Iragarkia
59. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ANTSOAIN
Deialdia, teknikari soziokultural komunitario lanposturako izangaien zerrenda oposizio-lehiaketa bidez osatzeko
Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko otsailaren 22ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, izangaien zerrenda oposizio bidez osatzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Antsoainen, 2017ko otsailaren 22an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.
OINARRIAK
Lehena.–Arau orokorrak.
Deialdia egin da, teknikari soziokultural komunitario lanpostua aldi baterako kontratazio administratibo bidez betetzeko izangaien zerrenda osatzeko, Antsoaingo Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren.
1.1. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, baita plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Antsoaingo Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.
1.2. Lanaldia osoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Edozein kasutan, zerbitzua lehentasunez goizeko ordutegian emateko aukera berariaz jasotzen da, lanpostuari dagozkion zenbait funtzio arratsaldeko ordutegian egitea beharrezkoa izanen delarik, baita salbuespen gisa larunbatetan, igandeetan eta jai egunetan ere.
1.3. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira:
a) Jasangarritasuna:
–Genero ikuspegia eta ingurugiro-/ekonomia-/gizarte-jasangarritasun ikuspegia esku-hartze proiektu orotan txertatzea, Udaleko gainerako arlo teknikoekin koordinatuz.
b) Gizarte arloa:
Gizarte eragile nagusiekin harremana izan eta mantendu: herritarrak, kolektiboak eta beste administrazioak, haien arteko harremana dinamizatuz.
–Antsoaingo gizarte sarea osatzen duten eragileen artean garatzen diren proiektu soziokultural komunitarioen eta herritarren parte-hartze proiektuen plangintza, garapena eta ebaluazioa dinamizatzea.
–Elkarte sarea sortu eta garatu dadin esku-hartzea, sustatzea eta laguntzea.
–Proiektu sozialen, kulturalen eta jarduketa komunitarioen hedapen eta komunikazio estrategiak ezartzea.
–Genero ikuspegia eta ingurugiro- eta gizarte-jasangarritasun ikuspegia esku-hartze proiektu orotan txertatzea, Udaleko gainerako arlo teknikoekin koordinatuz.
–Gizarte arloko diru-laguntza, hitzarmen eta bestelako laguntzen jarraipena egitea, horien kudeaketa egokia eginez.
–Arlo soziokultural komunitarioa koordinatzea, Udaleko gainerako arlo teknikoekin harremanetan.
–Laguntza publiko ororen izapidetzea egiteko beharrezko gestioak aurrera eramatea, arlo sozialekoak barne: deialdiaren oinarrien araberako proiektuak lantzea, eskaerak aurkeztea, proiektuak burutzea, memoriak egitea eta laguntzen justifikazioa izapidetzea, inbertsioa modu zuzen eta egokian eginen dela ziurtatuz.
c) Kultur arloa:
–Diseinatzea, plangintza egitea, aurrekontuak egitea, koordinatzea, kontrolatzea eta ebaluatzea:
- Antzoki Sarearen egitaraua eta eremu eszenikoan garatzen diren beste jarduera kulturalak eta soziokulturalak (Antsoaingo antzokia).
- Kalean zein udal espazioetan garatzen diren egitarau kultural, soziokultural eta jai girokoak.
- Herriko festen egitaraua.
–Jarduketa plangintzak egitea (kontrola, mantentze lana eta baliabideak optimizatzea) egokitu zaizkion azpiegituretarako eta espazioetarako.
–Planifikatutako helburuak betetzeko esleitutako aurrekontua aplikatzea.
–Laguntza publiko ororen izapidetzea egiteko beharrezko gestioak aurrera eramatea, arlo kulturalekoak barne: deialdiaren oinarrien araberako proiektuak lantzea, eskaerak aurkeztea, proiektuak burutzea, memoriak egitea eta laguntzen justifikazioa izapidetzea, inbertsioa modu zuzen eta egokian eginen dela ziurtatuz.
–Antsoaingo elkarte eta entitateekin ohiko harremanak izatea urteko plangintza garatzeko, hitzarmen proposamenak egiteko eta haien gauzapena aurrera eramateko.
–Aztertzea zer baliabide eskaintzen dituen inguruko lurralde nahiz gizarteak, ukigarriak zein ukiezinak; eta hori egitean, kontuan izatea zer eratan erabil daitezkeen baliabide horiek garrantzi handiko proiektu soziokulturalak garatzeko.
Proiektuak egin eta garatzeko orduan politikari, elkarte eta bertako entitateekin koordinatzea, proiektu hauetarako data, jarduera programa, herritarren parte-hartze eta proiektuen aurrekontu aproposenak erdieste aldera.
–Herriko festen eta kultur agendaren hileroko prestaketa eta edizioa.
–Urteko literatur lehiaketak.
–Proiektuak egin eta garatzeko orduan gainerako udal zerbitzuekin koordinatzea, indarreko araudia bete dadin: udal ordenantzak, lan osasuna eta segurtasuna, Datuen Babeserako Lege Organikoa, administrazio prozedurak, eta udal zerbitzuen zeharkakotasuna eskatzen duen zeinahi gai.
d) Herritarren parte-hartzerako arloa:
–Antsoaingo herritarren artean parte-hartze sozialeko eta garapen komunitarioko kultura sustatzea, parte-hartzerako eta sozializaziorako aukerak eta espazioak eskainiz.
–Parte-hartze prozesuen kudeaketa eta dinamizazio funtzioak egitea.
–Udalak martxan jarritako bideetatik herritarren parte-hartzea kudeatzeaz eta dinamizatzeaz arduratzea, Informazio eta Komunikazio Teknologietan oinarritzen direnei atentzio berezia emanez: Sare sozialak, Udalaren Informazio Aldizkaria, Web orria eta telefono mugikorretako aplikazioak.
–Udaleko departamentuei aholku ematea, haien jarduketetan herritarren parte-hartzea aintzat har dezaten.
–Herritarren-parte hartzeari buruzko sentiberatze ekimenak, ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak antolatzea eta planifikatzea.
–Herriko taldeei egiten zaien udal espazioen lagapena antolatzea eta jarraipena egitea, Antsoaingo lokalen lagapen ordenantza betetzen dela ziurtatuz.
–Bere gaitasun profesionalei lotuta ematen zaizkion bestelako antzeko egitekoak.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, lanpostuarekin lotura badu eta bere mailaren barrenean badago.
Bigarrena.–Betebeharrak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Honakoen jabe izatea:
–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadunaren, graduatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo haien baliokidea den beste bat, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentzia bateko, ingeniaritzako edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izateari buruzko ziurtagiria. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
–EGA titulua edo C1 mailako euskara titulua. Titulazio hori ez daukatenek eskatutako hizkuntza mailaren proba bat gaindituta frogatu ahalko dute ezagutza hori, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Proba hori Foru Komunitateko Administrazioak eginen du eta interesdunek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezterakoan eskatu beharko dute (II. eranskina).
d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 9.7 atalean ezarritakoarekin bat.
2.3. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean mantendu ere.
Hirugarrena.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Antsoaingo Udaleko Erregistro Orokorrean (Udaletxe plaza, 1) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Halaber, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Antsoaingo Udalaren Erregistro Elektroniko Orokorrean. Erregistro hori Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan dago (www.ansoain.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.
3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.ansoain.es helbidean. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.
3.3. Eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu behar dute, baita titulazioaren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak eta lehiaketako baremazioan kontuan hartzea nahi dituenak ere, ondokoaren fotokopia konpultsatua aurkeztuz: 2.1.C) oinarriko titulazioa, hura lortzeko eskubideak eskabideak aurkezteko epea baino lehenago ordaindu izanaren frogagiria, eta aurkeztutako gainerako dokumentazioa.
3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Laugarrena.–Izangaien onarpena.
4.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Antsoaingo Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Antsoaingo Udaleko iragarki oholean eta Udalaren web-orrian (www.ansoain.es) argitara dadila.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.
Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.
4.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du www.ansoain.es Udalaren web orrian eta iragarki oholean bakarrik argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Bosgarrena.–Lehiaketa.
Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondotik aipatzen den merezimendu baremoari jarraikiz. Merezimendu guztiak alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, hautapen prozedura honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Merezimenduen balorazioa eginda, jendaurrean jarriko dira emaitzak Antsoaingo Udalaren iragarki oholean eta bere web orrian (www.ansoain.es).
Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 30 puntu lortu ahalko dira. Honela baloratuko da:
5.1. Formazioa (14 puntu gehienez).
Kultur kudeaketan, Kultur zerbitzuetan, Parte-hartze eta garapen komunitarioan, Esku-hartze sozial eta komunitarioan edo baliokideak diren arloetan Masterrak izateagatik, titulu ofizial bakoitzeko: 6 puntu.
Gizarte edo kultur arloko Gradu, Lizentziatura edo Diplomatura unibertsitate titulazio bakoitzeko: 3 puntu.
Animazio soziokulturaleko eta Turismoko goi mailako teknikari titulua: 3 puntu.
Gizarte Integrazioko goi mailako teknikaria: 2 puntu.
5.2. Laneko esperientzia (14 puntu gehienez).
B mailako Kultur teknikari, Parte-hartze teknikari, Berdintasun teknikari, funtzio baliokide edo maila bereko kategoriari dagozkion funtzioak betez Administrazio publikoetan erregimen administratiboan edo laboralean besteren konturako langile gisa emandako zerbitzuengatik: hilabeteko 0,20 puntu, gehienez ere 6 puntu.
Lan egin den Administrazioaren egiaztagiri bidez frogatu beharko da aipatutakoa, kontratuaren iraupena eta lanpostua adieraziz.
C mailako Animatzaile soziokultural, Gizarte integrazioko goi mailako teknikari, funtzio baliokide edo maila bereko kategoriari dagozkion funtzioak betez Administrazio publikoetan erregimen administratiboan edo laboralean besteren konturako langile gisa emandako zerbitzuengatik: hilabeteko 0,15 puntu, gehienez ere 5 puntu.
Lan egin den Administrazioaren egiaztagiri bidez frogatu beharko da aipatutakoa, kontratuaren iraupena eta lanpostua adieraziz.
–Animatzaile soziokultural, Gizarte integrazioan goi mailako teknikari, Kultur teknikari, Parte-hartze teknikari, Berdintasun teknikari funtzioak edo funtzio baliokideak betez, entitate pribatuan besteren konturako langile gisa emandako zerbitzuengatik: 0,10 puntu hilabeteko, gehienez ere 3 puntu.
Lan kontratuaren kopia bidez eta bizitza laboralaren agiri bidez egiaztatu beharko da aipatutakoa.
5.3. Atzerriko hizkuntzak jakitea, 2 puntu gehienez ere.
Europar Batasuneko hizkuntza bat edo gehiago ezagutzeagatik (agiri ofizial bidez egiaztatuz gero), gehienez ere 2 puntu emango dira:
–C1 mailako titulu bakoitzeko: Puntu bat.
–B2 mailako titulu bakoitzeko: 0,5 puntu.
–B1 mailako titulu bakoitzeko: 0,25 puntu.
Seigarrena.–Oposizioa.
Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztergarriak izanen dira.
6.1. Proba teorikoa.
Proba teorikoa, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 100 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere bi orduz. Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.
Zati hori 35 punturekin baloratuko da gehienez. Akatsek penalizazioa izanen dute, zuzen erantzundakoari ematen zaion balorearen %50ekoa. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (17,5 puntu).
Bigarren probarako deia eginen zaie, lehenbiziko proba gaindituta, horretan puntuaziorik handiena lortu duten 20 pertsonei.
Deialdi honen xedeko zerrendak agortuz gero kontrataziorako izangairik ez izateagatik, deialdi osagarriak egin litezke proba praktikoa egin dezaten, lehendabiziko proba gaindituta gutxienez 17,5 punturekin, bigarren proba egiteko deia jaso ez dutenek.
Edonola ere, deialdi osagarri horiek gainditzen dituzten izangaiak lehenbiziko deialdian gainditu duten izangaien atzetik joanen dira kontratazio zerrendan.
Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.
Izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa jendaurrean jarriko da, Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren web orrian, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
6.2. Proba praktikoa.
Proba praktikoan, I. eranskineko gaiekin lotuta, ariketa praktiko bat edo batzuk egin beharko dira.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.
Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala eginen da, alegia, 35 puntu horien eta egin beharreko proba kopuruaren zatidura izanen da.
Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez, proba praktiko osoa eta ariketa bakoitza banan-banan kontuan harturik.
6.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
6.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Zazpigarrena.–Epaimahaia.
7.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
Mahaiburua: Ander Andoni Oroz Casimiro, Antsoaingo Udaleko alkatea.
Ordezko epaimahaiburua: Marta Diez Napal, Antsoaingo Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: María Eva Istúriz García, Antsoaingo Udaleko berdintasun teknikaria.
Ordezko mahaikidea: Elvira Lizeaga Urdanpilleta, Antsoaingo Udaleko euskara teknikaria.
Epaimahaikidea: Antsoaingo udaleko kirol eta kultur teknikaria.
Ordezko epaimahaikidea: Beste udal bateko kultur teknikaria.
Epaimahaikidea: Langileen ordezkariek izendatutako kide bat.
Ordezko epaimahaikidea: Langileen ordezkariek izendatutako kide bat.
Mahaikide idazkaria: Javier Lacarra Vegas, Antsoaingo Udaleko giza-baliabideen eta lan arriskuen prebentziorako teknikaria.
Ordezko mahaikide idazkaria: María Concepción Lopetegui Olasagarre, Antsoaingo Udaleko idazkaria.
7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.
Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
Zortzigarrena.–Emaitzak.
8.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik bigarren probako (praktikoa) lehenbiziko zatian zein den puntuaziorik handiena. Berdinketak irauten badu, proba praktikoan puntuaziorik altuena lortu duenaren alde ebatziko da, eta, hala ere berdinketak iraunez gero, zozketa bat eginen da, epaimahaiak horretarako prestatuko duena. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Antsoaingo Udaleko iragarki-oholean argitaratuko dira.
8.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Antsoaingo Udalaren iragarki oholean eta webgunean (www.ansoain.es) jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.
Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere administrazio dei-egileak kontratatzerik nahi ez badu, Udalak kontratatu ahalko du oposizioko ariketa teorikoa gainditu duen hurrengo izangaia, hautapen prozesuan lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.
8.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Tokiko Gobernu Batzarrari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onetsia izan dadin.
Bederatzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
9.1. Gainditu duten izangaiei Antsoaingo Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
9.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Antsoaingo Udalak egiaztatuko ditu.
9.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.
9.4. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraituetan, eta dei horren frogak utziko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak.
Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori egiten denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Izangai batekin harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 8.5 atalean xedatutakoarekin bat.
9.5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izendapena eginda, eskaera egin duen toki entitateak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.
9.6. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.
e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.
f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.
Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
9.7. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
c) Lanpostua bertan behera uztea.
d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan aurreikusi den kasuetan.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
f) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.
9.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Hamargarrena.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA
Gai zerrenda
1.–Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio-prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Faseak. Prozedura bereziak. Administratua. Herritarraren eskubideak. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea. Erregistroak. Epeen kontaketa.
2.–Proiektu soziokultural komunitarioak planifikatzeko orduan aintzat hartu beharreko Datuen Babeserako Lege Organikoa eta Antsoaingo Udaleko kultur arloko proiektuak.
3.–Antsoaingo udal mugapeko aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterakoak arautzen dituen Udal ordenantza.
4.–Antsoainen Herritarren Parte-hartzea arautzen duen udal ordenantza.
5.–Antsoaingo Udalak kultur, hezkuntza, kirol, gazteria, laguntza, giza eta gizarte xedeetarako ematen dituen diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra.
6.–Antsoaingo Udalaren lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzeko arauak ematen dituen ordenantza.
7.–Genero ikuspegia: kontzeptua, bidezkotasuna, berau aplikatzeko tresnak, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista.
8.–Antsoaingo gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasun plana eta Emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako lehenengo tokiko jarduketa protokoloa.
9.–Jasangarritasuna: kontzeptua eta honen aplikazioa politika publikoetan (TA21, Tokiko Ekintza Plana).
10.–Etxe-kaleratzeen aurkako Antsoaingo Udaleko tokiko jarduketa protokoloa.
11.–Garapenerako lankidetza proiektuak egiteko 2016ko diru-laguntzetarako Antsoaingo Udaleko deialdi publikoa.
12.–Kultur, kirol eta festa giroko jarduerak egiteko 2016ko diru-laguntzetarako Antsoaingo Udaleko deialdi publikoa.
13.–Hezkuntza, kultura, kirol edo gizarte arloan antolatutako ikastaro eta jardueretara joateko gizarte laguntzak arautzen dituen 2016ko deialdia.
14.–Taxi-bonuaren banakako gizarte laguntzak jasotzeko 2016ko deialdi publikoa.
15.–Ikastetxeetan jateko diru-laguntzak emateko 2016ko Antsoaingo Udaleko deialdia.
16.–Antsoaingo gizarte entitateen eta herritar elkarteen udal erregistroan inskribatutako entitateak.
17.–Nafarroan herritarren parte-hartzea sustatzeko plana 2016-2019.
18.–Nafarroako Antzokien Sarea.
19.–Antsoianen aplikatzeko modukoak izan daitezkeen Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak. Deialdiak, programak, diru-laguntzak.
II. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1702380
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
