59. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Laburpena, hegoaldeko toki entitateekin garapenerako lankidetza proiektuak egiteko diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiarena, 2017. urtea

Oharra: Testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/index): BDNS (Identifikazioa): 335179.

Deialdi honen xedea da garapen bidean dauden herrialdeetan gauzatuko diren proiektuak kofinantzatzea diru-laguntzen bidez. Proiektu horien helburua izanen da tokian tokiko giza garapena sustatzea hainbat arlotan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa eta azpiegiturak herrietako edo hirietako komunitateentzako, komunitateek eta horien ordezkariek zuzeneko parte hartzea dutelarik proposatu, kudeatu eta gauzatzean.

Proiektu horiek herrialde hartzaileetako gizarte erakunde eta/edo toki entitateek gauzatuko dituzte, Toki Entitate Onuradunen Udal Garapenerako Planetan sartuta egon beharko dira –eskabidea aurkezterakoan edo hitz emanen dute lau hilabeteko epean sartuko dutela, diru-laguntzaren kontzesioa jakinarazten zaienetik hasita–, eta udalerri horien partaidetza aktiboa izanen dute.

Garapen bidean edo transizioan diren herrialde eta lurraldetzat joko dira, eta beraz deialdi honetako funtsak jaso ahalko dituzte, Garapenerako Laguntza Ofizialaren (GLO) onuradunak diren herrialdeen zerrendan sartutakoak. ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordeak (GLB) ezarri du zerrenda hori.

Deialdi honetara modalitate hauetako proiektuak aurkeztu ahalko dira:

–A mota: proiektu berriak, hegoaldeko toki entitateekin tokiko garapenerako nazioarteko lankidetzarako.

–B mota: hegoaldeko toki entitateekin, tokiko garapenerako nazioarteko lankidetzako proiektuen jarraipena.

Lehentasunez jarduteko eremuak hauek dira deialdi honetan:

a) Oinarrizko beharrizanak asetzea:

–Oinarrizko azpiegiturak ezartzeko tokiko proiektuak: oinarrizko hezkuntza; oinarrizko osasuna; biztanleria eta ugalketa-osasuna eta abar.

–Tokiko proiektuak, edateko uraren zikloaren kudeaketarekin lotuak (ura hartzea, hornidura, banaketa, saneamendua eta tratamendua).

–Etxebizitza eta bizigarritasun duina izateko proiektuak (etxebizitzak sortzeko programa komunitarioak sustatzea).

–Sektore ahulenei laguntzeko gizarte zerbitzuen tokiko proiektuak.

b) Hegoaldeko udalerrien gaitasun tekniko-politikoak sortzeko laguntza:

–Tokiko ekonomia garatzeko proiektuak.

–Lurraldearen antolamendurako edo garapenaren plangintzarako tokiko proiektuak.

–Tokiko erakundeak sendotzeko proiektuak.

c) Gizarte zibilaren partaidetza sendotzea. Giza eskubideak babestu eta errespetatzea.

d) Ingurumenaren kalitatea babestu eta hobetzea, biodibertsitatearen zentzuzko babesa eta erabilera jasangarria eta zentzuzkoa.

Iruñean, 2017ko martxoaren 7an.–Zinegotzi delegatua, Edurne Eguino Sasiáin.

Iragarkiaren kodea: L1703214