Iragarkia
59. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
160E/2017 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia onesten duena.
Gaur egun, Nafarroako Txikizkako Merkataritza Hurbila Bultzatzeko IV. Plana (2017-2020) prestatzeko fasean dago, eta, plan hori izan bitarte, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren iritziz funtsezkoa da mantentzea txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertainek enpresa inbertsioa egin dezaten sustatzeko aurreikusitako diru-laguntzak, behar diren aldaketak eginez, aurreko urteetako diru-laguntza deialdietan pilatutako esperientziaren ondorioz, eta kontuan hartuta txikizkako merkataritzaren sektorearen inguruabar ekonomikoak, merkatuak eskatzen dituen beharretara egokitzeko etengabeko prozesuan baitago aipatutako sektorea.
Plan horretan Nafarroako merkataritzaren egoerari buruzko diagnostiko bat aurreratzen da, eta hura aztertuta ikusten da lau helburu estrategiko nagusi daudela, horietako bat Nafarroako merkataritza enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzea, ekintza batzuen bidez: batetik, enpresa horien kudeaketa hobetzeko, kudeaketa tresna berriak ezartzen lagunduz, eta, bestetik, azpiegiturak eta ekipamendua berritzeko eta herriguneetan dauden saltegiak egokitzeko erraztasunak emanez.
Horrela, Nafarroako txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin, aurreko plan sektorialetan jasotako oinarrizko eta funtsezko neurrietako bati jarraipena ematen zaio.
Deialdi honen helburua da herriguneetan dauden txikizkako merkataritza hurbilaren lehiakortasuna hobetzea, baita enpresa horien beraien eta ematen duten zerbitzuaren errentagarritasuna ere, enpresa-ehuna indartu eta sendotzeko eta sektore horretako enpleguari eusten laguntzeko.
Deialdi honetako diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidearen bitartez emanen dira. Hortaz, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Horrela, aurrekontuko baliabideak bukatutakoan, gainerako eskaerak ezetsiko dira.
Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiari diru-laguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramita dezan.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia onestea.
2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.
3. 673.440 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako hurrengo partidaren kargura finantzatuko da:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
830003-83130-7701-431402: txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea (MBP) | 2017 | 673.440 |
4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2017ko martxoaren 8an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
ERANSKINA
1. Txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia onestea
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako txikizkako merkataritzan ari diren enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko eta sektore horretako enpresa-ehuna indartu eta sendotzeko.
Diru-laguntza honen onura publikoa Nafarroako txikizkako merkataritza hurbilaren azpiegiturak hobetzea da, saltegiak berrituz, sektoreko enpresa txiki eta ertainen kudeaketa sistemak hobetuz eta enpresa integrazioa sustatuz, kontsumitzailearentzat kalitateko zerbitzua bermatzeko.
Txikizkako merkataritza hurbilaren lehiakortasunaren hobekuntza sendotzen da, halaber, honakoak sustatuz: saltegi txikientzako kalitate araua ezartzea, kontsumoko arbitraje sistemari atxikitzea eta merkatariak eskualdeko edo sektoreko merkatari elkarteetan biltzea, horrek herriguneetan kokatzen den hurbileko merkataritzaren enpresa-ehuna sendotzen baitu.
2. oinarria. Aurrekontu zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua honako hau da: 673.440 euro.
3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.
1. Diruz lagungarriak izanen dira 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 15era arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren inbertsioak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna izanen da gastua egin den eguna.
2. Diruz lagungarriak diren inbertsioen ordainagiriek 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 15era artekoak izan beharko dute, biak barne.
4. oinarria. Enpresa onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.
Txikizkako merkataritzan ari diren enpresa txiki eta ertainek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar berariazko hauek ere betetzen badituzte:
1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) hurrengo jardueretako bat izatea:
–47.11 eta 47.79 taldeen arteko jarduerak, biak barne.
–45.32 taldeko jarduerak (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).
Kanpoan geldituko dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko saltegi espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak, eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar izateagatik, 47.26 (tabako produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.
2. Modernizazio eta eraberritze proiektuak eskatzen dituzten enpresa txiki eta ertainei, gainera, zera eskatuko zaie: batetik, diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunaren aurreko bi urteetan edo gehiago aritu izana jarraian eta zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan (ondorio horietarako, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emandako data hartuko da kontuan); eta, horrez gain, ETE bat izatea Mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioarekin bat.
Epe horretan enpresak bere izena edo forma juridikoa aldatu badu, betebehar hori betetzen duela ondorioztatuko da. Era berean, aldatu dena enpresaren osaera baldin bada, berriz, baldintza hori betetzen dela ondorioztatuko da baldin eta enpresaren hasierako kideek segitzen badute kapital sozialaren edo jabetzaren erdiaren edo gehiagoren jabe izaten, eta argi eta garbi gelditzen bada txikizkako merkataritza jarduera berari eusten zaiola.
3. Berariazko proiektuak eskatzen dituzten enpresei, gainera, zera eskatuko zaie: batetik, diru-laguntzarako eskaera aurkezten duten egunaren aurretik gutxienez urtebete aritu izana jarraian eta zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan (ondorio horietarako, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emandako data hartuko da kontuan); eta, horrez gain, mikroenpresa edo enpresa txiki bat izatea Mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioarekin bat; izan ere, enpresa ertainak bazter geldituko dira. Txikizkako merkataritza jarduera batean aritu izanaren betebeharra ez da aplikatuko 5.1.2 oinarri arautzailearen c) eta d) letretan zehaztutako berariazko proiektuetan.
Enpresa onuraduna dela frogatzeko, 8. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
5. oinarria. Diruz lagungarriak diren proiektu eta inbertsio motak.
Honako proiektu mota hauetan egiten diren inbertsioak izanen dira diru-laguntzen xede:
1.1. Saltegiak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak (MEP).
Proiektu hauek dira diruz lagungarriak:
a) Lehendik dagoen saltegi bat modernizatu, eraberritu edo berritzeko proiektuak. Horrelako proiektuetan, diru-laguntzarako eskaera aurkezten den unean, saltegiak bi urtetik gorako antzinatasuna izan beharko du txikizkako merkataritza jarduera batean.
b) Lehendik zegoen saltegi bat tokiz aldatzeagatik, lokala modernizatu, eraberritu edo egokitzeko egiten diren proiektuak, betiere merkataritza jarduera berak jarraituko duela bermatuta.
c) Saltegi berri bat kokatzeko asmoz, lokala modernizatu, eraberritu edo egokitzeko egiten diren proiektuak, betiere horren ondorioz txikizkako merkataritza enpresak dituen saltegien kopurua handitzen bada.
1.2. Berariazko proiektuak (BP).
Proiektu hauek dira diruz lagungarriak:
a) Merkataritzaren Berrikuntzari buruzko Diagnostikoen Programa (MBD). Diruz lagungarriak dira programa horretan parte hartu duten txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertainek saltegiaren kudeaketa berritu eta hobetzeko egindako inbertsioak, zerbitzu horrek egindako banakako diagnostikoek eta gomendioen txostenak eragindakoek. Aipatutako programa Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialak kudeatzen du Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Txikizkako Merkataritza Planaren barruan.
b) Enpresa Integrazioko Proiektuetan (EIP) parte hartzea: Elkarte gisa eratzeko edo enpresa-egituran integratzeko behar diren inbertsioak diruz lagungarriak dira, baita egitura horien irudi komun edo korporatiboari egokitzeko inbertsioek ere, honako hauek egiten dituztenak: erosketa-zentraletako enpresek edo enpresa integraziorako bestelako formuletan sartzen diren enpresek.
c) Toki entitateek edo beste administrazio publiko batzuek Centro Europeo de Empresas e Innovación de Navarra SL (CEIN) enpresa publikoarekin batera sustatutako proiektuak azkartzeko programa. Diruz lagungarriak dira programa horretan parte hartu duten txikizkako merkataritzako ETEek egindako inbertsioak, alegia negozio-ideia berritzaileak eta txikizkako merkataritza berezikoak garatzeko programakoak.
d) Saltegien eskualdaketa. Diruz lagungarriak dira txikizkako merkataritzako negozio bat erostearen ondorioz txikizkako merkataritzako ETEek egindako inbertsioek, lehendik dagoen jarduera ekonomiko baten jarraipena ziurtatzeko, baldin eta negozioa 2017ko urtarrilaren 1ean funtzionamenduan badago.
2. Inbertsio diruz lagungarriak.
2.1. Saltegiak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak (MEP): Inbertsio hauek dira diruz lagungarriak:
a) Saltegiak edo lokalak zaharberritzeko eta egokitzeko obrak eta haien irudia berritzekoak.
b) Aktibo finko berriak eskuratzea, hala nola:
–Produktuak erakusteko eta biltegiratzeko altzariak.
–Merkataritza ekipamendu berariazkoa eta, zehazki, salmenta prozesua eta prezioak modu elektronikoan etiketatzeko sistemak, ez besterik, kudeatzeko behar den ekipamendua.
c) Merkataritza jarduerarako, aktibo finkoetan egin beharreko beste edozein inbertsio.
d) Ezinbestekoak eta aurreko jarduketari zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ordainsariak; zehazki, proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak onartzen dira soilik.
2.2. Berariazko proiektuak: Diruz lagungarriak dira lehen deskribatutako jarduketak, eta, horiez gain, frankizietan, erosketa-zentraletan eta enpresa integraziorako beste formula batzuetan sartzeko kanonak ere.
3. Diruz lagungarria den gutxieneko inbertsioa.
Diruz lagungarria den proiektu motaren eta enpresaren tamainaren arabera, gutxieneko inbertsio diruz lagungarri hau eskatuko da saltegi bakoitzeko (BEZa kenduta):
a) Saltegiak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak (MEP).
ENPRESAREN TAMAINA | GUTXIENEKO INBERTSIO DIRUZ LAGUNGARRIA SALTEGI BAKOITZEKO (BEZa kenduta) |
Mikroenpresa | 15.000 euro |
Enpresa txikia | 40.000 euro |
Enpresa ertaina | 150.000 euro |
b) Berariazko proiektuak (BP).
ENPRESAREN TAMAINA | GUTXIENEKO INBERTSIO DIRUZ LAGUNGARRIA SALTEGI BAKOITZEKO (BEZa kenduta) |
Mikroenpresa | 6.000 euro |
Enpresa txikia | 20.000 euro |
6. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gehieneko diru-laguntzak.
1. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da, inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoari (BEZa kanpo) oinarrizko diru-laguntzaren portzentaje batzuk aplikatuz kalkulatzen dena, enpresaren tamainaren arabera.
Oinarrizko diru-laguntzaren portzentaje horiei jarraian adierazten diren portzentajeak gehituko zaizkie, proiektua lehentasunezkotzat jotzen den, eta, orobat, diru-laguntza eskatzen duen enpresaren ezaugarri berariazkoak kontuan hartuta.
Oinarrizko diru-laguntzaz goitiko gehikuntza horiek metagarriak dira, baina egoera horien frogagiriak aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera.
a) Oinarrizko diru-laguntza.
Oinarrizko diru-laguntza kalkulatzeko, enpresaren tamainaren arabera diruz lagungarria den inbertsioaren zenbatekoaren gaineko portzentaje jakin bat erabiliko da, taula hau erabiliz:
ENPRESAREN TAMAINA | OINARRIZKO DIRU-LAGUNTZA |
Mikroenpresa | %30 |
Enpresa txikia | %20 |
Enpresa ertaina | %5 |
b) Lehentasuna duten proiektuak: Landa eremuko saltegiak.
Lehentasuna izanen dute merkataritzako proiektu hauek:
–Landa guneetan, 1.500 biztanleko toki entitateetan edo hortik beherakoetan (udalerriak edo kontzejuak) kokatuta dauden saltegietan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak.
–Landa guneetan, 1.500 biztanletik 3.000 biztanlera bitarteko toki entitateetan (udalerriak edo kontzejuak) kokatuta dauden saltegietan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak.
Bi kasuetan, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak ofizioz zehaztuko du biztanleen kopurua, Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen dituen Nafarroako udalerrietako eta kontzejuetako biztanleen datu ofizialak oinarri harturik (deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra dutenak).
Horrelako proiektuetan, aurreko atalean ezarritako oinarrizko diru-laguntzaren portzentajeari honako portzentaje osagarri hauek gehituko zaizkio:
LEHENTASUNA DUEN PROIEKTUA: LANDA EREMUKO SALTEGIAK | LANDA GUNEA | LANDA GUNEA |
Diru-laguntza gehigarria | %5 | %4 |
c) Diru-laguntzaren portzentajea handitzeko beste irizpide batzuk.
Diru-laguntza eskatzen duen enpresak baldintza hauek betetzen dituela egiaztatuz gero, honako diru-laguntza portzentaje gehigarri hauek gehituko zaizkio oinarrizko diru-laguntza portzentajeari:
BERARIAZKO EZAUGARRIAK | EZARRIA IZATEA UNE 175001 ARAUAREN KALITATE SISTEMA | KONTSUMOKO ARBITRAJE SISTEMA BATI ATXIKIA IZATEA | MERKATARIEN ELKARTE BATEKO PARTAIDE IZATEA |
Diru-laguntza gehigarria | %3 | %2 | %1 |
2. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak.
Saltegi bakoitzeko, hauxe izanen da diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa:
a) 30.000 euro, proiektuak 1.a) atalean ezarritako diru-laguntza baizik jasotzen ez badu.
b) 35.000 euro, proiektuak 1.a) atalean ezarritako diru-laguntza jasotzen badu, eta, gainera, 1.b) edo 1.c) ataletan ezarritakoak.
c) 40.000 euro, proiektuak 1.a) atalean ezarritako diru-laguntza jasotzen badu, eta, gainera, 1.b) eta 1.c) ataletan ezarritakoak.
7. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek bete beharreko baldintzak.
1. Diruz lagungarriak diren inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroan kokatuta eta herriguneetan integratuta dauden txikizkako saltegietan egitea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da lokala hiri-lurzoruan edo urbanizagarrian egotea, betiere lurzati horrek edo ondokoek, hau da, itsatsitakoek, nagusiki etxebizitzetarako erabilera badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan kokatuta daudenak, baita mugaz haraindiko eremuetan daudenak ere.
b) Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz lagungarria den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta, betiere, merkataritza jarduera hori izanen da saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia.
c) Bereziki, elikagaiak eta edariak dastatzeko gune bat daukaten saltegiei ere laguntza ematen ahal zaie, betiere, gune hori ez bada saltegiko azaleraren %40 baino handiagoa. Dastaketa jarduera hori, edo dena delakoa, bigarren mailako jarduera bat izanen da, txikizkako merkataritzarekin alderatuta, eta hori frogatzeko jarduera ekonomiko bakoitzaren negozio zifraren bolumena edo salmentak hartuko dira kontuan.
d) Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu beharko dira, diru-laguntzaren xedeko saltegian bertan egon beharko dute eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira.
e) Diruz lagundutako aktibo finkoak lehendabiziko aldiz erabili behar dira eta ezin zaizkie laga hirugarren pertsona fisikoei edo juridikoei. Halaber, ezin dira enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak izan.
f) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak abian jarri beharko dira.
2. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:
a) Diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ez eta enpresa eskatzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.
b) Bigarren eskuko aktibo finkoak eta ondasun erabiliak. Halere, kontzeptu hau diruz lagungarria izanen da, soilik, 5.1.2.d) oinarri arautzailean aurreikusitako saltegi eskualdaketaren kasuan.
c) Saltegia eta lurrak erosteko inbertsioak.
d) Garraio elementuak.
e) Negozio eskualdaketarako ordaindutako gastuak, aurreko b) letran aurreikusitako kasua izan ezik.
f) Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.
g) Erakusketetarako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak, eta aldi baterako erakusketak ezartzea.
h) Saltegien eta material suntsigarrien alokairu gastuak.
i) Leasing bidezko finantzaketaren bitartez eskuratutako aktiboak.
j) Programa eta aplikazio informatikoak.
k) Web-orriak diseinatu, ezarri edo eguneratzea.
l) Mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailua eramangarriak, tabletak, ekipamendu informatikoak, telefono mugikorrak.
m) Oro har, merkataritzan aritzeko guztiz ezinbestekoak ez diren aktiboak edo ekipamenduak.
8. oinarria. Eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.
1. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
a) Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Eskabideak honela aurkeztuko dira:
–Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz. http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Comercio+y+artesania/Comercio (aurrerantzean laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.
–Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita. Horrez gain, eskabidea aurkeztu den ordua eta minutua adierazi beharko dira, datu horiek egon ezean, eskabidea, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako, egun horretan aurkeztutako azken eskabidearen ondoren aurkeztu dela ulertuko baita.
c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.
d) Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baizik ez dira onartuko, eta uko eginen zaie diru-laguntzaren eskaerarekin batera oinarri arautzaile honen 2.2.a) eta 2.2.f) ataletan, kasua bada, ezarritako dokumentazioa erantsita aurkezten ez duten eskaerei; ez da horiek zuzentzerik izanen.
e) Eskaera bakarra aurkeztuko da saltegi bakoitzeko eta enpresa batek eskaera bat baino gehiago aurkez ditzake; kasu horretan, 9. oinarriko 2. atalean ezarritakoa aplikatuko da.
2. Eskatzen den dokumentazioa.
Laguntzari buruzko fitxan ageri den berariazko inprimakiarekin bat datorren eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan aurkeztu behar da. Hauxe da:
2.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
a) Nortasuna frogatzen duen agiria.
–Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak.
–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.
–Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren kopia.
b) Erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako dokumentazioa.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo jaso diren beste laguntzei buruzkoa, “de minimis” laguntzei buruzkoa barne.
–Erantzukizunpeko adierazpena, ETE bat izatearen baldintza betetzeari buruzkoa, betiere mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraikiz.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena txikizkako merkataritzari lotutako ohiko jardun ekonomikoan eta aurkeztutako proiektua gauzatzeko aldian behar diren neurriak hartzen direla jarduerak sortutako hondakinak murrizteko eta egokiro tratatzeko.
–Diru-laguntza eskaeraren xedeko saltegia jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafe guztietan altan egoteko agiriaren kopia.
–“Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz lortu ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik.
Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.
2.2. Inbertsio proiektuari buruzko dokumentazioa.
a) Diru-laguntzaren xedeko proiektua azaltzen duen memoria teknikoa eta ekonomikoa, gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:
–Enpresaren aurrekariak, inbertsioak egitea gomendatzen duten arrazoiak eta proiektu gauzatzearekin lortu nahi diren helburuak.
–2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 15era bitarte egindako edo epe horretarako aurreikusitako jarduketen azalpena.
–Proiektua gauzatzeko faseak, gauzatze egoera diru-laguntzaren eskabidea aurkezten denean eta gauzatzeko aurreikusitako egutegia.
–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen zenbateko zehaztuak edo horien finantzaketari buruzko informazioa.
–Inbertsioak abian jartzeko aurreikusitako eguna eta, hala badagokio, saltegia irekitzekoa.
–Saltegian egindako jarduera ekonomiko guztien azalpen zehaztua, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren (lizentzia fiskala) zein epigrafetan dagoen alta emana, horiekin guztiekin bat.
b) Saltegian, aldi berean, txikizkako merkataritzakoa ez den jardueraren bat betetzen bada, frogatu beharko da saltegian betetzen den jarduera nagusia txikizkako merkataritzakoa dela, eta, horretarako, jarduera ekonomiko desberdinen negozio edo salmenten zifra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo horren frogagiria den beste edozein dokumentazio.
c) 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 15era arte egindako edo epe horretarako aurreikusitako inbertsioen zerrenda baloratua eta zehatza; honako agiri hauek ere aurkeztuz justifikatuko da:
–2017ko urtarrilaren 1etik diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako inbertsioetarako: Egindako inbertsioen fakturen kopia.
–Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2017ko azaroaren 15era arte egin gogo diren inbertsioetarako: Aurrekontuak, proformako fakturak edo gastu horiek zenbatesteko bide ematen duen bestelako dokumentazioa; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
Inbertsio diruz lagungarriaren bolumena zehazteko, honako hau hartuko da kontuan: diru-laguntzaren eskaerarako berariazko inprimakiko informazioa, atal honetan aipatutako zerrenda eta diru-laguntzaren xedeko proiektuaren memoria ekonomikoa. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste edozein agiri.
d) Obra bat gauzatzen den kasuetan (zaharberritzeko edo egokitzeko obrak edo irudia berritzekoak), gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, edo, laguntza teknikoko enpresek ekipamendu-ondasunen hornidura aholkularitzako edo zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan (aktibo finkoak eskuratzea edo zerbitzu tekniko profesionalak kontratatzea), 12.000 eurotik gorakoa, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko da, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela adierazteko, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi. Adierazpen hori diru-laguntza eskatzeko inprimakian sartua dago.
Dokumentazio hori diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da, non ez den gastua egin norberaren diru-laguntza eskaera aurkeztu aurretik, edo, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez dagoen hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikorik.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, diru-laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.
e) Diru-laguntzaren enpresa eskatzailearen ezaugarri berariazkoak frogatzeko, 6.1.c) oinarri arautzailearen ondorioetarako, dokumentazio hau aurkeztuko da:
–Egiaztatzeko Entitate Nazionalak egiaztatutako enpresa baten ziurtagiria, abalatzen duena diru-laguntza eskatzen duen enpresak UNE 175001 kalitate araua, “Txikizkako merkataritzarako zerbitzuaren kalitatea”, lortu duela deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna baino lehen, eta indarrean segitzen duela.
–Merkatarien Elkarteko lehendakariaren edo idazkariaren ziurtagiria (elkarteak Garapen Ekonomikorako Departamentuko Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Erregistroan edo antzeko beste erregistro ofizial batean inskribatua egon beharko du), egiaztatzen duena diru-laguntza eskatzen duen enpresa elkarte horretako bazkidea dela deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik; adieraziko da, orobat, bazkide gisa duen antzinatasuna eta kuoten ordainketan egunean dagoela.
–Kontsumo arloan eskumena duen organoaren ebazpena, egiaztatzen duena enpresa Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita dagoela deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehenagotik.
–Atal honen aurreko paragrafoetan ezarritako kasuak egiaztatzeko agiriak, hala badagokio, diru-laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira, beste edozein momentutan aurkeztuz gero ez baitira baloratuko, eta ezin izanen dira zuzendu.
f) Berariazko proiektuen kasuan (BP), dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:
–Merkataritzaren Berrikuntzari buruzko Diagnostikoen Programa (MBD): Banakako diagnostikoa eta gomendioen txostena.
–“Enpresa integrazioko proiektuetan (EIP) parte hartzeko” proiektuak: Enpresa egituraren parte dela frogatzen duen dokumentazioa edo hartan integratzea eskatu izanarena.
–Toki entitateek edo beste Administrazio Publiko batzuek CEINen laguntzaz sustatutako proiektuak azkartzeko programa: Enpresa programa horretan hautatu dutela frogatzen duen dokumentazioa, bide ematen duena egiaztatzeko negozio ideiaren azalpena eta haren ezaugarriak, negozio hori berritzailetzat eta berezitzat hartzeko modukoa bilakatzen dutenak.
–Saltegien eskualdaketa: Negozioa eskuratzen duena ez bada txikizkako merkataritzan aritu gutxienez urtebetez diru-laguntzaren eskaera aurkezten den eguna baino lehenago, dokumentazioa aurkeztu beharko du, eskuratutako negozioa kudeatu eta zuzentzeko egokitasuna, gaitasuna eta kualifikazio profesionala aztertu direla frogatzen duena. Azterlan edo analisi hori behar bezalako kualifikazioa duen entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek egina beharko du, eta ezin du egin enpresa eskatzaileak berak; diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da eta zuzentzerik ez da izanen. Beraz, diru-laguntza ukatu eginen zaie diru-laguntzaren eskabidearekin batera dokumentazio hori aurkezten ez dutenei.
9. oinarria.–Izapidetzea eta laguntzak emateko ebazpena.
1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Hortaz, eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.
2. Enpresa batek eskatzen baditu deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak saltegi baterako baino gehiagorako, aurreko atalean ezarritakoari jarraikiz ebatziko da lehen eskaera, eta hurrengo eskaerak gainerako eskatzaileek aurkeztutako eskaera guztiak izapidetu ondoren ebatziko dira.
3. Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, enpresa interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.
Diru-laguntzaren eskabidearekin batera 8. oinarri arautzailearen 2.2.a) letran eta, hala badagokio, 2.2.e) eta f) letretan ezarritako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da gerora zuzendu.
4. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.
5. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Diru-laguntzak emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.
6. Lehenbizi aurkezten diren eskaerei diru-laguntzak eman ahala baimendutako gastua gutxitzearen ondorioz, diru-funts erabilgarriak ez badira nahikoak eskaera bati egokitutako diru-laguntza osorik ordaintzeko, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren araberako diru-laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari.
Enpresak 5 egun balioduneko epea izanen du jakinarazitako diru-laguntzaren proposamenari baiezkoa edo ezezkoa emateko, eta, enpresak deus jakinarazten ez badu epe horretan, ulertuko da proposamena onartu dela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.
Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.
Ez da inoiz 1.000 eurotik beherako diru-laguntzarik emanen.
7. Diru-laguntzak aurreko atalei jarraituz banatzearen ondorioz deialdiaren aurrekontuko baliabideak agortzen direnean, gainerako eskaerak berariaz ezetsi eginen dira.
8. Eskatutako diru-laguntzak eman edo ukatzen dituzten ebazpenen aurka, enpresa eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
10. oinarria. Enpresa onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen enpresa onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntza eskatzeko eskabide-orrian datorren adierazpenean aditzera ematen zaio enpresa eskatzaileari horren bitartez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan.
2. Inbertsioak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.
Inbertsioen frogagiriak 2017ko azaroaren 17tik aurrera aurkeztuz gero, emandako diru-laguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da. Era berean, egindako inbertsioengatik aurkezten diren frogagiriek erakusten badute diruz lagunduriko aurrekontuaren %70 baino gehiago gauzatu gabe dagoela, horretarako bidezko arrazoi justifikaturik izan gabe, diru-laguntza emateko xedea ez dela bete ulertzen ahalko da, eta, kasu horretan, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
3. Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak abian jartzea edo, kasua bada, saltegia 2018ko uztailaren 1a baino lehen irekitzea jendearentzat eta, hala egin ezean, jasotako zenbateko guztiak itzultzea eskatuko da, dagokion berandutze-interesarekin batera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.
4. Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean edo 2017ko irailaren 15a baino lehen aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari diruz laguntzen diren jarduketak ez direla egin behar deialdian ezarritako epearen barrenean eta, beraz, uko egiten zaiola diru-laguntzari. Betiere, enpresa onuradunak horren berri jakin bezain laster jakinarazi beharko du, epe horren zain egon gabe.
Diru-laguntzaren xede den proiektua ez gauzatzeak ekarriko du enpresa horrek edo proiektu horrek berak diru-laguntzak eskuratzeko eskubidea galtzea txikizkako merkataritzako enpresei lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak emateko hurrengo deialdian, salbu eta inguruabar hori jakinarazi bada aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz.
5. Diruz lagunduriko inbertsio proiektuan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, hura gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.
6. Diru-laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 3 urtez eta etenik gabe edukitzea enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio-bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epea gutxienez zazpi urtekoa izanen da. Inbertsioak abian jartzen direnetik hasiko da epe hori kontatzen.
Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, diru-laguntza jasotzen duen enpresak diru-laguntzaren xedeko saltegiko merkataritza jarduera utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko baldin eta bermatzen baldin bada saltegi horretan txikizkako beste merkataritza jarduera batek jarraituko duela (deialdian diruz laguntzeko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu atal honetan ezarritakoaren arabera dagokion epea bukatu arte.
7. Diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketaren izaera publikoa behar bezala zabaltzea; zehazki, saltegian kartel bat ezarriko da urtebetez aise ikusteko moduko toki batean, diru-laguntza ordaintzeko agintzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera; laguntzari buruzko fitxan eskuratzen ahalko den ereduaren araberakoa izanen da kartel hori.
8. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, laguntzari buruzko fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.
9. Behar diren neurriak hartzea txikizkako merkataritza arloko ohiko jardun ekonomikoan eta diruz lagundutako jarduerak gauzatzean sortutako hondakinak txikiagotzeko eta egokiro tratatzeko. Bereziki, elikagaien hondakinen kasuan, gomendatzen da aprobetxatzen ahal direnak bereiztea eta Nafarroako Elikagaien Bankuari edo antzeko beste erakunde bati ematea, Elikagaien Hondakinen Erabilerari buruzko otsailaren 25eko 7/2013 Foru Legean ezarritakoa betez.
Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Ondorio horietarako, oinarri arautzaile honen 6. atalari dagokionez, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren zuzeneko proportzioan eginen da diru-laguntza itzultzeko kalkulua.
11. oinarria. Egindako inbertsioak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
1. Justifikatzeko epea eta modua.
a) Edozein unetan aurkeztuko da egindako ekintzen justifikazioa, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2017ko azaroaren 17an.
b) Justifikazioa 8.1 oinarrian eskabideak aurkezteko aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzari buruzko fitxan dagoen berariazko inprimakia erabiliz, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.
c) Diru-laguntzaren eskaeraren xede diren jarduketa guztiak amaituta, fakturatuta eta ordainduta baldin badaude, eta inbertsioa abian jarrita eskaera aurkezten den egunean, dagokien justifikazioa diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da.
2. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.
Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute egin direla, eta, horretarako, laguntzari buruzko fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoko dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan eskaneatuta:
a) Azken txostena, egindako jarduketa guztiak eta proiektua gauzatzearen amaierako kostua xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita.
c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, diru-laguntzaren enpresa onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
100 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).
Saltegiaren eskualdaketaren kasuan, fakturan fakturatutako kontzeptu guztiak jaso beharko dira banan-banan (merkataritza funtsa, instalazioak, altzariak, izakinak, etab.) eta horrekin batera peritu baten edo tasazio enpresa baten txostena erantsi beharko da, horren frogagarri.
d) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.
Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz, eta diru-laguntzaren enpresa onuradunak banku kontuaren titularra izan beharko du ordainketak egiten diren eguna baino lehen. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuta egon beharko dute.
Espediente bakoitzeko, 2.500 euro arte eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileak sinatu eta zigilatutako hartu-agiri bat aurkezten badu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.
Eragiketaren batean parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta hango gastuak eskudirutan ordaindu badira, gastu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 eurokoak edo hortik gorakoak badira, edo balio bera badute atzerriko monetan, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).
e) Saltegiaren kanpoko nahiz barneko argazkiak, aurreko egoera eta jarduketak egin ondokoa egiaztatzeko aukera ematen dutenak, bai eta diruz lagundutako aktibo finkoenak ere.
f) Merkataritza Berrikuntzari buruzko Diagnostikoen proiektuaren ondoriozko inbertsioak frogatzeko, aurrekoez gain, jarraipena egin duen teknikariaren azken txostena aurkeztuko da, egindako merkataritza-diagnostikoan agertzen diren gomendioen ezarpenari buruz.
12. oinarria. Diru-laguntza ordaintzea.
Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta enpresa onuradunak eginbeharrak bete izana, diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen dutena, frogatzen duen txostena gehituko zaio.
Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen da diru-laguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.
Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, egindako inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela, horien justifikazioa zuzena dela alderdi guztietan eta diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren.
Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak abian jarri behar badira diruz lagundutako jarduketak egin direla justifikatzen duten agiriak aurkeztu ondoren, edo saltegia ireki behar bada, kasu horretan diru-laguntza ordaindu eginen da baldin eta saltegia 2018ko uztailaren 1a baino lehen irekitzen bada jendearentzat, edo diru-laguntzaren xede diren inbertsioak abian jarri data hori baino lehenago.
13. oinarria Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste diru-laguntzekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak.
Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.
Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.
14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzari buruzko fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F1703199
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
