65. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Agindua aldatzen duena; foru agindu horren bidez, I+G proiektuetarako laguntzen araubidea ezarri eta 2017ko laguntzetarako deialdia onetsi zen.

ZIOEN AZALPENA

Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren bidez, I+G proiektuetarako laguntzen araubidea ezarri zen (2016ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 31koa).

Foru agindu horren lehenengo xedapen gehigarrian laguntza horien urteko deialdia onetsi zen, 2016. urtekoa hain zuzen. Kontuan harturik berrikuntzari buruz Europatik monitorizatutako adierazleen bilakaera eta deialdi horren ebazpena, ikusi da egoki litzatekeela laguntza horien araubidean aldaketaren bat egitea, Nafarroako ikerketa zentroen eta enpresen garapen esperimentala eta ikerketa-jarduera gehiago sustatzearren eta berrikuntzari loturiko adierazleak hobetzearren.

Zehazki, kontuan harturik eskualde baten berrikuntza maila neurtzeko adierazleak, besteak beste, doktoreen kopurua, argitalpenen kopurua, Europako patenteen kopurua eta lankidetza bidezko berrikuntza direla, doktoreek parte hartzen duten proiektuak, emaitzak argitaratzen dituztenak eta Europako patente bat eskatzen duten proiektuak baloratuko dira. Horrez gainera, laguntzen intentsitatea doitu da, diru-laguntzen banaketa orekatuagoa izan dadin, entitate onuradun gehiago izanen baitira, eta intentsitate hori proiektuaren kalitatearen araberakoa izan dadin, proiektu onenek finantzaketa handiagoa izan dezaten. Era berean, berariazko laguntza-intentsitate bat ezarri da Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin batera kofinantzatutako proiektuentzat.

Gainerako aldaketen xedea da erraztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileen parte-hartzea ikerketa proiektuetan, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren sektoreak eguneratzea eta, azkenik, diruz lagundutako I+G proiektuak gauzatzearen gaineko parametro puntuagarriak ez betetzeagatiko penalizazioak arautzea.

Hori helburu, foru agindu honen bidez Garapen Ekonomikorako kontseilariak, I+G proiektuetarako laguntzen araubidea ezartzeko, maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 3., 4., 7., 10., 15. eta 16. artikuluak aldatzen dira.

Foru agindu honetan, orobat, 2017ko laguntzen urteko deialdia onesten da, organo honi eskumenak berarentzat gordetzeko aitortu zaizkion ahalmenak erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearen 38. artikuluaren bidez horretarako ahalmena aitortu baitzaio.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 3. artikuluaren 1.1. atala aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1.1. Baldintza hauek betetzen dituzten enpresek:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan ez egotea.

Enpresek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.”

2. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 4. artikuluaren 1.1. atalaren a) letra aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1.1. Hurrengo 1.2 atalean sartzen ez diren ezagutzaren ikerketa eta zabalkunderako erakunde eta enpresentzat:

a) Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko diru-laguntza emanen da ordu bakoitzeko.

Onuraduna enpresaburu indibidual bat baldin bada, eta aukeraren kostua aintzat hartzeko, hau da, I+G proiektuan jardun bitartean pertsona autonomoak ez duela fakturatzen (eta horren ondorioz diru-sarrera txikiagoak ditu), honelako soldata-kostu hauek ezarri dira:

KUALIFIKAZIOA

EUROAK ORDUKO

Doktoretza

40

Masterra

35

Unibertsitateko titulua/Gradua

30

Lanbide Heziketa edo Batxilergoa

25

Kualifikaziorik gabea

20

3. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 4. artikuluaren 1.1. atalaren d) letra aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, izan unibertsitateenak, zentro teknologikoenak edo proiektuari lotutako I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste enpresa batzuenak.

Kanpoko laguntza ematen duena, hots, ezagutzaren ikerketarako eta zabalkunderako erakundea, ikerketarako erakunde publiko bat, zuzenbide publikoko entitate bat edo I+Gko bestelako erakunde publiko bat baldin bada, diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, erakunde horrek zerbitzua emateko izan dituen kostuak, artikulu honen 1.2 atalean ezarritakoaren arabera.”

4. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 4. artikuluaren 1.2. atalari paragrafo bat eransten zaio, honela idatzita agertuko dena:

“Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek proiektuan ematen duten denbora handitzearen ondoriozko gastuak, Carlos III Osasun Institutuak 2016ko martxoaren 28an emandako Ebazpenaren 98.5.a) artikuluan ezarritakoarekin bat. Ebazpen horren bidez, Osasun arloko 2013-2016 Ekintza Estrategikoaren diru-laguntzen 2016ko deialdia onetsi zen.”

5. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 7. artikuluaren 1. atalaren a) letra aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“a) Enpresak izanez gero:

Laguntzaren intentsitatea proiektuaren balorazioan lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da, 10. artikuluan ezarritakoaren arabera. 100 puntu lortuz gero, gehieneko laguntza emanen da, taula honetan kasu bakoitzerako ezarritakoari jarraikiz:

PROIEKTUAREN
KALIFIKAZIOA

PROIEKTUAREN MODALITATEA

ENPRESAREN TAMAINA

Txikia

Ertaina

Handia

Industria ikerketa

Banakakoa

%70

%50

%35

Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia

%80

%65

%50

Garapen esperimentala

Banakakoa

%45

%25

%10

Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia

%60

%40

<%25

Aurreko taulako gehieneko intentsitateak kontuan harturik, honela kalkulatuko da jaso beharreko laguntza onuradun eta proiektu bakoitzerako:

Laguntzaren intentsitatea = proiektuaren balorazioa x gehieneko intentsitatea /100.

CDTI-Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin batera kofinantzatutako proiektuak salbuetsita geldituko dira, horiek honelako laguntza laguntzak jasoko baitituzte:

TXIKIA

ERTAINA

HANDIA

CDTI Zentroarekin batera kofinantzatutako proiektua

%15

%10

%5

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza-intentsitateak.”

6. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 7. artikuluaren 2. atala aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“2. a) Hauxe izanen da laguntzen gehieneko zenbatekoa deialdi bakoitzean:

PROIEKTUAREN
MODALITATEA

GEHIENEKO PROIEKTU KOPURUA ONURADUN
BAKOITZEKO

GEHIENEZ ONURADUN BAKOITZEKO

GEHIENEZ PROIEKTU BAKOITZEKO

Banakakoa

1

200.000 euro

200.000 euro

Enpresen arteko lankidetza proiektuak

1

200.000 euro

500.000 euro

Ezagutzaren transferentzia

1

200.000 euro

500.000 euro

b) Entitate onuradunek jaso beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoak, aurreko taulako hiru proiektu motetatik bakoitzerako adierazi direnak, independenteak dira beren artean.

c) Enpresa onuradunek laguntza bakarra jasotzen ahalko dute deialdi eta proiektu mota bakoitzerako. Modalitateren batean proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero, puntuazio altuena lortzen duen proiektuari emanen zaio laguntza. Onuradun bakoitzarentzako proiektu baterako finantzaketa esleitu ondoren kreditu erabilgarririk gelditzen bada, aurkeztutako bigarren proiektuetarako diru-laguntza ematen ahalko da.

d) Onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntzari buruz eta modalitate bakoitzean finantzaketa lortzen ahal duten proiektuen kopuruari buruz ezarritako mugak ez zaizkie aplikatuko ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeei, baina laguntza kontuan hartuko da proiektu bakoitzerako gehieneko laguntza zehazteari begira.

e) Eskatzen den finantzaketa zenbatekoa den adieraziko da proiektua deskribatzen duen memoria teknikoan, eta, enpresen arteko lankidetza proiektuetan eta ezagutza transferitzen dutenetan, parte-hartzaile bakoitzaren arabera xehakatua aurkeztuko da.”

7. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 10. artikuluaren 1. atala aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak irizpide hauen araberako baloratuko ditu proiektuak, aurkezten den dokumentazioan oinarrituta:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

30

15

b) Proiektuaren berritasun maila

20

10

c) Aurrekontuaren justifikazioa

15

8

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea

10

5

e) Ikerketa taldeko doktoreak

5

-

f) Emakumeen parte-hartzea ikerketa taldean

5

-

g) Nola txertatzen den Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren sektoreetan (S3), teknologia estrategikoetan eta S3-ren erronken esparruan

5

-

h) Patenteak eta argitalpenak

5

-

i) Lankidetza proiektuak S3 - Teknologia estrategikoa: IKTak, Bioteknologia edo Manufaktura aurreratua

5

-

GUZTIRA

100

50

a) Proiektuaren irismen teknologikoa, gai hauei dagokienez:

–Proposatutako helburuak lortzeko arrisku teknologikoa, zailtasun teknikoa. 12 puntu.

–Egungo konponbideen gabeziak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean. 10 puntu.

–Konpondu beharreko problema eta merkatu aukerak. 8 puntu.

b) Proiektuaren berritasun maila. Alderdi hauek baloratuko dira:

–Berrikuntzaren hedadura/garrantzia: baxua, ertaina edo altua. Berrikuntzaren garrantzia altuagoa izanen da sektorean erabili ohi diren teknologiekin alderatuta nabarmen aurreratuagoak direnak garatuz gero, edo helburuen kuantifikazioan jauzi handia gertatzen bada, merkatuan ez dagoen produktu bat baldin bada edo produktuaren ezaugarri asko aldatzen badira.

–Berrikuntzaren hedadura-esparrua: erregio mailakoa (10 eta 15 puntu bitarte, hedadura txikia, ertaina edo altua den), nazio mailakoa (12 eta 17 puntu bitarte) edo nazioartekoa (15 eta 20 puntu bitarte).

c) Proposamena gauzatzeko aurrekontuaren justifikazioa giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioaren eta kostuaren ikuspegitik.

Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena justifikatu beharko dira. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu beharko da eta haien zerikusia proiektuaren jarduerekin; langileen zeregin teknikoak; kostuaren banaketa eta materialen kopurua; kanpoko lankideen parte-hartzea.

Atal hau baloratzeko orduan, kontuan hartuko da bai gastuak ongi deskribatu diren, bai ongi egokitzen diren proposatutako helburuetara eta haien zailtasun mailara.

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, arlo hauei dagokienez:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak.

e) Lan taldean doktoreak dituzten proiektuei 5 puntu emanen zaizkie.”

f) Emakumeek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumeek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan, honako tarte hauen arabera:

EMAKUMEEN ORDUEN % / PROIEKTUKO ORDU GUZTIAK

PUNTUAZIO GEHIGARRIA

≥ 25 eta < 50

1

≥ 50 eta < 75

3

≥ 75

5

g) Nola txertatzen den Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren sektoreetan (S3), teknologia estrategikoetan eta RIS3-ren erronken esparruan.

Horren ondorioetarako, honako hauek dira Nafarroako S3an identifikatutako sektoreak: Automozioa eta Mekatronika, Elikakatea, Energia Berriztagarriak eta Baliabideak, Sorkuntza Industriak eta Industria Digitalak, Osasuna eta Turismo Integrala. Eta honako hauek dira Nafarroarentzako teknologia estrategikoak, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2016-2020 Planean identifikatuak: IKTak, Bioteknologia eta Manufaktura Aurreratua.

5 puntu emanen zaizkie hauetako bi egoeretako batean dauden proiektuei:

1) S3 Estrategiaren sektore batean edo gehiagotan sartuta dauden proiektuak, baldin eta aipatutako teknologia estrategikoetako batean zentratzen badira.

2) S3 estrategiaren 1.tik 11.era bitarteko erronkei erantzuten dieten proiektuak:

–Ibilgailu elektrikoaren sustapena.

–Nafarroako industriaren 4.0. eraldaketa.

–Elikaduraren balio-katea eratzea.

–Elikadura osasuntsuaren aldeko apustua.

–Energia fosilaren kontsumoa gutxitzea.

–Sektore eolikoa indartzea.

–Ekonomia zirkularra sustatzea.

–Osasun zerbitzuen eragimena handitzea (e-Health).

–Medikuntza pertsonalizatua garatzea.

–Osoko eskaintza turistikoaren nitxo berriak.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

S3 estrategiaren sektoreetan bakarrik kokatzen diren proiektuek 3 puntu lortuko dituzte. Eta teknologia estrategikoetako batean zentratzen diren proiektuek, berriz, 2 puntu.”

h) Patente eta argitalpenen eskaerak baloratuko dira. 5 puntu emanen dira Europako patentea eskatu bada edo Q1 motako aldizkari zientifiko batean argitaratuz gero. 3 puntu emanen dira Espainiako patentea eskatu bada edo aldizkari zientifiko batean argitaratuz gero.

i) 5 puntu emanen zaizkie elkarlanerako edo transferentzia proiektuei, baldin eta proiektuan S3 estrategiaren sektoreren bateko enpresa batek parte hartzen badu gutxienez, eta harekin batera, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2016-2020 Planean identifikatutako teknologia estrategiko bateko enpresa batek edo gehiagok (IKTak, Bioteknologia eta Manufaktura aurreratua).”

8. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 10. artikuluaren 2. atala aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“a), b), c) edo d) letretako irizpideetako batean gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak ez dira beste irizpideen arabera baloratuko, eta haien laguntza-eskaera baztertuko da. Baztertuko dira, orobat, gutxieneko puntuazio horiek lortuta ere, balorazio irizpide guztietan 50 puntura iristen ez diren eskaerak.”

9. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 15. artikuluaren 1. atala aldatzen da, atal horren bukaeran paragrafo hau eransten baita:

“Atal honen b) eta d) letren azken likidazioa eta likidazio partziala egiteko proposamenekin batera, proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboari buruzko txosten bat aurkeztuko da”.

10. artikulua. Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Aginduaren 16. artikuluaren 2. atalaren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“Diruz lagundutako I+G proiektu baten onuradunak proiektua gauzatzen ez badu, laguntzaren azken likidazioa egiteko orduan, penalizazio hauek aplikatuko zaizkio:

a) Laguntza-intentsitatea zehaztu bada 10. artikuluko e), f) edo h) letretako irizpideetan oinarriturik, eta azken justifikazioa egiteko unean irizpide horiek betetzen ez baditu, ordainketa egitean, laguntzaren intentsitatea egokituko da benetan justifikatzen duen kopurura.

b) Diru-laguntza emateko ebazpenean proiektuari onartutako aurrekontuaren %60tik behera gauzatu bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

c) Aurrekontuaren %40tik behera gauzatu bada, deklaratuko da onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, eta, kasua bada, eskatuko da ordaindutakoa itzultzeko.”

Xedapen gehigarri bakarra.–2017ko deialdiaren onespena.

1. I+G proiektuetarako laguntzen 2017ko deialdia onesten da, eta, horretarako, 12.000.000 euroko gastua baimentzen da, “I+G proiektuetarako diru-laguntzak, EGEF 2014-2020 Nafarroako Programa Eragilea” izeneko 820005 82110 7701 467303 partidaren kargura (PEP elementua: E-14/000107-01) ordainduko dena, muga hauekin:

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(eurotan)

2017

3.000.000

2018

6.000.000

2019

3.000.000

GUZTIRA

12.000.000

Urte anitzeko gastu horri 1.500.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez, baina gehigarri hori diru-laguntzei aplikatzeko ez da beste deialdi bat egin beharko. Gehigarri hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta justifikatu behar da.

Kreditu gehigarriaren onespena eta argitalpena deialdia ebatzi baino lehen eginen dira, eta onespenak ez du ekarriko eskaerak aurkezteko epe berri bat irekitzea, ez eta ebazpenak emateko eta jakinarazteko epe berri bat hastea ere.

2. 12.000.000 euroko urte anitzeko gastua honela banatuko da:

–Banakako proiektuak: 4.000.000 euro.

–Enpresen arteko lankidetza proiektuak: 4.000.000 euro.

–Ezagutza transferitzen duten proiektuak: 4.000.000 euro.

Eskaera guztiei erantzun ondoren, proiektu mota baterako baimendutako kredituan soberakinik gelditzen bada, beste modalitate batzuetako proiektuak diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da, eta horretarako irizpidea izanen da, lehenbizi, ebaluazio fasean puntuazio altuena lortu duten proiektuak diruz laguntzea.

3. Baldintza hauek ezartzen dira 2017ko laguntzen deialdirako:

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

b) 91/2016 Foru Aginduaren 6. artikuluan aipatzen diren proiektuak gauzatzeko aldia laguntza-eskaera aurkezten den egunean hasiko da, eta 2019ko apirilaren 30ean bukatuko. Luzapen bat egitea onartzen bada 91/2016 Foru Aginduaren 13. artikuluan adierazitako moduan, proiektua gauzatzeko epea ez da 2019ko abuztuaren 31tik haratago eramanen, inola ere ez.

Hauxe izanen da proiektuak gauzatzeko urtekoen iraupena:

–Lehen urtekoa: proiektua hasten den egunetik 2018ko apirilaren 30era arte (egun hori barne) gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

–Bigarren urtekoa: 2018ko maiatzaren 1etik 2019ko apirilaren 30era arte (egun hori barne) gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

c) Hauexek dira diruz lagundutako jarduketaren frogagiriak aurkezteko epeak, 91/2016 Foru Aginduaren 14. artikuluan aipatzen direnak:

1.–2017ko azaroaren 15era arte (egun hori barne): tarteko lehen txostena aurkeztuko da, proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino bete diren azaltzeko, onuradunak ordura arte egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena gehituta.

2.–Hiru hilabete lehen urtekoko jarduera bukatzen denetik, eta 2018ko uztailaren 31ra arte (egun hori barne): justifikazio partziala aurkeztuko da.

3.–2018ko azaroaren 15era arte (egun hori barne): tarteko bigarren txostena aurkeztuko da, proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino bete diren azaltzeko, onuradunak ordura arte egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena gehituta.

4.–Hiru hilabete bigarren urtekoko jarduera bukatzen denetik, eta 2019ko uztailaren 31ra arte (egun hori barne): azken justifikazioa aurkeztuko da.

d) Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez kofinantzatuko dituen proiektuak hautatzeko irizpideei dagokienez, adierazi behar da zenbateko handieneko eragiketak eta Nafarroako espezializazio estrategikoaren sektoreak ordezkatzen dituztenak hautatuko direla.

Entitate onuradunek 2022ko abenduaren 31ra arte gorde beharko dituzte proiektuen frogagiriak.

Xedapen iragankor bakarra.–2016ko deialdiko espedienteak.

Foru agindu honetan sartutako aldaketak ez zaizkie aplikatuko I+G proiektuetarako laguntzen 2016ko deialdiaren babesean hasi diren espedienteei.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko martxoaren 23an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1703653