1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
21/2017 FORU DEKRETUA, martxoaren 29koa, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz.
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 50. artikuluan aurreikusten du funtzionarioei familia-laguntzagatik ordainsari bat pagatuko zaiela, portzentaje desberdinak pagatu ere dituzten familia inguruabarren arabera. Kontzeptu berarengatik pagatzen zaie ordainsaria estatutupeko langileei eta langile lan-kontratudun finkoei ere, Administrazioak eta sindikatuek sinatu zutenetik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruzko 2002. eta 2003. urteetarako akordioa.
Administrazio araubidean kontratatutako langileei dagokienez, 185/2015 Epaiak, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak eman duenak 185/2015 prozedura laburtuan, ondorioztatzen du ezen kontratatutako langileak familia-laguntzatik kanpo utzita urratzen dela Kontseiluaren 1999/7/EE Zuzentaraua, 1999ko ekainaren 28koa, Europako Sindikatuen Konfederazioaren, Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren esparru-akordioari buruzkoa, eta kontratatutako langileei aitortzen die familia-laguntza jasotzeko eskubidea, kasu bakoitzean egoki den atzeraeragineko ondorioekin.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 7ko 2468/2016 Ebazpenaren bidez, agindu zen aipatutako epai judizial irmoa hitzez hitz bete dadila, eta, horrekin bat, administrazio araubidean kontratatutako langile asko eskaera aurkezten ari dira familia-laguntza ordain dakien, hura jasotzeko behar diren baldintzak betetzen dituztela frogatuta.
Uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuko aurreikuspenei egokituko zaizkie ordainsari kontzeptu hori jasotzeko inguruabarren arauketa, hura aitortzeko eta ordaintzeko prozedura edo haren ondorioak (aipatutako foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz). Horri buruz adierazi behar da interesdunak eskatuta hasiko dela prozedura, eta enplegatuen betebeharra da egoki den Administrazio Publikoko organo eskudunari aurkeztea familia-laguntza aitortzeko behar diren edo hori jasotzeko bete beharreko baldintzak egiaztatzeko behar diren agiriak.
Nolanahi ere, aipatutako 158/1984 Foru Dekretuko arauketa pentsatu zen familia-laguntza langile finkoei bakarrik ordaintzeko, eta zailtasunak daude aldi baterako zerbitzuak emateko erlazioa duten langileei ere aplikatzeko. Horrenbestez, justifikaturik dago aipatutako araubidea aldatzea. Hala, beharrezkotzat jotzen da familia-laguntza ordaintzea bakar-bakarrik zerbitzu-erlazioaren iraupenagatik egoki denaren arabera, eta uneoroko familia inguruabarrengatik egoki den zenbatekoaren arabera, kontuan hartu gabe enplegatuak noiz komunikatu zizkion Administrazioari. Hori dena, galarazi gabe preskripzio epeak aplikatzea Administrazioarekiko erlazioak dakartzan betebehar ekonomikoei dagokienez.
Bestalde, behin Administrazio Publiko batek enplegatu bati familia-laguntza jasotzeko eskubidea aitortu ondoren, inguruabar hori ofizioz hartuko du kontuan behar den Administrazio Publikoak, bai, kasua bada, interesdunarekin sinatzen dituen hurrengo kontratuetan, bai Administrazio Publiko horretako funtzionario izaera lortzen badu, interesdunak berriz eskatu behar izan gabe.
Berdintasun printzipioa bermatze aldera funtzionarioen edo estatutupeko langileen eta administrazio araubidean kontratatutako langileen artean, familia-laguntza jasotzen duten talde guztiei aplikatuko zaizkie izan daitezkeen aipatutako aldaketak. Hortaz, beharrezkoa da horien araua aldatzea, zeina, esan bezala, batez ere baita uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua, behin-behineko erregelamendua onetsi zuena Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz.
Halaber, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ematen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua aldatzen da, posible izan dadin ez bakarrik administrazio araubidean kontratatutako langileek familia-laguntza jasotzea, baizik baita haren zenbatekoa ez murriztea ere lanaldi partzialeko kontratazioetan, hala gertatzen baita lanaldia murriztea eskatzen duten lanaldi osoko funtzionarioen edo langile kontratatuen kasuan.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren XI. kapituluan xedatuarekin bat, proiektua negoziazio kolektiboan aztertu da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko negoziazio mahai orokorreko sindikatuen ordezkariekin.
Halaber, kontuan harturik erregelamenduak Nafarroako administrazio publiko guztiak ukitzen dituela eta, beraz, baita toki entitateak ere, proiektua Toki Araubideko Foru Batzordeak aztertu du eta horrek aldeko txostena eman dio.
Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Kontseiluarekin eta Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 29ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren 32. artikulua aldatzea. Foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz.
Uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren 32. artikulua aldatzen da (foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz). Honela idatzita geldituko da:
“Nafarroako Administrazio Publiko bakoitzeko zerbitzuko langile izaeran izaten diren altek eta bajek, horien arrazoia edozein izanik ere, gertatzen diren egunetik aurrera sortuko dituzte ondorioak.”
2. artikulua. Uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren 34. artikulua aldatzea. Foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz.
Uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren 34. artikulua aldatzen da (foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz). Honela idatzita geldituko da:
“Altak, bajak eta familia-laguntzaren zenbatekoa baldintzatzen duten familia inguruabarrak interesdunek komunikatuko dizkiote egoki den nominaren organo kudeatzaileari, eta gertatzen diren egunetik aurrera sortuko dituzte ondorioak, galarazi gabe preskribatzeko arauak.”
3. artikulua. Uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren 35. artikulua aldatzea. Foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz.
Uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren 35. artikulua aldatzen da (foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz). Honela idatzita geldituko da:
“Administrazio publiko batek enplegatu bati familia-laguntza jasotzeko eskubidea aitortu ondoren, aitorpen hori ofizioz hartuko du kontuan behar den Administrazio Publikoak, bai, kasua bada, interesdunarekin sinatzen dituen hurrengo kontratuetan, bai Administrazio Publiko horretako funtzionario izaera lortzen badu.”
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Xedapen gehigarri bakarra.–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 11. artikulua aldatzea. Foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko.
1. Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 11. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da (foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko), eta honela idatzita geldituko da:
“1. Administrazio araubidean kontratatzen diren langileek betetzen duten lanpostuari edo egiten dituzten eginkizunei dagozkien ordainsariak, antzinatasun saria eta familia-laguntza jasoko dituzte. Kanpoan gelditzen da gradua, oinarrizko ordainsari pertsonala denez, funtzionario izateak berezkoa duena.”
2. Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 11. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da (foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko), eta honela idatzita geldituko da:
“3. Oro har ezarrita dagoen lanalditik beherako lanaldia betetzeko kontratatzen diren langileen ordainsariak murriztuko dira, oro har ezarrita dagoen lanaldi osoarekin alderatuta langileari egin zaion lanaldi murriztapena zenbatekoa den (ehunekotan), horrenbeste, salbu, behar denean, familia-laguntzaren kasuan.”
XEDAPEN IRAGANKORRA
Xedapen iragankor bakarra.–Foru dekretu honek indarra hartu aurretik aurkeztutako familia-laguntza ordaintzeko eskaerei aplikatu beharreko araubidea.
Foru dekretu honetan dagoen arauketa aplikatuko zaie honek indarra hartu aurretik aurkeztutako familia-laguntza ordaintzeko eskaerei, betiere egun horretan oraindik ebazteko baldin badaude.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetako lehena.–Foru agindua garatu eta aplikatzea.
Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko martxoaren 29ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1703885