57. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

67/2017 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten duena 2017. urtean.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 54. artikuluan, goi mailako arte ikasketetan sartzeko modua aurreikusten du baldintza akademikoak ez dituztenentzat: hezkuntza administrazioek araututako sarrera proba gainditzea.

Orobat, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako goi mailako arte ikasketak antolatzen dituen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak eta maiatzaren 14ko 631/2010, 632/2010, 633/2010, 634/2010 eta 635/2010 Errege Dekretuek (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako goi mailako ikasketa artistikoen oinarrizko edukiak arautzen dituztenak musikako graduan, dantzako graduan, diseinuko graduan, arte dramatikoko graduan eta kultur ondasunen kontserbazio eta berriztapeneko graduan, hurrenez hurren) goi mailako arte ikasketetan sartzeko modua arautzen dute, eta ezartzen dute ezen hezkuntza administrazioek proba bat arautu eta antolatuko dutela ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten hemeretzi urtetik gorako izangaientzat, Batxilergoko helburuetarako heldutasuna eta ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupideak, trebetasunak eta jarrerak dituztela frogatzeko.

Ebazpen honen bidez, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten da eta haren oinarriak eta sei eranskinak onesten dira.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko.

Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabili ahal izanen dira, Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura joz. Zerbitzu hori Santo Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean.

Berariaz horrela adierazten duten pertsonek kontra egiten ahalko diote beren datuak tratatzeari, bidezko arrazoi oinarrituak badituzte.

Ikusita Arte Ikasketetarako Atalak heldutasun proba egiteko deialdiaren alde emandako txostena, eta deialdiaren epeak, inskripzioak eta, oro har, heldutasun proba garatzeko arauak finkatzearren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun probarako deia egitea. Proba 2017. urtean eginen da eta haren oinarriak ebazpen honen eranskinetan agertzen dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Modernizazio eta Araubide Administratiboaren Atalera, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Informazioaren Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atalera, eta Eskolatze Bulegora igortzea ebazpen hau eta eranskinak, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2017ko martxoaren 8an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Oinarriak

ALDERDI OROKORRAK

1.–Probaren ezaugarriak.

1.1. Hiru gai hauek osatuko dute goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba:

–Gaztelania edo euskara.

–Artearen Historia edo Espainiako Historia.

–Atzerriko hizkuntza: ingelesa edo frantsesa.

Heldutasun proba osatzen duten gaien edukiak eta curriculum-erreferentziak ebazpen honen II. eranskinean biltzen dira.

1.2. Gaztelaniako ariketa eta Euskarako ariketa gaztelaniaz eta euskaraz erantzun beharko dira, hurrenez hurren, zein den ere proba egiteko aukeratu den hizkuntza.

1.3. Atzerriko Hizkuntzaren ariketa kasuan kasuko atzerriko hizkuntzan erantzun beharko da.

1.4. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahalko da. Izangaiak inskripzioa egiten duenean aukeratu beharko du probaren hizkuntza.

1.5. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko ezarritako baldintza akademikoen ordezko heldutasun proba gainditzeak ikasketa horietan sartzeko aukera ematen du. Horretarako, gainera, berariazko proba gainditu beharko da, frogatzeko norberak badituela behar diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak, ikasketa horiek aprobetxamenduz egiteko.

1.6. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba gainditzeak aukera ematen du Arteen modalitatean goi mailako zikloetan sartzeko probaren zati komuna egitetik salbuesteko, betiere lanbide heziketako, arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloetan eta kirol irakaskuntzen zikloetan sartzeko probetarako urtero deialdia egiten duen ebazpenean ezarritakoari jarraituz.

1.7. Heldutasun proba gaindituz gero, Estatuko lurralde osoan izanen du balioa.

1.8. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoen ordezko heldutasun proban egokitzapenak eska ditzakete hauek:

–Desgaitasunen bat frogatzen duten pertsonak. Izena emateko eskabidean proba egiteko eskatzen den egokitzapena adierazi beharko da.

–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztela egiaztatzen duten pertsonak, ikasteko nahasmenduak eta arreta-defizitaren nahasmendua eta hiperaktibitatea izateagatik. Egokitzapenak Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 5.7 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

1.9. Honako hauek dira proban inskribatzeko tasak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz (lege hori aldatu egin zen, abenduaren 30eko 1621/2005 Errege Dekretuarekin loturik –haren bidez Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen erregelamendua onetsi zen–, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 20/2011 Foru Legearen bidez), bai eta Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa Emateko irailaren 22ko 29/2011 Legeari jarraituz ere:

–Proban inskribatzea: 18 euro.

–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 9 euro.

–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia) eta ekintza terroristen biktimak, baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere: doakoa.

2.–Izena emateko baldintzak.

2.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoen ordezko heldutasun proban inskribatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Goi mailako arte ikasketetan zuzeneko sarbidea ematen duen titulazio akademikoa ez edukitzea.

–19 urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.

2.2. Heldutasun probarako izena emateko unean frogatuko da hartarako behar diren baldintzak betetzen direla.

3.–Izen-ematea.

3.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban inskribatzeko epea 2017ko apirilaren 6tik 12ra arte izanen da, biak barne.

3.2. Inskripzioa honela egiten ahalko da:

–Bertaratuta: Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 7koa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan, eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da. Izangaiak, aurkezpenaren egun berean, ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, igorpenaren gordailu eguna egiaztatzen duen agiriaren kopiarekin batera.

–Telematika bidez, on line, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” fitxatik abiatuta, helbide honetan baitago:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/6311/Prueba-de-madurez-para-las-ensenanzas-artisticas-superiores-2017 Horretarako beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea.

3.3. Izangai bakoitzak izena emateko eskabide bakarra bete beharko du, aurreko atalean aipatutako “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” fitxan agertzen diren ereduei jarraituz. Inskripzio eskabide horien edukia ebazpen honen III. eranskinean ezarritakoa da.

Heldutasun probarako inskripzioa bikoizturik eginez gero, izangaia ez da prozesuan onartuko.

4.–Dokumentazioa.

4.1. Izangaiek dokumentazio hau erantsi beharko diote izena emateko eskabideari:

a) Nahitaezko dokumentazioa:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, atzerritarren identifikazio txartelaren, pasaportearen, nortasuna frogatzen duen bidaia agiriaren edo bisaren fotokopia, bi aldeetatik.

–Heldutasun probetan izena emateko tasaren kontzeptu gisa ezarritako diru kopurua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan sartu izanaren gordekina.

–Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena.

b) Egokitzapenetarako dokumentazioa:

–Desgaitasunaren egiaztagiriaren fotokopia.

–Ikastearen nahasmenduak eta arreta-defizitaren nahasmendua eta hiperaktibitatea izateagatik, hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleei buruzko txosten eta agiriak, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 5.7 artikuluan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz.

c) Salbuespenerako dokumentazioa:

–Ez da agiririk aurkeztu behar, koordinazio epaimahaiak ofizioz egiaztatuko baitu.

4.2. Arte Ikasketen Atalak honako agiri hauek bidaliko dizkio proben koordinazio epaimahaiari, 2017ko apirilaren 28a baino lehen:

–Desgaitasuna dela-eta proban egin nahi diren egokitzapenen eskaerak, eta bakoitzari dagokion egiaztagiria.

–Ikastearen nahasmenduak (IN) eta arreta-defizitaren nahasmendua eta hiperaktibitatea (ADNH) izateagatik, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten izangaien probetan egokitzapenak egiteko eskaerak, eta bakoitzari dagokion egiaztagiria. Eskaera horiek aldeko txosten bat beharko dute, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalarena.

–Proba egitetik salbuesteko eskariak, frogatzeagatik heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinetan zati komuna gainditua duela, 2008. urtetik aurrera (urte hori barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean.

5.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

5.1. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak (horietan adieraziko dira baztertzeko arrazoiak) 2017ko maiatzaren 9an argitaratuko ditu Arte Ikasketen Atalak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean.

Orobat, izangaiek eskatutako proba egokitzapenak ebatziko dira zerrenda horietan, bai eta eskatutako salbuespenak ere.

5.2. Erreklamazioak egiten ahalko dira, maiatzaren 10etik 12ra bitarte, biak barne, eranskin honen 3. oinarrian agertzen diren tokietan. Horretarako, IV. eranskineko eredua erabili behar da.

–Onarpenaren kasuan, Arte Ikasketen Atalera zuzenduko dira.

–Egokitzapenen kasuan, probak koordinatzen dituen epaimahaiaren buruari zuzenduko zaizkio.

5.3. Erreklamazioak ebatzirik, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak 2017ko maiatzaren 19an argitaratuko dira Hezkuntza Departemantuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean.

Izangaiei dagozkien proba egokitzapenak ebatziko dira zerrenda horietan, bai eta heldutasun probatik salbuestekoak ere. Orobat, zerrenda horietan izangaien banaketa, epaimahaien araberakoa, agertuko da, baita zein ikastetxetan eginen den ere goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba.

6.–Salbuespenak.

6.1. Heldutasun proba egitetik salbuetsia izatea nahi duten izangaiek berariaz adierazi beharko dute izena emateko eskabidean. Era berean, ondoko betebehar hau betetzen dutela egiaztatu beharko dute, eta, horretarako, izena emateko eskabidearekin batera, taula honetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu:

SALBUESTEN DEN ZATIA

FROGATU BEHARREKO BALDINTZAK

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Heldutasun probatik salbuetsita egotea

Heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditua izatea 2008. urtetik aurrera (urte hori barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean. 19 urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea

Ez da agiririk aurkeztu behar, koordinazio epaimahaiak ofizioz egiaztatuko baitu

6.2. Heziketa zikloetan sartzeko proben epaimahaiak ebatziko ditu salbuespenak.

7.–Heldutasun probaren kalifikazioa eta balorazioa.

7.1. Heldutasun probaren gai bakoitzari 0tik 10era bitarteko kalifikazioa emanen zaio.

7.2. Probaren gaietan lortutako batez besteko nota aritmetikoa, 0tik 10era eta bi zifra hamartarrekin adierazia, izanen da goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probaren azken kalifikazioa, eta 5 puntu edo gehiago lortu beharko dira gainditzeko.

8.–Probak egiteko egutegia.

8.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba 2017ko maiatzaren 30ean eginen da, V. eranskinean adierazitako ikastetxean.

8.2. Proba egiteko, aldean izan behar da nortasun agiri nazionala, pasaportea, nortasuna egiaztatzen duen bidaia agiri bat, bisa edo atzerritarren identifikazio txartela, eta, horretaz gain, ariketak egiteko behar den materiala.

Informazio hori argitara emanen da, izangaiak geletan nola banatuko diren adierazita, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean.

8.3. Heldutasun probaren ariketatarako deia 2017ko maiatzaren 30eko 15:30ean eginen da, eta hara joanen dira izangaiak heldutasun probako gaien ariketak egiteko.

Heldutasun probaren ariketak honela eginen dira:

PROBA

DEI EGITEKO ORDUA

GAIA

ARIKETAREN IRAUPENA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoen ordezko heldutasun proba

15:30

Gaztelania edo euskara

Ordu 1

Espainiako Historia edo Artearen Historia

Ordu 1

Atzerriko Hizkuntza (ingelesa edo frantsesa)

Ordu 1

8.4. Ariketaren bat egitera aurkezten ez diren izangaiak “ez aurkeztutzat” joko dira ariketa horretan, eta, batez besteko nota kalkulatzearen ondorioetarako beharrezkoa denean, ariketa horren puntuazioa 0 izanen da.

9.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.

9.1. Emaitzak argitaratuko dira proba egin den ikastetxean eta Hezkuntza Departamentuko web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean, jarraian adierazten diren egunetan:

Behin-behineko emaitzak

2017ko ekainaren 9a

Erreklamazioak

2017ko ekainaren 12tik 14ra, biak barne

Behin betiko emaitzak

2017ko ekainak 26a

9.2. Emaitzei buruzko erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Santo Domingo kalea, 8), koordinazio epaimahaiko buruari igorriko zaion idazki baten bidez, IV. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa, eta hark dagokion ebaluazio epaimahaiari igorriko dio.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatuta, dagokion epaimahaia bilduko da haiek aztertu eta ebazteko.

9.3. Emaitzen behin betiko aktak jendaurrean jartzearekin betetzat joko da ebaluazio epaimahaiek eta proben koordinazio epaimahaiak ebazpenen eta horien ondoriozko egintzen aurka aurkeztutako erreklamazioen gainean hartzen dituzten erabakien berri emateko prozedura.

10.–Egiaztagiriak.

10.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba gainditzen duenak eskubidea izanen du ziurtagiri bat, V. eranskineko ereduaren araberakoa, jasotzeko. Gai dela adieraziko da bertan, eta zein kalifikazio, bi zifra hamartarrekin adierazia, lortu duen.

10.2. Interesdunek heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiria jaso ahalko dute Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalean, 2017ko ekainaren 28tik aurrera.

11.–Epaimahaien osaera eta eginkizunak.

11.1. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 15eko 29/2017 Ebazpenean ezarritako sarrera proben koordinazio epaimahaia izanen da heldutasun probaren koordinazio epaimahaia. Izan ere, ebazpen horren bidez egin da deialdia 2017. urtean lanbide heziketako eta arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloetan sartzeko, bai eta kirol ikasketetan ere.

Probak koordinatzeko epaimahaiak, aipatu ebazpenean adierazitako eginkizunez gain, probak egin eta ebaluatzeko prozesua antolatuko du eta proben garapenarekin lotura duen oro kudeatuko du, honako hauekin lotura duena izan ezik:

a) Hezkuntza Departamentuko web orrian izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, eta horiei buruz aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.

b) Heldutasun probetan onartuak izateko epez kanpo aurkezten diren eskaerak ebaztea.

Eginkizun horiek Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalak hartuko ditu bere gain.

11.2. Ebaluazio epaimahaiek eta Hezkuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 15eko 29/2017 Ebazpenean aipatzen diren aholkulariek heldutasun probari lotutako eginkizunak dituzte, ebazpen horretan sarrera-probetarako aipatutakoez gain.

12.–Errekurtsoak.

12.1. Ebaluazio epaimahaiek eta koordinazio epaimahaiak ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, emaitzen behin betiko aktak argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12.2. Deialdi honen, bere oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, ebaluazio epaimahaiek edo koordinazio epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun
probaren gaien edukiak, egitura eta garapena

Curriculumari buruzko oinarrizko erreferentziak:

–Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroaren curriculuma, urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenaren bidez arautua (2009ko abenduaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Batxilergoko curriculuma, apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuaren bidez arautua (2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), jakintza arlo hauekin lotuta:

Edukiak eta garapena:

Batxilergoko erreferentziako gaiak: Gaztelania I edo Euskara I; Atzerriko Hizkuntza I (Ingelesa edo Frantsesa); Espainiako Historia edo Artearen Historia.

Gaztelania/Euskara:

Proba honen abiaburua idatziz emanen den gai bati buruzko informazioa izanen da. Informazio horretatik abiatuta izangaiak ondoko gaitasuna duela erakutsi beharko du:

–Aurkeztu den informazioa ulertzea eta testuari egokitzen zaion izenburua jartzea.

–Informazioa era sinbolikotik beste espresio mota batera transferitzea eta hitzezko forma batetik beste batera.

–Osagarria eta funtsezkoa bereiztea; halaber, ondorioak eta gertakizunak bereizteko gai izatea, kausak eta ondorioak ere bai, bilatzen duten helburua eta bitartekoak, etab.

–Akats logikoak edo informaziozkoak atzematea.

–Jaso den informazioa antolatzea eta horrekin material berriak prestatu edo osatzea, hala nola, editorial bat, eskutitza, txostena, narrazioa, etab.

–Testu idatzi bat edukiaren arabera epaitzea, bai eta okerreko oinarrietatik abiatuz eskuratu diren ondorio faltsuak atzematea ere.

–Testuari lotuta dauden gizartearen eta kulturaren arloko galderei erantzutea.

Espainiako historia:

Bi ariketa proposatuko dira, izangaiek bat aukera dezaten; testu bat izanen da, Espainiako Historiari dagokion gai bati buruz, urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako prestakuntza ikastaroaren curriculumaren araberakoa; ariketa honen bidez, izangaiak gaitasun hauek erakutsi beharko ditu:

–Testuaren ideia nagusiak laburtzea.

–Testuan ageri diren kontzeptu batzuen esanahia azaltzea, kontzeptu horiek historiarekin lotuta.

–Gai horren inguruko galderak erantzutea.

–Gaiaren inguruko ezagutzari buruzko bizpahiru galderari erantzutea.

Artearen historia:

Iruzkinak idaztea proposatzen diren irudiei buruz gai horretan batxilergoko curriculumean (maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretuan arautua) ezartzen diren edukiei lotuta.

Atzerriko Hizkuntza (Ingelesa edo Frantsesa):

Proba honen abiaburua zailtasun ertaineko informazioa izanen da, ingelesez edo frantsesez; informazio hori idatziz emanen da. Hortik abiatuta hautagaiak ondoko gaitasuna izan beharko du:

–Aurkeztu zaion informazioa ulertzea.

–Jariotasun eta zuzentasun egoki samarrez aritzea idatziz.

III. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoen ordezko heldutasun proban izena emateko eskabidea.

IV. ERANSKINA

Erreklamaziorako inprimakia.

V. ERANSKINA

Heldutasun proba egiteko ikastetxea

–Proba egiteko ikastetxea. Iruñeko Arte Eskola, 15:30ean.

VI. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoen ordezko heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiria.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1703088