65. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, Musika Eskolako hainbat espezialitatetako irakasle lanpostuak aldi baterako kontratuaren bidez betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osa dadin, Eguesibarko Udalaren Musika Eskolan sortzen diren beharrei erantzutearren

OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Musika Eskolako hainbat espezialitatetako irakasleen zerrenda hautaproben bitartez osatzea, Eguesibarko Udalaren Musika Eskolan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Espezialitate hauek: zeharkako txirula, gitarra klasikoa, musika hizkuntza, perkusioa eta biolina.

1.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta oinarriak interesdunen eskura egonen dira udal bulegoetan (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren, Eguesibar) eta Udalaren http://www.valledeegues.com/ web-orrian.

1.3. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren babesean, deialdi honi, bere oinarriei edo betearazteko ematen diren egintzei buruzko edozein gorabehera, egintza edo errekurtso jakinaraziko zaie izangaiei Eguesibarko Udalaren iragarki-oholean argitaratuta, bai eta Udalaren web-orrian ere.

1.4. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda horiek erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen ahal diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da ba ote den inor Musika Eskolako irakasle lanpostuan, behar den espezialitatekoan, lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu denik; izan ere, azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Lanpostuak A mailari dagokion ordainsaria izanen du, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren arabera, bai eta, dagokion moduan, plantilla organikoan eta araudi indardunean agertzen diren ordainsari kontzeptuak ere.

1.7. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Musikako goi mailako titulua, dagokion espezialitatekoa, izatea edo hura eskuratzeko baldintzetan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ez izatea inoiz kondenatua sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituagatik, epai irmoaren bidez.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek oinarri hauen eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute Eguesibarko Udaleko Herritarrak Hartzeko Bulegoko erregistro orokorrean (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren, Eguesibar), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte: bigarren oinarriko c) atalean aipatzen den tituluaren fotokopia; nortasun agiri nazionalaren fotokopia; tasen ordainagiria; eta, halakorik bada, euskararen titulua eta/edo dagokion mailarena duelako ziurtagiria (halakorik ez badauka eta baloratzea nahi badu, euskararen ezagutza proba egiteko eskaera).

3.2. Agiri horietaz gain, %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu.

4. oinarria.–Tasak.

Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontu zenbakian edo Udaletxean bertan. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

5. araua.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Eguesibarko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren) baita haren webgunean ere (www.valledeegues.com).

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratzeko aginduko, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin, orduarekin eta tokiarekin batera.

6. oinarria.–Epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

Epaimahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.

–Epaimahaiburuaren ordezkoa: Joseba Orduña Navarro, Eguesibarko Udaleko zinegotzia.

Lehen mahaikidea: Iñigo Segura Urra, Eguesibarko Musika Eskolako zuzendaria.

–Lehen mahaikidearen ordezkoa: Musika Eskola bateko irakasle bat.

Bigarren mahaikidea: Javier Echarri López, Eguesibarko Musika Eskolako ikasketa-burua.

–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Musika Eskola bateko irakasle bat.

Hirugarren mahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

Mahaikide-idazkaria: Jesús Marco del Rincón, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

–Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa-kudeatzailea.

6.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

7.1. Honako proba honen bidez eginen da hautaketa:

–Proba praktikoa. Hautatu den espezialitateko klase bat ematea, gehienez ere 15 minutuz, Musika Eskolako edozein mailatan matrikula egina duen ikasle bati edo ikasle talde bati. Ikasleak izatea ezinezkoa bada, epaimahaiari emanen dio klasea. Nolanahi ere, epaimahaiak proba bukatutzat ematen ahalko du bidezko iruditzen zaionean.

Alderdi hauek baloratuko dira: komunikazioa, ikaslearekiko (edo klasearen hartzaileekiko) harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, musikako adibideen erabilera, eta baliabide eta estrategia ezberdinen erabilera musikako helburua erdieste aldera, baita epaimahaikoei egokiak iruditzen zaizkien beste batzuk ere.

Probak 94 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 47 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

7.2. Gainera, Eguesibarko Udalaren Euskararen ordenantza bete beharrez, euskaraz jakitea hautaproben parte izanen da. 6 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, merezimendu gisa.

Balorazio hori baremo honen arabera eginen da: 6 puntu EGA edo C1 izateagatik; 4,8 puntu B2 izateagatik; 3,6 puntu B1 izateagatik; 2,4 puntu A2 izateagatik eta 1,2 puntu A1 izateagatik.

Euskararen ezagutza agiri bidez frogatu ez dutenei, eta eskabidean horrela eskatu dutenei, dei eginen zaie hizkuntza maila frogatzeko proba egiteko eta dagokien puntuazioa emateko. Proba hori eginen da proba artistikoa eta pedagogikoa egin ondotik, eta soilik horiek gainditzen dituztenei.

7.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.4. Hautaprobetan, denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak ezarriko dira, desgaitasuna izanik beren eskabidean halaxe eskatzen dutenentzat.

8. araua.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Eguesibarko Udalaren iragarki oholean eta probak egin diren tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrendak (espezialitate bakoitzekoak), lortu duten puntuazio osoaren hurrenkeran, eta alegazioetarako bost egun naturaleko epea irekiko da. Epea amaiturik eta alegaziorik izan bada, horiek ebatzita, epaimahaiak alkateari igorriko dio gainditu dutenen behin betiko zerrenda, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeran, bai eta hautapen prozesuaren espediente osoa ere.

Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.2. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, Eguesibarko Udaleko Musika Eskolan sortzen diren beharren arabera, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

8.3. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, laugarren atalean, ezarritakoa, non Nafarroako administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira. Kasu horretan, kontratazioa egiteko, frogatu beharko da desgaitasun gradua bateragarria dela lanpostuko lan eta eginkizunekin.

Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du –beste epe bat ezarri ezean– abisua eman eta bost egun naturaleko epean –edo beranduenez 15 egun naturalekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu–; eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko. Orobat, Sexu delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko du.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.

Halakoetan, dagokion zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.

8.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2017ko otsailaren 27an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

ERANSKINA

Inskripzio fitxa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1702583