59. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

157E/2017 EBAZPENA, martxoaren 6ko, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, enpresa txiki eta ertainentzako diru-laguntzen deialdia onesten da, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturiko turismo enpresa eta establezimenduak 2017an hobetu eta berritzeko proiektuak egiteko.

Begi bistakoa da turismoaren instalazioak eta azpiegiturak egungo bezeroaren beharretara eta gustuetara egokitzeak eta modernizatzeak laguntzen dutela sektoreak, eta, hortaz, destinoak, lehiarako duen gaitasuna hobetzen.

Hori sinetsita, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak turismoaren enpresa txiki eta ertainentzako diru-laguntzen deialdiak argitaratu ditu azken urte hauetan, beharrezko modernizazio horrek ekartzen duen inbertsioa sustatu eta laguntzeko, turismoaren azpiegituren eskaintza Nafarroaz eduki gogo den irudiarekin bat heldu diren kalitate mailetan mantendu dadin.

Establezimendu berriak sortzeko diru-laguntzen deialdien bidez turismoaren jarduera sustatu duten politikei esker, 2000.eko hamarkadan batik bat, turismoaren establezimendu eta enpresen kopurua handitu zen era nabarmenean. Egun, eskaintza zabala eta anitza da, baina zertxobait zaharra.

Beharrezkoa denez kalitate ezin hobeari eustea, une hauetan lehentasuna da oraingo eskaintzaren inbertsioa sustatzea, denboraren iragatearen ondorioak sufritzeko moduan daudelako eta merkatutik kanpo gelditzeko arriskua dutelako. Asmoa da, bidenabar, horien titularrak animatu eta bultzatzea beren kudeaketa orokorra hobetzera jarduerarekin ikusteko duten alderdi guztietan, hasi kudeaketa sistemak ezartzearekin eta buka prestakuntzaren eta langileen gaineko ardurarekin edo elkarteen lanarekiko interesarekin. Hori guztia sinetsita eragin argia duela establezimenduaren kalitatearen gainean eta bezeroak hari buruz duen pertzepzioaren gainean.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzek betetzen dute norgehiagokako araubidea, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du diru-laguntzak emateko hurrenkera.

Deialdiaren aurrekontua turismoaren establezimendu eta enpresa mota guztien artean banatzen da, denen arteko oreka lortu nahian.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikoaren Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 3ko 1/2017 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enpresa txiki eta ertainentzako diru-laguntzen deialdia onestea, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturiko turismo enpresa eta establezimenduak 2017an hobetu eta berritzeko proiektuak egiteko.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 325.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.

4. Gastu hori Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

830001 83120 7709 432100 Transferentziak ekimen pribatuari eskaintza turistikoa hobetu eta berritzeko (PET)

2017

325.000

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko martxoaren 6an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Enpresa txiki eta ertainentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturiko turismo enpresa eta establezimenduak 2017an hobetu eta berritzeko proiektuak egiteko

1. Xedea.

Oinarri arautzaile hauek helburu dute diru-laguntzak emateko araubidea erregulatzea Nafarroako turismo establezimendu eta enpresak hobetu eta berritzeko proiektuak egiteko.

Deialdi honen xedea da turismoaren azpiegituren kalitatea mantendu eta hobetzea, turismoaren sektorea sendotzearren eta lehiakorragoa izatearren, horrela, Nafarroak destino gisa duen irudi orokorra hobetzen laguntzeko.

2. Entitate onuradunak. Gutxieneko irizpideak proiektuak onesteko.

1. Deialdi honetako diru-laguntzei heltzeko, turismoaren enpresa txiki eta ertainek Nafarroako Turismo Erregistroan egon behar dute inskribaturik deialdia argitaratzen denean, zaharberritzeko edo hobetzeko proiektua turismo aktiboaren eta/edo kulturalaren zer enpresatan eginen den, horren titular gisa.

ETE bat zer den argitu behar izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa hartuko da kontuan, edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.

2. Deialdi honen ondorioetarako, turismoaren establezimendu eta enpresa mota hauen titularrak diren ETEen eskaerak onartzen dira:

a) Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren 68. taldea. Ostatu zerbitzua (681. taldetik 687.era) epigrafeari dagozkion eta Nafarroako Turismo Erregistroan ondotik ematen diren modalitateen barrenean inskribaturik dauden ostatu establezimenduak:

–Ostalaritzako establezimenduak arautzen dituen abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat inskribaturik dauden hotel-establezimenduak.

–Landetxeetan ostatatzea arautzen duen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuan eta Turismo apartamentuak arautzen dituen urriaren 16ko 230/2011 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat inskribaturiko landetxeak eta turismo apartamentuak.

–Martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat inskribaturiko turismo kanpalekuak.

–Turismo aterpetxeak arautzen dituen abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat inskribaturiko turismo aterpetxeak.

b) Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren 67. taldea. Elikadura zerbitzua eta 671. taldea. Jatetxeetako zerbitzuak epigrafeei dagozkien eta Jatetxeak eta kafetegiak antolatzen dituen abuztuaren 28ko 56/2013 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden jatetxe establezimenduak.

Salbuetsita daude industria edo zerbitzu poligonoetan kokatzen diren establezimenduak.

c) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturiko turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak, jarduera onesten duen abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

3. Eraberritzeko edo hobetzeko proiektua egiten duen turismo aktibo eta/edo kulturaleko establezimenduak eta enpresak 2012ko urtarrilaren 1a baino lehenago egon behar du inskribaturik Nafarroako Turismo Erregistroan.

4. Establezimenduaren pertsona titularrak frogatu behar du turismoaren jardunari eutsi zaiola epe horretan. Titulartasuna aldatzen bada, titularra aldatzen denetik aurrera bete beharko da baldintza hori.

5. Turismo aktibo eta/edo kulturaleko establezimenduak eta enpresak bere web orria izan behar du, eguneraturik, eta posta elektronikoa jardunean. Enpresa talde batekoa bada enpresa, ulertuko da baldintza hori beteta dagoela haren taldeak korporazio web bat izanez gero.

6. Instalazioetan alderdiren bat konpontzeko duten establezimenduen eskariak ez dira onartuko, baldin eta horren berri badute Turismoa eta Merkataritza Antolatzeko Atalaren kasuan kasuko txostena jaso izanagatik, ikuskapen bisita egin ondoren, eta konponketa horiek egin eta jakinarazteko emandako epetik kanpo badaude.

7. Edonola ere, diru-laguntzak justifikatzeko epearen amaieran, hobetzeko eta eraberritzeko proiektua egiten duten establezimenduek bat egin beharko dute, bat eginak ez badaude, aplikatzen zaien araudiarekin, eta gutxienez ondoko kategoriak eskuratu:

–Hotel-establezimenduak: hostalaren kategoria, gutxienez.

–Landetxeak: bi izarreko kategoria, gutxienez.

–Jatetxeak: bi sardexkako kategoria, gutxienez.

–Gainerako establezimenduak, duten kategoria.

8. Jarduketak barneko edo kanpoko obra aurreikusten badu, titularrak kasuan kasuko obra lizentzia eduki beharko du eskaera aurkeztean, edo, bestela, lizentziarik ez duela behar dioen udal ziurtagiria. Lizentzia edo ziurtagiri hori, kasu guztietan, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurrekoa izanen da.

9. Etxebizitza partikularra ukitzen duten proiektuen kasuan, eskaerak argi bereiziko du zer dagokion turismoaren establezimenduari.

10. Titular berak egiten duenean eskaera goian aipatu gutxieneko irizpideak betetzen dituzten bi establezimendutan edo enpresatan edo gehiagotan hobetzeko eta eraberritzeko proiektuak egiteko, honako hau hartuko da kontuan:

a) Eraikin edo instalazio berean badaude, baremorako, establezimendu zaharreneko datuak hartuko dira kontuan, baina gehieneko aurrekontu bat onartuko da bakar bat balitz bezala, eta 4. atalean gehienez ere diruz laguntzen ahal den aurrekonturako ezarritako mugen barrenean.

b) Guztiz bereizita dauden eraikin edo instalazioetako establezimenduak badira, eskaera bat onartuko da horietako bakoitzeko.

11. Eskaerarik egiten bada arau erreforma berriaren ondorioz Nafarroako Turismo Erregistroan jatetxe gisa erregistratu diren turismo establezimenduetako jantokietarako, jatorrizko establezimenduak erregistroan duen antzinatasuna hartuko da kontuan.

3. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 325.000 eurokoa da. Honela banatuko dira:

ESTABLEZIMENDU MOTA

%

GUZTIRA

Hotel-establezimenduak

%38

123.500

Landetxeak eta turismo apartamentuak

%25

81.250

Turismoko kanpalekuak

%12

39.000

Aterpetxea

%10

32.500

Turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresak

%9

29.250

Jatetxea

%6

19.500

GUZTIRA

%100

325.000

Espedienteak berrikusi eta espediente bakoitzari dagokion diru-laguntzaren kalkulua egin ondoren gerakinik badago taulako tipologiaren batean, zenbateko horiek ordena honi jarraituz banatuko dira:

–Landetxearen eta turismo apartamentuaren, turismo kanpalekuaren, aterpetxearen, jatetxearen edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresen ataletako gerakinak hotel-establezimendura pasako dira lehenbizi.

–Hotel-establezimenduaren ataleko gerakinak landetxearen eta turismo apartamentuaren atalera pasako dira lehenbizi, eta, atal horretan beharrezkoak ez badira, turismo kanpalekura, aterpetxera, turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresara eta jatetxera, hurrenkera horretan.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren proiektuak.

Deialdi honetako diru-laguntza itzuli beharrik gabea da, diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %35eraino, eta gehienez ere 17.500 eurokoa izanen da.

Aurkezten diren proiektuetan diruz laguntzeko inbertsioa gutxienez 3.000 eurokoa izanen da turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresen kasuan, eta 6.000 eurokoa, berriz, turismoaren gainerako establezimenduen kasuan.

Gehienez ere diruz laguntzen ahal den aurrekontua, edonola ere, 50.000 eurokoa izanen da, BEZa kanpo.

2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 15era arteko epean, biak barne, egindako, fakturatutako eta ordaindutako inbertsioek izan dezakete diru-laguntza.

Kalkulua egiteko, balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa (BEZa) ezin da diruz lagundu.

Hobetzeko eta zaharberritzeko proiektu hauek lagundu daitezke diruz:

a) Mantentze-lanak eta eraberritzeko lanak, konparazio batera: isolamenduak, saneamenduak, elektrizitatea, segurtasuna, irisgarritasuna, berokuntza sistemak, igeltserotza, zurgintza, etab.

b) Establezimenduko edo enpresako altzariak eta ekipamendua, baldin eta ekipamendu hori inbertsiotzat hartzen bada, eta ez berritze hustzat.

Honako hauek salbuetsita daude berariaz:

–Sarbideetako obra edo konponketak, non eta sarbide horiek ez diren turismorako erabiltzen den jabetzaren parte.

–Erremintak, tresnak edo elementuak, haien erabilerak lotura zuzenik ez badu establezimenduaren edo enpresaren jarduera turistikoarekin.

–Hornigaiak, mihiseria eta etxetresna elektriko txikiak eta birjartze balioa duten ekipamenduak, eraberritze integraleko proiektu baten parte ez badira.

–Garraiobideak, lotura esturik ez badute enpresaren jarduera nagusiarekin eta ezinbestekoak ez badira horren jarduerarako. Halakoetan, aurkeztutako aurrekontuaren %50 baino ez da izanen diruz laguntzeko modukoa.

–Leasing bidez finantzatutako jarduketetako inbertsioak.

–Ekipamendu edo aplikazio informatikoak.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Eskabideak aurkezteko azken eguna.

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak honela aurkeztuko dira:

–Pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (ttp://www.navarra.es/home_es/Temas/Turismo+ocio+y+cultura/Turismo/sector/) (hemendik aurrera, laguntzen fitxa) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez; fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.

Kasu horretan, eskabidea lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz aurkezten bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko ondoren aurkeztea eskabidea modu telematikoan. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

–Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.

c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

d) Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza fitxako berariazko inprimakira egokitutako eskaerarekin batera aurkeztu beharrezko dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, agiri berezietan eta behar bezala identifikatuetan. Hauxe da:

–Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) Eskaera norbait ordezkatuz aurkezten bada, establezimenduaren titularraren baimena.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.

c) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azkeneko hiru urteetan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

d) Diruz laguntzen ahal diren kostu berentzat eskatu eta hartutako beste diru-laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaintzen den ereduaren arabera prestatua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako debekurik urratzen ez dela dioena.

f) Azkeneko 5 urteotako jarduera turistikoa mantendu dela egiaztatzen duen dokumentazioa, edo berariazko baimena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak Ogasunean egiaztapena egin dezan.

g) Aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000,00 eurotik gorako zerbitzuak ematen badituzte, onuradunak frogatu beharko du hornitzaileen hautaketa eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, horretarako gutxienez 3 eskaintza ezberdin aurkeztuta.

h) “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

–Proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) Proiektua deskribatzen duen memoria eta gauzatzeko aurreikusten diren epeak.

b) Kontzeptuen arabera xehakatutako aurrekontua eta proformako fakturak.

c) Hala behar denean, obra proiektu ikus-onetsia.

d) Proiektuak barneko edo kanpoko obra aurreikusten badu, titularrak kasuan kasuko obra lizentzia eduki beharko du eskaera aurkeztean, edo, bestela, lizentziarik ez duela behar dioen udal ziurtagiria. Lizentzia edo ziurtagiri hori, kasu guztietan, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurrekoa izanen da.

e) “Q” kalitate ziurtagiria izatearen puntuazioa kontuan hartzeko eskatuz gero, eskaera egitean hobekuntza plana aurkeztu beharko da, memorian deskribatutako jarduketak, eskaeraren xedekoak alegia, horretan aurreikusita daudela jasotzen duena.

–Baremorako dokumentazioa.

a) Azken 5 urtean jasotako diru-laguntzak: erantzukizunpeko adierazpena.

b) Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna: erantzukizunpeko adierazpena.

c) Hobetzeko eta eraberritzeko proiektuak turismoaren kalitatearen “Q” ziurtagiria duten establezimenduetan: ziurtagiria zer urtetan lortu zen dioen erantzukizunpeko adierazpena eta hobekuntza plana.

d) Ikastaro edo jardunaldietako parte-hartzea aurreko 3 urtean: ikastarora joan dela ziurtatzen duen agiria, ikastaroren izena, tokia, egunak eta emandako ordu kopurua zehaztuta.

e) Turismo elkarteen partaide izatea: kasuan kasuko elkartearen ziurtagiria, eskaera aurkezten den urtekoa.

f) Kontsumoko Arbitraje Batzordeari atxikita egotea: atxikipena noiz egin zen eta atxikita jarraitzen duen dioen erantzukizunpeko adierazpena.

Eskabide-orriak hemen aipatzen diren erantzukizunpeko adierazpenak dakartza eta baremoaren gainerako irizpideak ere kontuan hartzen ditu.

Baremazio irizpide horiek kontuan hartzeko, kasuan kasuko laukitxoak eta erantzukizunpeko adierazpenak behar bezala beteak eta sinatuak egonen dira eskaera egiten denean. Ondoren ezin da zuzenketarik egin. Gainera, hala adierazten den kasuetan, behar adina frogagiri, dokumentazio eta ziurtagiri aurkeztu beharko da eskaerarekin batera.

6. Diru-laguntza emateko parametroak.

Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira diru-laguntzak, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, baremoa aplikatuta ateratzen den ordenari jarraituta eta aurrekontuetako dirua bukatu arte.

Baimendutako zenbateko osoa agortu arte diru-laguntzak emateko lehentasunak ezartzeko, honako baremo hau aplikatuko da:

a) Aurreko diru-laguntzak, aurreko 5 urtean (2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak establezimenduak hobetu eta berritzeko tramitatutako diru-laguntzen deialdietan jasotakoak:

–20 puntu, diru-laguntzarik jaso ez bada.

–15 puntu, 2.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.

–10 puntu, 5.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.

–5 puntu, 10.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.

–2 puntu, 15.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.

Azkeneko 5 ekitaldietan titularrak jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan, hau da, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak (ordainketa agintzeko ebazpenaren eguna). Betiere, eta epe horretan aldaketarik izan bada titulartasunean, establezimendu horrek jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan.

b) Establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta duen antzinatasuna: puntu 1 urte bakoitzeko, eta 15 puntu gehienez (hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartzen, urtea bakarrik).

c) Hobetzeko eta eraberritzeko proiektuak, kalitatearen “Q” ziurtagiria duten establezimenduen hobekuntza planean aurreikusitakoak: 5 puntu.

d) Dela titularrak dela bere zerbitzuko langileek ikastaro edo jardunaldietan parte hartu izana, turismoaren jardunarekin edo establezimenduaren kudeaketarekin lotura badute. 2014ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea amaitzen den arte jasotako prestakuntza hartuko da kontuan:

–5 puntu, 100 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen badu.

–2 puntu, 50 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen badu.

e) Entitate titularra turismoaren elkarteren baten kide izatea: 3 puntu.

f) Kontsumorako Arbitraje Batzordeari atxikita egotea: 2 puntu.

Hona hemen eskatzaile bakoitzak lor dezakeen gehieneko puntuazioaren laburpena:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAK

a) Aurreko diru-laguntzak

20

b) Inskripzioaren antzinatasuna

15

c) Eraberritzeko eta hobetzeko Q proiektuak

5

d) Ikastaro edo jardunaldietan parte hartzea

5

e) Elkarteetako kide izatea

3

f) Arbitraje Batzordea

2

LOR DAITEKEEN GUZTIA

50

Berdinketarik badago, lehenbizi, titularrek azkeneko 5 urteetan jasotako turismo diru-laguntzei begiratuko zaie. Epe horretan diru gutxien jaso duten titularrek izanen dute lehentasuna. Berdinketak bere horretan iraunez gero, Nafarroako Turismoko Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna hartuko da aintzat (hilabetea eta eguna ere hartuko dira kontuan). Kasu honetan, establezimendu zaharrenek izanen dute lehentasuna.

7. Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

Eskaera jaso ondoren, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak espedienteak aztertu eta ebaluatuko ditu. Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak eskatzaileari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osorik eta zuzen dagoela egiaztaturik, baita 4. oinarriko jarduketa bati dagokiola ere, espedientea 6. oinarrian ezarritakoari jarraituz barematuko da. Lehentasun ordena ondoriozko puntuazioaren arabera zehaztuko da, eta kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko, 4. oinarrian ezarritako portzentajearekin bat.

Aurrekontuan diru aski ez egotearen ondorioz, funtsak eskaera bati dagokion diru-laguntza adinakoak ez direnean, zerbitzu kudeatzaileak ondoriozko diru-laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari. Enpresak 5 egun balioduneko epea izanen du jakinarazteko, kasua zein den, jakinarazi zaion diru-laguntzaren proposamena onartu edo ukatzen duen.

–Enpresak ez badu jakinarazten epe horretan hura onartu edo ukatzen duen, ulertuko da proposamena onartzen duela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.

–Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.

Ez da inoiz 500 eurotik beherako diru-laguntzarik emanen.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Emakidaren ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskatutako diru-laguntzak eman edo ukatzen dituzten ebazpenen aurka, enpresa eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntza eskatzeko eskabide-orrian datorren aitorpenean aditzera ematen zaio enpresa eskatzaileari horren bitartez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan.

2. Diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

Betebehar hori entitate eta pertsona juridikoei aplikatu behar zaie, baina ez pertsona fisikoei.

3. Inbertsioak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea. Egindako jardueren justifikazioa 2017ko azaroaren 15etik aurrera aurkeztuz gero, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

4. Diruz lagunduriko proiektuan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, hura gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai deialdi honetan ezarritako gainerako guztiak.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua aurreikusitakoa eta eskatutakoa baino zenbateko txikiagoarekin egiteak ondoko murrizketa hauek ekarriko ditu:

–Justifikazioaren zenbatekoa hasieran aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoaren %70etik beherakoa bada, ordaindu beharreko diru-laguntza %50 murriztuko da.

–Diru-laguntza hasieran emandakoaren %50etik beherakoa bada, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

5. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean kontzesioaren ebazpena jasotzen denetik aurrera, edo, kasua bada, 2017ko abuztuaren 7a baino lehen, jasotako diru-laguntzari uko egiten zaiola, deialdian ezarritako epeetan ez bada egitekoa proiektua.

Diru-laguntzaren xedeko jarduketa ez egiteak ekarriko dio turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresa edo establezimendu berari diru-laguntzak eskuratzeko eskubidea galtzea Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismo establezimendu eta enpresa arautuak hobetu eta berritzeko hurrengo deialdian, non ez den horren berri ematen lehenago ezarritakoari jarraituz.

6. Proiektua benetan egin dela eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

7. Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea gutxienez 10 urtez, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urtez, ondasun higigarrien kasuan. Diru-laguntza ematen denetik aurrera kontatuko dira epe horiek.

8. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea zer “de minimis” laguntza jaso zuen entitatean aurreko hiru zergaldietan eta, kasua bada, zer beste diru-laguntza lortu duen kontzeptu beragatik.

9. Publizitate egokia ematea diruz lagundutako proiektuaren finantzabide publikoari. Zehazki, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela agertuko da hari buruzko informazio mota guztietan. Kartel bat ageriko leku batean paratuko da, laguntzaren fitxako ereduari jarraituz. Kartel horrek urtebete iraunen du paraturik diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera.

10. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak egin edo finantzatu ditzakeen kanpaina guztietan aktiboki parte hartzea, sektorearen parte-hartzea behar denean.

11. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak turismo arloan antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetara edo jardunaldietara joatea eta horietan parte hartzea, batik bat Landa Turismoaren Biltzarrera.

12. Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea gal daiteke edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

7. puntuan ezarritakoa betetzen ez bada, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren zati proportzionala itzuli beharko da.

9. Egindako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

1.–Justifikatzeko epeak eta modua.

Edozein unetan egiten ahalko da justifikazioa, diru-laguntza ematen dela jakinarazten denetik, eta 2017ko azaroaren 15a izanen da hura aurkezteko azken eguna.

Justifikazioa aurkeztean, 5.1 oinarriko b), c) eta d) ataletan xedatutakoa hartuko da kontuan.

2.–Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute egin direla, eta, horretarako, laguntzaren fitxan eskura daitekeen berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoko dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta.

a) Aurkeztutako fakturen zerrenda, justifikazio inprimakiaren xehetasun orrian ezarritakoaren arabera.

b) Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zuen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuarekin eta, betiere, laguntza eskatzen duen edo diru-laguntzaren onuraduna den enpresaren izenean jaulki beharko dira, kasua zein den.

c) 100 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).

d) Ordaindutako guztia justifikatzen duten bankuko agiriak.

e) Hobetzeko obrak izan edo altzariak izan, egindako hobekuntzen deskripzioa eta dokumentazio grafikoa (argazkiak) dakartzan azken memoria, egindakoa baloratu ahal izateko.

f) Diruz lagundutako jardueraren bitartez lortutako diru-sarreren aitorpena eta azkenean jasotako diru-laguntzena edo, hala badagokio, diru-sarrera eta diru-laguntza ezaren aitorpena. Aitorpen hori diru-laguntza justifikatzeko inprimaki berean eginen da.

10. Diru-laguntzak ordaintzea.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuekin bat datozela, horien justifikazioa zuzena dela eta diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren.

11. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

Laguntza hauek bateragarriak dira onuradunek kontzeptu berbererako jaso dezakeen beste edozein laguntzarekin.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an eman zuen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko abenduaren 24an. Erregelamendu hori “de minimis” laguntzei buruzko Europako Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa da. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergalditan. Horretarako, enpresa behartuta dago Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztera zer beste “de minimis” laguntza jaso duen hiru zergalditan.

12. Emandako beken publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzari buruzko fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1703171