Iragarkia
64. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ARANGUREN
Deialdia, kulturako teknikari lanpostua aldi
baterako kontratazioarekin betetzeko izangaien
zerrenda hautaproben bidez osatzeko
Aranguren Ibarreko Udalak, Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko otsailaren 23an egin bilkuran hartutako erabakiaren bidez, deialdi baten oinarriak onetsi zituen, kulturako teknikari lanpostua aldi baterako kontratazioarekin betetzeko izangaien zerrenda hautaprobetan oinarritu oposizio-lehiaketaren bidez osatzeko.
Mutiloan, 2017ko otsailaren 24an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Aranguren Ibarreko Udaleko kulturako teknikari lanpostua betetzeko izangaien zerrenda oposizio-lehiaketa bidez osatzea.
1.2. Lanpostuak B mailako ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, eta Aranguren Ibarreko Udaleko plantilla organikoan ezarritako osagarriez horniturik egonen da.
1.3. Lan araubidea lanaldi osokoa izanen da. Ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.4. Izendapenak aldi baterako lan-kontratudun bilakatuko du izendatua, kulturako teknikari gisa, ondorio guztietarako. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da, eta hartan izena emanen.
1.5. Lanpostuak euskarazko merezimenduzko hizkuntza eskakizuna du: C1 maila.
1.6. Lanbide-profilaren definizioa.
Herriko esku-hartze kulturaleko proiektua diseinatu, planifikatu eta gauzatuko du, eta harremanean egongo da herriko elkarteekin eta mugimenduekin. Aranguren Ibarreko kultur eremuak, ekipamenduak eta azpiegiturak kontrolatuko ditu; erabiltzaileen eta ikusleen zabalkunde, sorkuntza, formakuntza eta fidelizaziorako teknika espezifikoak oinarri hartuz.
1.7. Mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu; besteak beste: kultur programak eta jarduerak diseinatzea, planifikatzea eta ebaluatzea; erakundeekin harremanetan jartzea; aurrekontuak kudeatzea eta gastuak kontrolatzea; bere ardurapeko instalazioen erabilera kudeatzea; herriko elkarteekin eta mugimenduekin harremanetan egotea; eta jarduera eremuarekin lotura duten ekintzak eta gainerako eginkizunak koordinatzea. Hala berean, beharrezkoa bada, Udalaren bulegoetatik kanpo jarduketa eta kudeaketak eginen ditu, baita asteburutan eta jaiegunetan ere.
–Ekintza plangintzak proposatzea, esleitutako azpiegitura edo kultur espazioetarako.
–Planifikatutako helburuak betetzeko esleitutako aurrekontua aplikatzea.
–Laguntzak eta diru-laguntzak prestatzea eta kontrolatzea, bai eta horiek behar bezala inbestitzen direla zaindu ere.
–Proposatzea nola arautu, aplikatu eta nola kontrolatu behar diren udalerrian jarduten duten beste erakunde batzuei emandako laguntzak eta diru-laguntzak.
–Kultur proposamenak egitea, hautemandako beharretatik sortutakoak, eta erabiltzaileek egin eskaeretatik bere eskumeneko horiek ebaztea.
–Proposatzea zenbait aldaketa bere ardurapeko esku-hartze kulturaleko programen eta proiektuen plangintzak garatzean.
–Jarduera kulturalak programatzea.
–Ikuskatzea bere ardurapeko profesionalean giza taldea, behar bezala bete daitezen aldez aurretik zehaztutako helburuak.
–Aztertzea zer baliabide eskaintzen dituen inguruko lurralde nahiz gizarteak, ukigarriak zein ukiezinak; eta hori egitean, kontuan izatea zer eratan erabil daitezkeen baliabide horiek garrantzi handiko kultur proiektuak garatzeko.
–Jakitea zein diren eta identifikatzea, jarrera kritikoa eta eraikitzailea agertuz, kulturaren arloko ekintza eremuak, erakunderik garrantzitsuenak eta testuinguru bereizgarriak.
–Mutiloako festetako programa prestatu eta garatzea, eta Aranguren Ibarreko herrietako festetako programazioaren gaineko aholkularitza-lankidetza.
Eta dagozkien lanpostu, titulazio eta mailarekin bat Udalak manatzen dizkien gainerakoak.
1.8. Deialdi honen xedea da, baita ere, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat egitea, sortzen diren beharrak bete ahal izateko eta ordezkapenak egiteko.
2.–Eratutako zerrendaren indarraldia.
Deialdi honen bidez aldi baterako kontrataziorako eratuko den zerrendak indarra izanen du amaitzen den arte edo lanpostuak behin betiko betetzeko berariazko hautapen prozedurak hasi arte edo aldi baterako kontrataziorako beste zerrenda bat egin arte.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.
Gainerako pertsona atzerritarrek legezko bizilekua Espainian eduki behar dute edo, bestela, indarra duen lan baimena.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitateko erdi mailako titulazioa edo haren baliokidea izatea edo hura eskuratzeko maneran egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.
f) B mailako gidabaimen indarduna izatea.
Baldintza horiek guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eduki behar dira, eta gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Aranguren Ibarreko Udaleko erregistro orokorrean (Mutiloa plaza, z/g, 31192 - Mutiloa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, 2017ko apirilaren 18ko 14:00ak arte.
4.2. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.
Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Deialdiaren hirugarren oinarrian eskatzen den titulua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
b) Nortasun Agiri Nazionala.
c) B1 motako gidabaimena.
d) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri jatorrizkoak, frogagiriak edota baliarazi nahi dituen beste batzuk.
e) Lan bizitza.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
Minusbaliotasuna duten izangaiek honako hau erantsi beharko diote parte hartzeko eskabideari: minusbaliatu egoera frogatzeko agiria, organo eskudunak luzatua, eta osasun ziurtagiria, horren bidez frogatzeko desgaitasuna ez dela lanpostuko ohiko lana egitea eragotziko dien eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat (II. eranskineko eredua erabiliko da).
Izangai horiek ariketak egiteko epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna daukaten eta zein egokitzapen eskatzen duten.
5.–Behin-behineko zerrendak.
Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko da Aranguren Ibarreko Udalaren iragarki-oholean eta webgunean (http://www.aranguren.es).
Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.
6.–Behin betiko zerrendak.
Aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, zeina ikusgai jarriko baita Aranguren Ibarreko Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian (http://www.aranguren.es), hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.
7.–Epaimahaia.
7.1. Osaera:
–Batzordeburua: José Javier Arguiñáriz Larráyoz, Aranguren Ibarreko Udaleko Langileriaren zinegotzia.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Lehen mahaikidea: María Aranzazu Contreras Osta, Aranguren Ibarreko Udaleko Kulturako zinegotzia.
–Ordezkoa: izendatzen dena.
–Bigarren mahaikidea: Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkarteko ordezkari bat.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Hirugarren mahaikidea: Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkarteko ordezkari bat.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Laugarren mahaikidea: Olatz Zabaleta Tellería, Aranguren Ibarreko Udaleko Euskarako teknikaria.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Bosgarren mahaikidea: Marta Murillo Loidi, Aranguren Ibarreko Udaleko langileen ordezkaria.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Idazkaria: Raquel Asiáin Valencia, Aranguren Ibarreko Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa izan gabe. Halaber, modu baliozkoan eratuta izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.
7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.
7.4. Epaimahaiak aholkularien laguntza eska dezake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
7.5. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta indarrean dagoen araudian parte ez hartzeko ezartzen diren egoeraren batean badaude; izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.
Legez ezarritako abstentzio eta errekusazio arrazoiak direla-eta, epaimahaiaren osaeran aldaketarik gertatzen bada, hori aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
7.6. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
8.–Lehiaketaldia. gehienez ere 30 puntu.
8.1. Lanbide-esperientzia. Gehienez ere 18 puntu emanen dira.
a) Administrazio publikoan kulturako teknikari edo kudeatzaile lanetan (B/A mailak) aritutako urte bakoitzeko: 2,5 puntu, eta gehienez ere 10 puntu.
b) Administrazio publikoan kulturako teknikari edo kudeatzaile lanetan (C maila) aritutako urte bakoitzeko: 1,5 puntu, eta gehienez ere 6 puntu.
c) Alor pribatuan kulturako teknikari edo kudeatzailearen berezko eginkizunak betetzen aritutako urte bakoitzeko: 0,5 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.
8.2. Prestakuntza osagarria. Gehienez ere 4 puntu emanen dira.
a) Graduondokoa, kultur kudeaketaren edo kultur politiken arloan (150 ordu gutxienez): Puntu bat.
b) Masterra, kultur kudeaketaren edo kultur politiken arloan (200 ordu gutxienez): 2 puntu.
c) Diplomatura/LH, gizarte eta kultur animazioaren arloan: Puntu bat.
d) Kultur kudeaketarekin lotutako prestakuntza: 2 puntu gehienez.
a.–10 ordu baino gehiagoko eta 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitza: 0,25 puntu.
b.–20 ordu baino gehiagoko eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitza: 0,50 puntu.
c.–50 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitza: 0,75 puntu.
e) Euskara titulua izateagatik, edo behar den ezagutza-proba gainditzeagatik, gainditu duten izangaiek eskatu badute: 6 puntu gehienez.
B1: 2 puntu.
B2: 4 puntu.
C1: 6 puntu.
Aurreko ataletako merezimenduak frogatzeko, izangaiak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak aurkeztuko dira; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, aintzat hartuko dira lan edo administrazio araubidean egindako zerbitzuak, bai eta pertsona talde edo enpresa bateko kide izanik administrazio publikoei egindako zerbitzuak ere.
Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteko osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bakoitzeko, hileko oso bat gutxienez beharko da.
Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.
Lanbide-esperientzia egiaztatu ahal izateko, lan-bizitza eta emandako zerbitzuen frogagiria aurkeztu beharko dira, egindako lanak eta maila adieraziz.
9.–Oposizioaldia. gehienez ere 70 puntu.
9.1. Oposizioak hiru proba izanen ditu; haien bidez, lanpostuko jardueraz izangaiak dituen ezagutza praktikoak baloratuko dira.
a) Lehenbiziko ariketan “test” motako galdera sorta bat izanen da, hogeita hamar galderaz osatua, bai ezagutza orokorrei buruz bai lanpostuko jardueren gaineko berariazko gaiei buruz, eta erantzunetako bakarra izanen da zuzena. Galderak III. eranskinean azaltzen diren gaiei buruzkoak izanen dira. (Udalak ez du garatutako gairik emanen).
Proban 0 puntutik 30 puntura bitarte lortzen ahalko dira (gainditzeko gutxienez ere 15 puntu eskuratu beharko dira). Galdera guztiek balio bera izanen dute (1,00 puntu) eta 0,40 puntu kenduko dira oker emandako erantzunengatik.
Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira.
b) Bigarren proban, lanpostuaren eginkizunekin eta edukiarekin lotutako kasu praktiko bat ebatzi beharko da, gehienez ere 90 minutuan, epaimahaikideek izangaien gaitasunak baloratze aldera. Gehienez ere 30 puntu (gainditzeko gutienez ere 15 puntu eskuratu beharko dira).
Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: idatzizko adierazpen gaitasuna, izangaiaren ekarpen pertsonala, argitasuna eta ideien ordena, eta sintesia egiteko gaitasuna.
Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira. Gehienez ere 7 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta atxikitako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non zabalduko diren (eguna, ordua eta tokia), hori egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Ekintza publikoaren izaera izanen du horrek.
Plikak irekitzeko ekitaldian berean, hirugarren probaren eguna finkatuko da, eta ariketak berrikusteko epea ezarriko da, horretarako eskaera egiten dutenentzat.
c) Hirugarren proban, kasu praktikoaren defentsa egin beharko da. Gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira, eta ez da baztertzailea izanen.
Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: ahozko adierazpen gaitasuna, izangaiaren ekarpen pertsonala, argitasuna eta ideien ordena, eta sintesia egiteko gaitasuna.
Probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek beren NANa, pasaportea edo AIZ eraman beharko dute, bestela ez baitute proba egiterik izanen.
10.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.
10.1. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Aranguren Ibarreko Udalaren iragarki-oholean, probak egin diren tokian eta Udalaren web-orrian (http://www.aranguren.es).
Gainditu dutenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Alkatetzari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, behin betiko onespena eman dadin.
Berdinketarik bada, bigarren proban puntu gehien lortu duen pertsonak izanen du lehentasuna, eta hala ere berdinketa hausten ez bada, lehen proban puntu gehien lortu duenak izanen du. Irizpide hori aplikatuta ere berdinketak jarraituko balu, zaharrenari emanen zaio lehentasuna.
10.2. Agiriak aztertu eta ikusten bada izangaiek ez dutela betetzen deialdian ezarritako baldintzaren bat, deuseztatu eginen dira haien jarduketak, hasierako eskaeran informazio faltsua emateagatik egozten ahal zaien erantzunbeharra galarazi gabe.
10.3. Puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiak 2017ko ekainaren 16an hasi beharko du lanean.
10.4. Gainditu duten gainerako izangaiei dei egiten ahalko zaie sortzen diren premien arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, baita bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA
Eskabidea (PDFa).
II. ERANSKINA
Minusbaliotasuna duten izangaien eskabidea (PDFa).
III. ERANSKINA
Probak gai hauei buruzkoak izanen dira:
1. gaia.–Zabalkundea, publizitatea, ikusleen arreta eta kudeaketa kultur jardueretan.
2. gaia.–Festetako eta kulturako jarduerak programatu eta gauzatzea.
3. gaia.–Kultur etxe batean jarduerak programatu eta gauzatzea. Aranguren Ibarreko Kutur Etxeko eskaintza.
4. gaia.–Aranguren Ibarreko Udalaren kultura zerbitzuaren antolaketa.
5. gaia.–Udaleko kultur programetarako finantziazioa eta laguntzak.
6. gaia.–Finantzaketa iturriak, udaleko kultur jarduerarenak, kultur jarduera publikoarenak eta kultur jarduera pribatuarenak. Mezenasgoari buruzko Foru Legea.
7.–Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Nafarroako toki entitateei lotuak. Deialdiak, programak, diru-laguntzak...
8. gaia.–Nafarroako antzokien sarea.
9. gaia.–Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio-prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Faseak. Prozedura bereziak. Administratua. Herritarraren eskubideak. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea. Erregistroak. Epeen kontaketa.
10. gaia.–Nafarroako toki entitateen kontratuak. Xedapen orokorrak. Prestakuntzako jarduketa administratiboak. Esleitzeko prozedurak eta moduak.
11. gaia.–Ehun soziokulturala, kultur agenteak, kultur zerbitzuak, elkarteak, Aranguren Ibarreko sortzaileak.
Iragarkiaren kodea: L1703567
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
