64. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

18/2017 FORU DEKRETUA, martxoaren 15ekoa, irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Urtebete baino gehiago iraganda foru dekretu hori onetsi zenetik, eskuratutako esperientziak aholkatzen du zenbait unitateren egitura eta antolaketaren banaketa egokitzea, haien helburu estrategikoak zehaztu ondoren.

Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuak antolaketa berri bat eraiki behar du bere eginkizun eta helburu estrategikoak betetzeko, eta bere eskumen juridiko-administratiboak berriz planteatu eta egituraren aldetik zehaztu, zenbait irizpideri jarraituz: antzeko eskumenak organikoki biltzea eta maila organikoa egokitzea erantzukizun mailara, eskumenen izaerara eta hartu beharreko erabakien konplexutasunera. Sostengua eta zeharkakotasuna inplementatu eta sustatu gogo dira Barne Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuetan, haien behar administratiboei helduz honako honen bitartez: kudeaketa sistemak, lan metodoak, administrazio prozesuak, berariazko prestakuntza planen antolaketa eta prozeduren, agirien eta tramitazio arduradunen estandarizazioa, helburua izanik lan egiteko era berri bat ezartzea, homogeneagoa, arinagoa eta eraginkorragoa. Araudiari dagokionez, zerbitzuaren helburu estrategikoa da beharrezko koordinazioa lortzea arauetan, hala aholkularitza juridikoan, nola irizpideak eta jarraibideak zehazteko orduan, erregulazio onaren printzipioak ezartzeko.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 15eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretua aldatzea.

Bat. 49. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“49. artikulua. Barne Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Barne Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzua.

b) Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzua.

c) Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua

d) Babes Zibilerako Zerbitzua.”

Bi. IV. kapituluko 3. atala aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. atala

Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzua

56. artikulua. Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren esparrua eta eginkizunak.

1. Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu ondoko arlo hauetan:

a) Barneko Zuzendaritza Nagusiko organo zentralei sostengu juridikoa ematea, bai eta Foruzaingoari ere.

b) Araudien lanak planifikatu eta koordinatzea.

c) Kontu-hartzailetza eta Aurrekontu arloekin eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin lankidetzan aritzea, Barneko Zuzendaritza Nagusiari lotutako jarduerak bideratzeko.

d) Kontratazio espedienteen unitate kudeatzaileekin koordinatzea.

e) Barneko Zuzendaritza Nagusiaren kudeaketa ekonomikoan eta aurrekontuan lan egitea.

f) Honako hauek bultzatzea: ezagutza kudeatzeko sistemak eta tresnak, lan egiteko metodoak, administrazio prozesuak, unitateen arteko koordinazioa eta zuzendaritza nagusiaren jardueraren segimendua eta ebaluazioa.

g) Bere eskumeneko esparruarekin lotuta dauden espedienteak koordinatu eta kudeatzea administrazioaren, dokumentazioaren eta artxiboaren aldetik.

h) Zehapen espedienteak tramitatzea.

i) Diziplina espedienteak tramitatzea, espedientepekoa zer unitatetakoa den, horrexekin koordinatuta.

2. Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuak, Nafarroako Foruzaingoari atxikiriko langileei dagokienez, eta Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoetako langileria arloko eskudantziak zehazten dituen foru dekretuarekin bat, foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Langile bihurtu, mailaz igo eta lanpostuak betetzeko deialdiak prestatu eta tramitatzea.

b) Proposamenak prestatzea gai hauetan: plantilla organikoa, enplegu eskaintza, lanaldia murrizteko eskaerak, lanpostuekiko atxikipenen aldaketak eta zerbitzuaren beharrak direla-eta langileen lekualdaketa.

c) Plantillako egoera administratibo desberdinak kudeatu eta erregistratzea.

d) Sindikatuekiko eta ordezkaritza organoekiko harremanak kudeatzea, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak gainbegiraturik.

57. artikulua. Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren egitura.

Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atala.

b) Giza Baliabideen Atala.

58. artikulua. Araubide Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalaren esparrua eta eginkizunak.

1. Araubide Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalak foru dekretu honen 56.1 artikuluko a), b), c), d), e), f), g) eta h) ataletan aipatzen diren arloei dagokienez ezartzen diren eginkizunak beteko ditu eta zerbitzuko zuzendariari laguntza emanen dio bere eginkizunetan.

2. Halaber, atal hori zer zerbitzu zuzendaritzari dagoen atxikita, horren bidez Barneko Zuzendaritza Nagusiak esleitu edo agintzen dizkion guztiak eginen ditu.

59. artikulua. Giza Baliabideen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

1. Giza Baliabideen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, foru dekretu honen 56.2 artikuluan langileriaren arloan zehaztutako gaiak kudeatzeari dagokionez.

2. Orobat, 56.1.i) artikuluko eginkizuna beteko du, eta, atal hori zer zerbitzu zuzendaritzari dagoen atxikita, horren bidez Barneko Zuzendaritza Nagusiak esleitu edo agintzen dizkion guztiak beteko ditu, eta zehazki, sindikatuekiko eta ordezkaritza organoekiko harremanak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak gainbegiraturik.”

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendaria. Haren izendapena aldatu, eta hemendik aurrera Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria izanen da.

–Giza Baliabideen Ataleko burua.

Bigarren xedapen gehigarria.–Unitate organikoa kentzea.

Zehapen Prozeduraren Atala kentzen da.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Aipamenak.

Ulertu behar da foru dekretu honetan Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuari egindako aipamen guztiak Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari dagozkiola.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko martxoaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1703373