57. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

158E/2017 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, txikizkako merkatari ekintzaileei diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia onesten duena.

Gaur egun, Nafarroako Txikizkako Merkataritza Hurbila Bultzatzeko IV. Plana (2017-2020) prestatzeko fasean dago, eta, plan hori izan bitarte, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren iritziz funtsezkoa da mantentzea txikizkako merkataritzako enpresa berriek enpresa inbertsioa egin dezaten sustatzeko aurreikusitako diru-laguntzak, behar diren aldaketak eginez, aurreko urteetako diru-laguntza deialdietan pilatutako esperientziaren ondorioz.

Plan horretan aurreratzen denez, Nafarroako merkataritzaren egoerari buruzko diagnosia aztertuta, lau helburu estrategiko ezarri dira, eta horietako bat Nafarroako merkataritza egitura sendotzea da, besteak beste, txikizkako merkataritzaren sektorean ekintzailetza bultzatuz.

Diru-laguntzak emateko deialdi hau Nafarroako II. Ekintzailetza Planak (2017-2019) jasotzen du, zehazki, “Negozio berrietarako diru-laguntzak” izeneko 21. ekintzak, zeinaren helburua baita hazkunde ekonomikoa bultzatzea; helburu hori duten jarduketetako bat enpresen sorrera sustatzea da, kasu zehatz honetan txikizkako merkataritzaren arloan. Era berean, deialdi hau bat dator Nafarroako Lan Autonomoaren lehen Planarekin (2017-2020) ere, Nafarroako txikizkako merkataritzaren sektoreko enpresa gehienak autonomoek zuzentzen dituztelako.

Deialdiaren helburua da txikizkako merkataritza jarduera sustatzea, sektorean enpresaburu berriak sartzea eta enplegua sortzea, txikizkako merkatari ekintzaileei laguntzeko jarduketen bidez.

Deialdi honetako diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidearen bitartez emanen dira. Hortaz, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Horrela, aurrekontuko baliabideak bukatutakoan, gainerako eskaerak ezetsiko dira.

Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiari diru-laguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramita dezan.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Txikizkako merkatari ekintzaileei diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 90.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela zehaztuta, laguntzen ahal diren proiektu moten arabera:

a) 25.000 euro, landa eremuetako toki entitateetan diren ekintzailetza proiektuetarako.

b) 65.000 euro, Nafarroako gainerako toki entitateetan kokatuta dauden ekintzailetza proiektuetarako.

4. Gastu hori Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

830003-83130-7701-431403: Merkataritzako ekintzaile berriei laguntzea (TMBP).

2017

90.000,00

5. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko martxoaren 6an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

1. Txikizkako merkatari ekintzaileei diru-laguntzak emateko 2017ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da txikizkako merkataritzako ETE berriak sortzeko diru-laguntzak emateko araubidea erregulatzea.

Diru-laguntza honen onura publikoa da txikizkako merkataritzako enpresa proiektu berriak ezartzen dituzten enpresak sortzea, Nafarroan txikizkako merkataritzaren sektorean enplegua sortzen laguntzeko eta ekintzailetza sustatzeko.

2. oinarria. Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendutako kreditua 90.000 eurokoa da. Diru hori honela banatuko da diruz laguntzen ahal diren proiektu moten arabera:

a) 25.000 euro, landa eremuetako toki entitateetan diren ekintzailetza proiektuetarako.

b) 65.000 euro, Nafarroako gainerako toki entitateetan kokatuta dauden ekintzailetza proiektuetarako.

3. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.

1. Diruz laguntzeko modukotzat joko dira 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 15era arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren inbertsioak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da inbertsioa egin den eguntzat.

2. Diruz laguntzeko moduko inbertsioen ordainagiriek 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 17ra artekoak izan beharko dute, biak barne.

4. oinarria. Enpresa onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta hurrengo berariazko baldintzak betetzen dituzten mikroenpresek eta txikizkako merkataritzako enpresa txikiek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak:

1. Enpresa berri bat eratzea, Nafarroan kokatua eta helbide fiskala ere bertan duena, txikizkako merkataritzako enpresa jarduera berri bati ekiteko.

Laguntzatik kanpo daude lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

2. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bi urtean Nafarroan txikizkako merkataritza jardueraren batean ibili ez izatea bere kontura. Eskatzailea pertsona juridikoa edo sozietatea bada, baldintza hori bazkide guztiek bete beharko dute.

3. Mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

4. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) hurrengo jardueretako bat izatea:

–47.11 eta 47.79 taldeen arteko jarduerak, biak barne.

–45.32 taldeko jarduerak (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).

Kanpoan geldituko dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko saltoki espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak, eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar izateagatik, 47.26 (tabako produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.

5. Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea, Nafarroako udalerriren batean, aurreko atalean jasotzen diren jarduera ekonomikoekin zuzeneko lotura duen txikizkako merkataritzari buruzko epigraferen batean.

6. Zerga horretan alta emateko egunak 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 17ra bitartekoak dira, biak barne.

7. Negozio berriak aldeko bideragarritasun plana edo enpresa plana izan beharko du. Agiri horrek identifikatu, deskribatu eta aztertzen du negozio aukera bat eta aukera ematen dio ekintzaileari bere proiektuaren errentagarritasun ekonomikoa ebaluatzeko eta horren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzakoa aztertzeko, negozio aukera hori enpresa-proiektu zehatz bat bihurtzeko behar diren prozedurak eta estrategiak garatuz.

Behar bezala kualifikatutako entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek prestatu beharko du plana, eta diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak ezin izanen du egin, ezta prestatu ere. Plana nahitaez diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Diru-laguntzaren eskabidearekin batera dokumentu hori eransten ez duten eskaerak ukatuko dira eta hori ezin izanen da zuzendu.

Enpresa onuradun dela frogatzeko, 8. 2. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektu eta inbertsio motak.

1. Diruz laguntzen ahal diren proiektu motak.

Diruz laguntzen ahal diren inbertsio proiektuak bi motatakoak izan daitezke, saltokia kokatuta dagoen Nafarroako toki entitateetako (udalak edo kontzejuak) biztanle kopuruaren arabera:

a) Landa eremua: 3.000 biztanle baino gutxiagoko toki entitateetan daudenak.

b) Landa eremua ez dena: Nafarroako gainerako toki entitateetan daudenak.

Diru-laguntzen deialdiaren zerbitzu kudeatzaileak ofizioz zehaztuko du biztanleen kopurua, Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen dituen Nafarroako udalerrietako eta kontzejuetako biztanleen datu ofizialak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra dutenak, oinarri hartuta.

2. Diruz lagun daitezkeen inbertsioak.

Diruz laguntzen ahal dira sortu berriak diren txikizkako merkataritzako enpresa txikiek eta ertainek egindako inbertsioak, 7. oinarri arautzailean ezarritako berariazko baldintzak betetzen badituzte eta beharrezkotzat jotzen badira txikizkako merkataritza jarduera berri bat ezarri, ireki eta abian jartzeko, betiere honako kontzeptu hauetakoa bada:

a) Saltoki bat jartzeko, lokalak berritu, egokitu edo moldatzeko obrak.

b) Aktibo finko berriak erostea, hala nola:

–Produktuak erakusteko eta biltegiratzeko altzariak.

–Merkataritza ekipamendu berariazkoa eta, zehazki, salmenta prozesua eta prezioak modu elektronikoan etiketatzeko sistemak kudeatzeko behar den ekipamendua.

c) Merkataritza jarduerarako, aktibo finkoetan egin beharreko beste edozein inbertsio.

d) Ezinbestekoak eta aurreko jarduketei zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ordainsariak; zehazki, proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak onartzen dira soilik.

e) Frankizietan eta udal merkatuetan sartzeko, erosketa-zentralei atxikitzeko eta enpresa integrazioko beste modu batzuetako kanonak.

3. Diruz lagundu daitekeen gutxieneko inbertsioa.

Eskatzen den gutxieneko inbertsioa, diruz lagundu daitekeena, 6.000 eurokoa da saltoki bakoitzeko, BEZa kenduta.

6. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da, diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoari (BEZa kanpo) %30eko portzentajea aplikatuz zehazten dena.

Gehieneko diru-laguntza 5.000 eurokoa da saltoki bakoitzeko.

7. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek bete beharreko baldintzak.

1. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroan kokatuta eta hiri bilbean integratuta dauden txikizkako saltokietan edo lokaletan egitea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da lokala hiri-lurzoruan edo urbanizagarrian egotea, betiere lurzati horrek edo ondokoek, hau da, itsatsitakoek, nagusiki etxebizitzetarako erabilera badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan kokatuta daudenak, baita mugaz haraindiko eremuetan daudenak ere.

b) Saltoki berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz laguntzen ahal den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz laguntzeko modukoak, eta, betiere, merkataritza jarduera hori izanen da saltoki horretako jarduera ekonomiko nagusia.

c) Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu beharko dira, diru-laguntzaren xedeko saltokian bertan egon beharko dute eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira.

d) Diruz lagundutako aktibo finkoak lehendabiziko aldiz erabili behar dira eta ezin zaizkie laga hirugarren pertsona fisikoei edo juridikoei. Halaber, ezin dira enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak izan.

2. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Salgaiez hornitzeko, eta hasierako izakinak eta material suntsigarriak eskuratzeko gastuak.

b) Negozioaren eskualdaketan ordaindutako gastuak.

c) Saltokiaren errentamendu gastuak.

d) Finantza gastuak, aholkularitzakoak eta bideragarritasun edo enpresa plana prestatzekoak.

e) Altaren eta kontsumoen ondoriozko gastuak, saltokiko hainbat zerbitzu eta hornikuntza kontratatzekoak: ura, hondakin bilketa, elektrizitatea, gasa, telekomunikazioak, aseguruak eta antzekoak.

f) Paper eta poltsen hornikuntza.

g) Bigarren eskuko aktibo finkoak eta ondasun erabiliak.

h) Saltokia eta lurrak erosteko inbertsioak.

i) Garraioko elementuak.

j) Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

k) Erakusketetarako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak, eta aldi baterako erakusketak ezartzea.

l) Leasing bidezko finantzaketaren bitartez eskuratutako aktiboak.

m) Programa eta aplikazio informatikoak.

n) Web-orriak diseinatu, ezarri edo eguneratzea.

o) Mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailua eramangarriak, tabletak, ekipamendu informatikoak, telefono mugikorrak.

p) Diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ez eta enpresa eskatzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.

q) Oro har, merkataritzan aritzeko guztiz ezinbestekoak ez diren aktiboak edo ekipamenduak.

8. oinarria. Eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

a) Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak honela aurkeztuko dira:

–Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz.http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Comercio+y+artesania/Comercio (aurrerantzean laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz aurkezten bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko ondoren aurkeztea eskabidea modu telematikoan. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

–Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita. Horrez gain, eskabidea aurkeztu den ordua eta minutua adierazi beharko dira, datu horiek egon ezean, eskabidea, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako, egun horretan aurkeztutako azken eskabidearen ondoren aurkeztu dela ulertuko baita.

c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

d) Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baizik ez dira onartuko, eta uko eginen zaie diru-laguntzaren eskaerarekin batera oinarri arautzaile honen 2.2.a) atalean ezarritako dokumentazioa erantsita aurkezten ez duten eskaerei; ez da horiek zuzentzerik izanen.

e) Enpresa bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du.

2. Eskatzen den dokumentazioa.

Eskaeraren berariazko inprimakiari erantsi behar zaion dokumentazioa agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan aurkeztu behar da. Hauxe da:

2.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) Nortasuna frogatzen duen agiria.

–Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak.

–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

–Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren kopia.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako dokumentazioa.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso edo eskatu diren beste diru-laguntzei buruzkoa, “de minimis” laguntzei buruzkoa barne.

–Erantzukizunpeko adierazpena, mikroenpresa edo enpresa txiki bat izatearen baldintza betetzeari buruzkoa, betiere mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan xedatutakoari jarraikiz.

–Diru-laguntza eskaeraren xedeko saltokia jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafe guztietan altan egoteko aitorpenaren kopia.

Diru-laguntzarako eskaera aurkezteko unean ez badu dokumentu hori, enpresa planak ematen duen informazioa hartuko da kontuan, jarduera ekonomikoa CNAE-2009 delakoan sailkatu ahal izateko. Kasu horretan, enpresa eskatzailea deialdian aurreikusitako diru-laguntzen onuradun bihurtzen bada, 2017ko azaroaren 17a baino lehen aurkeztu beharko da jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta hartu izanaren aitorpenaren kopia, diru-laguntza jaso ahal izateko. Aitorpen hori da azkenik kontuan hartuko dena 4.5 oinarri arautzailean aurreikusitako ondorioetarako.

–“Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz lortu ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

2.2. Enpresa proiektuari eta inbertsio proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) Bideragarritasun edo enpresa planaren kopia, onetsia, osoa eta bukatua.

Plan horrek informazio zehatza emanen du, alderdi hauen ingurukoa:

–Ekintzailearen lanbide kualifikazioa eta egokitasunaren analisia.

–Merkatuaren eta lehiaren analisia, marketin plana eta ekonomia eta finantza-plana.

–Enpresaren antolaketa eta komertzializatu beharreko negozioaren eta produktuen definizioa.

–Proiektua gauzatzeko faseak, gauzatze egoera diru-laguntzaren eskabidea aurkezten denean eta gauzatzeko aurreikusitako egutegia.

–2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 15era bitarte egindako edo epe horretarako aurreikusitako inbertsioen plana.

–Inbertsioak abian jartzeko aurreikusitako eguna eta, hala badagokio, saltokia irekitzekoa.

b) 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 15era arte egindako edo epe horretarako aurreikusitako inbertsioen zerrenda baloratua eta zehatza; honako agiri hauek aurkeztuz justifikatuko da:

–2017ko urtarrilaren 1etik diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako inbertsioetarako: egindako inbertsioen fakturen kopia.

–Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2017ko azaroaren 15era arte egin gogo diren inbertsioetarako: aurrekontuak, proformako fakturak edo gastu horiek kuantifikatzeko bidea ematen duen bestelako dokumentazioa; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren bolumena zehazteko honako hau hartuko da kontuan: diru-laguntzaren berariazko inprimakiko informazioa, atal honetan eskatutako zerrenda, eta bideragarritasun plana edo enpresa plana. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste edozein agiri.

c) Obra bat gauzatzen den kasuetan (zaharberritzeko edo egokitzeko obrak edo irudia berritzekoak), diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, edo, laguntza teknikoko enpresek ekipamendu-ondasunen hornidura aholkularitzako edo zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan (aktibo finkoak eskuratzea edo zerbitzu tekniko profesionalak kontratatzea), 12.000 eurotik gorakoa, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko da, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela adierazteko, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi. Adierazpen hori diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartua dago.

Dokumentazio hori diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da, non gastua ez den norberaren diru-laguntza eskaera aurkeztu aurretik egin, edo, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez dagoen hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikorik.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, diru-laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

9. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

1. Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez emanen da, eta eskaeren aurkezpen ordenaren arabera tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak 5.1. oinarri arautzaileaan ezarritako proiektu mota bakoitzaren barrenean, horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean, 2. oinarri arautzailean ezarritakoarekin bat.

2. Aurkeztutako eskaerak sailkatuko dira diruz laguntzen ahal diren bi proiektu motatan, txikizkako saltokiak kokatzen diren toki entitateen biztanle kopuruaren arabera, 5.1. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.

3. Proiektu mota bakoitzaren barrenean, Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak ebaluatu eta aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

4. Zuzenketa epea bukatu eta eskaera bakoitza behin betiko ebaluaturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

5. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Eskaeren ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik eta, epe hori iraganik ebazpen espresik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. 5.1.a) oinarri arautzailean ezarritako proiektu motaren barrenean aurkeztutako eskaera guztiei dagozkien diru-laguntzak emandakoan, proiektu mota horretako eskaeren ondoriozko konpromisoei erantzuteko esleitutako kontu-sailean kreditu erabilgarririk bada, kreditu hori erabiliko da 5.1.b) oinarri arautzailean ezarritako proiektu motarako eskaerei laguntza emateko, alegia, aurrekontu aski ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu direnei, horrelakorik baldin badago.

5.1.b) oinarri arautzailean ezarritako proiektu motaren barrenean aurkeztutako eskaera guztiei dagozkien diru-laguntzak emandakoan, proiektu mota horretako eskaeren ondoriozko konpromisoei erantzuteko esleitutako kontu-sailean kreditu erabilgarririk bada, kreditu hori erabiliko da 5.1.a) oinarri arautzailean ezarritako proiektu motarako eskaerei laguntza emateko, alegia, aurrekontu aski ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu direnei, horrelakorik baldin badago.

7. Lehenbizi aurkezten diren eskaerei diru-laguntzak eman ahala baimendutako gastua gutxitzearen ondorioz, diru-funts erabilgarriak ez badira nahikoak diruz laguntzen ahal diren bi proiektu mota horietako baterako eskaera bati egokitutako diru-laguntza osorik ordaintzeko, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren araberako laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari.

Enpresak 5 egun balioduneko epea izanen du jakinarazitako diru-laguntzaren proposamenari baiezkoa edo ezezkoa emateko, eta, enpresak deus jakinarazten ez badu epe horretan, ulertuko da proposamena onartu dela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.

Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.

Ez da inoiz 500 eurotik beherako diru-laguntzarik emanen.

8. Diru-laguntzak lehen adierazitakoari jarraituz banatu ondoren, deialdiaren aurrekontuko baliabideak agortu badira, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.

9. Eskatutako diru-laguntzak eman edo ukatzen dituzten ebazpenen aurka, enpresa eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. oinarria. Enpresa onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen enpresa onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian datorren aitorpenean aditzera ematen zaio enpresa eskatzaileari horren bitartez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan.

2. Inbertsioak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.

Inbertsioen frogagiriak 2017ko azaroaren 17tik aurrera aurkeztuz gero, emandako diru-laguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da. Era berean, egindako inbertsioengatik aurkezten diren frogagiriek erakusten badute diruz lagunduriko aurrekontuaren %70 baino gehiago gauzatu gabe dagoela, horretarako bidezko arrazoi justifikaturik izan gabe, diru-laguntza emateko xedea ez dela bete ulertzen ahalko da, eta, kasu horretan, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. Saltokia 2018ko uztailaren 1a baino lehen irekitzea jendearentzat eta, hala egin ezean, jasotako zenbateko guztiak itzultzea eskatuko da, dagokion berandutze-interesarekin batera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean edo 2017ko irailaren 15a baino lehen aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari diruz laguntzen den jarduketa ez dela egin behar deialdian ezarritako epearen barrenean eta, beraz, uko egiten zaiola diru-laguntzari. Betiere, enpresa onuradunak horren berri jakin bezain laster jakinarazi beharko du, epe horren zain egon gabe.

Diru-laguntzaren xede den proiektua ez gauzatzeak ekarriko du enpresa horrek edo proiektu horrek berak diru-laguntzak eskuratzeko eskubidea galtzea txikizkako merkatari ekintzaileei diru-laguntzak emateko hurrengo deialdian, salbu eta inguruabar hori jakinarazi bada aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz.

5. Diru-laguntzaren xede izan den inbertsio proiektuan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, hura gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.

6. Diru-laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez eta etenik gabe edukitzea enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio-bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epea gutxienez zazpi urtekoa izanen da. Epe horien kontaketa eginen da inbertsioak martxan jartzen direnetik eta, ondorio horietarako, kontuan hartuko da zein egunetan ematen den alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

Deialdi honen xedea da txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertain berriak sortzea; horregatik, diru-laguntza jaso duen enpresak merkataritza jardueran aritzeari uzten badio diru-laguntzaren xedeko saltokian aurreko paragrafoan ezarritako aldietakoren batean, destinoaren beharra bete dela ulertuko da eta ez da bidezkoa izanen diru-laguntzaren itzulketa, betiere enpresak txikizkako merkataritzako jarduera batekin jarraitzen badu, hori deialdian diruz laguntzen ahal izateko zehaztutako jardueretako bat baldin bada, Nafarroako beste edozein saltokitan.

7. Diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketaren izaera publikoa behar bezala zabaltzea; zehazki, saltokian kartel bat ezarriko da urtebetez aise ikusteko moduko toki batean, diru-laguntza ordaintzeko agintzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera; laguntzari buruzko fitxan eskuratzen ahalko den ereduaren araberakoa izanen da kartel hori.

8. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, laguntzari buruzko fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

9. Behar diren neurriak hartzea txikizkako merkataritza arloko ohiko jardun ekonomikoan eta diruz lagundutako jardueren exekuzioan sortutako hondakinak txikiagotzeko eta egokiro tratatzeko. Bereziki, elikagaien hondakinen kasuan, gomendatzen da aprobetxatzen ahal direnak bereiztea eta Nafarroako Elikagaien Bankuari eta antzeko erakundeei ematea, Elikagaien Hondakinen Erabilerari buruzko otsailaren 25eko 7/2013 Foru Legean ezarritakoa betez.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ondorio horietarako, oinarri arautzaile honen 6. atalari dagokionez, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren zuzeneko proportzioan eginen da diru-laguntza itzultzeko kalkulua.

11. oinarria. Egindako inbertsioak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

1. Justifikatzeko epea eta modua.

a) Edozein unetan aurkeztuko da egindako ekintzen justifikazioa, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2017ko azaroaren 17an.

b) Justifikazioa 8.1 oinarrian eskabideak aurkezteko aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzari buruzko fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

c) Diru-laguntzaren eskaeraren xede diren jarduketa guztiak amaituta, fakturatuta eta ordainduta baldin badaude, eta inbertsioa abian jarrita eskaera aurkezten den egunean, dagokien justifikazioa diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da.

2. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute egin direla, eta, horretarako, laguntzari buruzko fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoko dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta:

a) Azken txostena, egindako jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzari buruzko fitxan eskuragari dagoen ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, diru-laguntzaren enpresa onuradunaren izenean jaulki beharko dira.

Ez dira onartuko 100 eurotik beherako faktura justifikatzaileak (BEZa kenduta).

d) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.

Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz, eta diru-laguntzaren enpresa onuradunak banku kontuaren titularra izan beharko du ordainketak egiten diren eguna baino lehen. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuta egon beharko dute.

Espediente bakoitzeko, 2.500 euro arte (BEZa barne) eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileak sinatu eta zigilatutako hartu-agiri bat aurkezten badu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.

Eragiketaren batean parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta hango gastuak eskudirutan ordaindu badira, gastu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 eurokoak edo hortik gorakoak badira, edo balio bera badute atzerriko monetan, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).

e) Saltokiaren kanpoko nahiz barneko argazkiak, aurreko egoera eta jarduketak egin ondokoa egiaztatzeko aukera ematen dutenak, bai eta diruz lagundutako aktibo finkoenak ere.

12. oinarria. Diru-laguntza ordaintzea.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta enpresa onuradunak eginbeharrak bete izana, diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen dutena, frogatzen duen txostena gehituko zaio.

Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoan emanen da diru-laguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, egindako inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela, horien justifikazioa zuzena dela alderdi guztietan eta diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren.

Saltokia diruz lagundutako jarduketak egin direla justifikatzen duten agiriak aurkeztu ondoren ireki behar bada, kasu horretan diru-laguntza ordaindu eginen da baldin eta saltokia 2018ko uztailaren 1a baino lehen irekitzen bada jendearentzat.

13. oinarria Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira gastu berberetarako eskatu edo lortu diren beste diru-laguntzekin, izanik horiek Administrazioak berak egindako deialdienak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrek emandakoak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzari buruzko fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1702917