59. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

159E/2017 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, 2017an turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jardueretarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako toki entitateek, turismo elkarteek eta turismo partzuergoek zeregin garrantzitsua betetzen dute turismo arloko jardueraren sustapenean, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren lana osatuz eta aberastuz.

Lan esparru horretan, diru-laguntzen deialdi honen xedea da sektore publikoaren eta pribatuaren ekimen berriak sustatzea, bai eta aurreko urteetan hasi eta bisitari asko dituzten ekintzak sendotzea ere. Oro har, turismo elkarteen eta turismo partzuergoen eginkizun hauek sustatzen dira: aholku ematea eta kalitatea sustatzea; arloa dinamizatu, koordinatu eta antolatzea; eta elkarteen eta bazkideen jarduera eta Nafarroak helmuga gisa duen irudia komunikatu eta sustatzea.

Deialdi honetako eskaerak eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren aztertuko dira, eta orduan erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez, bai eta ekintza eta entitate sustatzaile mota bakoitzari dagokion diru-laguntza portzentajea ere.

Diru-laguntzetarako bideraturiko gehieneko zenbateko osoa onuradunen artean hainbanatuko da. Hori horrela da deialdiak kontuan hartzen dituen jarduera guztiak egitea garrantzitsutzat jotzen delako. Esperientziari esker badakigu horrelako jarduerak, diruz lagundu ezean, ez direla egiten, funts eskasiagatik, baina laguntza jasotzeko aukerarik bada, nahiz eta deialdian hasiera batean aurreikusitakoa baino zerbait txikiagoa izan, jarduerak burutu ohi dira.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017an turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jardueretarako diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarriak, ebazpen honen I. eranskinean jasoak, onestea.

3. 655.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela banatuta, entitate onuraduna nolakoa den:

–290.000 euro turismo elkarteentzat.

–365.000 euro toki entitateentzat eta turismo partzuergoentzat.

4. Gastu hori Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako partida hauen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

830001 83120 4819 432100 Elkarteentzako laguntzak turismo arloko jarduketetarako

2017

290.000

830001 83120 4609 432100 Toki entitateentzako eta partzuergoentzako laguntzak turismo arloko jarduketetarako

2017

365.000

5. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek, orobat, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko martxoaren 8an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

I. ERANSKINA

2017an turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jardueretarako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da turismo elkarteei, toki entitateei eta turismo partzuergoei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, entitate horiek arlo hauetan egiten dituzten ekintzei laguntzeko: kalitatea, ekitaldien antolaketa edo turismoaren dinamizaziorako proposamenak, azoketara joatea, sustapen edo komunikazio ekintzak, prestakuntza eta kudeaketa.

Deialdiaren helburua aipatu entitateen ekintzarako aukerak handitzen laguntzea da, dinamizazio turistikoan egiten duten lana bideratuz, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren lan ildoekin bateragarria eta osagarria izan dadin. Ildo horien helburua da Nafarroa helmuga gisa eta turismoaren aldetik garatzea.

2. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua honako hau da:

a.–Guztira 290.000 euro turismo elkarteentzat, honela banatuta:

DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKETEN JARDUKETAK

PORTZENTAJEA

GUZTIRA

A.–Kalitatearen arloko ekintzak

%11

31.900

B.–Turismoko ospakizunen edo ekitaldien antolaketa

%75

217.500

C.–Azoka eta aurkezpenetara joatea

D.–Zabalkunderako materiala, publizitate kanpainak eta web orriak

E.–Prestakuntza ekintzak

F.–Turismo elkarteen kudeaketa

%14

40.600

GUZTIRA

%100

290.000

b.–Guztira 365.000 euro toki entitateentzat eta turismo partzuergoentzat.

DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKETEN JARDUKETAK

PORTZENTAJEA

GUZTIRA

A.–Kalitatearen arloko ekintzak

%10

36.500

B.–Turismoko ospakizunen edo ekitaldien antolaketa

%56

204.400

C.–Azoka eta aurkezpenetara joatea

D.–Zabalkunderako materiala, publizitate kanpainak eta web orriak

E.–Prestakuntza ekintzak

F.–Partzuergoen kudeaketa

%34

124.100

GUZTIRA

%100

365.000

Espedienteak aztertu eta dagokion diru-laguntza kalkulatu ondoren aipatutako partida bakoitzaren zenbatekoak banatzeko epigraferen batean gerakinik bada, partida bereko gainerako epigrafeetara pasatuko da, honela:

–Lehenbizi, B, C, D eta E ataletara, batera.

–Bigarrenik, F epigrafera (hots, turismo partzuergoen kudeaketa, edo turismo elkarteen kudeaketa).

–Hirugarrenik, A epigrafera.

3. Entitate onuradunak eta entitate onuradun izatea egiaztatzeko modua.

Irabazi-asmorik gabeko erakunde hauek jaso ditzakete deialdi honen diru-laguntzak:

a) Egoitza Nafarroan duten turismo partzuergoak, 2017ko urtarrilaren 1ean Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik daudenak.

Deialdi honetako edozein epigrafetan aurkezten dituzten ekintzetarako jaso dezakete diru-laguntza.

b) Nafarroako toki entitateak, epigrafe hauetan sartutako ekintzetarako:

–B.b.1. Interes turistiko nazionalekotzat deklaratutako ospakizun turistiko-kulturalak.

–B.b.2. Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko-kulturalak.

–B.b.3. Argi eta garbi helburu eta ikuspegi turistikoa duten dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak, turismo eta festa arlokoak.

c) Egoitza Nafarroan duten turismo elkarteak, 2017ko urtarrilaren 1ean Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik daudenak. Elkarteko bazkideen izaeraren arabera, deialdiaren xedeko ekintza batzuetarako edo besteetarako diru-laguntzak jaso ditzakete. Alde horretatik, turismo elkarte mota hauek daude:

–Turismoko enpresaburuen elkarteak. Horrelakotzat hartuko dira Nafarroako Turismo Erregistroan erregistratuta dagoen establezimendu baten titular diren 100 bazkide edo gehiagok osatuak (pertsona fisikoak edo juridikoak izan), edo elkarte txikiagoen kasuan, bazkideen %50, gutxienez, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dagoen establezimendu edo enpresa baten titularrak direnean.

Ondorio horietarako, aipatu baldintzak betetzen dituzten entitateek osatutako elkarte edo federazioak ere hartuko dira halakotzat.

Turismoko enpresaburuen elkarteek epigrafe hauetan aurkezten dituzten ekintzetarako diru-laguntzak jaso ditzakete:

–B.b.3. Argi eta garbi helburu eta ikuspegi turistikoa duten dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak, turismo eta festa arlokoak.

–C.–Azoka eta aurkezpenetara joatea.

–D.–Zabalkunderako materiala, publizitate kanpainak eta web orriak.

–E.–Prestakuntza ekintzak.

–F.–Turismo elkarteen kudeaketa, elkarteak 20 bazkidetik gora baina 100 baino gutxiago baditu (pertsona fisikoak edo juridikoak), eta, betiere, bazkide horiek Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako establezimendu baten titularrak baldin badira.

–Toki entitateek eta turismo enpresek osatutako turismo elkarteak.

Epigrafe hauetan aurkezten dituzten ekintzetarako diru-laguntzak jaso ditzakete:

–A.–Kalitatearen arloko ekintzak.

–B.b.2. Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko-kulturalak.

–B.b.3. Argi eta garbi helburu eta ikuspegi turistikoa duten dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak, turismo eta festa arlokoak.

–B.b.4. Turismo eta kirol arloko dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak.

–C.–Azoka eta aurkezpenetara joatea.

–D.–Zabalkunderako materiala, publizitate kanpainak eta web orriak.

–E.–Prestakuntza ekintzak.

–F.–Turismo elkarteen kudeaketa, elkarteak 20 bazkidetik gora baina 100 baino gutxiago baditu (pertsona fisikoak edo juridikoak).

–Turismo elkarteak, bazkide gehienak turismo arloko araudiak arautzen ez dituen jarduera ekonomikoen sektorekoak edo partikularrak badira.

Aipatu elkarteek epigrafe hauetan aurkezten dituzten ekintzetarako diru-laguntzak jaso ditzakete:

–B.b.1. Interes turistiko nazionalekotzat deklaratutako ospakizun turistiko-kulturalak.

–B.b.2. Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko-kulturalak.

–B.b.3. Argi eta garbi helburu eta ikuspegi turistikoa duten dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak, turismo eta festa arlokoak.

–B.b.4. Turismo eta kirol arloko dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak.

Deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du turismo elkarteak eta partzuergoak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden eta zer osaera duten, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan dauden datuetan oinarrituta.

Datu horiek aldatu badira, eta aintzat hartzea nahi izanez gero, eskabidearekin batera jakinarazi beharko dira, eta kudeaketa organoak haien gaineko informazio osagarria eskatzen ahalko du.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren ekintza eta gastuak.

1.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntza gisa emanen dira, eta diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren gehieneko portzentaje bat estaliko dute. Portzentaje hori ekintza eta entitate eskatzaile motaren arabera aldatuko da, baina, betiere, diru-muga hauek gainditu gabe:

A) Mugak turismo elkarteen kasuan.

Elkarte bakoitzak honenbesteko diru-laguntza jasotzen ahalko du gehienez deialdi honetan aipatutako ekintza guztietarako (kalitatearen arlokoak alde batera utzita):

–30.000 euro, 70 bazkidetik gorako elkarteen kasuan (bazkideak pertsona fisikoak edo juridikoak izan).

–25.000 euro, 51 eta 70 bazkide bitarteko elkarteen kasuan (bazkideak pertsona fisikoak edo juridikoak izan).

–20.000 euro, 36 eta 50 bazkide bitarteko elkarteen kasuan (bazkideak pertsona fisikoak edo juridikoak izan).

–15.000 euro, 21 eta 35 bazkide bitarteko elkarteen kasuan (bazkideak pertsona fisikoak edo juridikoak izan).

–10.000 euro, 10 eta 20 bazkide bitarteko elkarteen kasuan (bazkideak pertsona fisikoak edo juridikoak izan).

–6.000 euro, 10 bazkidetik beherako elkarteen kasuan (bazkideak pertsona fisikoak edo juridikoak izan).

B) Mugak turismo partzuergoen kasuan.

–Epigrafe bakoitzeko ekintzetarako ezarritako mugak.

–Entitate bakoitzerako diru-laguntza, deialdiaren kontzeptu guztiak kontuan hartuta, ezin da 125.000 eurotik gorakoa izan.

C) Mugak toki entitateen kasuan.

–6.000 euro.

Deialdi honen ondorioetarako, diruz laguntzen ahal dira deialdian aurreikusitako ekintzei zuzenean lotutako kanpoko gastu guztiak, atal bakoitzean ezarritako zehaztasunak kontuan hartuta. Gastu horiek 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko urriaren 31ra bitarte egin, fakturatu eta ordaindu beharko dira.

Ez dute diru-laguntzarik izanen bere langileei dagozkien gastuek (kalitatea eta turismo partzuergoen kudeaketa edo turismo elkarteen kudeaketa salbu), ezta entitatearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozkoek ere, ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

Hemen aurkezten diren proiektu eta ekintza guztiek harreman zuzena izan behar dute haiek sustatzen dituen elkarte, turismo partzuergo edo toki entitatearekin, eta haren proiektu edo jarduketei buruzkoak izanen dira. Ekintzek bazkide guztiengan izanen dute eragina. Onuradunak bazkide guztiak ez badira, behar bezala argudiatu beharko da jarduketak elkartearentzat duen interesa. Jarduketa indibidualak ez dira inola ere onartuko.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta ekintzak.

Betiere, ondoko ataletako ekintzek jaso dezakete diru-laguntza:

A) Kalitatearen arloko ekintzak.

Epigrafe honetan SICTED sistemako (helmugako kalitate turistikoaren sistema integrala) helmuga bat kudeatzen duten turismo elkarte eta partzuergoen eskaerak onartuko dira, bai eta Nafarroako Ardoen Ibilbideko helmuga edo produktu bat kudeatzen dutenenak ere.

Epigrafe honetan gero zehazten diren langileria gastuak sartzen dira, proiektuaren arduradun kudeatzailearenak, bi proiektuen ezarpena koordina dezaten kasu bakoitzari dagokion metodologiaren arabera.

SICTED proiektuaren koordinazio lanen barrenean ekintza hauek eginen dira gutxienez:

–Bere eragin eremuko enpresak erakartzea eta haien atxikimendua lortzea, eta hori proiektuaren plataforma informatikoan agertzea.

–Laguntza teknikoa ematea enpresei, taldeka edo banaka, zigilua lor edo manten dezaten, kasu bakoitzean egokia den jardunbide egokien eskuliburua aplikatuz.

–Zigilua lortu edo mantendu nahi duten enpresak ebaluatzea norberaren langileen edo kanpoko ebaluatzaileen bitartez, eta dagozkion txostenak prestatzea kalitate mahaian aurkezteko, hark baliozkotu ditzan.

–SICTEDen agertzen diren prestakuntza lantegiak antolatzea sistema horretako ziklo bakoitzerako (atxikitzea, zigilua lortzea, jarraipena egitea eta zigilua berritzea).

–Kontrol-koadroa betetzea, datuak analizatzea eta litezkeen hobekuntzak identifikatzea.

–Bere helmuga hobetzeko arloak identifikatzea, lantaldeak sortzea eta, hala bada, kalitate mahaian proposamenak aurkeztea.

–Oro har, SICTED metodologian biltzen diren ekintza guztiak.

Bestetik, Ardoen Ibilbidea proiektuaren koordinazio lanen barrenean Espainiako Ardoen Ibilbideak produktu turistikoaren eskuliburuan agertzen diren azpisistemei lotutako beharrezko ekintzak eginen dira. Kanpo-auditoria baten bidez ebaluatuko dira azpisistema horiek, eta entitate kudeatzaileak auditoria gainditu beharko du ibilbidearen ziurtagiria mantentzeko. Alde horretatik, entitate kudeatzaileak ziurtatu beharko du arlo hauetan gutxienekoak bete dituela:

–Plangintza eta kudeaketa.

–Helmuga.

–Sustapena eta merkaturatzea.

–Enologia.

–Zerbitzu turistikoak.

Irizpideak betetzen direla erakusten duen aginte-koadroa eguneratuta mantendu beharko du, eta ziurtatuko du sistemari atxikitako enpresek baldintzak betetzen dituztela auditoria egin baino lehen. Horretarako, behar diren banakako bisitak eta taldekako jardunaldiak eginen ditu.

1) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Atal honen ondorioetarako, honako hauek onartuko dira diru-laguntza jaso dezaketen gastu gisa:

–SICTED helmugako kalitate programak eta Nafarroako Ardoen Ibilbidea, hurrenez hurren, kudeatzen dituzten teknikariak kontratatzeko gastuak.

–Programak kudeatzen dituzten teknikari kudeatzaileen dietak eta kilometraje gastuak, kalitate sistemei lotutako ekintzetan sortuak.

–Kudeaketa entitateko teknikariak SICTED kalitatearen arloan edo Ardoen Ibilbidearen gainean trebatzeko gastuak.

Kanpoko ahokularitza kontratatuz gero, kontratatutako enpresaren faktura baizik ez da onartuko diru-laguntza jaso dezakeen gastu gisa.

2) Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren %70era artekoa. Gehienez 45.000 euroko aurrekontua onartuko da, xehetasun honen arabera:

a) SICTED kudeatzaile gisa edo Ardoen Ibilbideko produktuari lotuta egindako ekintzengatik:

–30.000 euroko aurrekontua, 2016-12-31n zigilua duten eta lanean ari diren 50 establezimendutik gora dituzten helmugetarako.

–25.000 euroko aurrekontua, 2016-12-31n zigilua duten eta lanean ari diren 30 establezimendutik gora dituzten helmugetarako.

–20.000 euroko aurrekontua, 2016-12-31n zigilua duten eta lanean ari diren 30 establezimendu baino gutxiago dituzten helmugetarako.

b) Atxikimendu berriengatik:

–1.000 euroko aurrekontua atxikitzen den establezimendu berri bakoitzeko. Zenbateko horiek kobratuko dira baldin eta urte bukaeran zigilua duten establezimenduak gutxienez 5 gehiago badira aurreko urteko abenduan zutenekin alderatuta.

B) Ospakizunen eta ekitaldien antolaketa, edo dinamizazio turistikorako proposamenak.

1) Ospakizun, ekitaldi edo dinamizazio turistikorako proposamen motak.

b.1.) Interes turistiko nazionalekotzat deklaratutako ospakizun turistiko-kulturalak.

b.2) Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko-kulturalak.

b.3) Argi eta garbi helburu eta ikuspegi turistikoa duten dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak, turismo eta festa arlokoak.

b.4) Turismo eta kirol arloko dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak.

Atal honetan aurkeztutako ekitaldi edo proposamenek irizpide orokor hauek bete beharko dituzte:

–Kasu guztietan, gai nagusiak lotura estua izan beharko du entitate sustatzailearekin, eta ekitaldia bera eta antolatzen diren jarduera zehatzak orokorrak izanen dira, eta, ahal dela, atari zabalean eginen dira. Gainera, bisitari askorentzat erakargarria izateko ahalmena frogatu beharko dute.

–Gutxienez 5.000 euroko aurrekontua duten dinamizazioko ekitaldi edo proposamenak onartuko dira bakarrik. Aurrekontuaren zenbatekoak bat egin beharko du benetako exekuzioarekin, eta aldiaren bukaeran justifikatu beharko da.

–Herriko bestetan, erromerietan edo ibarreko jaietan egiten diren dinamizazioko ekitaldi edo proposamenak baztertuko dira.

–Bi entitate ezberdinek ezin dute diru-laguntza jaso ekintza bererako. Bi entitatek ekintza bererako eskaera aurkezten badute, lehenik toki entitatearena hartuko da kontuan, bigarrenik turismo partzuergoarena, eta hirugarrenik elkartearena.

–Entitate bakoitzari, urte batean, ekitaldi kopuru hau onartzen ahalko zaio gehienez:

a) Toki entitateek eta turismo enpresek osatutako turismo partzuergo edo turismo elkarteen eskaerak, ordezkatzen duten biztanleen arabera:

–30.000 biztanletik gora: 13 ekitaldi.

–15.000 biztanletik gora: 8 ekitaldi.

–6.000 biztanletik gora: 6 ekitaldi.

–Gainerakoak: 4 ekitaldi.

b) Banakako toki entitateen eskaerak, ordezkatzen duten biztanle kopuruaren arabera:

–10.000 biztanletik gora: 3 ekitaldi.

–4.000 biztanletik gora: 2 ekitaldi.

Gainerakoak: 1 ekitaldi.

c) Gainerako turismo elkarteak: 1 ekitaldi.

–Diru-laguntza jaso dezakeen gehieneko aurrekontua 30.000 eurokoa da ekitaldi bakoitzeko.

Honako kasu hauetan handitzen ahal da muga hori:

–Espainiako edo Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ekitaldiak: 10.000 euro gehiago arte.

–3 eguneko edo hortik gorako ekitaldiak: 10.000 euro gehiago.

–6 eguneko edo hortik gorako ekitaldiak: 20.000 euro gehiago.

Handitze horiek ezin dira metatu.

Turismo enpresaburuen elkarteen ekitaldi edo proposamenak, beren jarduera propioaren parte izateagatik bazkideei berehalako onura zuzena ekartzen dieten ekintzak planteatzen badituzte, ez dira epigrafe honetan sartuko.

2) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

–Ekitaldi edo proposamenari zuzenean lotutako gastuak.

–Ekitaldi edo proposamenaren komunikazio eta publizitate gastuak.

–Sustapenaren xedeko lehengaia, Nafarroan ekoiztua, gehi hura prestatzeko behar diren oinarrizko osagaiak, ekitaldiaren gai nagusia produktu gastronomiko bat denean, hura bultzatzen duen entitatearekin zerikusia duena, eta kasu horietan bakarrik.

Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

–Dastaketetarako tresneriaren gastuak.

–Herri bazkarien edo otordu instituzionalen gastuak.

–Kontzertuak edo gaueko dantzaldiak.

–Hitzaldiak, solasaldiak edo erakusketak.

–Opariak.

–Langile berekiak.

–15 egunetik gorako estaldura-epea duten aseguruak, ekitaldia egiten denetik kontatzen hasita, aurretik edo ondotik.

3) Diru-laguntzaren zenbatekoa.

b.1) Interes turistiko nazionalekotzat deklaratutako ospakizunak: diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren %80ra arte.

b.2) Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko eta kulturalak: diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren %70era arte.

b.3) Helburu eta ikuspegi turistiko garbia duten dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak, turismo eta festa arlokoak: diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren %50era arte.

b.4) Turismo eta kirol arloko dinamizazioko proposamen eta ekitaldiak: diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren %25era arte.

Ekitaldiak udal bakar batek antolatu eta justifikatzen dituenean, portzentajeak %25era bitarte murriztuko dira b.2) ataleko kasuan, eta %15era bitarte b.3) ataleko kasuan.

C) Turismoko azoka eta aurkezpenetara joatea.

Eskaera hauek justifikatuko dira azokan erakustoki batez arduratu beharra dagoelako, arreta eman behar zaien kontaktuen agenda bat dagoelako edo berariazko produktu edo ekintza bat aurkezten delako.

1) Azoka motak.

c.1) Espainiako azokak, workshop-ak eta turismoko aurkezpenak, non Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak erakustoki bat eramaten duen. Zehazki, hauek:

–Fitur. Madril. Urtarrilaren 18tik 22ra.

–Sevatur. Donostia. Martxoaren 4tik 6ra.

–FIO/Turismo de naturaleza. Birding (Villarreal de San Carlos. Extremadura) Martxoaren 11tik 13ra.

–BTravel. Bartzelona. Apirilaren 15etik 17ra.

–Expovacaciones. Bilbo. Maiatzaren 6tik 8ra.

–Madrid Birdfair. Madril. Ekainaren 2tik 12ra.

–Sport i Natura. Igualada. Bartzelona. Udazkena.

c.2) Espainiako edo atzerriko hurbileko merkatuetan (Euskal Autonomia Erkidegoan, Errioxan, Aragoin, Frantziako hego-mendebaldean, Nafarroan...) egiten diren azokak, workshop-ak eta turismoko aurkezpenak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia joaten ez denean.

Nolanahi ere, Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuaren oniritzia izan beharko dute.

c.3) Navartur azoka.

c.4) Nazioarteko turismo azoka eta aurkezpenak, non Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak erakustoki bat eramaten duen. Zehazki, hauek:

–Vakantiebeurs. Utrecht. Herbehereak. Urtarrilaren 11tik 15era.

–Salón Mahana. Lyon. Frantzia. Otsailaren 10etik 12ra.

–FREE. Munich. Alemania. Otsailaren 22tik 26ra.

–Salón Mahana. Toulouse. Frantzia. Otsailaren 24tik 26ra.

–ITB. Berlin. Alemania. Martxoaren 9tik 13ra.

–MIT. Mosku. Errusia. Martxoaren 14tik 16ra.

–MICE Espainia ekitaldia. Paris. Ekainaren 16tik 18ra.

–Bird Fair. Rutland. Erresuma Batua. Abuztuaren 19tik 21era.

–España en Lyon. Irailaren 27tik 29ra.

–50 Plus Beurs. Utrecht. Iraila.

c.5) Nazioarteko turismo azokak, workshop-ak eta aurkezpenak (Frantziako hego-mendebaldea salbu), Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia joaten ez bada.

Nolanahi ere, Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuaren oniritzia izan beharko dute.

2) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Langileria gastuak. Bertaratuen garraio, ostatu eta mantenu gastuak, tiketen edo fakturen bidez behar bezala frogatuak (dagozkien ordainagiriekin batera), edo balio bera duten agirien bidez frogatuak, kontratatutako hirugarrenen fakturen kasuan bakarrik (atzerriko ferietan baino ez).

Instalazio gastuak azoka edo aurkezpenetan. Halakoak dira lurzorua alokatzeak, erakustokia jartzeak edo material garraioak eragindakoak. Aurkezpen ekitaldiak egiten direnean, gainera, honako gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza: aretoen alokairua, baliabide teknikoak (megafoniak, pantailak...), materialen garraioa eta aurkezpenaren xede den materiala, betiere II. eranskineko jarraibide teknikoen eskuliburuko aginduei jarraitzen bazaie.

3) Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Gehieneko diru-laguntzen laburpen koadroa epigrafe osorako.

EPIGRAFEA

AZOKA MOTA

JENDE
KOPURUA GEHIENEZ, EGUNEAN

LANGILEEN GASTUAK. OSTATUA, GARRAIOA ETA MANTENUA

AZOKAREN EDO AURKEZPENAREN GASTUAK: LURZORUAREN ALOKAIRUA, ERAKUSTOKIA ETA MATERIALAREN GARRAIOA

c.1

Nazionala Nafarroako Gobernuarekin

1

125 euro pertsona eta egun bakoitzeko

0

c.2

Hurbilekoak Naf. Gobernua joan gabe

2

125 euro pertsona eta egun bakoitzeko

Diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %70 azoka bakoitzeko (5.000 euro gehienez)

c.3

Navartur

0

0 euro

Diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %70 azoka bakoitzeko (5.000 euro gehienez)

c.4

Nazioartekoa Nafarroako Gobernuarekin

1

200 euro pertsona eta egun bakoitzeko

0

c.5

Nazioartekoa Nafarroako Gobernua joan gabe

2

200 euro pertsona eta egun bakoitzeko

Diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %70 azoka bakoitzeko (8.000 euro gehienez)

Egunen kopurua kalkulatzeko, egun bat gehituko zaio ostatu-gauen kopuruari.

Joan-etorriak auto partikularrean egiten direnean, garraio gastutzat hartuko dira elkartearen egoitza dagoen tokitik ekitaldiaren tokira dagoen kilometro kopurua kalkulatuta sortzen direnak, kilometro bakoitzeko 0,30 euro aplikatuta. Bidesariak eta aparkatzeko gastuak ere onartuko dira. Ez dira garraio gastutzat hartuko auto partikularra erregaiz hornitzean sortutakoak. Betiere, turismo elkartearen edo partzuergoaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da gastua, eta elkarteak edo partzuergoak partikularrari ordaindutakoaren agiriaren bidez.

Diru-laguntza eman eta ordaintzeko, eskatzaile bakoitzak epigrafe honetan aurkezten dituen ekintza guztiak hartuko dira kontuan.

Orobat, zilegi izanen da jakinarazitako azoka batera joan beharrean antzeko beste batera joatea zehazturiko aldian, betiere aldaketa aldez aurretik jakinarazten bada eta Turismo Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuaren oniritzia badu.

D) Zabalkunde turistikorako materiala, publizitate kanpainak eta web orriak.

1) Sartutako kontzeptuak.

d.1) Turismoaren zabalkunderako materiala: ostatuen eta turismo arloko zerbitzu eta produktuen eskaintzei, baliabideei eta ostatuei buruzko argitalpenak, euskarriak eta gidak.

d.2) Publizitate kanpainak. Publizitate kanpainak Nafarroan, EAEn, Aragoin, Errioxan eta Frantziako hego-mendebaldean.

Publizitate kanpainak entitate sustatzailearen jarduketa eta proposamen zehatzei buruzkoak izanen dira. Ez dira aintzat hartuko entitatearen publizitate generikoa egiten dutenak.

d.3) Web orriak. Web orriaren garapen eta hobekuntzak; besteak beste, hauek:

–Web orria hizkuntza batera edo batzuetara osorik itzultzea.

–Gailu mugikorretara egokitzea.

–Oraingo web orriaren aurrerapen nabarmena dakarten beste garapen batzuk.

d.4) Marketineko on line ekintzak; besteak beste, hauek:

–Bilatzaileetan SEO bidezko kokapena hobetzeko jarduerak.

–Entitate sustatzailearen jarduketa eta proposamen turistiko zehatzei buruzko publizitatea on line baliabideetan eta sare sozialetan.

2) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Epigrafe honetan, gastu mota hauek aurkezten ahalko dira:

–Aipatutako lerroetan azaldutako zabalkunde turistikorako materialen diseinu eta edizio gastuak, betiere Nafarroako Gobernuaren materialik ez badago.

Argitalpenetan, euskarrietan, web orrietan eta abarretan argi eta garbi adierazi beharko da zein den entitate sustatzailea. Web orrien kasuan, haien domeinua ere egiaztatu beharko da.

–Enpresaburuen elkarteek proposamen gastronomikoak, zerbitzuak edo bestelako batzuk iragartzeko egiten dituzten komunikazio ekintzen eta zabalkunde materialen gastuak, betiere proposamen horiek irizpide hauekin bat etortzen badira:

  • Jende guztiak parte hartzeko modukoak izatea.
  • Elkarteko bazkideen %50ek edo gehiagok parte hartzea, edo, 100 bazkidetik gorako elkarteen kasuan, 30 parte-hartzaile izatea. Parte-hartzaile gutxiago onartuko dira baldin eta proposatutako parte-hartzaileen kopurua behar bezala justifikatua baldin badago.
  • Gure kulturari, naturari edo gastronomiari lotutako alderdien balioa nabarmentzea.

Horri dagokionez, funtsezko elementu gisa Nafarroakoak ez diren produktuak eta/edo markak agertu edo txertatzen dituzten proposamenak ez dira onartuko.

–Publizitate kanpainetarako edo on line bidezko marketin ekintzetarako baliabideen kontratazio gastuak eta haien diseinukoak.

–Web orriak diseinatu eta garatzeko gastuak, gailuetara egokitzekoak eta itzulpen gastuak.

Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

–Argitalpenak banatzeko gastuak.

–Web orrien edo sare sozialen domeinuari edo mantentze-lanei lotutako gastuak, salbu gastu hori deialdian aurkeztu eta onartu den ekintza zehatz bati zuzenean lotutzat hartzen ahal bada.

3) Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %55era artekoa. Gehienez 20.000 euroko aurrekontua onartuko da eskatzaile bakoitzeko, epigrafe honetan bildutako kontzeptu guztietarako.

Diru-laguntza eman eta ordaintzeko, eskatzaile bakoitzak epigrafe honetan aurkezten dituen ekintza guztiak hartuko dira kontuan.

E) Prestakuntza ekintzak.

Diru-laguntza hartu ahal izateko, prestakuntza ikastaro edo jardunaldiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Haien edukia turismo enpresen kudeaketari edo sektoreko profesionalen espezializazioari lotuta egonen da berariaz, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren esparruan ematen den lanerako eta etengabeko prestakuntzaren osagarria den prestakuntza bultzatu behar du.

–Elkarte edo partzuergo sustatzaileez gainera, interesaturik dauden beste enpresa turistiko batzuek parte hartzeko modukoak izanen dira; dena dela, zilegi izanen da ekimenean sartzeko baldintza batzuk ezartzea.

–Ikastaroaren edo jardunaldiaren berri eman beharko zaio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, hasi baino 15 egun lehenago gutxienez, haren zabalkundea egin dezan.

–Gutxienez 10 parte-hartzaile beharko dira.

–Ikastaroaren iraupena 8 ordukoa izanen da, gutxienez.

Honelako ikastaroak ez dira deialdi honetan onartuko:

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza eskaintzaren barrenean dudenak edo egon direnak.

–Entitate publiko edo pribatuen ohiko eskaintzaren barreneko prestakuntza generikoan sartzen direnak, hizkuntzen oinarrizko prestakuntza barne.

–Oinarrizko enpresa prestakuntzako gaiei edo alderdiei buruzko ikastaroak, enpresa jarduera mota guztietarako balio dutenak.

–Entitateek beren esparruko jardueran aritzeko nahitaez egin behar dituzten ikastaroak.

1) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

–Hizlarien zerbitzu-sariak.

–Lokalaren alokairua, betiere lokal hori entitate sustatzailearen egoitzan ez badago.

–Ikastaroaren berariazko materiala.

–Publizitaterako edo kanpo komunikaziorako gastuak.

2) Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren %55era artekoa. Gehienez 5.000 euroko aurrekontua onartuko da entitate eskatzaile bakoitzaren prestakuntza ikastaroetarako.

Diru-laguntza eman eta ordaintzeko, eskatzaile bakoitzak epigrafe honetan aurkezten dituen ekintza guztiak hartuko dira kontuan.

F) Turismo elkarteen kudeaketa eta turismo partzuergoen kudeaketa.

1) Turismo elkarteen kudeaketa.

Kontzeptu honetarako diru-laguntza eska dezakete 20 bazkidetik 100era bitarte dituzten turismo elkarteek (bazkideak pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke), deialdi honetan jasotako ekintzak egiten badituzte.

–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Kontzeptu honen barrenean, zuzenean kontratatutako langileen gastuak onartuko dira diru-laguntza jaso dezakeen gastu gisa, edo, hala badagokio, enpresa laguntzailearen faktura. Enpresa laguntzailetzat hartuko da elkarteari laguntzeko eta bere jarduera osoa dinamizatzeko kontratatzen den enpresa.

–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, langileria gastuen edo kontratatutako enpresa laguntzailearen fakturaren %70era artekoa. Kontzeptu honetarako, deialdian aurkeztutako ekintzen aurrekontu diruz lagungarriaren %30eko aurrekontua onartuko da gehienez.

Nolanahi ere, kontzeptu honen barrenean, diru-laguntza jaso dezakeen gehieneko aurrekontua 7.000 eurokoa izanen da.

2) Turismo partzuergoen kudeaketa.

Deialdi honetan jasotako ekintzak egiten dituzten turismo partzuergoen kudeaketari buruzko gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede.

–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Kontzeptu honen barrenean diru-laguntza jaso dezakeen gastu bakarra turismo partzuergoaren ekintzak kudeatzeko kontratatzen diren langileena izanen da.

–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan kontzeptu horretarako aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntza gisakoak dira, eta langileria gastuetarako onartzen den aurrekontu diruz lagungarriaren %70era artekoak izanen dira. Hona hemen onartuko den gehieneko aurrekontua:

–13.000 euro 6 puntu baino gutxiago lortzen dituzten turismo partzuergoentzat.

–28.000 euro 6tik 15era bitarteko puntuazioa lortzen duten turismo partzuergoentzat.

–40.000 euro 16tik 25era bitarteko puntuazioa lortzen duten turismo partzuergoentzat.

–45.000 euro 26 puntu edo gutxiago lortzen dituzten turismo partzuergoentzat.

Aurreko lerroetan aipatzen diren puntuak kalkulatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Turismo partzuergoa osatzen duten udalerrietako biztanle kopurua:

5.000 biztanle edo gutxiago: 0 puntu.

–5.001 eta 15.000 biztanle bitarte: 2 puntu.

–15.001 eta 25.000 biztanle bitarte: 4 puntu.

–25.001 eta 35.000 biztanle bitarte: 6 puntu.

35.000 biztanle baino gehiago: 8 puntu.

b) Turismo partzuergoa osatzen duten udalerrien kopurua:

10 udalerri edo gutxiago: 0 puntu.

11tik 15 udalerri bitarte: 2 puntu.

16tik 25 udalerri bitarte: 4 puntu.

26tik 40 udalerri bitarte: 6 puntu.

40 udalerritik gora: 8 puntu.

Udalerriaren figura edo biztanle kopurua interpretatzeko edozein zalantzari buruz, Nafarroako Gobernuaren web orrian horri buruz dagoen informazioa hartuko da kontuan http://www.navarra.es/home_es/Navarra/272+Municipios/.

c) Turismoaren sektoreari lotutako enpresen kopurua:

30 enpresa edo gutxiago: 0 puntu.

31 eta 60 enpresa bitarte: 2 puntu.

61 eta 90 enpresa bitarte: 4 puntu.

91 eta 150 enpresa bitarte: 6 puntu.

150 enpresatik gora: 8 puntu.

Deialdia argitaratzen den egunean, Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik dauden entitateen bazkide kopurua hartuko da kontuan, betiere turismo partzuergoaren ekintza eremuan baldin badituzte establezimenduak. Elkarte bateko baino gehiagoko bazkide diren pertsona fisiko edo juridikoen kasuan, behin bakarrik hartuko dira kontuan.

d) Deialdi honen ekintzetarako aurkeztutako aurrekontua.

15.000 euro edo gutxiago: 0 puntu.

15.001 eurotik 25.000 bitarte: 2 puntu.

25.001 eurotik 50.000 euro bitarte: 4 puntu.

50.001 eurotik 100.000 euro bitarte: 6 puntu.

100.000 eurotik gora: 8 puntu.

Nolanahi ere, kudeaketa gastuetarako diru-laguntzak ezin du deialdiko ekintzetarako onartutako aurrekontuaren %65 gainditu. Benetan egindako ekintzen justifikazioaren arabera erregularizatuko dira zenbatekoak.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta modua eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskaerak honela aurkeztuko dira:

–Pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Turismo+ocio+y+cultura/Turismo/sector) (hemendik aurrera, laguntzen fitxa) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez; fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

–Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.

c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

d) Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

Deialdi honetan diru-laguntzak eskatzen dituzten entitateek eskaera bakarra aurkeztuko dute ekintza guztietarako, eta gero zehazten den dokumentazioa erantsi beharko diote.

Entitate batzuek ekintza bat elkarrekin egiten dutenean, ekintza gauzatzea bere gain hartzen duenak aurkezten ahalko du eskaera; halakoetan, ekintza gauzatzea bere gain hartzen duen entitateak ordainduko ditu sortzen diren gastuak. Eskaeran, orobat, alderdien arteko lankidetza nola artikulatuko den azalduko da, baita horien legezko ordezkarien sinadura ere.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntzari buruzko fitxan ageri den berariazko inprimakiarekin bat datorren eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan aurkeztu behar da. Hauxe da:

–Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

1. Eskaera erregistratzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen agiria.

2. Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

3. Entitate eskatzailearen aitorpena, beste entitate batzuek edo partikularrek ekintza bererako emandako edo haiei eskatutako diru-laguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelakorik eskatu ez badu, horren berri eman beharko du.

4. Aurrerakina eskatuz gero, 2017ko aurrekontuetan deialdi honetara aurkeztutako ekintzen gastuei aurre egiteko diru aski ez dutela frogatzen duen dokumentazioa (adibidez: aurreko urteko kontuen balantzea, urte honetarako aurreikusitako gastu eta diru-sarreren kronograma, etab.).

5. “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz lortu ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

–Ekintzei buruzko dokumentazioa.

1. Aurkezten den ekintza bakoitzaren laburpen fitxa normalizatua.

2. Gastuen aurrekontu xehakatua.

3. Ekintza azaltzen duen memoria, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) Kalitatearen arloko ekintzak. Memorian datu hauek zehaztuko dira: kontratatutako enpresa edo langile laguntzaileak edo ekintzari berariaz atxikitako teknikari berekiak; helmugari buruzko lan egitasmoa proiektu bakoitzerako, eta dagozkien metodologiek biltzen dituzten arloak; 2017an zigilua lortu edo berritzeko aukera duten establezimenduen zerrenda, edo aurreikusitako atxikimendu berriak.

b) Ospakizun, ekitaldi edo proposamen turistikoen antolaketa. Azalpen memoria, ondokoak adieraziz: proposamenaren ardatz nagusia, jardueren gutxi gorabeherako programa, lortu nahi den helburua, egunak eta tokiak, gonbidatuak, aurreikusitako epaimahaikideak eta, halakorik badago, laguntzaile boluntarioak. Aurrekontua behar bezala xehakatuta egonen da, eta koherentea eta proportzionala izanen da, multzo osoa kontuan hartuta.

c) Azoka eta aurkezpenetara joatea. Eskaeraren memorian honako hauek agertuko dira gutxienez: azokara joateko arrazoia, erakustoki berekiarekin edo beste entitate batekin batera joateko asmoa, bertaratuko direnen kopurua eta egun kopurua.

d) Zabalkunderako materiala, publizitate kanpainak eta web orriak.

–Zabalkunderako materiala. Memorian zehaztu eginen da zein sustapen-ekintzatan erabiliko diren euskarriak, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari ale batzuk emanen zaizkio, egokitzat jotzen diren tokietan banatzeko.

–Publizitate kanpainak. Memorian zehaztu beharko dira sormenak, ekintzak sortzeko bideak, baliabideen plana, ekintzen hartzaileak eta helburuak.

Web orriak eta marketin arloko on line ekintzak. Web orriaren kasuan, memorian argi eta garbi zehaztu beharko dira dagoen web orrian egin nahi diren aldaketak, eta aldaketa egin baino lehen web orriaren pantaila-argazki bat erantsiko da. Diruz lagundu behar diren marketin arloko on line ekintzetan helburuak zehazteko eta haien jarraipena egiteko plana aurreikusi beharko da.

e) Prestakuntza ekintzak. Eskaeraren memorian honako datu hauek adierazi beharko dira: ikastaro(ar)en helburua, norentzat den, non eta noiz eginen den, aurreikusitako programa eta hizlariak, eta prezioa. Orobat, kontzeptu guztiak xehakatuko dira: aretoaren alokairua, hitzaldiak... Betiere, behin betiko programa gutxienez 15 egun lehenagotik jakinaraziko zaio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari.

f) Turismo elkarteen kudeaketa eta turismo partzuergoen kudeaketa. Kudeatzaileak beteko dituen eginkizunen laburpena, eta deialdian aurkeztutako ekintzen azalpena, bakoitzaren aurrekontu orokorra adieraziz. Orobat, dagokion kontratuaren kopia erantsiko da, langilea berekia edo beste enpresa batekoa izan.

4. Aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000,00 eurotik gorako zerbitzuak ematen badituzte, onuradunak frogatu beharko du hornitzaileen hautaketa eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, horretarako gutxienez 3 eskaintza ezberdin aurkeztuta.

6. Diru-laguntza emateko parametroak.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, aurkeztutako eskaerak aztertuko dira eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez, baita zer kontzeptuk eta zer kopuruk izan dezaketen diru-laguntza ere.

Diruz laguntzen ahal den ekintza bakoitzean zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa, 4. oinarriko atal bakoitzean ezarritako portzentajeak eta mugak kontuan hartuta.

Partidaren bateko aurrekontuan dagoen dirua aurreko puntuaren arabera eman behar diren diru-laguntzen batura baino txikiagoa bada, hainbanaketa lineala eginen da partida horren ekintza guztien artean.

7. Diru-laguntzaren tramitazioa eta ebazpena.

Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Diru-laguntzak emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskatutako diru-laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen kontra, administrazio publikoez besteko entitate eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, haiek jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

8. Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntza eskatzeko eskabide-orrian datorren aitorpenean aditzera ematen zaio eskatzaileari horren bitartez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan.

2. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuari betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

3. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean diru-laguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, edo, bestela, 2017ko abuztuaren 7a baino lehen, diru-laguntzaren xedeko ekintzaren baterako diru-laguntzari uko egiten zaiola, deialdian ezarritako epeetan egin behar ez bada.

–Diru-laguntzaren xedeko jarduketaren bat gauzatzen ez bada, emandako diru-laguntza osoa %20 murriztuko da, non eta ez den horren berri eman aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz.

–Diru-laguntzaren xedeko jarduketa guztiak gauzatu gabe gelditzen badira, eskubidea galduko da turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jardueretarako diru-laguntzen hurrengo deialdian parte hartzeko, betiere ez-egite horren berri eman ez bada lehen adierazi den bezala.

4. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.

5. Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzen bada eskatutako zenbatekoaren %50 baino gutxiago gastatuta, ondorioztatzen ahalko da diru-laguntza emateko aintzat hartutako arrazoia galdu dela eta deialdiaren xedea ez dela bete. Horrelakoetan, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

6. Diru-laguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

Egindako jarduketen justifikazioa 2017ko azaroaren 3tik aurrera aurkeztuz gero, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

7. Diru-laguntza jasotzen duen ekintzaren gaineko informazio eta publizitate guztietan (irratiko iragarkiak edo aurkezpenak barne) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela adierazi beharko da. Ekintza horrek sortzen dituen euskarri guztietan agertu beharko dira Nafarroako marka turistikoa eta Nafarroako turismoko web ofiziala (www.turismo.navarra.es/eus), Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideekin bat (II. eranskinean zehazten dira). Hala, marka horiek agerrarazten ez dituzten argitalpenen, irrati-iragarkien, web orrien edo euskarrien gastua ez da diruz lagungarria izanen.

Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

9. Justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.–Justifikaziorako epea.

Edozein unetan egiten ahalko da justifikazioa, diru-laguntza eman dela jakinarazten denetik. Horretarako dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2017ko azaroaren 3a izanen da.

Justifikazio agiriak aurkeztean, 5.1 oinarriko b), c) eta d) ataletan xedatutakoa hartuko da kontuan.

2.–Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, onuradunek justifikatu beharko dute jarduketa horiek egin direla, eta, horretarako, laguntzari buruzko fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoren aipatzen den dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta:

A) Aurkeztutako fakturen zerrenda, justifikazio inprimakiaren xehetasun orrian ezarritakoaren arabera.

B) Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zuen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuarekin, eta, betiere, laguntza eskatzen duen edo diru-laguntzaren onuraduna den entitatearen izenean jaulki beharko dira.

Ez da inola ere onartuko onuradunak itunak egitea diruz lagundutako jardueren exekuzioa berarekin lotura duten pertsonen edo entitateen esku uzteko, osorik edo partez, salbu eta inguruabar hauek gertatzen badira:

–Kontratazioa merkatuko baldintza normaletan egitea. Hori justifikatzeko, beste bi eskaintza ezberdin aurkeztu beharko dira.

–Aurretik, diru-laguntza ematen duen organoaren baimena lortzea. Horretarako, laguntza-eskaeran inguruabar hori adierazi beharko da.

C) Ordaindutako guztia justifikatzen duten bankuko agiriak.

D) Diru-laguntzaren xedeko jardueren memoria xehakatua, zehaztapen hauei jarraikiz:

a. Kalitatearen arloko ekintzak. Azken memoria, entitate kudeatzaileak koordinatzen duen SICTED proiektuari edo Ardoaren Ibilbideari lotuta egindako ekintzetan izandako asistentziak (taldeak eta banakakoak) eta gainerako ekintzak adierazita. Atal berariazko bat izanen du, ondorioak eta aldi horretarako helburuen betetze-mailaren gaineko azken balorazioa azaltzeko.

b. Ospakizun, ekitaldi edo proposamen turistikoen antolaketa. Ekitaldiaren azken memoria, non benetan egindako ekintzen deskribapena, ekintzaren emaitzaren eta onarpenaren balorazioa eta gauzatzearen erakusgarri grafiko bat jasoko baitira. Kirol probetako inskripzioetan eta halakoetan, parte-hartzaileen kopurua adieraziko da memoria horretan.

c. Azoketara eta aurkezpenetara joatea. Azken memoria, honako hauek adierazita: azokara edo aurkezpen saiora bertaratutakoen kopurua, han egondako egunak, egindako jarduerak eta kontaktuak eta azoken edo aurkezpenen azken balorazioa.

d. Zabalkunderako materiala, publizitate kanpainak eta web orriak.

–Zabalkunderako materiala. Azken memorian honako hauek adieraziko dira: argitaratutako material mota, banaketa edo zabalkundea, egindako sustapen ekintzak eta ekintzaren emaitzaren balorazioa.

–Publizitate kanpainak. Hedabideen plana zehaztuko da azken memorian, egunak adierazita eta ekintzaren emaitza baloratuta.

Web orriak eta marketin arloko on line ekintzak. Web orrian egindako aldaketak behar bezala argituko dira memorian, eta, hala bada, egindako marketin arloko on line ekintzak behar bezala deskribatutako dira. Azken balorazioa ere eginen da, aurreikusitako helburuen araberakoa.

e. Prestakuntza ekintzak. Ikastaroen tokiak eta egunak, bertaratutakoen kopurua, gogobetetasun-inkestaren emaitzak eta prestatzaileak ikastaroaren gainean egindako balorazioa bilduko dira azken memorian.

f. Turismo elkarteen kudeaketa eta turismo partzuergoen kudeaketa. Azken memorian aldi horren azken azterketa eginen da, eta helburuen betetze-maila baloratuko da.

E) Diru-laguntzaren xedeko ekintzarako lortutako diru-sarreren eta diru-laguntzen aitorpena. Honen ondorioetarako, honako hauek dira aitortu beharreko diru-sarrerak: babesletzak, kirol probetako inskripzioen ondoriozko sarrerak eta bazkideei diru-laguntzaren xedeko jarduketan parte hartzeagatik kobratutako kuotak edo ohiz kanpoko derramak. Bestelako diru-sarrera edo diru-laguntzarik izan ez bada, hori ere aitortu beharko da.

F) Konpentsatutako BEZik bada, haren aitorpena.

G) Honako hauen kopiak: prentsa oharrak, egin diren komunikatuak, hedabideetan agertu diren informazioak eta, bidezkoa bada, hedabide horietan jarri den publizitatea.

H) Diruz lagundutako ekintza bakoitzari lotutako sustapen material guztien ale bat, iragarkiak, web orrietan sartutako informazioaren estekak eta antzekoak, eta, oro har, egindako material edo komunikazio guztien erakusgarri bat.

10. Diru-laguntza ordaintzea eta aurrerakinak aurreikustea.

Diru-laguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta diru-laguntzaren xedea bete dela.

Diru-laguntzaren aurrerakina eskatu eta behar bezala justifikatzen duten turismo elkarte eta partzuergoen kasuan, aurrerakin hori diru-laguntza ematearen gaineko ebazpenarekin batera ordainduko zaie. Diru-laguntzaren azken ordainketa egiten den unean aurrerakina erregularizatuko da aurrerakin hori.

11. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek xede eta helburu bererako ematen dituzten beste laguntza guztiekin, salbu eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren beraren gainerako laguntzekin, diru-laguntza bidezkoak edo babesletza bidezkoak izan.

Entitate onuradunak hartutako diru-laguntzen zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa bada, deialdi honetako diru-laguntzak murriztu eginen dira jardueraren kostutik gorako zenbatekoan.

12. Emandako beken publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzari buruzko fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

II. ERANSKINA

Zehaztasun teknikoak

Atarikoa.

Eranskin honetan diru-laguntzak eskatzen dituzten entitateek deialdirako aurkezten dituzten ekintzak diseinatzean bete beharreko zehaztapen teknikoak azaltzen dira.

Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuak zehaztapen hauek betetzen ote diren ebaluatuko du. Ondorioz, ezinbestekoa da aipatutako deialdiaren xede diren diru-laguntzak jaso nahi dituzten ekintzen sustatzaileek zehaztapen eta ohar horiek ezagutu eta aplikatzea.

Hauek dira eskuliburu honetan agertzen diren ekintzen kategoriak:

a) Argitalpenak eta bestelako euskarriak, bai eta azoketako erakustokiak eta turismoko aurkezpen ekitaldiak egiten diren aretoen apainketa ere.

b) Web orriak eta euskarri elektronikoa duten informazio eta kudeaketa sistemak.

Ekintzaren gaineko memoriaren edukian eta formatuan behar besteko informazioa jaso beharko da jakiteko zenbateraino bete diren deialdiaren oinarriak eta eranskin honetako jarraibide teknikoen eskuliburuan jasotako aginduak, hura ebaluatu ahal izateko moduan.

1) Argitalpenak edo bestelako euskarriak egitea (CD/DVDak, publizitate kanpainen ikus-entzunezko produktuak, roll up-ak, panelak, irrati iragarkiak, erakustokiak eta azoken diseinua, aurkezpen saioak, etab.).

Diseinua.

Gomendio orokorrak.

a) Edukien kalitate-alderdiak:

–Testuak: edizio-estilo zaindua, informazio eguneratua.

–Egitura argi eta koherentea.

–Argazkiak: bereizmen onekoak, eguneratuak, askotarikoak, tamaina orekatukoak.

–Ikus-entzunezko materiala: eguneratua, maila artistiko onekoa.

–Grafikoak eta mapak: argitasuna, datuen zehaztasuna.

b) Funtsezkoa izanen da zaintzea euskarriak egokiak direla, kontuan izanik zer erabilera aurreikusi den eta zer publiko objektibori zuzentzen zaizkion. Sustapeneko seinalizaziorako euskarriek ingurunearekin bat etorri beharko dute, eta publikoak ikusteko eta argi identifikatzeko moduan jarriko dira.

c) Publiko objektiboari dagokion hizkuntzan edo dagozkion hizkuntzetan eginen dira.

“Nafarroako Erresuma” izeneko turismo-marka txertatzea.

a) Azalaren (argitalpenetan), karatularen eta aurkezpen- nahiz itxiera-kapituluaren (ikus-entzunezkoetan) diseinuan txertatuko da, eta, oro har, gainerako euskarrien kasuan, lehentasunezko lekuan jarriko da. Irratiko publizitatearen kasuan, “Nafarroako Erresuma” markaren leloa aipatu behar da. Azoka eta aurkezpen saioen kasuan, marka hori muntaketaren dekorazioan txertatu beharko da (erakustokiak, aurkezpen mahaiak, olanak...).

b) Aplikatu beharreko eskuliburua errespetatzea, eta Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuak emandako formatua aplikatzea. Horretarako, marka aplikatzeko oinarrizko eskuliburua dago, Nafarroako turismoko web ofizialetik behera kargatu daitekeena:

http://www.turismo.navarra.es/eus/profesionales/descargas/logotipos

c) Hartzaileentzat egokia den hizkuntza tratamendua. Marka hainbat hizkuntzatan egonen da. Hura aplikatzeko, Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuari eskatzen ahal zaio informazioa.

Nafarroako Turismo Atariaren web helbidea txertatzea.

Nafarroako Turismo Atariaren Web helbidea nahitaez txertatu beharko da:

a) www.turismo.navarra.es/eus/home (Espainiako publikoarentzako euskarriak).

b) www.visitnavarra.es/eus/home (nazioarteko publikoarentzako euskarriak).

Inprimaketa eta banaketa (argitalpenak).

a) Banaketa plan bat prestatzea eta aleen kopurua plan horren arabera aurreikustea.

b) Helmugan banatu beharreko euskarriak direnean, eragin eremu hari dagokion Nafarroako Gobernuaren sareko turismo bulegoa hornitzeko konpromisoa (ale guztien %5 gutxienez).

Baldintzak bete direla egiaztatzea.

a) Garatutako euskarri guztien ale bana bidali beharko zaio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, egin dela eta deialdiaren oinarriak betetzen dituela egiaztatzeko. Ezinezkoa denean, tamaina edo kokapena (azoketako erakustokiak, aurkezpen ekitaldietarako aretoak, etab.) dela eta, argazki bat bidaliko da, euskarria bertan dagoela eta haren itxura modu egokian erakusten duena, eta irratiko publizitatearen kasuan, irrati iragarkiaren kopia bat igorriko da.

2) Web orriak eta euskarri elektronikoa duten informazio eta kudeaketa sistemak (on line publizitatea...).

Diseinua.

Gomendio orokorrak.

a) Erabilgarritasun eta irisgarritasun irizpideak kontuan izatea.

b) Edukien kalitatea:

a. Testuak: edizio-estilo zaindua, informazio eguneratua.

b. Argazkiak: bereizmen egokikoak, eguneratuak, askotarikoak, tamaina orekatukoak.

c. Egitura argi eta koherentea.

d. Mantentze-lana: datuak eguneratuak izatea.

e. Grafikoak eta mapak: argitasuna, datuen zehaztasuna.

c) Sustatzaileak bermatu beharko du zerbitzua etenik gabe ematen duela informazioari nahiz funtzio interaktiboei dagokienez.

d) Publiko objektiboari dagokion hizkuntzan edo dagozkion hizkuntzetan eginen da.

“Nafarroako Erresuma” izeneko turismo-marka txertatzea.

a) Hasiera-orrian txertatu beharko da nahitaez, banner gisa, Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuak emandako formatuan.

–Banner-aren oinarrizko fitxa teknikoa:

  • Erabil daitezkeen neurriak:
  • 500 x 70 pixel.
  • 300 x 160 pixel.
  • 222 x 125 pixel.
  • 160 x 80 pixel.
  • Formatua: Adobe Flash.

b) Banner-a diru-laguntzaren xedeko web orrian txertatzearekin zerikusia duten lanak entitate onuradunaren kontura izanen dira.

c) Hartzaileentzat egokia den hizkuntza tratamendua.

Iragarkiaren kodea: F1703112