59. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

156E/2017 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, turismoko ETEentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena, Nafarroan kokatuta dauden turismoko establezimenduek 2017. urtean kalitate turistikoaren Q ziurtagiria eskuratu eta manten dezaten.

Turismo azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategia, eta orobat, etorkizuna bideratzeko molde berrian.

Behar horren eta, orobat, Nafarroan eskaintzak duen tamainaren jakitun, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistema (hemendik aurrera, EKTS) osatzen duten proiektu multzoa, hau da, Turismoko Estatu Idazkaritzaren menpeko programa, sustatuz bultzatu dira kalitate arloko jarduketak.

Programa horren esparruan eta, zehazki, sektoreetara bideratutako SCTE Sectores proiektuaren esparruan, kalitate turistikoaren Q marka sustatzea da Garapen Ekonomikorako Departamentuaren helburua; Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak kudeatzen du marka hori Turismoko Estatu Idazkaritzarekiko hitzarmen baten bidez. Marka hori eskuratzearekin batera agerian gelditzen da turismoko enpresen ahalegina, haien azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea hobetzekoa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina diru-izendapen badago; izan ere, bada baremo bat, diru-laguntzak emateko lehentasun ordena zehaztuko duena, hura aplikatzen denean.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikoaren Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 3ko 1/2017 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Turismoko ETEentzako diru-laguntzen deialdia onestea Nafarroan kokatuta dauden turismoko establezimenduek 2017an kalitate turistikoaren “Q” ziurtagiria lortu eta manten dezaten.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 20.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.

4. Gastu hori Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

830001/83120/4709/432102 ETEentzako laguntzak Q/UNE ziurtagirirako

2017

20.000

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko martxoaren 6an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Turismoko ETEentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, nafarroan kokatuta dauden establezimendu turistikoek 2017. urtean kalitate turistikoaren “q” ziurtagiria lortu eta manten dezaten

1. Xedea.

Turismoko ETEentzako diru-laguntzen araubidea erregulatzea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien establezimenduek kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten; Turismoko Estatu Idazkaritzak erregistratua da marka hori, eta Estatu osoan hedatua dagoen Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE aurrerantzean) kudeatzen du.

Turistak jaso eta atzematen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzea du helburu deialdi honek, bisitatzen gaituztenen poztasuna handitzearren. Kalitate turistikoaren Q zigilua establezimenduaren atean izateak ederki asko laguntzen du gure azpiegitura eta zerbitzuen kalitatea agerian izaten.

Dena dela, kalitate turistikoaren Q sistema ezartzeak ahalegin ekonomiko garrantzitsua eskatzen die establezimenduei eta, areago, krisi urte hauetan. Horregatik komeni da laguntza ekonomikoa ematea ahalegin gehigarri hori egiten duten establezimenduei, horrela destinoko inkestetan islatzen den gogobetetasun indizea hobea izan dadin.

2. Entitate onuradunak eta entitate onuradun izatea egiaztatzeko modua.

Establezimenduaren titular diren turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak) eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak, baldin eta deialdi hau argitaratzen den unean establezimendua behar bezala erregistratuta badute Nafarroako Turismo Erregistroan.

ETE bat zer den argitu behar izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361 (EB) Gomendioa hartuko da kontuan, edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.

Deialdia kudeatzen duen organoak egiaztatuko du Nafarroako Turismo Erregistroko titulartasuna, bai eta establezimendu turistikoa behar bezala inskribatuta dagoela ere.

3. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 20.000 eurokoa da.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren jarduketa eta gastuak.

Deialdi honetako diru-laguntza itzuli beharrik gabea da, diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %50eraino.

Diruz laguntzeko modukotzat joko dira 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 11ra arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren gastuak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak.

Diruz laguntzeko moduko gastuen ordainketa agiriek 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 11ra artekoak izan beharko dute, biak barne.

Kalkulua egiteko, balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa (BEZa) ezin da diruz lagundu.

ICTEk bultzatzen duen kalitate turistikoaren Q markaren ziurtagiria lortu eta mantentzeko beharrezko ekintzak babesten ditu deialdiak eta, zehazki, kontzeptu hauek hartzen ditu kontuan:

a) Markari atxikitzeko kuota.

b) Kanpoko kontsultoreen laguntza teknikoa hasierako ziurtapenerako, marka mantentzeko 1. eta 2. auditoriarako eta lehenengo berrikuntzarako (betiere hasierako ziurtapenetik hirugarren urtean).

c) Kanpoko auditoria ziurtapenerako eta berritzeko edo jarraitzeko auditoriak.

d) Deialdiaren epeari dagokion marka erabiltzeko eskubidea (hau da, 2017). Ezin izanen dira eskaera berean sartu markari atxikitzeko kuota eta marka erabiltzeko eskubidea ematen duen kuota.

b) kasuan, gehienez ere 2.500 euroko aurrekontuak izaten ahalko du diru-laguntza 1. ziurtapeneko laguntzetarako, eta 1.000 eurokoak, mantentzeko edo berritzeko laguntzetarako, kanpoko aholkularietan auditoreen egonaldiko dieten gastuak, mantenua eta bidaiak bazter utzita.

5. Eskaerak aurkezteko epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Eskabideak aurkezteko epea.

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak honela aurkeztuko dira:

–Pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Turismo+ocio+y+cultura/Turismo/sector) (hemendik aurrera, laguntzen fitxa) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez; fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.

Kasu horretan, eskabidea lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz aurkezten bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko ondoren aurkeztea eskabidea modu telematikoan. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

–Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.

c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

d) Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa, laguntzaren fitxan eskura daitekeen berariazko inprimakiaren araberakoa, agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan aurkeztu behar da. Hauxe da:

–Entitateari buruzko dokumentazioa.

1. Eskaera norbait ordezkatuz aurkezten bada, establezimenduaren titularraren baimena.

2. Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.

3. Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azkeneko hiru urteetan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

4. Diruz laguntzen ahal diren kontzeptu berentzat eskatu eta hartutako beste diru-laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

5. Erantzukizunpeko adierazpena, eskaintzen den ereduaren arabera prestatua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako debekurik urratzen ez dela dioena.

6. “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz lortu ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

–Eskaerarekin zerikusia duen dokumentazioa.

1. ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita egoteari buruzkoa (atxikipen berrien kasuan).

2. Aurrekontua, kontzeptuen araberakoa.

3. Aitorpena, deialdiak hartzen duen epean zer auditoretza motatara aurkeztuko den dioena.

Diru-laguntzaren eskaeraren berariazko inprimakiaren barnean daude adierazpen horiek.

–Baremorako dokumentazioa.

1. Erantzukizunpeko adierazpena, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako tramitatzen dituen deialdiak direla eta, aurreko 5 urteetan (2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak) jasotako diru-laguntzei buruzkoa.

2. Erantzukizunpeko adierazpena, kalitate turistikoaren Q ziurtagiriaren antzinatasunari buruzkoa.

3. Erantzukizunpeko adierazpena, establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta daraman antzinatasunari buruzkoa.

Eskabide-orriak hemen aipatzen diren erantzukizunpeko adierazpenak dakartza.

6. Diru-laguntza emateko parametroak.

Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira diru-laguntzak, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, baremoa aplikatuta ateratzen den ordenari jarraituta eta aurrekontuetako dirua bukatu arte.

Deialdiak baimentzen duen zenbateko osoa agortu arte diru-laguntzak emateko lehentasunak ezartzearren, honako baremo hau aplikatuko da:

a) Lehendik jasotako diru-laguntzak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako deialdiak direla eta, aurreko 5 urtean (2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak) tramitatuak:

–20 puntu, diru-laguntzarik jaso ez bada.

–15 puntu, 500 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.

–10 puntu, 1.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.

–5 puntu, 2.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.

–2 puntu, 3.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ez bada.

Titular eta establezimendu bakoitzak azkeneko 5 ekitaldietan jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan, hau da, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak (ordainketa agintzeko ebazpenaren eguna).

b) Establezimenduaren kalitate turistikoaren Q ziurtagiriaren antzinatasuna:

–Ziurtagiri berriak: 15 puntu.

–Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria zein urtetan lortu zen: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu. Hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartzen, urtea bakarrik.

c) Establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta duen antzinatasuna: puntu 1 urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez (hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartzen, urtea bakarrik).

Berdinketak hausteko, lehendabizi, aurreko 5 urtean jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan: zehazki, jasotako diru-laguntzaren kopurua, zenbateko txikiena jaso duten titularren eskaerak hobetsiko baitira. Berdinketak bere horretan iraunez gero, Turismoko Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna hartuko da aintzat (hilabetea eta eguna ere hartuko dira kontuan), eta establezimendu zaharrenek izanen dute lehentasuna.

7.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak, eskaera hartutakoan, espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak, nahitaez aurkeztu beharreko agiriei dagokienez, ez baditu betetzen adierazitako beharkizunak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

Eskaera osorik eta zuzen dagoela egiaztaturik, bai eta 4. oinarriko jarduketa bati dagokiola ere, espedientea 6. oinarrian ezarritakoari jarraituz barematuko da, lehentasun ordena zehaztuko da, eta diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko, 4. oinarrian ezarritako portzentajearekin bat.

Aurrekontuan diru aski ez egotearen ondorioz, funtsak eskaera bati dagokion diru-laguntza adinakoak ez direnean, zerbitzu kudeatzaileak ondoriozko diru-laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari. Enpresak 5 egun baliodun izanen ditu jakinarazi zaion diru-laguntza proposamena onartzeko edo ukatzeko.

–Enpresak ez badu jakinarazten epe horretan hura onartu edo ukatzen duen, ulertuko da proposamena onartzen duela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.

–Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Emakidaren ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskatutako diru-laguntzak eman edo ukatzen dituzten ebazpenen aurka, enpresa eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntza eskatzeko eskabide-orrian datorren aitorpenean aditzera ematen zaio enpresa eskatzaileari horren bitartez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan.

2. Diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du. Hori, dena den, pertsona juridikoei baino ez zaie aplikatzen, ez pertsona fisikoei.

3. Diru-laguntzaren xedeko jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea. Egindako jardueren justifikazioa 2017ko abenduaren 11tik aurrera aurkeztuz gero, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

4. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai deialdi honetan ezarritako gainerako guztiak.

5. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea diru-laguntzari uko egiten zaiola, laguntza ematen dion ebazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean gehienez ere edo, zein den kasua, 2017ko abuztuaren 7a baino lehen, establezimendua ez bada dagokion auditoretzan aurkeztu behar.

Diru-laguntzaren xedeko jarduketa ez egiteak ekarriko dio establezimendu berari diru-laguntzak eskuratzeko eskubidea galtzea turismoaren kalitatearen Q ziurtagirirako egiten den hurrengo deialdian, non ez den horren berri ematen aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraituz.

6. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea zer “de minimis” laguntza jaso diren aurreko hiru zergaldietan eta, zein den kasua, zer beste diru-laguntza lortu diren kontzeptu beragatik.

7. Gastua Nafarroako Gobernuak diruz lagundu duela aditzera eman beharko da eta, sustapenerako materialean edo web-orrian, halakorik eginez gero, Foru Komunitateko marka turistikoa jarri beharko da, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko irudiaren eskuliburuan ezarritako arauei jarraikiz.

Lehenago ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

9. Egindako jarduketak justifikatzeko epea, modua eta dokumentazioa.

1.–Justifikazioa aurkezteko epea eta modua.

Edozein unetan egiten ahalko da justifikazioa, diru-laguntza ematen dela jakinarazten denetik, eta 2017ko abenduaren 11 izanen da hura aurkezteko azken eguna.

Justifikazioa aurkeztean, 5.1 oinarriko b), c) eta d) ataletan xedatutakoa hartuko da kontuan.

2.–Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute egin direla, eta, horretarako, diru-laguntzari buruzko fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoko dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta.

1. Aurkeztutako fakturen zerrenda, justifikazio inprimakiaren xehetasun orrian ezarritakoaren arabera.

2. Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zuen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuarekin eta, betiere, laguntza eskatzen duen edo diru-laguntzaren onuraduna den enpresaren izenean jaulki beharko dira, kasua zein den.

3. Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.

4. Kalitate turistikoaren “Q” marka lortu izanaren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE) edo beste erakunde eskudun batek luzatua, edo ziurtagiria mantentzeko edo berritzeko auditoretza pasatu izanarena.

5. Diruz lagundutako jardueraren bitartez lortutako diru-sarreren aitorpena eta azkenean jasotako diru-laguntzena edo, hala badagokio, diru-sarrera eta diru-laguntza ezaren aitorpena. Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

10. Diru-laguntzak ordaintzea.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, gastuak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela, justifikazioa puntu guztietan zuzena dela eta diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren.

11. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

Laguntza hauek bateragarriak dira onuradunek proiektu berbererako jaso dezakeen beste edozein laguntzarekin.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an eman zuen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko abenduaren 24an. Erregelamendu hori “de minimis” laguntzei buruzko Europako Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa da. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergalditan. Horretarako, enpresa behartuta dago Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztera zer beste “de minimis” laguntza jaso duen hiru zergalditan.

12. Emandako beken publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzari buruzko fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1703191