udaltzainek betetzen ahalko dituzte, baldin eta plantillan ez badago eskatzen den maila duen langilerik -egoera horrek iraun bitartean-, betiere agintearen segida hierarkiko korrelatiboko irizpideari helduta, edo zinegotzi eskudunak izendatuta, udaltzainburuak horretarako proposamen arrazoitua egin eta gero. Proposamena prestatzeko eta burutzak esleitzeko, kontuan hartuko dira unitatearen tamaina, haren espezializazioa, izendatuaren eskarmentua eta trebakuntzari eta egokitasunari dagozkion bestelako inguruabarrak, horiek guztiak behar bezala arrazoituta.

5. Lantaldeek ez dute burutzarik izanen, eta zuzenean dagokien taldeko buruaren menpe arituko dira.

II. KAPITULUA

Arloak eta Brigadak

1. ATALA

13. artikulua. Arloak.

Iruñeko Udaltzaingoak honako arlo hauek ditu bere egituran:

a) Plangintza Estrategikoko eta Koordinazioko Arloa.

b) Hurbiltasun eta Prebentzioko Arloa.

c) Bitartekaritza eta Instrukzioko Arloa.

d) Bide Segurtasuneko Arloa.

2. ATALA

Plangintza Estrategikoko eta Koordinazioko Arloa

14. artikulua. Plangintza Estrategikoko eta Koordinazioko Arloa.

1. Plangintza Estrategikoko eta Koordinazioko Arloaren eginkizuna da udaltzainburuari sostengua ematea langile eta materialen kudeaketarekin, informaziorako sistema eta teknologien hobekuntzarekin, erakundearen helburu orokorren lorpenarekin eta poliziaren administrazioarekin zerikusia duten ardura guztietan.

2. Honako brigada hauek daude Plangintza estrategikoko eta Koordinazioko Arloaren mende:

–Plangintza Estrategikoko Brigada.

–Koordinazioko Brigada.

15. artikulua. Plangintza Estrategikoko Brigada.

Plangintza Estrategikoko Brigadak honako eginkizunak izanen ditu:

–Laguntza teknikoa ematea udaltzainburuari.

–Polizia-administrazioko zereginak antolatu eta kudeatzea, beste unitate organiko batzuei berariaz esleitu zaizkienak izan ezik.

–Txostenak, abisuak, kexak eta iradokizunak jasotzea eta dagokien alorrari bidaltzea, Iruñeko udaltzainburuak hori egiteko agindu eta gero.

–Lan-egutegia betetzen dela kontrol presentziala egitea.

–Iruñeko udaltzain guztien espediente pertsonalak kontrolatzea.

–Datu pertsonalen fitxategiak kontrolatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoarekin bat.

–Hedabideekin ohiko harremanak kudeatzea.

–Udaltzaingoari dagokionez, Udalaren IKTetan (webgunea, sare sozialak, ...) mantentze-lanak egitea.

–Iruñeko udaltzainburuari dagokionez, Tokiko Segurtasun Batzordearen eta kide duten beste organo batzuen gainean behar diren izapideak egitea.

–Aginte Taula Integrala, estatistikak eta Iruñeko Udaltzaingoaren urteko memoria kudeatzea.

–Iruñeko Udaltzaingoaren baliabide materialen kontrol logistikoa.

–Iruñeko udaltzainen prestakuntza-premiak aztertzea eta horien gaineko kontrola.

–Administrazio eta erakundeekin egindako akordio eta hitzarmenak -horiek polizialak edo teknikoak izan- betetzen diren zaintzea, hartutako konpromisoak beteko direla bermatzeko.

–Beste polizia-kidego eta -administrazioekiko polizia-harremanak bideratzea.

–Iruñeko Udaltzaingoaren ibilgailuak mantendu eta zaintzea.

–Iruñeko Udaltzaingorako auditoretza osoak edo partzialak eta horiek betetzen diren kontrolatzea. Etengabeko hobekuntzaren kontrola. Kalitate-planak.

–Informazioa ematea arau-hauste larri eta oso larrien kasuetan.

–Parte hartzea, Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuarekin batera, lanpostu eta lantokietako arrisku faktoreen azterketan eta balorazioan.

–Dokumentuak erregistratu, artxibatu eta zaintzea eta polizia-datuak kudeatu eta ustiatzea, datuak babesteko araudiarekin bat.

–Esleitzen zaizkion beste eginkizunak oro, aurrekoekin zerikusia dutenak.

16. artikulua. Koordinazioko Brigada.

Koordinazioko Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Udaltzaingoko Ekintzak Koordinatzeko Zentroa (EKZ) kudeatzea, ekintzak egin, kontrolatu eta koordinatzeko laguntza organo instrumental gisa.

–Ezarritako larrialdi-planak koordinatu eta burutzea.

–Sostengua ematea Txandako buruari.

–Iruñeko egunean eguneko ekitaldi eta jardueren agenda kudeatzea.

–Ekintza-arduradun aritzea hiriko ekitaldi eta jardueretan.

–Hondamendi edo jarduera handien aurrean, brigada edo talde baten udaltzain kopurua gainditzen duten taldeak koordinatzea.

–Herritarren mezuetatik eta ekintzen esku-hartzeetan eskuratutako datuak mekanizatzea.

–Bitartekari aritzea kanpoko erakundeekin datu baseak koordinatzeko lanetan.

–Esleitzen zaizkion beste eginkizunak oro, aurrekoekin zerikusia dutenak.

3. ATALA

Hurbiltasun eta Prebentzioko Arloa

17. artikulua. Hurbiltasun eta Prebentzioko Arloa.

1. Hurbiltasun eta Prebentzioko Arloari dagokio, erregelamendu honetan ezarritako eginkizunekin bat, Iruñeko Udaltzaingoaren helburu orokorrak betetzen diren zaintzea honako jarduketa-eremu hauetan:

–Herritarren segurtasunaren alorrean jarduteko ildo orokorrak aztertu eta planifikatzea.

–Segurtasun publikoa handitzeko neurriak eta jarduketa-protokoloak garatzea, beste polizia-unitate batzuek esku hartu behar dutenean.

–Delitu-egintzei aurrea hartzea, pertsona eta ondasunei babesa eta laguntza ematea, bereziki istripu eta larrialdietan, baita espazio publikoak zaintzea ere.

–Bere zaintzapean jartzen diren agintarien segurtasuna bermatzea.

–Ordena eta herritarren segurtasuna zaintzea eta, hala behar izatera, egoera bere onera ekartzea, behar diren esku-hartzeen bitartez.

–Atxilotuak epailearen esku jartzeko, zaintzeko eta lekuz aldatzeko zerbitzua egitea, eta lan horretan poliziaren zerbitzu eta unitateekiko koordinazioa bermatzea.

2. Brigada hauek izanen dira Hurbiltasun eta Prebentzioko Arloaren mende:

–Hurbiltasuneko Brigada.

–Zaintzako Brigada.

18. artikulua. Hurbiltasuneko Brigada.

Hurbiltasuneko Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Iruñeko karriketan udaltzainen presentzia mantentzea.

–Herritarren segurtasuna babestea.

–Herritarren kexak jasotzea eta Udalari helaraztea.

–Bide eta espazio publikoen mantentze lanei zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruz jasotzen diren arazo guztiak jakinaraztea.

–Zenbait kolektibori babesa ematea.

–Komunitate Poliziaren zereginetan aritzea, besteak beste auzoko elkarteen eta Administrazioaren arteko lotura-lanetan.

–Bitartekari aritzea gatazka pribatuetan, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

–Udal ordenantzak betetzen direla kontrolatzea, bereziki jokabide antisozialen, ingurumenaren, ondarearen eta hirigintzaren alorretan, betiere ezarritako protokoloekin bat etorriz.

–Beste administrazio batzuek emandako arauak betetzen direla kontrolatzea, bereziki ikuskizun publikoei eta jolas jarduerei buruzkoak.

–Udal errolda egiaztatzea.

–Larrialdietan eta gertakari berezietan laguntzea.

–Beste udal zerbitzu batzuekin elkarlanean aritzea.

–Zirkulazioaren zaintza-, kontrol-, erregulazio- eta diziplina-zereginetan aritzea.

–Zirkulazio-istripua artatzea, dela zuzenean, dela Atestatuen Taldeari laguntzen.

–Zitazio judizialak jaso, erregistratu eta Iruñeko udaltzainei ematea.

–Zitazio judizialak jaso, erregistratu eta partikularrei ematea.

–Epailearen esku dauden atxilotuak hartzea, eta zaintzapean gordetzea.

–Kaletik ekarritako pertsonak identifikatzea eta haien aurrekariak egiaztatzea, identifikazioa egin beharrez.

–Esleitzen zaizkion beste eginkizunak oro, aurrekoekin zerikusia dutenak.

19. artikulua. Zaintzako Brigada.

Zaintzako Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Udalburua eta, hala behar izatera, Udalbatzako gainerako kideak babestu eta horiei eskolta ematea.

–Udal agintarien babesaren gainean kontrazaintza egitea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

–Udalaren eraikinak eta agintariak babesten dituen zaintza pribatua kontrolatzea.

–Alkatearekin eta zinegotziekin batera joatea, Udala ordezkatuta udal-mugartetik kanpoko ekitaldietara doazenean.

–Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorraren instalazioak, Udaletxea eta, hala behar izatera, gainerako udal-eraikinak babestea.

–Instalazio horietarako sarbidea eta, hala behar izatera, sartu diren pertsonak kontrolatzea.

–Hala behar izatera, udal eraikinen inguruneak patruilatzea.

–Udalaren Osoko Bilkuren segurtasuna eta jendea sartzea kontrolatzea.

–Udal-eraikinetako alarma-sistema guztiak kontrolatzea.

–Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorraren bulegoetara, Udaletxera eta, hala behar izatera, gainerako udal-eraikinetara bidalitako gutunak eta paketeak kontrolatzea.

–Esleitzen zaizkion beste eginkizunak oro, aurrekoekin zerikusia dutenak.

4. ATALA

Bitartekaritza eta Instrukzioko Arloa

20. artikulua. Bitartekaritza eta Instrukzioko Arloa.

1. Bitartekaritza eta Instrukzioko Arloari dagokio, erregelamendu honetan ezarritako eginkizunekin bat, Iruñeko Udaltzaingoaren helburu orokorrak betetzen diren zaintzea ondoko jarduketa eremuetan:

–Polizia judizialaren esparruan jarduteko ildo orokorrak aztertu eta planifikatzea.

–Polizia judizialaren eraginkortasuna hobetzeko neurriak eta jarduketa-protokoloak garatzea, beste polizia-unitate batzuek esku hartu behar dutenean.

–Delituak ikertzea eta pertsona atxilotu edota ikertuak jazarri eta atxikitzea.

–Ikerkuntza zientifiko eta teknikoan aritzea, ikertzeko baliabide eta metodo espezializatuak erabiliz.

–Herritarren segurtasuna hobetzeko interesgarria den informazioa bildu eta lantzea.

–Agintari judizial eta polizialekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea, Udaltzaingoak sinaturiko hitzarmen, protokolo eta akordioekin bat.

2. Unitate hauek daude Bitartekaritza eta Instrukzioko Sailaren mende:

–Polizia Judizialeko Brigada.

–Herritarren Babeseko eta Arretako Brigada.

21. artikulua. Polizia Judizialeko Brigada.

Polizia Judizialeko Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Salaketak jasotzea eta herritarrek zuzenean egiten dituztenak epaitegian bideratzea.

–Udaltzainek kalean esku hartu izanaren ondorioz abiarazten diren atestatuak epaitegira bideratzea.

–Salaketak Iruñeko Udaltzaingoko talde egokiari bideratzea, lege-hausteak argitzeko behar diren jarduketak egin ditzan.

–Herritar baten salaketa bidez edo ofizioz abiarazi diren ikerketei jarraipena egitea.

–Atxilotuen eta identifikatutako pertsonen erregistroa egin eta mantentzea.

–Atxilotuen hatz marken eta argazkien erregistroa egin eta mantentzea.

–Delituak ikertu eta jazartzea, eta pertsona atxilotu edota ikertuak atxikitzea, jarraian agintari judizialei eta fiskalei horren berri emanda.

–Herritarren Arreta Bulegoan egindako atestatuetatik ondorioztatzen diren salaketak ikertzea.

–Zitazio judizialak partikularrei ematea, hala behar denean.

–Eskatzen zaizkion peritu-txostenak eta agiriak prestatzea.

–Laguntza zientifikoa ematea gainerako unitateei, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

–Esleitzen zaizkion beste eginkizunak oro, aurrekoekin zerikusia dutenak.

22. artikulua. Herritarren Babeseko eta Arretako Brigada.

Herritarren Babeseko eta Arretako Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Gizarte-langileei laguntzea, agintaritzaren agenteak diren aldetik.

–Ospitale psikiatrikoan norbait haren borondatez beste sarraraztea.

–Elkarlanean aritzea gizarte gaietan eskudun diren Nafarroako Gobernuaren eta Udalaren alor eta departamentuekin.

–Emakumeak artatzea, instrukzioa egitea eta haiei babesa ematea, bereziki sexu-erasoekin zerikusia duen guztian.

–Genero indarkeriari dagokion guztian arreta ematea.

–Adingabeek edo adingabeen aurka egindako delituei dagokien guztiari arreta ematea.

–Arreta ematea eskaletasun, marjinaltasun eta gizarte-bazterkeriako kasuetan.

–Gizartearen aurkako portaerak, exhibizionismoa eta abar kontrolatzea.

–Aniztasunaren kudeaketa.

–Adineko pertsonei arreta eta babesa ematea.

–Gorroto-delituak ikertu, instruitu eta jazartzea.

–Esleitzen zaizkion beste eginkizunak oro, aurrekoekin zerikusia dutenak.

5. ATALA

Bide Segurtasuneko Arloa

23. artikulua. Bide Segurtasuneko Arloa.

1. Bide Segurtasuneko Arloari dagokio, erregelamendu honetan ezarritako eginkizunekin bat, Iruñeko Udaltzaingoaren helburu orokorrak betetzen diren zaintzea polizia-jarduketaren eremu hauetan:

–Herritarren segurtasunaren arloan jarduteko ildo orokorrak aztertu eta planifikatzea.

–Bide segurtasuna areagotzeko neurriak eta jarduketa-protokoloak garatzea, beste polizia-unitate batzuek esku hartu behar dutenean.

–Bide segurtasunaren alorrean kontzientziazio- eta informazio-kanpainak zuzendu eta sustatzea.

–Zirkulazioa eta garraioak zaindu, antolatu eta kontrolatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritakoarekin bat.

–Atestatuak instruitzea, zirkulazio istripuen eta bide segurtasunaren zein automobilen inguruko delinkuentziarekin loturiko delituen kasuetan.

–Bide segurtasunarekin zerikusia duten hobekuntzak sustatzea.

2. Honako brigada hauek daude Bide Segurtasuneko Arloaren mende:

–Zirkulazioko Brigada.

–Bide Mugikortasuneko Brigada.

24. artikulua. Zirkulazioko Brigada.

Zirkulazioko Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Iruñeko bide publikoetan zirkulazioa eta garraioak babestu, zaindu eta antolatzea.

–Zirkulazioa eta garraio arloko arau-hausteak kontrolatu eta salatzea.

–Alkoholemiak, abiadurak, dokumentazioa eta ezbeharren beste arrazoi batzuk kontrolatzea, eta horren emaitzak aztertzea.

–Laguntza ematea garraio bereziei (ibilgailu bereziei, salgai arriskutsuen garraioei eta abarri), hiri-bideren batean egiten direnean.

–Istripurik izanez gero, pertsonei eta ondasunei laguntza eta babesa ematea.

–Atestatuak egitea, udal-mugartean gertatutako zirkulazio-istripuen eta bide-segurtasunaren aurkako delituen ondoriozko kasuetan.

–Zirkulazio-istripuen ondoriozko biktimen jarraipena egitea (Zirkulazio-istripuetako Biktimen Arreta Bulegoa).

–Lan-istripuen ondoriozko atestatuak egitea.

–Hiri-bideetan dauden kalteen gaineko espedienteak egitea.

–Zirkulazio-istripuak ikertzea.

–Iruñeko bide publikoetan istripu-tasari buruz azterlanak eta ebaluazioak egitea.

–Garabi-zerbitzuaren jarduera kontrolatzea.

–Zirkulazioan eragiten duten gorabeheren (manifestazioak, kirol-jarduerak, etab.) planifikazioa eta horiei buruzko txostenak egitea,

–Esleitzen zaizkion beste eginkizunak oro, aurrekoekin zerikusia dutenak.

25. artikulua. Bide Mugikortasuneko Brigada.

Bide Mugikortasuneko Brigadak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Bide segurtasunari dagokionez, Iruñeko bide-sarean gerta daitezkeen aldaketak aztertu eta planifikatzea.

–Hiri-bideetan semaforoak kontrolatu eta programatzea.

–Udaltzaingoak bide-segurtasunaren alorrean burututako egintzei buruz dibulgazioa egin eta informazioa zabaltzea.

–Bide-segurtasunaren alorrean herritarren artean kontzientziazioa zabaltzeko ekintzak, jardunaldiak edo jarduerak egin, sustatu eta koordinatzea.

–Udaleko beste alor batzuekin eta beste erakunde batzuekin koordinatu eta lankidetzan aritzea, mugikortasuna eta bide-segurtasunarekin zerikusia duten ekintzak, jardunaldiak edo jarduerak garatzeko.

–Aurrerapen teknologikoak aztertu eta planifikatzea, hirian bide-segurtasuna areagotzeko lanean erabiltzeko asmoz.

–Hiriko zirkulaziorako bide-marrak eta seinale bertikalak planifikatzea.

–Neurriak hartzea, arrazoi iragankorrak direla-eta hiriko trafikoaren edozein aldaketa egiteko.

–Aholku ematea hiriko trafikoaren antolamenduari buruz.

–Aurrez txostenak prestatzea, zirkulazioaren, garraioaren eta eremu publikoaren okupazioaren eremuetan administrazio-baimenak emateko.

–Trafikoari eragiten dioten obrak kontrolatzea.

–Bide-hezkuntzan eginen diren jarduerak planifikatu, prestatu eta gauzatzea.

–Elkarbizitzaren aldeko hezkuntzan eginen diren jarduerak planifikatu, prestatu eta gauzatzea.

–Bide-hezkuntzako haur parkeari laguntzea eta harekin elkarlanean aritzea.

–Esleitzen zaizkion beste eginkizunak oro, aurrekoekin zerikusia dutenak.

III. TITULUA

Udaltzaingoaren funtzionamendua

26. artikulua. Burutzen eginkizunak.

1. Unitate bakoitzeko buruak honako betebehar hauek izanen ditu, langileei eta unitate organikoaren berezko eginkizunei dagokienez:

–Nagusiengandik jasotzen dituen aginduak helarazi eta betearaztea, eta berari dagozkionak ematea.

–Bere unitatearen funtzionamendu egokia eta diziplina zaintzea.

–Zerbitzuari buruz ezartzen diren parteak eta estatistikak egitea eta nagusiei bidaltzea.

–Nagusi hurrenari unitatearen berezko eginkizunak garatzean sortzen diren gorabehera guztien berri ematea.

–Bere unitatearen ordezkaria izatea edozein agintari, erakunde edo pertsonaren aurrean, zerbitzuak eskatzen duenaren arabera.

–Agindupean dituen langileek helarazten dizkioten eskaerak edo jakinarazpenak nagusiei jakinaraztea.

–Egoera onean mantentze bere unitateari esleituriko ibilgailuak eta gainerako ekipamenduak.

–Unitateko langileen uniformetasun egoera ikuskatzea.

–Jarduketa guztiak (txostenak, salaketak, aktak...) jasotzea eta behar bezala banatzea.

–Nagusiei iradokizun edo ohar egokiak egitea, unitatearen funtzionamendua eta eraginkortasuna hobetzeko.

–Unitateko langileen lan egutegia gainbegiratu eta kontrolatzea.

–Unitateari dagozkion ohiko eta ohiz kanpoko zerbitzuak planifikatzea.

–Hierarkiako nagusiek agintzen dizkien gainerako guztiak.

27. artikulua. Txandako burua.

1. Lanaldi bakoitzean Txandako buru bat izendatuko da egunero, Iruñean zerbitzuak egiten dituzten unitate guztien jarduerak koordinatzeko.

2. Txandako burua inspektore bat izanen da.

3. Honako hauek izanen dira Txandako buruaren eginkizunak:

–Iruñeko Udaltzaingoak une bakoitzean egiten dituen zerbitzu guztiak kontrolatzea.

–Zerbitzuko irakurketa-ekitaldian buru aritzea, udaltzainei aurreko txandetako gorabehera nabarmenenen berri ematea, eta esleituta dituen langileak behar bezala banatzea, jaso dituen jarraibideen arabera.

–Ezarritako larrialdi-planak koordinatu eta burutzea.

–Ekintzak Koordinatzeko Zentroari (EKZ) arreta eskaintzen dion eguneko lantaldea kontrolatzea.

–Hirian egiten ari diren eta, herritarren segurtasunari dagokionez, Iruñeko Udaltzaingoari eragiten ahal dioten jarduera garrantzitsuenen berri izatea.

–Egoerak Udaltzaingoa burutzen ari den zerbitzuren bat gainditzen duenean, erabakiak hartzea eta lanean dauden beste unitate batzuei laguntzeko agintzea.

–Dagokion agintariari eta, hala behar izatera, Iruñeko udaltzainburuari edozein gorabehera garrantzitsuren berri ematea, betiere ohiko zerbitzuan dauden baliabideei laguntzeko baliabide osagarriak aktibatzea dakarten erabakiak hartu behar baldin badira.

–Bere txandan agindutako jarraibideak eta zerbitzuak zehatz betetzen direla eta ezarririko ordutegia esan bezala betetzen dela zaintzea.

–Iruñeko Udaltzaingoari dagokionez hedabideetarako garrantzitsua izan daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea Iruñeko udaltzainburuari, horren jakitun egon dadin eta, komunikabideek eskatuz gero, berak, Alorreko zuzendariak, zinegotzi ordezkariak edo alkateak erantzun dezan.

–Iruñeko Udaltzaingoko Komunikazio Publikoko Bulegoko arduradunari hedabideetarako garrantzitsua izan daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea, komunikabideren batek Bulegoarekin harremanetan jartzen bada beharrezko informazioa izan dezan.

–Zerbitzuko jardueren eta gorabeheren berri ematea, ahoz nahiz idatziz, Iruñeko udaltzainburuari.

28. artikulua. Lanpostuen eginkizunak.

–Komisario nagusia:

  • Hala behar izatera, zenbait alorren arteko koordinazioan aritzea, 26. artikuluan burutza dela-eta adierazi diren eginkizunak eginda.
  • Udaltzainburuari albisteen berri eta aholku ematea zuzenean, hura bere eginkizunetan hobeki aritu ahal dadin.
  • Hala behar izatera, zerbitzuko buru aritzea.
  • Esleituriko arloaren eginkizunei buruzko planifikazio-, zuzendaritza- eta lanbide-jarduerak egitea.
  • Udaltzainburuak bere esku uzten edo agintzen dizkion eginkizunak bere gain hartzea, baita bere karguagatik dagozkion zereginak eta egitekoak ere.

–Komisarioa:

  • Arlo bat esleitzen zaionean, hartan agintea izatea, 26. artikuluan burutza dela-eta adierazi diren eginkizunak eginda.
  • Komisario nagusiari albisteen berri eta aholku ematea zuzenean, hura bere eginkizunetan hobeki aritu ahal dadin.
  • Hala behar izatera, zerbitzuko buru aritzea.
  • Esleituriko arloaren eginkizunei buruzko planifikazio-, zuzendaritza- eta lanbide-jarduerak egitea.
  • Udaltzainburuak edota komisario nagusiak bere esku uzten edo agintzen dizkion eginkizunak bere gain hartzea, baita bere karguagatik dagozkion zereginak eta egitekoak ere.

–Inspektorea:

  • Hala behar izatera, Iruñeko Udaltzaingoko Txandako buruaren eginkizunak gauzatzea.
  • Esleituriko brigadan edo -salbuespen gisa- alorrean agintea izatea, 26. artikuluan burutza dela-eta adierazi diren eginkizunetan arituta. Hala behar balitz, zerbitzuko buru aritzea.
  • Nagusi hierarkikoari albisteen berri eta aholku ematea zuzenean, hura bere eginkizunetan hobeki aritu ahal dadin.
  • Haren nagusiekin elkarlanean aritzeko eta laguntzeko jarduerak garatzea.
  • Nagusi hierarkikoak bere esku uzten edo agintzen dizkion eginkizunak bere gain hartzea, baita bere karguagatik dagozkion zereginak eta egitekoak ere.

–Inspektoreordea:

  • Esleituriko taldea edo -salbuespen gisa- brigadan agintea izatea, 26. artikuluan burutza dela-eta adierazi diren eginkizunetan arituta.
  • Nagusi hierarkikoari albisteen berri eta aholku ematea zuzenean, hura bere eginkizunetan hobeki aritu ahal dadin.
  • Haren nagusiekin elkarlanean aritzeko eta laguntzeko jarduerak garatzea.
  • Nagusi hierarkikoak bere esku uzten edo agintzen dizkion eginkizunak bere gain hartzea, baita bere karguagatik dagozkion zereginak eta egitekoak ere.

–Kaboa:

  • Salbuespen gisa -inguruabarrek horrela eskatzen badute- taldearen agintean aritzea.
  • Mendeko poliziakideei agindutako zerbitzuak ikuskatzea, baita esleitu zaion materialaren erabilera egokia ere.
  • Agindupean dituen langileei agindutako jarraibideak eta zerbitzuak zehatz betetzen direla eta ezarririko ordutegia esan bezala betetzen dela zaintzea.
  • Mendekoak zer toki edo eremutan lan egiten duten, haietan aldizka eta maiz ikustaldiak egitea, mendekoen jarduketa egiaztatzeko eta sortzen ahal den edozein arazo zuzentzeko.
  • Mendekoekin batera lan egitea zuzenean beren eginkizunen eremuan.
  • Nagusi hierarkikoari laguntzea haren eginkizunetan eta, hala behar izatera, kanpoan dagoenean hura ordeztea.
  • Agindupean dituen langileen jarduera txalogarrien eta nabarmenen zein egiten ahal dituzten arau-hausteen berri ematea.
  • Zerbitzuan sortutako albiste guztien berri ematea ahoz edo idatziz, horien garrantziaren arabera.
  • Nagusi hierarkikoek agintzen dizkioten eginkizun guztiak bere gain hartzea, baita bere karguagatik dagozkionak ere.

–Udaltzaina:

  • Bere talde edo lantaldearen berariazko eginkizun guztietan eta oro har Udaltzaingoak berezko dituen guztietan aritzea.
  • Zerbitzuan sortutako albiste guztien berri ematea ahoz edo idatziz, horien garrantziaren arabera.
  • Kaboak edo gainontzeko nagusi hierarkikoek agintzen dizkioten eginkizun guztiak bere gain hartzea, baita bere karguagatik dagozkionak ere.

–Udaltzain laguntzailea:

  • Udaltzain laguntzaileek eginkizun hauek beteko dituzte: ondasun, zerbitzu, instalazio eta bulego ofizialak zaintzea, bide-zirkulazioa antolatzea zirkulazio arauei jarraikiz, herritarrei laguntzeko lanetan eta babes zibilekoetan parte hartzea, baita arau administratiboak bete daitezen arduratzea ere. Horretarako, agintaritzaren agentetzat hartuko dira.

29. artikulua. Agintariak.

1. Agintaritza-zeregin edo -lanpostua duten poliziek izanen dute, beren eskumeneko esparruetan, zerbitzuan sor litezkeen gorabeherak konpontzeko eskudantziak, nagusi hierarkikoari hartutako erabakien berri eman beharko dietelarik, salbu eta nabarmen garrantzirik gabeak badira.

2. Agintariek zedarrituko dituzte mendekoek burutu beharreko zereginak, eskatuko diete esleitu zaizkien zereginak bete ditzatela, eta zuzenduko dute -ikusi dutelarik edo horren berri izan dutelarik- sortzen ahal den edozein arazo zuzentzeko, betiere aplikagarri den araudian xedatutakoarekin bat.

30. artikulua. Koordinazio eta Planifikazioko Mahaia.

1. Koordinazio eta Planifikazioko Mahaia eratuko da, eta hura osatuko dute udaltzainburuak, arloetako koordinatzaileek eta arloetako buruek. Idazkaria izanen da Planifikazio Estrategikoko Brigadako inspektorea, edo horrek eskuordetzen duen pertsona. Pertsona horietako baten bat ez dagoenean, haren mendeko brigadetako inspektoreen arteko batek ordezkatuko du.

2. Astean behin deituko da Mahaiaren bilera.

31. artikulua. Arauzko bidea.

1. Oro har, txostenak eta aginduak Udaltzaingoko egitura hierarkizatuaren bitartez bideratuko dira. Idatziz eginen dira horien garrantziak edo konplexutasun-mailak hala eskatzen duenean.

32. artikulua. Eskabideak eta erreklamazioak.

1. Zerbitzuari dagozkion eskabideak eta erreklamazioak (egutegiaren kudeaketari dagozkionak izan ezik) nagusi hurrenen bitartez bideratuko dira, eta horiek albait azkarren helaraziko dizkiete horien goragokoei, eskatu edo erreklamatutakoa onartzen den edo ez txosten batean adierazita.

2. Eskabideak jasotzen dituzten pertsonek -beren txostenekin- erabakia hartu beharko dute zazpi egun balioduneko epean gehienez, hartzailearen lan-egutegiaren arabera.

3. Eskabide eta erreklamazioak Intrapol mezularitza-sistemaren bitartez kudeatuko dira, jasota gera dadin eskabidea edo erreklamazioa, eta epeak zehaztu ahal daitezen. Aurreko puntuan adierazitako epea kontatzen hasiko da mezularitza-sisteman jasota geratzen den unean arduradunak irakurri duela bidaltzaileak helarazi dion mezua.

4. Nagusi hurrenari ez dagozkion eskabide eta erreklamazioak, Intrapolen baitako abisu, kexa eta iradokizunen sistemaren bitartez bideratuko dira, haren metodologiari jarraiki.

5. Langileen Batzordeko ordezkariek arauzko bidearen derrigorra saihestu ahalko dute -eta onartu zaizkien bideak baliatu- beren jarduera sindikalari buruzko idazkiak bideratzerakoan.

IV. TITULUA

Egiturarako laguntza

33. artikulua. Hierarkia naturala.

1. Iruñeko Udaltzaingoaren funtzionamendua erregelamendu honetan ezartzen den bide hierarkikoaren bitartez eginen da.

2. Unitate bakoitzari atxikitako udaltzainek unitateko buruaren, haren goragoko unitateetako buruen, Iruñeko udaltzainburuaren edo goragoko agintarien aginduak jasoko dituzte, eta Txandako buruarenak ekintza-zerbitzuetan ari direnean.

3. Funtzionamendu premiak direla-eta, Iruñeko udaltzainek goragoko mailako edozein agintarik emandako aginduak ere bete beharko dituzte, nahiz eta hori agintari naturala ez izan. Kasu horretan, agintari naturalari horren berri emanen diote, ahal bezain laster.

4. Udaltzainek zerbitzuari buruz egiten dituzten jakinarazpen eta eskaera guztiak unitateko nagusi hurrenari zuzenduko zaizkio. Hura ez dagoenean edo hark berariaz halakorik esaten diedanean baizik ez dute goragoko agintari hurrenengana joko.

5. Beste polizia kidego batzuek esku hartzen badute edo horiek ere agertzen badira, bertan dagoen hierarkia-maila goreneko Udaltzaingoko agintaria izanen da beste poliziekiko solaskide bakarra eta Udaltzaingoaren jarduketen koordinatzailea.

6. Edozein arrazoi dela-eta Udaltzaingoaren jarduketa gidatzeko agintaririk izendatu ez bada, ardura hartuko du maila handiena duen udaltzainak; maila bera duten hainbat udaltzain badaude, maila horretan antzinatasun handiena duenak.

34. artikulua. Fitxa pertsonala.

1. Udaltzaingoak fitxategi eguneratua izanen du eta bertan udaltzain bakoitzaren espediente pertsonala agertuko da.

2. Fitxa pertsonalak agiri bakarra izanen du eta honako datu eta dokumentu hauek jasoko ditu:

–Pertsonalak:

  • Izen-abizenak.
  • Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia.
  • Jaioteguna eta jaioterria.
  • Egungo helbidea.
  • Telefono finkoko eta, izanez gero, telefono mugikorreko egungo zenbakiak.
  • Izanez gero, posta elektronikoko helbide eguneratua.
  • Argazkia (hamar urtean behin eguneratua).

–Profesionalak:

  • Udaltzain-zenbakia.
  • Udaltzaingoan sartzeko eta maila-igoerako datak.
  • Tiro-ariketei buruzko urteko oharrak.
  • Egindako lanbide-ikastaroak.
  • Sariak eta esker-sariak.
  • Indargabetu ez diren diziplina-zehapenak.
  • Gidabaimenak.
  • Destinoak.
  • Eritasun edo istripuagatiko bajak.
  • Oporrak, eszendentziak eta baimen bereziak.
  • Arropen neurriak.
  • Arauzko arma eta, halakorik balu, beste batzuk, baita horien zenbakiak ere.
  • Zerbitzurako egoera bereziak.
  • Adierazi nahi izanez gero, egiaztaturiko ikasketa-tituluak, eta zeregin eta espezializazioetarako interesgarriak izan daitezkeena beste gaitasun eta egiaztapen interesgarri batzuk, zerbitzuaren hobekuntza- eta bikaintasun-ekarpen gisara baloratu daitezkeenak.
  • Poliziarako interesgarriak diren beste datu batzuk.

3. Espediente pertsonalean agertzen diren datu eta dokumentu guztien konfidentzialtasuna bermatuko da.

4. Udaltzain guztiek beren espediente pertsonalak ikusten ahalko dituzte, interesdunak arauzko bidetik eskatu eta gero.

5. Udaltzain orok bere fitxa pertsonalari eragiten dioten aldaketa guztien berri jakinarazi beharko du.

35. artikulua. Dispositibo berezien antolaketa.

1. Ekintza-lanak edo segurtasun-dispositibo bereziak egiteko, udaltzainburuak, motibatuta, eta atxikipen organikoa gorabehera, Ekintzetarako Planifikazio Lantaldeak antolatzen ahalko ditu, zer gorabehera eragin dituen eta horien arabera behar den aldirako, betiere funtzionaltasun irizpideei jarraituz. Lan talde horien ekintza-zuzendaria udaltzainburuak izendatzen duen agintari hierarkikoa izanen da.

2. Udaltzainburuak inor izendatu ezean, zuzendari operatiboa maila edo antzinatasun handieneko agintari hierarkikoa izanen da, lantaldeetako kideen artetik, eta berdinketa badago, deialdiko ordenaren arabera erabakiko da.

3. Ekintzetarako Planifikazio Lantaldeak gehienezko iraupena sei hilabetekoa izanen da, eta luzatu ahalko da, aurretiaz lantaldearen arduradunaren justifikazio-txostena jasoz gero.

4. Norberaren borondatez osatuko dituzte udaltzainek lantalde horiek, baina hori ezinezkoa balitz, derrigortu ahal izango dira udaltzainak horietan jardutera, baldin eta behar-egoera gertatzen bada. Azken kasu horretan, justifikazio-txosten bat eman beharko da, aurretiaz interesdunari entzunda.

Baliabide materialak

36. artikulua. Baliabide materialak.

1. Iruñeko Udaltzaingoaren baliabide materialak dira erregelamendu honekin bat etorriz, Administrazio Publikoak haren kideen eskura jartzen dituen baliabide instrumental guztiak, horien bitartez udaltzainek legez eta arauz dagozkien berezko jarduerak eraginkortasunez burutu ahal ditzaten.

2. Bitarteko materialak dira uniformearen eta ekipoen jantzi eta objektu hauek:

–Jantziak.

–Ikurrak eta bereizgarriak.

–Identifikazio-elementuak eta plakak.

–Bitarteko teknikoak.

–Ekipazioa eta armak.

3. Iruñeko Udaltzaingoko kide guztiek arauzko uniformea jantzi beharko dute zerbitzuan ari direnean, udal-organo eskudunak kontrakoa erabaki duenean izan ezik.

4. Zerbitzu-ordutegitik, beren zereginei dagozkien berezko egintzetatik eta bizilekutik lantokira joan-etorriak egiteko hertsi-hertsian behar duten denboratik kanpo, debeku dute udaltzainek uniformea eta polizia-ikurrik duten jantziak erabiltzea, salbu eta udal-organo eskudunak arauzko baimena ematen badu.

5. Ez da baimenduko egoera bakoitzerako araututakoari zorrotz doitzen ez zaion jantzi, ekipazio zein osagarririk erabiltzea, ezta horiek aldatu edo moldatzea ere, salbu eta udaltzaina haurdun badago edo bestelako osasun-inguruabarren batek justifikatzen badu; halako kasuetan, baimena eskatu ahal izanen zaio udal-organo eskudunari.

6. Uniforme-mota nahikoak izanen dira, lanean zein ingurutan eta zein baldintza klimatologikotan aritu behar, eta horietako bakoitzari egokitzeko. Jantzi, ekipazio eta osagarriek segurtasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko araudia bete beharko dute, bai eta laneko arriskuen alorrean Iruñeko Udalean eskumenak dituen organoak eginiko ebaluazioak ezarritakoa ere.

37. artikulua. Uniformea.

1. Uniformea osatzen duten jantziek funtsezko ezaugarriak izango dituzte, zein motakoak izan, eta horretarako egokiak. Organo eskudunaren ebazpen bidez zehaztuko dira.

2. Segiziorako galako uniformea erabiliko da Udalaren Protokolo Erregelamenduaren eta Udaltzaingoko burutzaren jarraibideen arabera eta hura eskatzen duten erakunde-ekitaldietan.

3. Ordezkaritza-uniformea buru diren agintariek erabiliko dute, ordezkapen-zereginetarako, udaltzainburuak agintzen duen abaguneetan.

38. artikulua. Ikurrak.

1. Ikurren xedea Iruñeko Udaltzaingoko kideak kanpotik identifikatzea da.

2. Kidegoaren ikurra -feltro bulkanizatuzkoa- paratuko da kanpo-jantzien (hala nola jertsea, kazadora, anoraka eta euritako jantzia) eta poloen ezker maukaren goialdean eta bularraldearen ezker aldean. Maukako ikurra hiruki itxurakoa izanen da, erpin borobilduekin, eta bularraldekoak, berriz, ezkutu itxurakoa. Azken ikur horren erdialdean ezkutu ofiziala izanen da, eta inguruan, hondo urdin argiz, honako legenda hau: Policía Municipal de Pamplona-Iruñeko Udaltzaingoa.

3. Aurreko zenbakian adierazitako kanpo-jantzien bularraldeko eskuin aldean udaltzainaren identifikazio-zenbakia paratuko da, urdin argiko hondoa eta sinbolo zuriak dituen feltro bulkanizatuzko pieza batean.

4. Besoko ikurraren bitartez adieraziko da Nafarroako polizietako kidetza, eskuin maukan paratuko den Nafarroako Foru Komunitatearen ezkutuaren bitartez.

39. artikulua. Bereizgarriak.

1. Bereizgarriak mailaren identifikatzaileak dira, eta enplegu profesionalak bereizten dituzte. Kanpo-jantzien eta poloen bularraldeko eskuin aldean paratuko dira, bai eta buruko jantzian ere.

2. Hauek dira bereizgarriak:

–Komisario nagusienak, bi galoi, urre kolorekoak, ehun bat graduko angeluan paratuak.

–Komisarioenak, galoi bat, urre kolorekoa, ehun bat graduko angeluan paratua.

–Inspektoreenak, hiru galoi, zuriak, ehun bat graduko angeluan paratuak.

–Inspektoreordeenak, bi galoi, zuriak, ehun bat graduko angeluan paratuak.

–Kaboenak, galoi bat, zuria, ehun bat graduko angeluan paratua.

3. Aldi baterako haiena baino maila handiagoko lanpostuan ari diren udaltzainek kolore zuriko galoi lerrozuzen bat eramanen dute, betetzen ari diren postuaren bereizgarriaren azpi-azpian.

4. Udaltzainburuak, hiru galoi erakutsiko ditu bereizgarri gisa, urre kolorekoak, ehun bat graduko angeluan paratuak. Gainerako bereizgarri eta legenda guztiak kolore horretan izanen dira.

40. artikulua. Identifikazio-pertsonaleko elementuak.

1. Udaltzaingoko kide guztiek identifikazio profesionaleko txartel eta polizia-plaka bana izanen dute, horien ezaugarriak organo eskudunak ebazpen bidez zehaztuko dituelarik. Funtzionarioak identifikatzeko balioko dute, eta soinean izan beharko dituzte uneoro udaltzainek, egoerak eskatzen duen orotan erakuts ditzaten.

2. Uniformea jantzita ari direnean, uniformeak identifikatuko ditu udaltzainak agintaritzaren agente gisa. Alabaina, beren polizia-jardunen ondorioz herritarrek identifikazio-txartela eskatzen badiete, erakutsi egin beharko dute.

3. Zerbitzuan uniformerik gabe ari direnean, Iruñeko Udaltzaingoko kideek identifikazio profesionaleko txartela eta polizia-plaka erakutsiko dituzte beren burua identifikatzeko.

4. Zerbitzutik at daudenean, Udaltzaingoko kideek identifikazio profesionaleko txartela eta polizia-plaka erabili ahalko dituzte agintaritzaren agente gisara identifikatzeko, soil-soilik legea edo herritarren segurtasuna babesteko aritu beharrean direnean.

41. artikulua. Baliabide teknikoak.

1. Iruñeko Udaltzaingoaren baliabide teknikoak dira euren zereginak bete ahal izateko banakako ekipazioarekin batera baliatu beharreko baimendutako elementu eta sistema multzoa.

2. Honela sailkatzen dira baliabide horiek:

–Ikuskatu eta kontrolatzeko baliabideak.

–Garraio-baliabideak.

–Seinaleztatzeko baliabideak.

–Transmisio- eta komunikazio-baliabideak.

–Baliabide informatikoak.

Ikuskatu eta kontrolatzeko baliabideak.

Ikuskapen eta kontrol zereginetarako, honako baliabide hauek baliatuko dituzte Iruñeko Udaltzaingoko kideek:

–Sonometroak, zarata neurtzeko.

–Etilometroak, irentsitako alkohol-kopurua neurtzeko.

–Irentsitako substantzia estupefazienteak neurtzeko gailuak.

–Radarrak, ibilgailuen abiadura neurtzeko.

–Kea neurtzeko gailuak.

–Irudiak hartzeko ekipoa.

–Metal-detektagailuak.

–Etxeko animalien mikrotxipak irakurtzeko gailuak.

Garraio-baliabideak.

Iruñeko Udaltzaingoak ofizialki erabiltzen dituen patruila-ibilgailu, motozikleta, bizikleta eta antzekoek organo eskudunak ebazpen bidez zehaztutako ezaugarriak izan beharko dituzte.

Eguraldi txarra egiten badu, halako moduan non udaltzainen segurtasuna eta osasuna arriskuan egon daitezkeen zantzu nahikoak dauden, motozikleta edo bizikleta bidezko patruila-zerbitzua lau gurpildun ibilgailuetan eginen da. Aldaketa hori arduradunak aginduko du, indarreko protokoloarekin bat.

Seinaleztatzeko baliabideak.

1. Leku jakin bat zehaztu edo mugatzeko, polizia-zinta deitzen dena erabiliko da.

2. Bide-zirkulazioa edo hura arautzeko zeregina arriskutsu bihurtzen duten inguruabarrek hala eskatzen dutenean, arauzko bide-seinalez gain argi-elementuak eta behar beste emisore optiko baliatu ahalko dira, zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko araudiarekin bat etorriz.

Transmisio- eta komunikazio-baliabideak.

1. Iruñeko Udaltzaingoak telefono-sarea baliatu ahal izango du Ekintzak Koordinatzeko Zentroaren (EKZ) bitartez, horren bitartez zerbitzuak eskatzen dituzten herritarren deiak jaso ahal izateko.

2. Halaber, komunikazio-sistema bat izanen du erabilgarri -zeinean organo eskudunak esleitutako frekuentziak baliatuko diren-, patruila mugikorrei ekintza-basearekin harremanetan jartzeko aukera emateko.

Baliabide informatikoak.

Iruñeko Udaltzaingoak beharrezko neurriak hartuko ditu baliabide informatiko moderno eta eguneratuez hornitzeko, horien bitartez albait hoberen kudeatu dezan burutzen duen administrazio- eta polizia-jarduna.

42. artikulua. Armen erregistroa.

Iruñeko Udaltzaingoak armen erregistro bat izan behar du, informatizatua eta udaltzain bakoitzeko berezitua. Bertan adieraziko dira datuek arma horien edukitza, zaintza eta erabileren inguruko datuak, bai eta horiekin loturiko beste edozein ere, barne hartuta, baita ere, egin dituzten froga praktikoak eta ikastaroak, eta horietan eskuratutako emaitzak.

43. artikulua. Armen arduraduna.

1. Iruñeko Udaltzaingoan armen arduradun bat izendatu beharko da, behar bezala prestatua, zeina arduratuko den, berariaz, armen lizentziei, gidei eta ikuskatzeari buruzkoaren kudeaketa administratiboaz, materiala kontrolatzeaz, programatuko diren praktikaldi eta frogen programazioaz eta segurtasunaz, eta aurreko artikuluan aipatutako espedienteak behar bezala eguneratuta mantentzeaz.

2. Udaltzainen batek armetan edo babes-ekipazioko gainontzekoan inolako arazorik sumatzen badu, horren berri eman behar dio armen arduradunari, halakorik balego, edo Udailtzaingoko Burutzari bestelakoan.

44. artikulua. Suzko armen zaintza.

1. Zerbitzu-orduetatik at, Iruñeko Udaltzaingoak udal instalazioetan edo zeregin horretarako egokitutako lokaletan zaindu beharko ditu ditu arauzko armak. Asmo horrekin, berariazko segurtasun-guneak izan beharko ditu, armak zaintzeko armategi homologatuz eta armak deskargatzeko hareaz edo kautxuz beteriko ontziez hornituak.

2. Udaltzainburuaren berariazko baimena bitarte, arauzko arma eramaterik izanen da zerbitzu-orduetatik at, eta kasu horretan baimena jaso duen funtzionarioak izanen du arma horiek zaintzeko ardura.

45. artikulua. Aldian behineko kontrolak.

1. Armak gaitu eta erabiltzeko prozedurak aldian behin egin beharreko tiro-frogak izanen dira, aukera ematen dutenak su-armak eramateko udaltzainen gaitasuna zentzu orotan ebaluatzeko. Oro har, tiro-praktikaldi bat eginen da urtero.

2. Hurbiltasuneko, Zirkulazioko eta Herritarren Babeseko eta Arretako brigadetako eta Ikerketako eta Erakunde Segurtasuneko taldeetako kideek urtean bina praktikaldi eginen dituzte gutxienez.

46. artikulua. Txostena Udaltzaingoko Burutzari.

Su-arma edo babeserako aerosola erabiltzen den aldiko txosten xehatua idatzi beharko zaio Udaltzaingoko Burutzari, non zehaztuko diren gertakariaren inguruabarrak eta hura eragin duten arrazoiak, gehituta -posible balitz- balak eta zorroak, horren berri ere espedientean emanda.

IV. TITULUA

LAnpostu-hornikuntza

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

47. artikulua. Sarrera berriko promozioak.

1. Sarrera berriko edo barne-igoerako sustapenetatik datozen funtzionarioak atxikiko dira hautaketa prozesuaren sailkapen ordenari jarraikiz eta funtzionarioek adierazitako lehentasunen arabera, izendapen libreko lanpostuen kasuan izan ezik.

2. Organo eskudunak hornituko ditu lanpostuen zerrendan izendapen librekotzat jotako lanpostuak, udaltzainburuak hala proposaturik.

48. artikulua. Lanpostu hutsen zerrenda.

1. Lanpostu hutsen zerrenda urtero argitaratuko da Udantzaingoaren iragarki-tauletan eta Intrapolen.

49. artikulua. Lanpostu huts bakoitza betetzeko sistemak.

1. Izendapen librearen bidez beteko diren lanpostu hutsak.

–Arloko burutzak.

–Brigadako burutzak.

–Erakunde Segurtasuneko Taldeko burua.

2. Berariazko lehiaketaren bidez beteko diren lanpostu hutsak.

–Herritarren Arreta Bulegoko Taldea.

–Ikerketako Taldea.

–Emakumeak, Adingabeak eta Pertsona Nagusiak Babesteko Taldea.

–Komunitate Poliziako Taldea.

–Erakunde Segurtasuneko Taldea.

–Atestatu Taldea.

–Bide Planifikazioko Taldea.

–Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldea.

–Herritarren Arretako eta Giza Baliabideetarako Taldea.

–Ekintzak Koordinatzeko Zentroko Taldea.

–-Ikuskapen Orokorreko Taldea.

–Biktimen Arreta Bulegoko eta Prentsako Taldea.

–Taldeetako burutzak.

–Talde zerrendatu berrien mendeko lantaldeak.

3. Lehiaketaren bidez beteko diren lanpostu hutsak.

–-Hurbiltasun Poliziako Taldea.

–-Prebentzioko Taldea.

–-Zirkulazioko Taldea.

–-Bigarren jarduerako taldeak, plantilla organikoan horrela jasotakoak, egoera horretara jotzeko eskakizunak betetzen dituzten udaltzainendako.

Tokiko Gobernu Batzarrari dagokio talde sortu berri bakoitzeko lanpostuak hornitzeko sistema onestea, dagokion lanpostuen zerrendaren bitartez.

50. artikulua. - Iraunaldia lanpostuan.

1. Norberaren borondatez eskuratutako lanpostuek gutxieneko iraunaldi hau sortaraziko dute:

–Bi urtekoa, lehiaketa bidez atxiki direnendako.

–Hiru urtekoa, berariazko lehiaketa bidez atxiki direnendako. Artikulu honi dagokionez, esleitutako taldearen prestakuntza-ikastaroa egiteko aukera izan ez duten udaltzainek lehiaketa-sistemari jarraituko diote.

Ezin izanen da beste destinorik eskatu iraunaldia amaitu arte.

2. Destinoaren aldaketa derrigorrezkoa izan bada, ukitutakoak destino berriak betetzeko deialdietara aurkezten ahalko du bere burua.

3. Derrigorrean okupaturiko destinoak hurrengo deialdian eskainiko dira.

4. Estatutuko lanpostu-zerrendaren iraunkortasuna kaltetu gabe, lanpostua betetzea ez da funtzionarioaren eskuraturiko eskubidea, halako maneran non lanpostuarekiko atxikipena galdu daitekeen, horretarako behar bezala justifikatutako antolaketa-arrazoiak badaude.

51. artikulua. Lanpostuen zerrenda.

Lanpostuen zerrenda urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan argitaratuko da Udantzaingoaren iragarki-tauletan eta Intrapolen, publikoa izanen da, eta polizia orok izanen du eskuragarri uneoro.

52. artikulua. Eskalafoia.

1. Planifikazio Estrategikoko Brigadak eguneratuta izanen du beti Udaltzaingoko funtzionario guztien eskalafoia edo zerrenda, hierarkiaren arabera antolatuta, eta antzinatasun-irizpidearen arabera sailkatuta, zeinean, gutxienez, honako hauek adieraziko diren: polizia-zenbakia, une horretan esleitua duen destinoaz jabetu zeneko data, lanposturako edo maila profesionalerako izendatu zuteneko data eta hautaketa prozesuan eskuratutako sailkapen-zenbakia.

2. Eskalafoia antzinatasun-irizpidearen arabera osatzeko, lanposturako edo udaltzainen mailarako izendatu zuteneko data hartuko da aintzat.

3. Eskalafoia urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan argitaratuko da Udantzaingoaren iragarki-tauletan eta INTRAPOLen, publikoa izanen da, eta polizia orok izanen du eskuragarri uneoro.

4. Bere espediente pertsonalari eragiten dioten aldaketa guztien berri jakinarazi beharko du Udaltzain orok.

II. KAPITULUA

Lanpostu-hornikuntza lehiaketa eta berariazko lehiaketa bidez

53. artikulua. Deialdiak.

1. Kasuan kasuko deialdiak arautuko ditu destinoak betetzeko lehiaketarako eta berariazko lehiaketarako prozedurak; deialdi hori bat etorriko da erregelamendu honetan, Udaltzaingoaren plantilla organikoan eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan xedatutakoarekin.

2. Promozio sartu berrien prestakuntza-prozesuak edo goragoko mailetara jotzeko barne-igoerako sustatzekoak amaitu aurretik, deialdia eginen da, lanpostu hutsen zerrendan dauden eta zehaztutako baldintzak dituzten lanpostuak hornitzeko, lehiaketa zein berariazko lehiaketa bidez. Prestakuntza-prozesuak edo barne-igoerako prozesurik ez izatera, organo eskudunak lanpostuak hornitzeko lehiaketa deitzen ahalko du.

3. Aurreko ataletan adierazitako deialdiak eta horien oinarriak -zeinak bi urtean behin gutxienez eginen diren-, bai eta horien ebazpenak ere, Udantzaingoaren iragarki-tauletan eta Intrapolen argitaratuko dira.

4. Deialdiak egin baino lehen, hari buruzko txostena egiteko eskatuko zaio Langileen Batzordeari.

54. artikulua. Deialdi bakoitzeko lanpostu hutsak.

1. Deialdia bakarra izanen da eta bertan lehiaketaren bidez zein berariazko lehiaketaren bidez betetzen diren lanpostu hutsak sartuko dira.

2. Udaltzainek deialdian agertzen ez diren lanpostu hutsetara aurkezten ahalko dute beren burua, deialdia ebaztean sortuko balira-edo.

3. Deialdia ebaztean sortzen diren lanpostu hutsak deialdi horren parte bihurtuko dira.

4. Epaimahaiak kalifikazioa ezarri eta lanpostu huts guztien esleipen-proposamena aurkeztuko du, bai deialdiarekin batera hasieran eskainitako lanpostu hutsena, bai horren ondorioz sortu direnena.

55. artikulua. Parte hartzeko betekizunak eta baldintzak.

1. Jardun-egoeran, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian dauden Iruñeko Udaltzaingoko funtzionarioek, lehiaketaren eta berariazko lehiaketaren bidezko prozeduretan parte hartzen ahalko dute, eskatzen diren baldintza orokorrak eta deialdi bakoitzean ezarritako betekizunak betetzen badituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

2. Bigarren jardueran ari den funtzionarioak ezin izanen du parte hartu lanpostuak hornitzeko prozesuetan.

56. artikulua. Lanpostu hutsak lehiaketaren bidez hornitzea.

1. Lehentasun-ordena.

–Lehiaketa prozeduretan, izangaiek lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena honako hauen arabera izanen da:

a) Merezimendua: Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, 30 puntu gehienez.

b) Edukiera: Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk, 10 puntu gehienez.

–Puntuazioa 57. artikuluko 2. a) eta 2. b) puntuetan xedatutakoaren arabera eginen da, hizkuntzen kasuan izan ezik, non balorazio berbera emanen zaien Europako Erkidegoko hizkuntza ofizial hauen ezagutzari: frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera. Euskara haren erabilera eta sustapena arautzeko indarreko araudiaren arabera baloratuko da.

–Puntu-berdinketa izanez gero, eskalafoi zenbakiari jarraituko zaio.

2. Lehentasunezko eskubideak.

Hauek izanen dira lanpostuak lehiaketa bidez hornitzeko lehentasunezko eskubideak:

–Iruñeko Udaltzaingoaren plantilla organikoan bigarren jarduerako erregimenean dauden langileek betetzeko moduko destinoei dagokienez, lehentasuna izanen dute bigarren jarduerarako egoerara pasatzearen ondorioz behin-behinean destino batera atxikita dauden funtzionarioek, eta horien artetik, egoera horretan aldi bateko ezintasunen batengatik daudenek.

–Lehiaketa bidez hornitutako gainerako destinoetarako, lehentasuna izanen dute lehenago betetzen zutena kentzearen ondorioz behin-behinean destino batera atxikita dauden funtzionarioek, eta beren lanpostua bigarren jarduerako erregimenean egoteagatik mugiarazi dituztenek.

–Lehentasunezko eskubide mota bera duten izangaiak lanpostu huts berera aurkezten direnean, lanpostua eskalafoiari jarraikiz esleituko da.

57. artikulua. Berariazko lehiaketa.

1. Bete beharreko lanpostuen izaera edo espezializazioa dela eta, lanpostua berariazko lehiaketa bidez esleitzen denean, prozedurak bi fase izanen ditu.

2. Lehen fasean -zeinean baloratuko diren meritua, gaitasuna, titulazio akademikoak, esker-sariak eta beste merezimendu batzuk eta hizkuntzak- aintzat hartuko da organo eskudunaren ebazpenean xedatutakoa, eta gehienez ere 53 puntu lortzen ahalko dira.

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: puntu bat emanen zaio zerbitzu-urte bakoitzari, deialdia argitaratu den egunera arte kontatuta. Urte zatiak proportzionalki hainbanatuko dira. Atal honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

b) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, irakaskuntza eta ikerketa, esparru polizialarekin zerikusirik badute: gehienez ere 10 puntu.

Honela baloratuko da b) puntua:

b1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), irizpide hauei jarraiki:

1.–Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.–Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3.–Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 10 kredituko balorazioa emanen zaie.

4.–Ikastaro bakoitzeko gehienez ere eman daitekeen balorazioa 1 puntukoa da.

5.–Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

b2) Titulazioak:

–Doktoregoagatik/Gradu edo Lizentzia ofizialagatik, gehienez ere 2 puntu.

–Unibertsitate-diploma ofizialagatik, gehienez ere 1 puntu.

–Tituluen ikastaro solteak ez dira baloratuko.

c) Esker-sariak eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 2,50 puntu.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.

d) Hizkuntzak: gehienez ere 10,50 puntu.

Balorazio berbera emanen zaie Europako Erkidegoko hizkuntza ofizial hauen ezagutzari: frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera. Euskara haren erabilera eta sustapena arautzeko indarreko araudiaren arabera baloratuko da.

3. Bigarren fasean, proba objektibo teoriko-praktikoak edo/eta lanpostuarekiko egokitzapenari buruzko profil profesiografikokoak eginen dira; gehienez ere 60 puntu emanen dira, honela banatuta:

3a) Proba teoriko-praktikoa:

Proba teoriko-praktikoa, test motakoa, aldian aldiko epaimahaiak zehaztu beharrekoa, aitzinetik onetsi eta dagokion deialdian argitaratutako gaitegi baten gainean: gehienez ere 40 puntu, eta probaren puntuazio gorenaren % 50 lortu beharko da nahitaez.

3b) Profil profesiografiko eta gaitasunekoa.

Deialdian profil profesiografikoa ere baloratu ahalko da, gehienez ere 20 puntukoa, aldian aldiko epaimahaiak zehaztu beharrekoa.

–Profil profesiografikoa da ikuspegi kualitatibo eta kuantitatiboan lanpostu bat hornitzeko hautagaiak izan behar dituen ezaugarriak eta gaitasunak zehazten dituen agiria.

–Profil profesiografikoan hautagaiak aritu diren lanerako taldeak zehaztuko dira, Udaltzaingokoak zein hortik kanpokoak, bai eta hautagaiek dituzten gaitasunak ere. Baloratu eginen da hautagaiaren ibilbide profesionala, eta eskuratu nahi duen lanpostu berrian aritzeko hark dituen garrantzia eta eragina.

–Halaber, Udaltzaingoan aritzearen ondoriozko ebaluazio objektibaturik egonez gero, hura zehaztu eta puntuatu eginen da, proportzionalki.

4. Lanpostua esleitzeko proposamena puntuaziorik handiena -fase bietako emaitzak zenbatuta- lortu duen hautagairi eskaini beharko zaio, non aintzat hartuko diren esker-sariak eta beste merezimendu batzuengatiko puntuazioa eta euskararen zein Europako Erkidegoko hizkuntza ofizial hauen ezagutzagatiko puntuazio erantsia: frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera.

5. Sailkapen ordenan gertatzen diren berdinketak hausteko, irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Proba teoriko-praktikoan lortutako puntuaziorik hoberena.

b) Profil profesiografiko eta gaitasunekoan lortutako puntuaziorik hoberena.

c) Berdinketa ez bada artean hautsi, eskalafoiari erreparatuko zaio.

6. Berariazko lehiaketen deialdien oinarrietan sartzen ahalko da izangaiek geroago prestakuntza edo hobekuntza ikastaroa gainditzeko beharkizuna. Ikastaro hori egiten edo gainditzen ez bada, izangaiak destinora atxikita egoteari utziko dio.

III. KAPITULUA

Izendapen librea eta behin-behineko atxikipena

58. artikulua. Izendapen libreko lanpostuak.

1. Izendapen librearen bitartez hornituko dira Iruñeko Udaltzaingoko arloetako eta brigadetako burutzetako eta Erakunde Segurtasuneko Taldeko burutzako lanpostuak.

2. Izendapen libreko lanpostu batera atxikitako funtzionarioak mugiarazi ahalko dituzte edonoiz.

59. artikulua. Lanpostuak mugiaraztea.

1. Lanpostua lehiaketa zein berariazko lehiaketa bidez eskuratu duten funtzionarioek mugiarazi ahalko dituzte bigarren jarduerakotzat jotzen ez diren lanpostuetarako eskatutako eskakizunak ez betetzeagatik, edo aritzeko gaitasun ezagatik, lanpostuari dagozkion eginkizunak modu eraginkorrean betetzea eragozten duen errendimendu eskasa dela bide.

2. Mugiaraztea alde biko espedientea egin ondoan gauzatuko da, honako prozedura honen arabera:

a) Mugiarazteko arrazoizko proposamena udaltzainburuak eginen du eta interesdunari jakinaraziko zaio, hamar egun balioduneko epean alegazioak egin ditzan eta egokitzat jotzen dituen dokumentuak aurkez ditzan.

b) Mugiarazteko behin betiko proposamena langileak ordezkatzeko organoari emanen zaio, espedientearen gainerako atalekin batera, eta hark txostena eginen du hamar egun balioduneko epean.

c) Langileak ordezkatzeko organoaren txostena jaso ondoren edo hori jaso gabe epea igaro ondoren, organo eskudunak mugiarazteari buruzko ebazpena emanen du. Ebazpena arrazoitua izanen da eta, behar izatera, hura jakinarazi izanak funtzionarioak destinoa utzi behar izatea ekarriko du.

3. Mugiarazitako funtzionarioak beste destino batera atxikiko dira behin-behinean.

60. artikulua. Langileak birkokatzea.

1. Destino batean sartzen diren funtzionarioak birkokatzen ahalko dira gerora sortutako arrazoiengatik, erran nahi baita, destinoaren edukia aldatzeagatik edo hura desagertzeagatik, edo langileak aldi baterako birkokatzea eskatzen duten eraginkortasun eta eragimenezko arrazoiengatik.

2. Zerbitzuaren premiak direla-eta langileen birkokatzea egin behar denean, udaltzainak beste destino batera atxikitzen ahalko dira, betiere destino berrian aritzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta lehen betetzen zutenaren kategoria berekoa bada.

3. Langileen birkokatzea banaka edo taldeka erabakitzen ahalko da. Lehenik eta behin, destino berriak esleituko zaizkie beren borondatez eskatzen dituztenei; bigarrenez, eskatutako kategorian antzinatasun txikiena dutenei; eta, azkenik, eta kategorian antzinatasun berdina izanez gero, sartzeko edo, hala denean, igotzeko hautaketa prozesuan puntuazio txikiena eskuratu dutenei.

4. Birkokatutako funtzionarioak beste destino batera atxikiko dira behin-behinean.

61. artikulua. Behin-behineko atxikipena. Birkokatzea eta mugiaraztea.

1. 59. eta 60. artikuluetan xedatutakoaren arabera destinoa uzten duten funtzionarioak haien kategoriari dagokion destino batera atxikiko dira behin-behinean, haien baldintza psikofisikoetara egokitzen den lanpostu hutsa badago, behin betiko destinoa eskuratu arte. Horrek ondorioak sortuko ditu destinoa utzi eta biharamonetik aurrera.

2. Behin-behineko atxikipenak urtebete iraunen du gehienez ere eta epe hori luzatzen ahalko da, epemuga amaitzen denetik deialdian destinoa eskuratuko duen funtzionarioa horretaz jabetu arte.

3. Behin-behineko atxikipena duten funtzionarioek destinoak betetzeko deitzen diren lehiaketetan parte hartu beharko dute, horretan dauden bitartean, eta eskatu bete daitezkeen lanpostu huts guztiak. Horrela egin ezik, haietariko edozeinetara atxikitzen ahalko dira derrigorrez.

4. Destino batean behin-behinean ari diren bitartean, funtzionarioek horri esleituriko ordainsari osagarriak jasoko dituzte.

Destinoa kentzen edo mugiarazten bada, ukituriko funtzionarioek kendutako destinoari dagozkion oinarrizko ordainsariak eta osagarriak jasotzen jarraituko dute, beste destino bat behin-behinean esleitu arte.

5. Behin-behineko atxikipenak egiten ahalko dira egoera mediko iragankor, haurdunaldi, lanaldi-murrizketa eta antzeko egoerarik gertatuz gero, lanpostu hutsa dagoen ala ez kontuan hartu gabe, eta funtzionarioa jatorrizko destinora itzuliko da, egoera amaitu bezain laster.

62. artikulua. Bitarteko izendapena.

1. Lanpostu batean edo goragoko batean batean behar bezainbat funtzionariorik ez denean eta zerbitzuaren beharrek hartaratzen dutenean, Iruñeko Udaltzaingoko funtzionarioak lanpostu berean edo goragoko lanpostu hurrenean aritzen ahalko dira bitarteko langile gisa -organo eskudunak izendatu ondoren eta destinoa erreserbatuta dutelarik-, baldin eta lanpostu hutsik badago eta igoera prozeduran onartuak izateko ezarri diren betekizunak betetzen badituzte.

2. Norberaren borondatez burutuko da bitarteko izendapena, baina hori ezinezkoa balitz, derrigortu ahal izango dira udaltzainak horietan jardutera, baldin eta behar-egoera geroraezinik gertatzen bada. Azken kasu horretan, justifikazio-txosten bat eman beharko da, aurretiaz interesdunari entzunda.

3. Bitarteko izendapena gehienez ere urtebeterako eginen da. Bakarrik luzatzen ahalko da lanpostu hutsa betetzeko deialdia onetsi bada, harik eta lanpostu hutsa behin betiko bete arte.

4. Funtzionarioa karguaz jabetuko da hiru eguneko epean, bitarteko izendapena ematen dion ebazpena jakinarazten denetik aitzina.

5. Bitarteko funtzionarioa zein destinotako titularra den, harexeri dagokion ordainsaria eta bitarteko langile gisa egiten duenari dagokiona berdintzeko beharrezko diru-kopuruak jasotzeko eskubidea izanen du.

6. Zerbitzu eginkizunetako egoera eman duen organoak hori baliogabetzen ahalko du edonoiz.

7. Bitarteko langileek betetako destinoak egiten den lehenengo deialdian eskaini beharko dira, lanpostu hutsaren titulartasuna erreserbarako eskubidea duen funtzionario batena izan ezean.

8. Bigarren jardueran ari den funtzionarioak ezin izanen du parte hartu bitarteko izendapen bitartez lanpostuak hornitzeko prozesuetan.

IV. KAPITULUA

Lanpostuak hornitzeko beste modu batzuk

63. artikulua. Zerbitzu-eginkizunak.

1. Zerbitzu-eginkizunetako egoeran jarduteko izenda daitezke funtzionariak, euren mailari dagozkien lanpostuetan edo atxikitako lanpostuaren berarizkoez bestelako egitekoak burutzeko. Halaber, eta salbuespen gisa, beste administrazio batzuetako funtzionarioek ere betetzen ahal dituzte lanpostuak.

2. Norberaren borondatez burutuko da zerbitzu-eginkizuna, baina hori ezinezkoa balitz, derrigortu ahal izango dira udaltzainak horietan jardutera, baldin eta behar-egoera geroraezinik gertatzen bada. Azken kasu horretan, justifikazio-txosten bat eman beharko da, aurretiaz interesdunari entzunda.

3. Zerbitzu-eginkizunak urtebeteko gehieneko iraupena izanen du eta epe hori luzatzen ahalko da, epemuga amaitzen denetik deialdian destinoa eskuratuko duen funtzionarioa horretaz jabetu arte.

Aurrekoa gorabehera, zerbitzu-eginkizuna gordetako lanpostu baterako denean, luzatzen ahal da titularra itzuli arte.

4. Funtzionarioa karguaz jabetuko da hiru eguneko epean, zerbitzu-eginkizunetan aritzeko ahalmena ematen dion ebazpena jakinarazten zaionetik aitzina.

5. Zerbitzu-eginkizunetan ari diren funtzionarioek beren mailei dagozkien oinarrizko ordainsariak eta betetako lanpostuari dagozkion osagarriak jasoko dituzte. Aurrekoa gorabehera, zerbitzu-eginkizuna derrigorrean eman izan balitz, eta lanpostu horren ordainsariak berezkoak baino urriagoak balira, egoera horretan egon bitartean interesdunak berezko lanpostuari esleitutako ordainsariak jasoko ditu.

6. Zerbitzu-eginkizunetako egoera eman duen organoak hori baliogabetzen ahalko du edonoiz.

7. 3. atalean xedatutakoa gertatu ezean, zerbitzu-eginkizunen bidez hornitutako lanpostuak egiten den lehenengo deialdian eskaini beharko dira.

64. artikulua. Jarduneko zerbitzura itzultzea.

Destinoaren erreserba ez duten funtzionarioak jardunean berriz hasiko dira interesdunak eskatu ondoren eta lanpostu hutsik dagoenean, haren kategoriari dagokion destino batera behin-behinean atxikiz.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Polizia-eginkizunak

Antolaketa-unitate bakoitzari esleitzen zaizkion polizia-eginkizun berariazkoak galarazi gabe, unitate horietako langileek Iruñeko Udaltzaingoaren betebehar orokorren arabera agintzen zaizkien banakako edo taldekako gainerako lanak ere egin beharko dituzte. Edonola ere, polizia-eginkizun horiek salbuespen izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dituzte ekintza- eta zerbitzu-beharrek.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Berregituraketa

Berregituraketa administratibo baten ondorioz aldaketarik eragiten denean behin betiko destinoa duten lanpostuetako atxikipen organikoan edo zereginetan, ez da berriro lanpostu horiek hornitzeko beste deialdi bat egin beharrik izanen, lanpostu berriko zereginak, funtsean, aurrekoan ere barne hartuta daudelarik.

Halakorik izanez gero, organo eskudunak aurreko atxikipena egoera berrira egokitu beharko du nahitaez ebazpen bidez, non adierazi beharko den berariaz burutu beharreko funtzio berriak, funtsean, lanpostu aldatuan ere jasotzen direla edo izaeraz antzekoak direla eta gaitasun-maila berbera eskatzen dutela.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Polizia-etikako araudia

Polizia-jarduketek men egin behar diete konpromiso jakin batzuei, beren xedeen bila bikaintasuna lortzera bideratuei, zeinei polizia-funtzionarioek konbentzimendu osoz engaiatuko zaizkien. Baieztapen esanguratsua da azken hori; izan ere, segurtasuna edo polizia-zereginaren oinarrian kontsentsua eta gizartea bera daude. Herritarren eskubideen errespetua da polizia-eginkizunaren funtsezko zutabea. Errepresioa baino, prebentzioa bilatzen du. Funtsezkotzat jotzen da herritarren lankidetza. Funtsezkotzat jotzen da herritarren laguntza, alegia, errespetuan eta konfiantzan lortutako laguntza, polizia-jarduketa ardurazko, sozial eta neurrizkoa izatearen ondorioz.

Horrengatik guztiagatik, poliziak gizartearen zerbitzuan aritu behar du, hari emana erabat, herritarren beharren neurri-neurrira egokitua. Polizia-zereginen garapena prozesu bizi eta etenik gabea da, zeinean denok dugun zer esanik. Udal honek sustatu egin nahi ditu ideia horiek, jarraian garatuaz indarreko polizia-etikako araudia, beharrezkoa jotzen dena polizia-zereginean egoiki aritzeko.

–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako poliziei buruzkoa.

–Nafarroako polizia kidegoen helburua eta Nafarroako polizia kidegoetako kideen jardunaren oinarrizko printzipioa.

–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

–Jarduteko oinarrizko printzipioak.

–10. Gomendioa (2001), Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei eginikoa, Etika Polizialari buruzko Europar Kodeari buruzkoa.

–Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 1979ko 169/34 Ebazpena. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioentzako jokabide-kodea. 1979ko abenduaren 17a.

–Iruñeko Udaltzaingoaren eginkizuna, ikuspegia eta baloreak.

–Iruñeko Udaltzaingoko estilo-liburua.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Bitarteko izendapena

Prozedura objektibo bat arautuko da, sindikatuekin adostuta, bitarteko lanpostuak izendapen bidez hornitzeko.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Profil profesiografikoa

Sindikatuekin lanpostu bakoitzerako profil profesiografikoei buruzko akordiorik adosten ez den bitartean, ez da aplikatuko puntuazio-ondorioetarako erregelamendu honetako 57.3.b artikuluan araututako berariazko lehiaketetan.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Aintzat hartuta Plan Zuzentzaile berria, eta erregelamendu hau indarrean sartu ostean eginen den lanpostuak hornitzeko deialdiaren ostean, Plan horren karietara sortutako talde eta lantalde berrietan (deialdi horretan agertzen ez direnak) aritu nahi duten Udaltzaingo honetako kide guztiek parte hartzen ahal dute, behin bakarrik, horniketa prozesuan, aintzat hartu gabe erregelamendu honetako 50. artikuluan xedatutako denborazko betekizunak betetzen dituzten edo ez.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lanpostuak lehiaketa eta berariazko lehiaketa bidez hornitzeko baremazioa bat etorriko da aurrerantzean eginen diren Nafarroako polizien legeekin eta horiek garatzeko erregelamenduekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditu dira erregelamendu honetan ezarritakoarekin kontraesanean dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta bereziki 2012ko martxoaren 1eko Osoko Bilkuran behin betiko onetsitako Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua, zeinaren bitartez onetsi zen hasiera batez Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren aldaketa.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1703392