59. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

87/2017 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, diru-laguntzetarako deialdia onesten duena Nafarroako udalentzat, baldin suhiltzaile boluntarioen udal elkartea badute eta, haren funtzionamenduan laguntzeko, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu badute.

Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Bestalde, udalak dira larrialdi egoera bati aurre egiteko oinarrizko eta lehen instantzia. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legearen 27. artikuluak udalei aitortzen die babes zibilaren udal egitura bat sortzeko ahalmena.

2016ko maiatzaren 18an sinatu zen lankidetzarako esparru-hitzarmena Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren eta Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udalen artean, babes zibileko gaiari buruz suhiltzaile boluntarioen taldeentzat. Horren bidez, larrialdiak kudeatzeko sistema publikoan sartu ziren eta aukera eman zitzaien babes zibilaren eta larrialdietako arretaren eremuan mugitzeko, eta ekintza koordinatu baterako jarraibideak ezartzeko. Horretan oinarriturik, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartzen du parkeen jardueretarako diru-laguntzak emateko.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte eta publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatuko dira.

Horrenbestez, espedienteko txostenak ikusirik, eta aldeko txostena, Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuarena, badelarik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Suhiltzaile boluntarioen udal elkartea duten Nafarroako udalentzako diru-laguntzetarako deialdia onestea, 2017. urtean haren funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Guztira, 205.000,00 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik:

–159.000,00 euro, 2017ko aurrekontuko “Udalentzako diru-laguntza, suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 054000 02800 4609 134200 kontu-sailaren kargura, suhiltzaile boluntarioen parkeetako gastu arruntetarako.

–46.000,00 euro, 2017ko aurrekontuko “Udalentzako diru-laguntza, suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 054000 02800 7609 134200 kontu-sailaren kargura, suhiltzaile boluntarioen parkeetako inbertsioen gastuetarako.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, Boluntarioen Bulegoari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Unitateari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatuari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialari.

Iruñean, 2017ko martxoaren 1ean.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gaztaminza Oiz.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

2017. urtean suhiltzaile boluntarioen udal elkarteen funtzionamenduan laguntzeko Barne Zuzendaritza Nagusiak emanen dituen laguntza ekonomikoak arautzea du xede deialdiak, alderdiek 2016ko maiatzaren 18ko esparru-hitzarmenean adostutakoaren arabera.

Babes Zibilari loturiko zerbitzuen prestazioa inondik ere zerbitzu publikoa da, eta boluntarioen lankidetza sustatu behar da; izan ere, libreki eta beren borondatez elkartzen dira jarduketak administrazioekin partekatzeko. Hortik diru-laguntzaren xedeko jarduerak onura publikoa eta soziala izatea helburu.

Suhiltzaile boluntarioen elkarteak zein bere udal esparruan eta ondoko ingurune geografikoan aritzen dira, eta, elkarrekin adostuta, beste eremu batzuetan aritzeko ere ematen ahal zaie abisua.

2. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da (2017ko aurrekontuko kontu-sailen arabera):

–159.000,00 euro, gastu arruntetarako, “Udalentzako diru-laguntzak (gastu arruntak), suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 054000 02800 4609 134200 kontu-sailaren kargura.

–46.000,00 euro, inbertsioetarako, “Udalentzako diru-laguntzak (inbertsioak), suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 054000 02800 7609 134200 kontu-sailaren kargura.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Suhiltzaile boluntarioen udal elkarte bat izan eta babes zibilaren arloan Nafarroako Gobernuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu duten Nafarroako udalak izaten ahal dira laguntza hauen onuradunak.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4. Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.

Udaleko idazkari edo kontu-hartzaile lanetan ari den pertsonak sinatuta aurkeztuko dira eskaerak, herriko alkatetza duenak ikus-onetsita daudela, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduaren arabera; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

Laguntzen eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, orrialde honetatik abiatuta: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekatik abiatuta.

Eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, Boluntarioen Bulegora, igorri beharko dira.

Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 21. artikuluan ezarritako moduan.

Interesdunek batek bertaratuta aurkezten badu eskaera, Administrazio Publikoek eskatuko diote zuzen dezala aurkezpen elektronikoaren bidez. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastua.

Suhiltzaile boluntarioen udal elkarteen funtzionamendurako eta haien parke, ekipamendu eta ibilgailuen mantentze-lanetarako behar denari esaten zaio diru-laguntza jaso dezakeen gastua, eta zehazki:

–Funtzionamenduko gastu arruntak:

  • Suhiltzaile boluntarioen udal elkarteko pertsonen eta ibilgailuen aseguruak.
  • Ibilgailu bereziak gidatzeko baimenak lortzeko gastuak.
  • Langileen ekipamendua.
  • Suteen aurkako ordezko material xehea.
  • Ura eta hondakinak, elektrizitatea, gasa.
  • Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet.
  • Material xehea, osasun arloko materiala.
  • Esku hartzeko ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaia, ordezko piezak, konponketak eta IATak.
  • Beste ekipamendu batzuen eta instalazioen konponketa.
  • Eraikinen konponketa.
  • Bulegoko material suntsigarria.
  • Esku-hartzeetarako material suntsigarria: apar-hautsa, sepiolita, koipegabetzailea, eta abar.
  • Langile boluntarioen prestakuntza.
  • Maniobra eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.

–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko behar diren inbertsioak:

  • Parkeko eraikinetako obrak, hura aldatzen dutenak, fatxadak barne, proiektu teknikoa behar dutenak.
  • Material inbentariagarria erostea larrialdietarako.
  • Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta bestelako ekipamendua erostea, larrialdietan esku hartzeko.

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Diru-laguntzaren xedetik propio baztertzen dira gastu hauek:

  • Parkeko behar operatiboei ez dagozkienak.
  • Zehaztugabeko gastuak.
  • Maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.

6. Balorazio irizpideak.

Eskaerak baloratzeko, aurrekontu zenbatetsiak aurkeztu beharko dira, honela banatuta:

1) Ohiko gastu arruntak:

–Boluntarioen eta ibilgailuen aseguruak.

–Ibilgailuen azterketa teknikoko gastuak eta ibilgailuen zergak.

–Anoa-hornidurako gastuak maniobretan eta esku-hartzeetan eta prestakuntza gastuak.

–Erregai gastuak eta ibilgailuen mantentze-lanenak.

–Ohikoak diren beste gastu arrunt batzuk, esku-hartzeetarako berariazkoak.

–Ohikoak diren beste gastu arrunt batzuk, berariazkoak ez direnak (telefonia, Internet, argindarra, gasa, bulegoko materiala, eta abar).

Aurkezten diren aurrekontuak erabat errealistak eta zehatzak izanen dira eta, hala, lehenengo hiru sailetako bakoitzak ez du gaindituko aurreko urtean egindako (eta frogatutako) zenbatekoen zentzuzko %10a; eta hurrengo hiru sailetako bakoitzean gehienez ere %30 gehitu daiteke aurreko urtekoa (ekitaldi horretan diru-laguntza 10 hilabeteko aldirako izan zen, eta hiru sail hauetan komenigarritzat jotzen da gastua urteko 12 hilabeteetara eramatea).

2) Gastu arruntak, ohiz kanpokoak:

–Larrialdietako eta suhiltzaileen ibilgailuak gidatzeko berariazko baimenak lortzea.

–Arropak, ekipamendu pertsonala eta berariazko materiala esku-hartzeetarako.

–Ohikoak ez diren beste gastu arrunt batzuk.

3) Inbertsioak:

–Segurtasunerako eta funtzionamendu egokirako ezinbestekoak diren elementu inbentariagarriak erostea.

–Eraikinetan obrak egitea edo ibilgailuak, motorrak, motoponpak eta beste ekipamendu inbentariagarri batzuk erostea, larrialdietan esku hartzeko.

–Beste inbertsio batzuk.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak irizpide hauen arabera emanen dira, eta ordena honetan (kontu-sailetako zenbatekoak zer ordenatan emanen diren zehazten du, eta haietan zer gelditzen den, haren banaketa):

–Pertsona eta ibilgailuen istripu aseguruak: %100eko diru-laguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako boluntarioen segurtasunerako.

–Ohiz kanpoko gastu arruntak: eskatutakoen artean, %100eko diru-laguntza emanen da, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, parkearen funtzionamendua edo haren ekintza arriskuan ez jartzeko.

–Ohikoak diren gainerako gastu arruntak (aseguruak izan ezik) eta ohiz kanpoko gainerako gastu arruntak (%100eko diru-laguntza dutenak izan ezik): gastu arrunten kontu-sailean gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da diru-laguntza, kontzeptu horietarako aurkeztutako aurrekontuen proportzioan.

–Inbertsioak: eskaerei %100eko diru-laguntza emanen zaie, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, parkearen funtzionamendua edo haren ekintza arriskuan ez jartzeko.

–Eskatzen diren gainerako inbertsioen kasuan, inbertsioen kontu-sailean gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da diru-laguntza, aurkezten diren eskaeren proportzioan.

7. oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak eginen duen beharren balorazioa errazteko, erosketa edo obra eskaera bakoitza egoki argudiatu, frogatu eta azaldu behar da.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskaerak:

–Batzordeburua: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak edo informazio eskariak egiten ahalko ditu, aurkeztutako eskaera bakoitza zehatz-mehatz baloratu ahal izateko.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.

6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den diru-laguntza osoa udal bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik %100 diru-laguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontutik desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea da beti lehenbiziko, aurrekontukoaren aldean.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira diru-laguntzak, eta hartan diru-laguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, diru-laguntzen helburua eta zenbatekoa agertuko dira, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Ebazpen horren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Onuradunen betebeharrak.

I.–Diru-laguntza jasotzen duten udalek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak eguneratuak izatea. Betebeharrak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea Nafarroako Zerga Ogasunaren sistemak kontsultatzeko, inguruabar horiek egiazta ditzaten.

–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatea.

–Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuta izatea, legeriak eskatutako moduan.

–Deialdi honen barreneko xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste edozertarako.

–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

II.–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua zenbatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute ebazpen honen V. eranskineko eredua erabiliz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen V. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

III.–Orobat, laguntzaren xedeari buruz, Udalak betebehar hauek ditu:

–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.

–Elkartearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.

–Diruz laguntzen den jarduera esparru-hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.

–Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Babes Zibilerako Zerbitzuaren adostasuna beharko da; hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

–2017ko urriaren 31 baino lehen egitea eraikinetako obrak edo erostea ibilgailuak eta material inbentariagarria, 6. oinarriaren arabera “%100eko diru-laguntza” izan badezakete.

–Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko kasuan, diru-laguntzaren xede zehatzerako erabiltzea haien balio-bizitzan. Beharkizun hau ez betetzeak 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako ondorioak ekarriko ditu. Ondasun horien xedea aldatu nahi bada edo ordeztu, besterendu edo kargatu nahi badira, organo emailearen baimena beharko da kasu guztietan.

–Gidabaimen berezia lortzeko diru-laguntza eman zaion boluntarioari eskatzea sina dezala udalarekin 4 urtez, gutxienez, irauteko konpromisoa eta taldeko jardueretan parte hartzekoa.

–Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

Oinarri hauetan propio jasotakoez gain, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak Udalaren betebeharrak dira.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da diru-laguntza, baldin eta hurrengo dokumentazioa aurkezten bada 2017ko azaroaren 8a baino lehen, ordaintzeko eskaerarekin batera:

a. Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Egin diren jarduerak, zerbitzuarekin lotura zuzena dutenak, azaldu beharko dira, hala nola prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontrataturiko hornidurak eta zerbitzuak, gastu arruntetan ez daudenak, hala nola aparteko konponketak, gidabaimen bereziak lortzea etab.

b. Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta diru-laguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo deklarazioa, idazkariak/kontu-hartzaileak sinatua eta alkatearen ikus-onespena duela, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako formatuan, lagungarria izanen baita ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko.

c. Jatorrizko fakturak. Haien kopia behar bezala konpultsatuak ere aurkeztuko dira. Jatorrizkoei zigilua jarriko zaie, diruz lagundu direla dioena eta udalari itzuliko zaizkio. Kopia konpultsatuak espedientean geldituko dira.

d. Egindako gastu bakoitzaren frogagiriak edo haien fotokopia konpultsatuak.

e. Egindako gastuaren erabilera eraginkorra bermatzeko, gidabaimen berezia lortzeko diru-laguntza eman zaion boluntarioari eskatuko zaio sina dezala udalarekin 4 urtez, gutxienez, irauteko konpromisoa eta taldeko jardueretan parte hartzekoa; konpromiso hori gastuen justifikazioan sartuko da.

Lehen bi ataletako (a. eta b.) dokumentazioa formatu elektronikoan ere aurkeztuko da, Worden eta Excelen. Fakturen zerrendak zehatz-mehatz jarraituko die 6. oinarrian zehaztutako blokeei. Fakturak eta ordainagiriak aipatu zerrendaren ordena berean aurkeztuko dira.

Egiaztapena eta horren ondoriozko ordainketa zatika egin daitezke, justifikazio partzialak erabilita fakturen eta ordainagirien bidez, zerrendek eta deskribapen laukiek lagunduta, bai eta egindako jardueren memoria teknikoa ere, eta eskatutako gainerako agiriak, justifikatutako aldi edo jarduerari dagokionez. Azken ordainketa doitzeko izanen da eta baldintza horretan eskatzen diren gainerako dokumentuak bilduko ditu.

Diru-laguntzak badu aldi bat. Ekitaldia aurreko urteko azaroaren 1ean hasten da eta aurtengo urriaren 31n bukatzen. Horregatik onartzen dira 2016ko azken bi hilabeteetako gastuak, lehenago ez badira diruz lagundu; aldiz, 2017ko azarokoak eta abendukoak hurrengo ekitaldiko deialdian aurkez daitezke.

Erosketak eta obrak urriaren 31 baino lehen bukatu behar dira, azken ordainketarako, urtea bukatu baino lehen frogak aurkeztu eta kitatu ahal daitezen.

Erregaian, konponketetan, mantentze-lanetan, aseguruetan, IATetan, berrikuspen edo ziurtagirietan egindako berariazko gastuak, eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira. Hornitzailearen kontu orokorren kasuan, udalak egiaztatuko du ibilgailu horiei dagokien zatia. Orobat, egiaztatuko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa, eta abar) diruz laguntzeko parkekoak direla.

Fakturak legearen arabera egin beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Udalaren gastuak eta zerbitzuak biltzen dituzten fakturen kasuan, boluntario unitate bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da.

11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen.

Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak zehaztuta daude 6. oinarriaren arabera. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko. Urtean zehar aparteko aldaketak izan behar baditu eskaerak, udalak kontzeptuak aldatzeko edo gehitzeko eskatu beharko du arrazoitutako idazki batean, eta kudeaketa-unitatearen esku izanen da diruz laguntzen ahal den kontzeptu berri edo aldaketa horiek onartzea ala ez ez.

Fede-emaile publikoa den aldetik, idazkariak oinarri honetako baldintza bakoitza betetzen den baieztatzen ahalko du; horren ondorioz, ahalmena izanen du jatorrizko fakturen eta kopia konpultsatuen ordez (c. eta d., ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agirien zerrendan), idazkariaren ziurtagiri bat ezartzeko, toki entitateko alkate udalburuak ontzat emana, fakturen zerrendarekin batera, eta horrela fede emanen du egiaztatu duela zerrendan aipatzen diren datu guztien egiazkotasuna. Datu hauek azaldu beharko dira, gutxienez, kontabilitateko dokumentu bakoitzeko:

–Hornitzailea.

–Fakturaren edo ordainagiriaren zenbakia.

–Zenbatekoa.

–Ordainketaren data.

–Kontzeptua. Behar bezain zehatza eta osoa izan beharko du, gastuak diru-laguntza izan dezakeen egiaztatu ahal izateko.

Aipaturiko ordena eta blokeak mantendu beharko ditu zerrendak, baita batuketa partzialak ere, eta Excel formatuan ere aurkeztuko da.

Kudeaketa unitateak agertzen duen edozein zalantza argitu eta zehazteko beharrezkoa den informazio guztia eman beharko du idazkariak.

11. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Nolanahi ere, diru-laguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin batuta, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Horregatik, onuradunak ekitaldi honetan onartutako diru-laguntzen aitorpena aurkeztu beharko du, bidezko egiaztapenak egin daitezen.

12. Finantzaketaren publizitatea.

Egiten den edozein iragarki edo publizitate dela eta, elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela aipatuko da.

Jarduerarako ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia zabalduko dute larrialdiei arreta emateko zenbaki gisa.

13. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.

14. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri hauek administratiboak dira; beraz, haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

ERANSKINAK

I. eranskina

Eskabide eredua.

II. eranskina

Suhiltzaile boluntarioen parkearen 2017rako aurrekontua.

III. eranskina

Suhiltzaile boluntarioen parkea osatzen duten pertsonen zerrenda.

IV. eranskina

Suhiltzaile boluntarioen parkeak dituen ibilgailuen zerrenda.

V. eranskina

Gardentasunaren betebeharrari buruzko aitorpenaren eredua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1703074