Iragarkia
58. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE ARAKIL
Uharte Arakilgo Udalaren diru-laguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena
Uharte Arakilgo Udalak, 2016ko abenduaren 29ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Uharte Arakilgo Udalaren diru-laguntzen ordenantza orokorra. Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 16an, eta Udalaren iragarki oholean. Alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onesten da, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.
Uharte Arakilen, 2017ko otsailaren 21ean.–Alkate udalburua, Ainara Ayestaran Ijurco.
ORDENANTZA, UHARTE ARAKILGO UDALAK
DIRU-LAGUNTZAK EMATEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek Uharte Arakilgo udalerriaren esparruan diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea du xede, eta baldintza berberak bermatzea herritar eta entitateei, onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko.
Uharte Arakilgo Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari esaten zaio diru-laguntza, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea edo helburu publiko bat sustatzea; hala nola, bekak, primak, laguntzak, sariak eta laguntza pertsonal, material eta ekonomikoa dakarten gainerako xedapen guztiak.
2. artikulua. Aurrekontuko aurreikuspena.
Ordenantza honetan xedatutako moduan ematen diren diru-laguntzetarako zuzkidurak urtero finkatuko dira udal aurrekontuetan, Aurrekontua Betearazteko Oinarrietan ezarritakoari jarraituz.
3. artikulua. Irizpide orokorrak.
a) Diru-laguntzak borondatezkoak eta unean unekoak izanen dira. Diru-laguntza emateak Udalari ez dio betebeharrik sortuko eta hartzaileari ez dio aurrerantzean diru-laguntza gehiago jasotzeko eskubide edo aurrekaririk sortuko.
b) Udalak noiznahi baliogabetu edo murriztu ahal izanen ditu, kontrako klausularik izan ezean.
c) Ezin izanen da eskatu diru-laguntza handitu edo berritzerik.
d) Ez da diru-laguntzarik emanen Udalak berak eraginkortasunez eta diru-laguntzaren zenbatekoa baino gastu handiagoa egin gabe betetzen ahal dituen helburuetarako.
e) Diru-laguntzak honako printzipio hauek kontuan hartuz emanen dira: publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bazterkeria eza sexua edo beste zerbait dela-eta, kontrola eta baliabideen eta xedeen bat-etortzea.
f) Diru-laguntzak ematean oinarri hauek izanen dira: eraginkortasuna Uharte Arakilgo Udalak finkatutako helburuak betetzean eta efizientzia baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.
4. artikulua. Oinarri arautzaileak.
Diru-laguntzak arautzeko oinarrietan, gutxienez ere, alderdi hauek zehaztu beharko dira:
a) Diru-laguntzaren xedearen definizioa eta diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuena.
b) Diru-laguntza eskuratzeko onuradunek bete behar dituzten baldintzak, eta eskaerak aurkezteko modua eta epea.
c) Diru-laguntza emateko prozedura.
d) Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien ponderazioa.
e) Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak.
f) Diru-laguntza emateko prozedura agindu, ireki eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.
g) Diru-laguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako dirua aplikatu dela frogatzeko onuradunak edo entitate laguntzaileak izanen duen epea eta modua.
h) Diru-laguntza ematen duen organoarendako berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.
i) Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta onuradunek eman behar dituzten bermeak.
j) Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, zer inguruabarrek ekar dezaketen ebazpena aldatzea.
k) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, edozein administrazio edo entitate publiko edo pribatutatik edo Estatuko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.
l) Diru-laguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.
Oinarri arautzaileak onetsi aitzin, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua aurreikustea aurrekontuetan.
5. artikulua. Eskaerak.
Ordenantza honetan arautzen diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituzte honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiek:
5.1. Irabazi asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak:
a) Sozietatearen egoitza Uharte Arakilen izatea eta jarduera udalerri horretan garatzea gehienbat.
b) Irabazi asmorik gabe eratuak izatea.
c) Elkarte gisa duten xedeak zerikusi zuzena izatea diru-laguntzaren xedearekin; hori frogatzeko, eskaera egitean, beren estatutuak edo funtzionamendu arauak aurkeztuko dituzte.
d) Beren estatutuen edo funtzionamendu arauen bidez frogaturik gelditzea inor deusengatik ez dela baztertzen, eta bereziki, genero arrazoiengatik. Estatutuetan inguruabar hori argitzen ez badute, entitateak 2 hilabeteko epea izanen du bere estatutuak egokitzeko.
e) Agiri bidez frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik dituztela diru-laguntza eskatzen duten egunean. Onaraduna ez badago behartuta aipatu diren aitorpen edo agiri horiek aurkeztera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da baldintza hori betetzen dela.
f) Oinarri arautzaileek aurreikus dezakete diru-laguntzarako eskaera aurkezteak erantsia izatea eskatzaileak Uharte Arakilgo Udalari ematen dion baimena, udalak zuzenean lor dezan aipatu diren betebehar horien egiaztapena.
g) Uharte Arakilgo Udalak lehenago emandako diru-laguntzak justifikatu izana.
5.2. Pertsona fisikoak: Uharte Arakilen erroldaturik egon beharko dute, eta behar diren agiriak aurkeztu, bai ordenantza honetan laguntza mota bakoitzarentzat ezarritako agiriak, bai Udalak berariaz ematen dituen erabaki edo ebazpenetan eskatzen direnak, bai aurrekontua betearazteko oinarrietan diru-laguntzei dagokienez eskatzen direnak.
Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileek Uharte Arakilgo erroldako antzinatasuna ezar dezakete.
5.3. Irabazi asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak; eta, Uharte Arakilen helbiderik izan ez arren, Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak.
5.4. Pertsona edo entitateek ez dute inola ere Uharte Arakilgo Udalaren diru-laguntzarik jasoko, beren xedeek, harrera sistemak, funtzionamenduak, ibilbideak edo jarduketak emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioari kontra egiten badiote.
Orobat, inork ez du diru-laguntzarik jasoko, baldin eta administrazio ebazpen edo epai judizial irmoen bidez soldata-bereizkeriagatik, jazarpen moralagatik edo sexu arrazoiek ekarritako edozein tratu ezberdintasunagatik zehatuak edo kondenatuak izan badira, edo urratzen badituzte Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legean edo Emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipio eta betebeharrak.
5.5. Betiere, diru-laguntza eskatzen duten pertsona edo entitateek aurkezten duten dokumentazioak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Erabiltzen dituen hizkera eta irudiak sexistak ez izatea.
b) Egin beharreko ekintzaren ebaluazioan genero adierazleak erabiltzea.
c) Datuak sexuen arabera bereizirik aurkeztea.
5.6. Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriek ezarri ahal izanen dutenez, diru-laguntza publikoak entitate laguntzaile baten bidez eman edo banatzen ahalko zaizkie onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira entitateak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.
6. artikulua. Diru-laguntza motak eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
Diru-laguntza mota hauek ezarri dira:
6.1. Zuzeneko diru-laguntzak:
Inolako lizitazio prozedurarik tramitatu gabe ematen ahal diren diru-laguntzak dira. Laguntza horiek eman ahal izateko, aurretik Udalaren gastuen aurrekontuan jaso behar dira, izenarekin eta kontsignazio zehatzarekin. Udalaren aurrekontuan horrela jasorik egoteak ez du esan nahi, ordea, onuradunak besterik gabe diru-laguntza hartzeko eskubidea duela, baizik eta Udalak aurrekontuan kontsignaturik dagoen zenbatekoa ematen ahalko diola gehienez ere. Betiere, organo eskudunak erabakia hartu edo ebazpena eman beharko du diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko eta hura emateko baldintzak ezartzeko, eta behar denean lankidetza hitzarmena formalizatuko da.
6.2. Norgehiagokako araubideari jarraikiz ematen diren diru-laguntzak.
Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza bil dezaketen jardueretarako.
Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak diru-laguntzetarako deialdia egin beharko du, eta haiek arautzeko oinarriak onetsi.
6.3. Gizarte Ongizateko laguntzak (presoen ahaideendako laguntzak, Gizarte Lankidetzako proiektuak).
Atal honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzak gauzatzeko, erabaki edo lankidetza hitzarmenak eginen dira. Haietan diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan izan ezik.
7. artikulua. Balorazio irizpideak.
Diru-laguntzak emateko, eta haien zenbatekoa finkatze aldera, kontuan hartuko da aurkeztutako eskabideak zenbateraino betetzen dituen honako baldintza hauek, eskatzaile motaren arabera:
7.1. Irabazi asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak:
–Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren, kirolaren eta abarren aldetik.
–Entitate eskatzailea iraunkorra, egonkorra eta kaudimenduna izatea, proposaturiko jarduera eta programa garatu behar diren alorrean.
–Entitate eskatzaileak beste finantzabide batzuetara jotzeko zailtasun egiaztatua, eta hark dituen baliabide ekonomikoak, eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoarekin alderatuta.–Gauzatu nahi den programaren edo jardueraren originaltasuna.
–Programaren edo jardueraren onura jaso dezaketen pertsonen kopuruaren zenbatespena, sexuen arabera bereizitako datuen bidez emana.
–Egin nahi diren programaren eta jardueren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.
–Dena delako ekintza edo programaren ezaugarri bereziak ikusirik, kasuan kasuko organoak kontuan hartzen dituen gainerako alderdiak.
–Jardueren propaganda eta zabalkundean erabiltzen diren hizkera eta irudiak berdintasunezkoak izatea.–Eskaera egiten duen entitateak berdintasun plana onetsia izatea edo aukera berdintasunean aritzen den entitate laguntzailea izatea.
Orobat, diru-laguntzak ematerakoan onerako baloratuko da elkartearen jardueran partaidetza parekidea izatea arduraren eta ordezkaritzaren maila guztietan, baita generoaren ikuspegia eta aukera berdintasunera jotzeko neurrien ezarpena kontuan hartzen dituzten programak ere.
Bermatu beharko da diru-laguntzen onura jasotzen duten entitateen azterlan, txosten eta argitalpenek eta orobat haien publizitateak bat egiten dutela gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren printzipioarekin, honako alderdi hauetan: sexuaren arabera bereizitako datu estatitistikoen sarrera, hizkuntzaren erabilera ez sexista, irudien tratamendu estereotipatu gabea etab.
Elkarte eta/edo entitate horiek diru-laguntza jaso dezaketen prestakuntza ekintzak egiten dituztenean, onerako baloratuko da emakumeen eskubideak eta aukera berdintasuna defendatzeko helburua duten modulu edo edukiak diseinatzea.
Landa eremuko emakumeen elkartegintza bultzatuko da, haien inguruabar berariazkoak azterturik.
7.2. Pertsona fisikoak: haien egoera ekonomikoa, soziala eta familiarena baloratuko da. Tratamendu berariazkoa duten diru-laguntza motetan ematen diren laguntzak, ordenantza honen 6. artikuluan aipatzen direnak, organo eskudunak haietako bakoitzerako onesten duen baremoaren arabera emanen dira.
Preso dauden pertsonen ahaideendako laguntzak, horretarako onetsitako ordenantzari jarraikiz emanen dira.
Kasu guztietan, eta deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira diru-laguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:
–Jarduerak Uharte Arakilgo Udalarentzat duen interes orokorra.
–Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren, kirolaren eta abarren aldetik.
–Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen denean.
–Egitekoak diren jardueretan zenbat herritarrek parte hartzen duten era aktiboan, eta jardueren eragin soziala.
–Laguntza ekonomikorik gabe nekez gauza litezkeen interes orokorreko jarduerak.
–Antzinatasuna eta esperientzia antzeko proiektuetan, eta eskatzailearen gaitasun teknikoa eta antolaketa eta kudeaketarako gaitasuna.
8. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Deialdi berariazkoa egiten denean, modulu edo zenbatekoak finkatuko dira; ez da gaindituko aurrekontuan horretarako dagoen kontsignazioa eta zehatz beteko da aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa.
Diru-laguntzetarako deialdi, lankidetza hitzarmen eta banakako laguntza guztiei ikuskaritza eta kontu-hartzailetza eginen zaie. Gainera, Udaleko Kontu-Hartzailetzaren aldeko txostena beharko dute.
9. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.
9.1. Eskabideak Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira. Deialdi bakoitzean ezarritako ereduari jarraituz eginen dira, edo ematen diren inprimakiak erabiliko, halakorik denean.
9.2. Entitateek ondoko agiri hauek aurkeztuko dituzte eskabidearekin batera:
–Eskabidea sinatzen duenaren NANaren fotokopia edo entitatearen IFKrena.
–Gauzatu nahi den jardueraren edo programaren proiektua. Bertan zehatz azalduko dira helburuak, parte-hartzaileak, datak eta tokia.
–Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza, zein finantzabide erabiliko diren azaltzen duena (kuotak, emariak...).
–Entitatearen ordezkariaren zinpeko aitorpena, zuzendaritza organoko kideak nor diren eta bazkideak zenbat diren adieraziko duena.
–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duten ziurtagiriak.
–Hura zuzentzen duten estatutuak edo funtzionamendu arauak, non ez diren aurreko deialdietan aurkeztu, salbu eta aldaketa izan dutenean, halakoetan adierazi beharko baita eskabideetan.
–Kasuan kasuko organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri.
Eskabideak behar diren datu guztiak ez baditu edo behar diren agiri guztiak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio hutsuneak zuzen ditzala, eskaera jaso eta 10 eguneko epean, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoarekin bat.
10. artikulua. Eskabideak aurkezteko epeak.
Ordenantza honen aplikazio esparruko edozein diru-laguntza eskatu nahi dutenek ondotik zehazten diren epeetan aurkeztu beharko dute eskabidea:
1. Gizarte Ongizateko laguntzak: ez da eskabideak aurkezteko eperik ezarri.
2. Orokorrean, epea ezarriko da diru-laguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarrietan. Organo eskudunak onetsi beharko ditu oinarriak. Aurretik, kasuan kasuko informazio batzordeak irizpena aurkeztuko du, Udaleko Kontu-Hartzailetzak aldeko txostena eginen du, eta txosten juridikoa ere eginen da, oinarriak Zuzenbidearen araberakoak direla egiaztatzeko.
11. artikulua. Onuradunen betebeharrak:
a) Ordenantza hau betetzea, diru-laguntza duen jardueraren antolaketari dagokion guztian.
b) Jarduera antolatzeak ekar ditzakeen erantzukizunak onartzea eta aseguru poliza egokiak egitea erantzukizun horiek bermatzeko.
c) Diru-laguntza duten jardueren publizitatean, Uharte Arakilgo Udalak laguntza eman duela aipatzea beti. Nahitaezko baldintza izanen da diru-laguntzarekin egin nahi den ekitaldi edo programari buruzko inprimakiak eta gainerako publizitatea euskara hutsez edo euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egotea.
d) Udalak lehenago emandako diru-laguntzen justifikazioa; justifikazio horren falta diru-laguntza gehiago ez emateko arrazoia izanen da.
e) Udalak egin lezakeen edozein egiaztapen onartzea.
f) Beste administrazio batetik edo beste erakunde publiko zein pribatu batetik helburu bererako laguntzarik edo diru-laguntzarik jaso badute, Udalari horren berri ematea.
g) Udalarekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.
12. artikulua. Diru-laguntzaren justifikazioa.
Diru-laguntza jasotzen duten pertsonek edo entitateek kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoko abenduaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dute.
12.1. Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak:
1. Egindako jardueren gaineko txostena. Bertan azaldu eta ebaluatu behar dira lortu diren helburuak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeari dagozkionak barne.
2. Jatorrizko fakturak eta horien fotokopiak, Udaleko zerbitzuek egiaztatu ditzaten. Diru-laguntzaren xedea betetzeko egindako gastuak bakarrik onartuko dira justifikazio gisa eta ez beste gasturik.
3. Diru-sarreren eta gastuen balantzea edo, hala denean, kontuen justifikazio egoera.
4. Egokitzat jotzen bada, diru-laguntza duen jarduera garatzean edo garatzeko prestatutako agiri grafikoen ale bana, hau da, egitaraua, iragartzeko kartela, argazkiak eta gainerakoak. Agiri horietan guztietan Uharte Arakilgo Udalaren babesaren aipamena agertu behar da.
5. Beste erakunde batzuek diru-laguntza emateko hartutako erabakien fotokopiak, baldin eta Udalbatza honi diru-laguntza eskatu zitzaionean ezin aurkeztu izan baziren.
6. Emandako diru-laguntza osoa edo zati bat gastatu gabe edo ezarritako xedeetarako erabili gabe gelditu bada, Udalari itzuli beharko zaio.
7. BEZaren aitorpena aurkeztu behar duten entitateei ordainketak egiten zaizkienean, justifikazioari faktura edo fakturaren kopia erantsi beharko zaio.
8. Langileen ordainagiriak justifikazio gisa aurkezten badira, nominen kopiak aurkeztuko dira, edo burututako gastuaren zinpeko ziurtapena.
12.2. Pertsona fisikoak: Udalak berariazko araubideak ezarri dizkien laguntzen kasuan, pertsona fisiko onuradunek araubide horietan zehaztutako moduan justifikatuko dituzte diru-laguntzak. Gainerakoan, deialdi bakoitzean ezarritakoa beteko da.
Edonola ere, organo kudeatzailearen txostena jasoko da, non egiaztatuko baita bete direla diru-laguntzaren helburuak.
13. artikulua. Diru-laguntza itzuli beharra.
1. Onuradunek diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko dute ondotik azaltzen direnak gertatzen direnean:
–Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.
–Aurreko artikuluan aipatzen diren agiriak ez aurkeztea horretarako ezarritako epean.
–Proiektua aurkezturik eta diru-laguntza jasorik, proiektuko jarduerak gauzatu gabe uztea.
–Batera ezinak diren diru-laguntzak aldi berean jasotzea.
–Nahitaez onartu behar diren egiaztapenak ez onartzea edo oztopatzea.
–Publizitateko agirietan Uharte Arakilgo Udalaren babesaren edo laguntzaren aipamenik ez agertzea, eta/edo diruz lagundutako programa edo ekintza euskaraz edo ele bitan idatzita ez egotea.
–Beste kasu batzuk, berariazko arau edo oinarrietan arautuak.
2. Diru-laguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aurretik espedientea instruituko da eta bertan, kasuan kasuko organo kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, behar diren txostenak eta frogak bilduko dira, baita pertsona edo entitate onuradunaren alegazioak ere, halakorik badago.
3. Ebazpena pertsona edo entitate interesdunari jakinaraziko zaio. Diru-sarrera egiteko tokia, modua eta epea adieraziko zaizkio, eta ohartaraziko zaio itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bidezko diru-bilketa prozedura aplikatuko dela.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.–Kasuan kasuko informazio batzordeak diru-laguntza duten jardueren jarraipena eginen du, eta noiznahi eskatu ahal izanen ditu egokitzat jotzen dituen argibideak edo agiriak.
Bigarrena.–Dagokion organoaren eskumena izanen da, kasuan kasuko batzordearen txostena eta/edo irizpena ikusi ondoren, ordenantza hau interpretatzea eta sortzen dituen zalantzak argitzea.
Hirugarrena.–Ordenantza honetan arautzen diren diru-laguntzak emateak ez dakar berarekin diru-laguntza hartzen duen pertsonak edo entitateak Uharte Arakilgo Udalarekin kontratu bidezko lotura izatea, ez zibila, ez lan-arlokoa, ez administratiboa edo bestelakoa.
Laugarrena.–Uharte Arakilgo Udalak beste administrazio publiko batzuekin eta mota guztietako erakundeekin sinatutako hitzarmen edo berariazko erabakien itzalpean diru-laguntzak ematen baditu, halako diru-laguntzei ez zaie ordenantza hau aplikatuko. Halaber ordenantza hau ez da aplikatuko Udalak diru-laguntzak ematen dituenean, betiere legeari loturik, bere eskumeneko arloetan udal ekimeneko programak gauzatu edo jarduerak egin daitezen.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratutakoan hartuko du indarra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: L1702243
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
