2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MÉLIDA
Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena
Melidako Udalak, 2016ko martxoaren 15ean egin osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantzako aldaketa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2016ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 31an, argitaratu zen eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.
Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.
Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Melidan, 2017ko otsailaren 7an.–Alkate udalburua, José María Sesma Aznarez.
UDAL ORDENANTZA,
MERKATARITZA EZ-EGONKORRA ARAUTZEN DUENA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea Melidako merkataritza ez egonkorra arautzea da, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legeak Nafarroako toki entitateei esleitzen dizkien arauzko ahalmenak garatuz.
2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, merkataritza ez egonkorra da merkatariek ohiko saltoki egonkorretatik kanpo, instalazio desmuntagarrietan, aire zabalean, edo denda-ibilgailuetan egiten dutena, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean eta udal ordenantza honetan ezarri baldintzei jarraikiz.
3. artikulua. Halako produktu baten araudiak haren salmenta debekatzen badu, ez da inolaz ere hura saltzeko baimenik emanen.
Halaber, debekaturik dago honako hauek saltzea: haragia, hegaztiak eta ehizaki freskoa, hotzetan nahiz izozturik, zezina, arrautzak, arraina eta itsaski freskoak, hotzetan nahiz izozturik; esne ziurtatua, pasteurizatua eta esneki freskoak; pastelak eta opilak, beteak zein apainduak; elikadurako pasta freskoak, beteak eta erdikontserbak; eta haien ezaugarri bereziengatik eta agintari eskudunen ustez osasun arriskua duten produktu guztiak.
Dena dela, baimena eman ahalko da aurreko lerroaldean aipatu produktuak saltzeko, baldin eta osasun agintari eskudunen ustez behar diren instalazioak badaude garraiatu eta hotzik edukitzeko.
Urdaiazpiko eta hestekiak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ukituko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazgaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean. Horietan, datu orokorrez gainera, aipatu produktuak ongi identifikatzeko balio dutenak ere azalduko dira.
Ikuskatzailetza zerbitzuek salgai jartzea debekatuko dute edo, bestela, dekomisatuko, ibilgailuari edo eskaintzari dagozkion higiene arauak betetzen ez dituzten produktuak, osoki identifikatzen zailak direnak edo narrioren bat ageri dutenak.
Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beraiendako ezarri osasun araudia beteko dute, eta ontzietan sartu eta etiketatuko dira, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.
Erabat debekatuta egonen da gauzak herrian kalez kale saltzea.
4. artikulua. Merkatari ez egonkorrek baldintza hauek bete beharko dituzte beti:
a) Alta emana izatea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan edo Lizentzia Fiskalean, dagozkien epigrafeetan.
b) Kasuan kasuko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak beteak izatea.
c) Alta emana izatea Gizarte Segurantzan dagokion araubidean eta ordaindu beharreko kuotak ordainduak dituela frogatzea.
a) Toki entitatearen baimena izatea, saltokian agerian egonen dena.
e) Erregelamendu tekniko-sanitarioek eta gainerako xedapen aplikagarriek merkaturatzen diren produktuen gainean eskatzen dituzten baldintzak betetzea.
f) Atzerritarren kasuan, bizileku-baimena eta lanean beren kontura aritzeko baimena izatea, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.
g) Salgai diren produktuek dituzten fabrikazio eskasiari edo ezkutuko produkzioari buruzko inguruabarrak kontsumitzaileei argi ikusteko moduko kartelen bidez adieraztea.
h) Behar adinako dokumentazioa izatea, salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria egiaztatzen dituena.
i) Elikagaiak salduz gero, janari erabiltzaileen karneta izatea, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu teknikoek emana.
j) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, baimendutako instalazioetan gerta daitezkeen ustekabeko arrazoi edo ezbeharrak direla eta, hirugarrenek izan dezaketen kaltea estaliko duena.
5. artikulua. Kasuan kasuko tasak ordainaraziko dira, eremu publikoa okupatzea arautzen duen ordenantzan ezarritakoaren arabera.
Baimena eskuratu ahal izateko, aurretik behar den tasa ordaindu beharko da Diruzaintzan.
II. TITULUA
Merkatu txikiak
I. KAPITULUA
Jardueran aritzeko baldintzak
6. artikulua. Merkatu txikietako kaleko salmenta hilabeteko astelehen guztietan eginen da.
7. artikulua. Salmenta ordutegia 8:00etatik 14:00etara izanen da eta 9:00ak baino lehen ibilgailuak merkatu txikiko eremutik kanpo egon beharko dira.
8. artikulua. Foruen plazan eginen da merkatu txikia. Udalak merkatu txikiaren kokapena alda dezake, hirigintza, osasun, edo beste arlo bateko baldintza edo beharretan oinarrituz.
Merkatu txikiak postu finkoak eta noizbehinkakoak izanen ditu. Postu finkoen kopurua Udalean urtero horretarako egiten diren eskaeren araberakoa izanen da, ondorengo kapituluan ezarritakoaren arabera.
9. artikulua. Udalaren osoko bilkurak eskubidea izanen du aurreko bost artikuluetan ezarritako baldintzetako edozein aldatzeko, komenigarritzat jotzen duenean.
Udalak, aldaketa behin betikoa eta denbora mugarik gabea denean, ordenantzak aldatzeko prozedura erabili beharko du.
II. KAPITULUA
Merkatu txikian saltzeko banakako baimenak
10. artikulua. Alkatearena da banakako baimenak emateko eskumena, herriko merkatu txikian salmenta lanetan jardun ahal izateko.
11. artikulua. Banakako baimenak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira, eta urtebeterako indarra izanen dute.
Baimenean adieraziko direnak: nor den titularra, indarraldia, saltokiaren neurria, baldintzak eta kokalekua eta salmentarako baimena duten produktuak.
Ibilgailu egokietan baimendutako salmentetan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.
Kamioi-dendetan nahiz saltokietan aritzeko baimena dagoenean, salmahaien gehieneko azalera bederatzi (9) metro koadrokoa izanen da.
Ordenantza honen 3. artikuluaren 2. paragrafoan aipatzen diren produktuetakoren bat edo batzuk saltzeko baimena eskatuz gero, osasun agintari eskudunek egiaztatuko dute ea eskatzaileak produktuak garraiatu eta hotzean edukitzeko dituen instalazioak egokiak diren, produktuak baldintza higieniko-sanitario egokietan egon daitezen. Osasun arloko agintarien ustez egiaztapen horretarako behar diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte merkatariek.
12. artikulua. Urtero, azaroan, 15 egun balioduneko epea zabalduko da merkatari interesdunek merkatu txikian salmenta egiteko banakako baimenak eska ditzaten; bai postu finkoekin interesa dutenek, baita noizbehinkako postuekin interesa dutenek ere.
Edozein unetan eskatzen ahal dira baimenak, baldin eta emanda daudenak baimen daitezkeenak baino gutxiago badira.
13. artikulua. 1. Eskatzaileek agiri hauek erantsiko dizkiote eskabideari:
a) NANaren fotokopia.
b) Udalaren ziurtagiria, eskatzailea Jarduera Ekonomikoen Zergan edo Lizentzia Fiskalean, behar diren epigrafeetan, alta emanda dagoela eta zerga betebeharrak beterik dituela frogatzeko.
c) Gizarte Segurantzan dagokion araubidean alta emanda dagoela erakusten duen ziurtagiria.
d) Atzerritarra baldin bada, bizileku-baimena eta lan egiteko baimenaren fotokopia.
e) Janari erabiltzaileen karnetaren fotokopia, elikagaiak saltzen dituztenen kasuan.
2. Merkatariek eskabidean adieraziko dute merkatu txikian zein produktu saltzeko baimena eskatzen duten.
3. Merkataria udalerrian helbideratuta badago, horixe adieraziko du eskabidean.
14. artikulua. Merkatu txikian postu finkoa eskuratzeko lehentasuna izanen dute Udalerrian helbideratuak dauden merkatariek, gainerako merkatariek urteroko baimenagatik eskuratutako eskubideen kaltetan izan gabe.
Noizbehinkako postuak astelehenero iritsiera-ordenaren arabera esleituko dira.
Edozein kasutan, postu finkoen eskaerak baimentzen ahal diren postuak baino gehiago badira, Udalerriak edozein dela kausa libre geratu diren postuak esleipen-hartzaile izatea lortzerik izan ez dutenen artean zozketatu beharko ditu.
III. KAPITULUA
Baimena eskuratzen duten merkatarien betebeharrak
15. artikulua. Banakako baimenen titularrak, 4. artikuluko baldintzak betetzeaz gain, behartuta daude ondokoak ere betetzera:
a) Salgai dauden produktuak lurretik laurogei zentimetrotara gutxienez jartzea, haien tamainak eta pisuak horretarako bide ematen badute.
b) Esleitutako saltokian ohikotasunez egotea. Merkatu txikira 6 egunez tartekatuta, edo 3 egunez jarraian, agertzen ez denari, alkateak lizentzia kentzen ahalko dio.
c) Salmenta orduetan postuan egotea.
b) Beraiek eta laguntzaileak txukun agertzea saltokian eta saltokiak ahalik eta garbien edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, ia pisurik ez duen papera erabili beharko dute, salgaiek pisuak eta balantzak uki ez ditzaten.
e) Esleitutako postua garbi izatea, eta saltzeko orduak bukatutakoan garbitzea.
f) Saltzeko orduak bukatuta, bildukiak eta erabili eta botatzeko ontziak (plastikozko poltsak, pertxak, zapata-kaxak, etab.) horretarako jarritako zaborrontzietan sartu behar dira.
g) Ezin da etengabeko asotsik sortu bezeroen arreta eskuratzeko, ez merkatuan, ezta herriko gainerako kaleetan ere.
III. TITULUA
Noizbehinkako merkataritza ferietan eta festetan
16. artikulua. Udalaren osoko bilkuraren eskumena da salmentarako baimena ematea herriko feria eta festetan. Udalak garaiz onetsiko ditu salmentarako baldintzak. Zehatz-mehatz, honako hauek ezarriko ditu: merkatarien kokalekua, salmentarako orduak, saltokien gehieneko kopurua eta horiek zer baldintza bete behar duten.
17. artikulua. Herriko jai eta ferietan salmentan aritzen diren merkatariek ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
Halaber, debekaturik dago 3. artikuluan aipatutako produktuak saltzea, baina saltzaileak haietarako baimena eska dezake berariaz.
18. artikulua. Baimen eskabideak Udaletxean aurkeztuko dira, Udalak berak ezarritako epearen barrenean. Eskatzaileek 15. artikuluan adierazitako dokumentazioa beharko dute aurkeztu eskaerarekin batera.
Feriak edo festak irauten duen bitartean baizik ez dute balioko baimenek.
IV. TITULUA
Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan
19. artikulua. Alkateak emanen du baimena denda-ibilgailuan merkataritzan aritzeko, aldez aurretik merkatariak 15. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztuz.
Saltzen diren produktuak 3. artikuluan aipatutakoetakoak badira, baimena izan dezaketenak alegia, baimen hori eman baino lehen merkatariak osasun agintari eskudunei frogatu beharko die produktuak garraiatu eta hotzean edukitzeko instalazio egokiak dituela.
Salmenta ordutegia eta ibilgailua non kokatuko den zehaztuko ditu baimenak.
20. artikulua. Denda-ibilgailuko merkatariek uneoro bete beharko dituzte 4. artikuluan ezarritako baldintzak.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
21. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Melidako alkatearen baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea.
b) 13/1989 Foru Legearen aginduak edo ordenantza honek jasotakoak ez betetzea, arau-hausteen beste bi kategorietan sailkatutakoak izan ezik.
22. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste larriak:
a) Arau-hauste arina berriro egitea.
b) Merkataritzako gaiak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.
c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibideak ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.
23. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Arau-hauste larriak berriro egitea.
b) Toki entitatearen baimenik gabe aritzea.
c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, hertsatzea edo mehatxatzea.
24. artikulua. Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 90,15 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
Arau-hauste larriak 90,16 eurotik 150,25 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
Arau-hauste oso larriak 150,26 eurotik 300,51 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, zein den kasua, saltzeko baimena aldi baterako kenduko da, edo baliorik gabe utziko.
Salgaiekin badaezpadako neurriak hartuko dira, haiek ikuskatu ondoren, merkaturatzeko behar diren baldintzak betetzen ez dituztela uste denean; konfiskatu eginen dira, agintari eskudunaren ustez osasunarentzat arriskua sortzen badute, edo merkatariak produktua saltzeko baimenik ez badu.
25. artikulua. Prozedura aldetik, indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio zehapen espedienteak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.
Bigarrena.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
ERANSKINA
Tarifak
–Tarifa honakoa da: 3 euro salmenta eguneko, 7 metro luze eta 3 metro zabaleko azalera erabiltzeagatik. Hortik gorako metro bakoitzeko euro bat gehiago ordainduko da.
–Postu finkoek tarifa bera izanen dute, baina kasu honetan hiruhilekoa aldez aurretik ordaindu beharko da. Urtarrila, apirila, ekaina eta iraila aurreko lehenengo astelehenean aldez aurretik tarifak ordaintzen ez dituzten merkatariek, hiruhileko horretarako postuaren erreserba galduko dute. Urte berean behin baino gehiagotan gertatuz gero, behin betiko galduko dute.
Iragarkiaren kodea: L1702276