1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
309E/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Osasuneko kontseilariak emana, Julio David Cambra Ría jauna Tuterako Osasun Barrutiko Larrialdietako Laguntza Zerbitzuko buru izendatzen duena bitarte baterako, merezimendu-lehiaketa eginda.
Langile guztiek baldintza berdinetan parte hartzen dutela bermatzeko, Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 68/2016 Foru Aginduaren bidez arautu zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenez betetzeko prozedura, betiere horien deialdi publikoa egiten den arte, kasuan-kasuan erabakitzen den arauzko prozedurari jarraituz.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 16ko 3140E/2016 Ebazpenaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Tuterako Osasun Barrutiko Larrialdietako Laguntza Zerbitzuko buru izateko lanpostua merezimendu-lehiaketa bidezko bitarte baterako izendapenez betetzeko deialdia onetsi zen.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariaren otsailaren 3ko 389E/2017 Ebazpenaren bidez, deialdi horretan onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi zen.
Jarduketak bukatuta, merezimendu-lehiaketaren epaimahai kalifikatzaileak izendapen proposamena egin du Julio David Cambra Ria jaunaren alde, Tuterako Osasun Barrutiko Larrialdietako Laguntza Zerbitzuko buru izateko, deialdian eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu baitu.
Aurreko guztia eta deialdiaren 8. oinarria kontuan izanik, bidezko da Julio David Cambra Ria jauna bitarte baterako izendatzea. Izendapenak urtebeteko iraupena izanen du, eta 3 urtera arte luza daiteke.
Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak aurkeztu duen proposamena,
AGINDU DUT:
1.–Julio David Cambra Ria jauna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioa, Tuterako Osasun Barrutiko Larrialdietako Laguntza Zerbitzuko buru izendatzea bitarte baterako (urtebeteko epea, hiru urte arte luzatzen ahal dena, jabetza hartzen duenetik), burutza behin betiko betetzen den arte.
2.–Interesdunak izendapena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko du postuaz.
3.–Foru Agindu hau interesdunari jakinaraztea, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Profesionalen Zuzendaritzari, Langileriaren Prozesu eta Ebaluazio Zerbitzuari, Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuari eta Tuterako Osasun Barrutiko Profesionalen Zuzendaritzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2017ko martxoaren 16an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F1703526