59. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Laburpena, garapenerako nazioarteko lankidetza proiektuak 2017an egiteko diru-laguntzak, lehia irekiaren araubidea erabiliz, emateko deialdi publikoa

Oharra: testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/index): BDNS (Identifikazioa): 334883.

Deialdi honen xedea da garapen bidean dauden herrialdeetan gauzatuko diren proiektuak kofinantzatzea. Proiektu horien helburua izanen da tokian tokiko giza garapena sustatzea hainbat arlotan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa eta azpiegiturak herrietako edo hirietako komunitateentzako, komunitate/udalerriek eta horien ordezkariek zuzeneko parte hartzea dutelarik proposatu, kudeatu eta gauzatzean.

Deialdi honetara aurkeztu ahalko dira nazioarteko lankidetza proiektuak eta, arestian aipatutako arloetan, tokian tokiko giza garapena bideratuko duten proiektuak.

Garapen bidean edo transizioan diren herrialde eta lurraldetzat joko dira, eta beraz deialdi honetako funtsak jaso ahalko dituzte, Garapenerako Laguntza Ofizialaren (GLO) onuradunak diren herrialdeen zerrendan sartutakoak. ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordeak (GLB) ezarri du zerrenda hori.

Lehentasunez jarduteko eremuak hauek dira:

a) Oinarrizko beharrizanak asetzeko proiektuak, hala nola:

–Oinarrizko hezkuntza (oinarrizko ekipamendua, irakasleen trebakuntza, lehen hezkuntza eta eskolaurrea, helduen oinarrizko hezkuntza).

–Oinarrizko osasuna (osasun hezkuntza, oinarrizko osasun laguntza, oinarrizko azpiegitura, nutrizioa eta prebetzioa, eta gaixotasun infekziosoen kontrola).

–Biztanleria (ugalketa-osasuna, familia-plangintza, sexu-transmisiozko gaixotasunen aurkako borroka).

–Ur arazketa eta hornidura (hornidura eta saneamendua).

–Etxebizitza (eraikuntza merkeak).

b) Azkenaldiko hondamendi naturalek edo gatazka armatuek ukitutako herrietako oinarrizko azpiegiturak berreraikitzeko proiektuak: larrialdi humanitarioak Sirian, Yemenen eta Palestinako Lurralde Okupatuetan; Mendebaldeko Afrikako elikadura krisiak (Mauritania, Niger, Burkina Faso, Mali, Txad eta Sudan), Kongoko Errepublikako, Afrika Erdiko Errepublikako, Burundiko eta Hegoaldeko Sudango gatazkak.

c) Talde bereziki zaurgarriak: herri indigenak, gutxiengo etnikoak, errefuxiatuak eta haurrak.

Iruñean, 2017ko martxoaren 7an.–Zinegotzi delegatua, Edurne Eguino Sasiáin.

Iragarkiaren kodea: L1703084