58. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Udal ordenantza, Garajeak mankomunatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2016ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Garajeak mankomunatzea arautzen duen udal ordenantza.

Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea ireki zen. Epea bukatu ondoren, eta aurkako alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi zen eta iragarkia 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, irailaren 8an. Orain testu osoa ematen da argitara.

Atarrabian, 2017ko otsailaren 14an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

UDAL ORDENANTZA, GARAJEAK MANKOMUNATZEA ARAUTZEN DUENA ATARRABIAN (NAFARROA)

ATARIKOA

Azken urteotan ugariak dira lurrazpiko garaje mankomunatuak egitea erabaki dutenak herrian egindako etxebizitza promozio berrietan. Batetik, araudiak aparkamendu pribaturako eskatzen duena betetzeko eta bestetik, dagoen aparkamendu beharra asetzeko.

Orain arte modu egokian burutu badira ere, ia kasu guztietan hainbat lurzati jabe bakarraren izenean egonik jardun izan da.

Ordenantza honen helburua mankomunatutako garajeen jarduketa arautzea da, eraginpeko lurzatietako jabeak bat baino gehiago direnean barne.

1. artikulua.

Hona hemen aparkalekuaren definizioa, ordenantza honen ondorioetarako: ibilgailuak aparkatzeko zernahi leku, eraikinaren barruan edo orube bereko lursail eraikigarrietako zoruan zein zorupean.

Era berean, aparkaleku mankomunatua deritzo bi orube edo gehiagotan garatzen den horri, haien jabea edonor dela ere.

Indarreko araudian jasotako baldintzak betetzea eskatuko zaio garaje mankomunatuari.

2. artikulua.

Atarrabiako Udalak garaje mankomunatuaren antolamendurako eta mantentzeko arauak finkatzea beharrezko jotzen du. Horretarako suteen aurkako ur presioko taldeak, suteen detekziorako telefonoguneak, gasak erauzteko elementuak, garbiketa gelak eta komunak, ibilgailuendako arrapala eta oinezkoendako irteera zuzenak kanpoaldera (larrialdietarako eta erabilera arrunterako) aurreikusi beharko dira, lurzati bakoitzak bere lurzatian dagoen soto azalera eraikitzen joateko moduan.

Lurzati bakoitzak honako gastuen kargu egin beharko du eta aurrerantzean ere haiei aurre egin beharko die: arrapala eta sotoen erabilera orokorreko elementu komunak eraikitzea, baita larrialdietarako eskailerak, komunak eta garbiketa gelak ere, dagokien azaleraren galera barne (sotoetan eta beheko solairuetan).

Garajearen antolaketa eta horren eraikitze eta mantentze gastuak zehazteko beharrezkoa izanen da garaje mankomunatuko eremu bakoitzerako mankomunatze-hitzarmen bat egitea (eremuko jabe guztien onespena jasoz). Hitzarmena Udalean aurkeztu beharko da, kasuan kasuko proiektuak aurkeztu aurretik eta beharrezko lizentziak eskuratu baino lehen.

3. artikulua.

Garaje mankomunatu bat egiteko orduan lurzatien jabeek pertsonendako eta ibilgailuendako bide zortasuna egin beharko dute, elkarrekikoa eta elkarrenganakoa, modu iraunkorrean eta doakoan, horretara sotoko solairuetako ibilgailuen eta oinezkoen irtenbideak eta sarbideak bideratuz. Hau egin izanaren egiaztagiria eta mankomunatze-hitzarmena kasuan kasuko lizentziak eskuratu aurretik aurkeztu beharko dira.

4. artikulua.

Lurzatien jabeek garajearen jarduera sailkatuen proiektua aurkeztu beharko dute Udalean lizentziak eskuratu aurretik, puntu hauei berebiziko arreta emanez:

–Sarbideen kokalekua, ibilgailuena zein oinezkoena.

–Aparkatzeko lekuen eta zirkulatzeko bideen kokalekua, ibilgailuena zein oinezkoena.

–Suteen kontra babesteko elementuen kokalekua.

–Ke eta gasen erauzketarako elementuen kokalekua.

–Bigarren mailako espazioen kokalekua (garbiketa gela, komunak...).

Jarduera sailkatuen proiektua idatzia den momentuan indarrean dagoen araudia bete beharko du eta momentu oro modu argian jaso beharko ditu haren parte diren lurzati guztiak.

Suteen aurkako telefonogunea eta ur presioko taldeak lehenbizi eraikiko den lurzatian jarri beharko dira eta garaje mankomunatuan dauden gainerako lurzatietan dauden eraikuntzetatik hauetara iristeko moduan neurriratuak izan beharko dute.

Erauzketak nola egin lurzati bakoitzak erabakiko du modu independentean, edukiera egokia aurreikusiz kasu bakoitzerako indarreko araudiaren arabera.

5. artikulua.

Jarduera sailkatuetarako beharrezko lizentzia behin eskuratuta, dagokion obra lizentzia eskuratu beharko da, eraikuntzaren osotasuna lurzati bakarrean edo lurzati batean baino gehiagoan har dezakeelarik. Horretarako beharrezkoa izanen da exekuzio proiektua aurkeztea eta horrekin batera segurtasun eta osasungarritasun azterketa eranstea. Azken honek obraren ezarpena, laguntzarako bitartekoak eta hartuko diren segurtasun neurriak jasoko ditu, obrak egoki burutu daitezen bermatzeko.

6. artikulua.

Garaje mankomunatuko sarbideak bermatze aldera, horretarako arrapala edo arrapalak egin gabe daudenean, Atarrabiako Udalak aipatu garajeetan aldi baterako sarbideak egiteko behar diren akordio eta ebazpenak erdietsiko ditu. Hauek Udalak eskatzaileari obra lizentzia eman aurretik eginen dira eta eskatzaileak bere gain hartuko ditu sortzen diren gastuak, Udalari gasturik eragin gabe. Garaje mankomunatua osatzen duten lurzatiak egitean beharrezkoa balitz bertan aurreikusitako zirkulazioak aldatzea (adibidez, sarbidea egin artean aldi baterako sarbidea eta irtenbidea izango den arrapala), Udalak beharrezko akordio eta ebazpenak erdietsiko ditu hori arbitratzeko.

Era berean, mankomunatutako garajearen ezaugarriengatik eta berau osatzen duten lurzatien exekuzioagatik epe batez ezin izango balitz garaje horretan sartu, Atarrabiako Udalak baimendu lezake aldi baterako aparkaleku bat egitea garaje mankomunatua osatzen duten lurzatien azaleran. Azaleran aldi baterako garaje gisa erabiltzeko egokitu beharreko eremuaren moldaketa (lurrak mugitzea, zoladura ematea, itxiturak...) Udalak eskatzaileari obra lizentzia eman aurretik eginen da eta eskatzaileak bere gain hartuko ditu sortzen diren gastuak, Udalari gasturik eragin gabe. Aldi baterako aparkalekuetako sarbidea bermatze aldera, Udalak normalean ibilgailuen zirkulaziorako ez diren eremuak horretarako erabiltzea baimendu lezake, oinezkoendako eremuak kasu.

Edozein kasutan, arrisku egoerak saiheste aldera, aldi baterako diren jarduketa hauetarako segurtasunari eta osasungarritasunari buruzko xedapenak aintzat hartuko dira.

7. artikulua.

Garaje mankomunatuaren eremua mugatua egon beharko da eta erabat itxita lurzatiren batean obrak hasi orduko. Garajearen exekuzioaz gain, berau egiteko beharrezkoa den beste edozein lan ere (eraikuntzen eraisteak, lurrak mugitzea...) obrak direla ulertzen da. Gainera, garaje mankomunatua osatzen duten lurzatiek haien artean itxiturak izaten ahalko dituzte, lehendabizi zein lurzatitan hasten den eraikitzen aintzat hartuz eta lurzatien arteko lautada kota desberdintasunaren arabera.

Lurzati bakoitzari dagokion sotoa egitea errazteko, ondoko lurzatien zati bat erabili ahalko da, kasuan kasuko exekuzio proiektuko segurtasun eta osasungarritasun azterketan aurreikusita baldin badago.

Exekuzio obrak amaituta ez da egonen garajerako sarbidea ahalbidetzen duen itxi gabeko elementurik, salbu eta ibilgailuendako arrapala edo arrapalak eta oinezkoen sarbideak. Alegia, egitez amaitu den garajearen eta gainerako garaje mankomunatuaren artean aurreikusitako loturak itxita utzi beharko dira. Betiere, lotura hauek egiturazkoak ez diren elementuekin itxi beharko dira, eraisteko errazak izan daitezen.

8. artikulua.

Irekiera partzialeko lizentzia izapidetu beharko da indarreko legeriarekin bat eginez, garaje bakoitzaren exekuzio obrak behin amaituta eta etxebizitzak erabiltzeko lehen lizentzia kontuan hartu gabe. Horretarako, beharrezkoa izanen da garaje bakoitzaren obra amaierako dokumentazioa aurkeztea.

Garajea bere osoan irekitzeko lizentzia emango da behin garaje mankomunatua egitez amaitzen denean.

9. artikulua.

Garaje mankomunatuaren jarduera sailkatuen proiektua moldatzen bada eta horren ondorioz mankomunatze-hitzarmenean eragina badu, aldaketa horiek jasotzen dituen hitzarmen egokituarekin batera eman beharko da proiektua, eremuko jabe guztien onespena jasoz.

Garaje mankomunatuaren zati bat egina balego, ezarritako moldaketek ezin izanen dituzte zati horretako bizigarritasunerako, segurtasunerako eta suteen babeserako baldintzak eragotzi. Sailkatutako jardueren proiektuan egindako aldaketen ondorioz dagoeneko egina dagoen zatian esku hartzea beharrezkoa balitz, jarduketa horren kostua ezin izango zaio jabeari ordainarazi, zati horrek irekiera partzialeko lizentzia baitu.

10. artikulua.

Eraikin guztiek izan beharko dute tokia nahikoa aparkatzeko lekuak egiteko, unitateko hirigintza fitxan aurreikusitakoari jarraiki.

Eraikin bakoitzean aparkatzeko lekuak dagokien luzatian ezin izango balira egin, beste lurzati batzuetan kokatzeko aukera egonen da, garaje mankomunatuaren barruan, betiere.

Kasu guztietan aparkatzeko leku bakoitza zein eraikini dagokion adierazi beharko da mankomunatze-hitzarmenean eta jarduera sailkatuaren proiektuan.

Iragarkiaren kodea: L1702073