Iragarkia
56. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
633E/2017 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez, deialdia onesten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko dietista-nutrizionista izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta lanpostu horretan aldi baterako kontratazio bidez eta aldi baterako barne igoeraren bidez aritzeko izangaien zerrendak hautaproben bidez osatzeko.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 8an eman 633E/2017 Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko dietista-nutrizionista izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko eta lanpostu horretan aldi baterako kontratazio bidez eta aldi baterako barne igoeraren bidez aritzeko izangaien zerrendak hautaproben bidez osatzeko, ondoko oinarriei jarraikiz:
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi hau honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz gauzatuko da:
–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea erregulatzen duena.
–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.
–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.
–55/2009 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, euskaraz jakitearen trataera arautzen duena.
–203/2001 Foru Dekretua, uztailaren 30ekoa, adierazten duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako zein lanpostu diren euskaraz jakin beharra dutenak (Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasleenak salbu) eta zer jakite maila behar duten, eta zehazten duena euskaraz jakitea zein lanpostutan hartu behar den merezimendu gisa, besteak beste; eta 35/2016 Foru Dekretua, maiatzaren 25ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duena.
–Gainerako arau osagarriak.
1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (aurrerantzean O-NOZ) organo zentralen iragarki oholean (Armada etorbidea, 2, Iruña). Argitalpen ofiziala izanen da.
–Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen ofiziala izanen da.
–O-NOZko enplegu publikoaren web orrian (www.empleosalud.navarra.es), oposizio-lehiaketaren barrenean, deialdien estekan, Dietrista-nutrizionista. Lekualdatze-lehiaketa (2013-15-16 LEP)” aukeratuz. Argitalpen informatiboa izanen da.
1.3. Deialdi honen xedea da dietista-nutrizionista izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, kasuan kasuko lan publikoaren eskaintzan destino honekin sartua:
–Lanpostu 1 Nafarroako Ospitalegunean. Lanpostu zenbakia: 71049.
Deialdi honen xedea da, halaber, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez, dietista-nutrizionista lanpostuan aritzeko izangaien zerrendak eratzea, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bitartez.
1.4. Deialdiko lanpostu hutsa igoera txanda bidez beteko da, deialdiko lehenbiziko lanpostua baita lanbide kategoria horretan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako txanda banaketarekin bat.
Igoera txandako lanpostua hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekiaren bidez beteko da. Alde horretatik, deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak txanda irekian onartuko dira, baldin eta azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute.
1.5. Izendapena dela bide, izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.
1.6. Deialdiko lanpostua B maila edo taldekoa da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenean “Osasun arloko diplomadunak” estamentuan eta “Giza Nutrizioa eta Dietetika” espezialitatean sailkaturik dago (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea erregulatzen duena, Eranskina).
1.7. Lanpostuen ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.
1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek.
1.9. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak aurreikusten duen moduan, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.
1.10. Dietista-nutrizionista lanpostua lortzen duenak dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.–Izangaiek bete beharrekoak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Txanda irekiko izangaiak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei luzatuko zaie parte hartzeko eskubidea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Giza Nutrizioa eta Dietetikako diplomadunaren/gradudunaren titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.
Tituluak atzerrian lortu badira, homologatua dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaituak edo gabetuak ez egotea eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatea.
f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako administrazio publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragoko batekoa izatea eta beste kategoria batean sailkaturik egotea.
c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta gutxienez bost urteko antzinatasuna aitorturik izatea administrazio publikoetan.
2.2. Kasu guztietan, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.
3.–Eskaerak eta dokumentazioa.
Eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.
Izena emateko eskabidea eta ordainketa telematika bidez eginen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunearen bidez (www.empleosalud.navarra.es), oposizio-lehiaketen deialdien estekan, dietista-nutrizionistaren oposizio-lehiaketa aukeratuz (2013-15-16 EPEa). Online eskabideari ordainketa egitetik salbuetsita dagoela frogatzeko agiri eskaneatuak erantsi beharko zaizkio.
Berariaz eskatu ezean, ez da paperezko agiri bat ere aurkeztu behar.
3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.
3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.
3.2.2. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.
Agiri hauetako baten bidez frogatuko beharko dute desgaitasuna:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
b) Deialdia argitaratzen den egunerako lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik goitiko diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.
Paragrafo honetan xedatutakoa frogatu beharko da:
–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
–Interesdunaren aitorpen baten bidez frogatuko da lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik ez duela jasotzen hilabetean. Aitorpen hori orri zuri batean erredaktatu beharko da.
c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan soilik parte hartzeko eskatzen dutenak.
3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute, eta on line prestatuko den eremuan zehaztu beharko dute zein egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.
3.4. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epean eta moduan.
4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.
4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ulertuko da aurkeztutako erreklamazioak ebatzi egin direla.
4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.5. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko izangaiei egotz dakieken arrazoiengatik baztertuak gelditzen direnean.
4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez dakar berarekin aitortzen denik izangaiek ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Laura San Martín Sánchez de Muniain andrea, O-NOZeko Nafarroako Ospitaleguneko Profesionalen zuzendaria.
Epaimahaiko ordezko burua: M.ª Luisa Hermoso de Mendoza Merino andrea, O-NOZeko Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzailea.
Epaimahaikidea: Elena Gascón Villacampa andrea, Nafarroako Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialak izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: María Marqués Feliu andrea, Nafarroako Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialak izendatua.
Epaimahaikidea: Asunción Merino Peralta andrea, O-NOZeko Sostengu Prozesuetako Zainketen Erizaintza Arloko burua.
Ordezko epaimahaikidea: María José Lasheras Martínez andrea, O-NOZeko Dietetika eta Proiektu Berrietarako Erizaintza Unitateko burua.
Epaimahaikidea: Ana Zugasti Murillo andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Estrella Petrina Jáuregui andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: Blanca Aranzueque Jiménez, O-NOZeko Nafarroako Ospitaleguneko Langileriaren eta Lan Harremanen Zerbitzuko burua.
Ordezko mahaikide-idazkaria: Yolanda Adrián Ruiz andrea, O-NOZeko Nafarroako Ospitaleguneko Ordainsarien Kudeaketarako Ataleko burua.
Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo eskudunari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.2. Hautprobak hasi baino lehenago eratu beharko du epaimahaiak.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.
Epaimahaiak erabakiak hartuko ditu sortzen diren aferen gainean, oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez.
5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Armada etorbidea, 2, 31002, Iruña.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Hurrenkera honetan eginen dira deialdi hau osatzen duten faseak: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.
6.2. Oposizioa 2017ko irailean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da oposizioaldia zein toki, egun eta ordutan hasiko den.
6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.
6.3.1. Oposizioaldian ariketa bat egin beharko da, non idatziz test motako galdetegi bati erantzun beharko baitzaio. Galderak zenbait aukera izanen ditu erantzuteko eta bakarra izanen da baliozkoa. I. eranskineko gaitegiari buruzkoak izanen dira galderak. Erantzun okerrek penalizazioa izanen dute. Galdera kopurua, penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.
6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:
Oposizioaldian 60 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.
6.3.3. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute bertara.
Ariketara agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuta geldituko dira.
6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira minusbaliotasunen bat duten izangaientzat, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki oholean azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web orrian ere izanen da aztergai.
6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.
6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.
Oposizioaldia gainditu duten izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dituzte merezimendu guztiak, www.empleosalud.navarra.es web orriaren bidez, oposizio-lehiaketen deialdien estekan dietista-nutrizionista izateko oposizio-lehiaketa aukeratuz (2013-15-16 EPEa), deialdiko baremoan ezarritako atalen arabera ordenatuak, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratu eta hamabost eguneko epean, hurrengo lerroaldean xedatutako kasuan izan ezik.
Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarri, baremazioa egin dezan:
–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak (administrazio erroa, Osasunbidea, NOPLOI, Hezkuntza, etab.).
–Web orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean aurkeztuak izateagatik, osorik baldin badaude.
6.4.2. Euskaraz dakitela proben bidez frogatu nahi duten izangaiei behar den denborarekin jakinaraziko zaizkie proba horiek egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.4.3. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (II. eranskina).
Lehiaketaldiaren balorazioa ez da baztergarria izanen. Gehienez ere 40 puntukoa izanen da.
6.4.4. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
6.4.5. Merezimenduen baremoaren 1. atala baloratzean kontuan hartuko da deialdiko lanpostua “Osasun arloko diplomadunak” estamentuan eta “Giza Nutrizioa eta Dietetika” espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa. Eranskina).
Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:
–Lantokia.
–Estamentua eta/edo espezialitatea.
–Zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera, guztira zenbat egun diren zehaztuta.
Enpresa pribatu batean egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emandako lan bizitzaren txostena ere aurkeztu beharko da.
6.4.6. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
6.4.7. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitara emanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita. Emaitza horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean ere ikusten ahalko dira.
7.–Azken puntuazioa.
Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.
Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena lortzen duen izangaia lehenetsiko da, baremoko hurrenkera berari jarraituz.
8.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki oholean. Gero, probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, lanpostuen kopuruan sartzen den izangaia izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Proposatutako izangaiak, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean:
8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langile finkoa ez den izangaiaren kasuan:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia, notarioak edo administrazioak konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Zinpeko aitorpena, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
d) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzeko.
f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion.
8.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko edo Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek:
a) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia, notarioak edo administrazioak konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
b) Nafarroako Foru Komunitatekoa ez den Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko langile finko direnek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan kontratudun finko direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez egiaztatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.
c) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, aurreko atalean ezarritako ildo beretik.
9.–Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.
9.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko du ebazpen bidez, dietista-nutrizionistaren lanpostuetan jardun dezan.
Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
9.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita.
9.3. Izendapena dela bide, izendatua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko da eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu.
Hautaprobak gainditu ondoren izendatzen den izangaia funtzionario bihurtuko da eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen den funtzionarioak, lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliatuak badago, bi aukera izanen ditu: sartzen den Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.
9.4. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea geroratuko da izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.
Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.
Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko gerorapen epe hori. Aitorpen hori egiteko nahitaezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea, eta hori gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.
9.5. Deitutako lanpostua betetzen dela bermatzeko, izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik), edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin, eta hari esleituko zaio lanpostua halakoetan.
9.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.7. Izendapenean eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.
10.–Zerrendak osatzea ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko.
10.1. Dietista-nutrizionistaren aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 19ko 60/2015 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren. (2015eko 103. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 29koa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.
10.2. Deialdi honen emaitzan oinarrituta prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta haien jabe izaten jarraitu.
10.3. Iraupen laburreko zein luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeko zentroak deialdian parte hartzeko eskabidean berean aukeratu beharko dira. Interesdunek, orobat, hasierako aukera aldatu, murriztu edo handitu dezakete, kasua zein den, 10 eguneko epean, deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Lanposturik gabe gelditu baina gainditu dutenen zerrendei dagokienez, azken emaitzak argitaratzean indarra duen araudia bete beharko da.
10.4. Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.
10.5. Izangaiek beren burua bazter dezakete deialditik kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo handik beherakoa denean.
11.–Zerrendak osatzea ondoren aldi baterako barne igoerak egiteko.
11.1. Dietista-nutrizionistaren aldi baterako barne igoerako zerrenda prestatzeko eta ondoren funtzionamenduan jartzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua bete beharko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duena, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretua garatzeko indarra duen araudia ere.
11.2. Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea eta horri eutsi, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, dietista-nutrizionistaren lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragokoa den batean, eta lanpostu hori lortzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren beste baldintzak bete.
Hautaproben emaitzak argitaratu ondoan, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak sortuko dira, mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, zeinak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko baitira. Berdinketarik izanez gero, deialdian eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna hartuko da kontuan.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 2.c) artikuluan eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat.
Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 3 artikuluarekin bat.
Iruñean, 2017ko otsailaren 8an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.
I. ERANSKINA
Gai-zerrenda
1. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Nafarroako Osasunari buruzkoa. Herritarren eskubideak. Osasun arloko jarduketa. Administrazio publikoen eskumenak eta eginkizunak. Osasun arloko lurralde antolamendua. Komunitate partaidetzako organoak. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.
2. gaia–17/2010 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa. Xedapen orokorrak. Pertsonek osasuna dela-eta dauzkaten eskubideak. Intimitatearekin eta konfidentzialtasunarekin lorturiko eskubideak. Aurretiazko borondateak. Osasun dokumentazioaren arloko eskubideak.
3. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1924/2066 (EB) Erregelamendua, 2006ko abenduaren 20koa, elikagaien nutrizio adierazpenei eta propietate osasungarriei buruzkoa.
4. gaia.–126/2015 Errege Dekretua, otsailaren 27koa, azken kontsumitzaileari eta taldeei saltzeko ontziratu gabe aurkezten diren elikagaien gaineko informazioari dagokion araudi orokorra onesten duena.
5. gaia.–17/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzkoa. Oinarrizko lege esparru amankomuna, elikagaien segurtasuna osatzen duten jarduera guztiei eta nutrizioan eta bizitzan ohitura osasungarriak lortzea aplikatu beharrekoa. Elikagaien etiketari buruzko lege aipamenak (1169/2011 EB Erregelamendua).
6. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa. Segurtasun eta osasun arloko araudia, lantokiei buruzkoa. Eragile fisiko, kimiko eta biologikoak lantokian. Arrisku ergonomikoak eta psikosozialak. Prebentzio neurriak.
7. gaia.–Dietista-nutrizionistaren lanbide profila. Printzipio etikoak, legezko erantzukizunak eta lanbidearen jarduna. Bioetika. Giza duintasuna eta zainketa aringarriak.
8. gaia.–Osasun arloko dokumentazioa. Historia klinikoa. Dokumentazio klinikoa. Haiek betetzeko arauak. Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako tresnak, elikaduraren, nutrizioaren eta dietetikaren alorrean aplikatuak.
9. gaia.–Pertsonen arteko eta lanbidearteko komunikazioa. Talde lana. Teknikak eta trebetasunak. Dietrista-nutrizionistaren harreman profesionala pazientearekin, familiarekin, komunikabideekin eta gizarte taldeekin. Entzule aktiboa, laguntza emateko harremana.
10. gaia.–Psikologia nutrizioari aplikatua. Elikaduraren arloko jokabidearen oinarri psikologikoak, kulturalak eta sozialak.
11. gaia.–Osasun Zientzietako ikerketaren metodologia. Azterketa kritikoa. Ebidentzia zientifikoa. Ikerketa proiektuen diseinua. Ikerketa mota. Ebidentzia eta bilaketa bibliografikoa egiteko iturri dokumentalak. Emaitzen aurkezpena. Ikerketa zientifikoaren etika.
12. gaia.–Bioestatistika Osasun Zientzietara aplikatua. Estatistika deskriptiboa. Zentrorako joeraren neurriak eta sakabanatzearenak. Probabilitatea. Sentsibilitatea. Espezifizitatea.
13. gaia.–Giza nutrizioan eta dietetikan aplikatu beharreko oinarri kimikoak, biokimikoak eta biologikoak. Elikagaien osaera kimikoa. Propietate fisikokimikoak, funtzio eta erabilera metabolikoa. Balio nutritiboa. Ezaugarri organoleptikoak.
14. gaia.–Nutrizioaren oinarri fisiologikoak. Digestio-aparatuaren anatomia eta fisiologia. Erregulazioa. Metabolismoa. Sistema endokrinoaren fisiopatologia.
15. gaia.–Elikagaien mikrobiologia eta parasitologia. Mikroorganismoak elikagaietan haztean eta irautean eragina duten faktoreak. Toxiinfkezioen prebentzioa eta tratamendua. Elikagaien azterketa bakteriologikoa. Gehigarriak eta elikaduraren teknologia.
16. gaia.–Farmakologia nutrizioan. Farmakozinetika. Farmakoaren eta elikagaiaren arteko interakzioa. Farmakoen interakzioak nutrizio artifizialarekin. Farmakoterapiaren eta nutrizio egoeraren arteko harremana. Elikadura-portaeraren nahasmenduaren tratamendu farmakologikoa. Obesitatearen, diabetesaren, hipertentsioaren, dislipemien eta digestio patologien tratamendua.
17. gaia.–Osasun publikoa eta komunitatearen nutrizioa. Munduko esparru estrategikoa elikagaien segurtasunerako eta nutriziorako. Nutrizioaren epidemiologia. Esku-hartzeko programak nutrizioan. Arrisku kolektiboak. Nutrizioarekin lotura duten gaixotasunen prebentzioa. Zaintza Epidemiologikoaren Sistema Nazionala.
18. gaia.–Osasunaren aldeko heziketa eta nutrizioaren arloko heziketa. Jarrera aldarazteko teoriak eta ereduak. Nutrizioaren arloko heziketa osasun laguntzako zerbitzuetan. Aholku dietetikoa lehen mailako arretan. Aholku dietetikoa ospitalean.
19. gaia.–Segurtasun klinikoa. Arriskuen kudeaketa eta pazientearen segurtasunaren hobekuntza. Zainketen kalitate estandarrak pazienteen segurtasunerako.
20. gaia.–Mantenugaiak. Nutrizioaren arloko gomendioak. Kontzeptua eta bilakaera. Elikadura osasungarriaren oinarriak. Elikaduraren gidak. Elikagaien konposizio-taulak.
21. gaia.–Elikadura eta nutrizio betebeharrak bizitzaren zikloko edozein etapatan: Nutrizioa haurdunaldian eta edoskitzaroan. Elikadura haurtzaroan eta nerabezaroan. Elikadura helduaroan. Elikadura zahartzaroan.
22. gaia.–Espainiako etorkinen populazio nagusien patroi dietetikoak. Kultura aniztasuna elikaduran eta oinarriak nutrizio arloko heziketarako.
23. gaia.–Nutrizio egoeraren ebaluazioa osasuna duten pertsonengan eta gaixotasunean. Desnutrizioaren behatze testa. Desnutrizioaren sailkapena. Nutrizio egoeraren diagnostikoaren adierazle objektiboak. Antropometria bizitzaren zikloetan. Konputu programak ebaluazio dietetikoa egiteko. Elikaduraren desorekak, desoreka nutrimentalak eta desoreka metabolikoak zuzentzea. Nutrizioaren arloko esku-hartzea paziente kroniko konplexuetan.
24. gaia.–Dietoterapia gaixoan. Gaixotasunari lotutako desnutrizioa eta ospitaleko dietetika. Preskripzio dietetiko bat prestatzea eta taxutzea eta segimendua egitea. Dietetikaren eta nutrizioen arloko trantsizioaren egitasmoak. Energiaren eta nutrizioaren balantzetik desbideratzea kuantitatiboki eta kualitatiboki.
25. gaia.–Dieta indibidualizatuak eta berariazkoak, patalogietara egokituak. Kontrolatutako dietak (karbono-hidratoak, proteinak, zuntza, gantza, mineralak, oligoelementuak eta bitaminak). Dieta progresiboak. Dieta kirurgia gastrointestinalaren kasuan, patologia hepatikoaren eta biliarraren kasuan. Kirurgia bariatrikoa egin ondoko dieta, erabilitako teknikaren arabera. Nutrizioaren sostengua linforragian.
26. gaia.–Dietetikan kontuan hartu beharrekoak helduaren egoera patologikoetan. Patologia neurologikoa, giltzurrunetako patologia, dieta bihotzeko eta biriketako kakexiaren kasuan. Dieta dumping berantiarraren sindromerako eta digestio hodia ukitzen duten patologietarako. Nutrizioan kontuan hartu beharrekoak fibrosi kistikoan.
27. gaia.–Elikagaiekiko tolerantzia eza eta alergiak. Erantzun immunologiko asaldua ematea elikagaiei. Histamina gutxiko dietaren oinarriak, tiramina, sulfitoak, glutamatoa, bentzoatoak eta abar murrizteko dietaren oinarriak. Alergiak eta tolerantzia ezak haurtzaroan. Laktosa, fruktosa eta sorbitolarekiko tolerantzia eza. Gaixotasun zeliakoa eta glutenarekiko tolerantzia eza, zeliakoa izan gabe. FODMAP gutxiko dieta. Alergia eta tolerantzia eza zer elikagairi zaion diagnostikatzeko probak. Ordezko produktuak.
28. gaia.–Nutrizioaren garrantzia minbiziaren prebentzioan eta pazientearen tratamendua nutrizioaren aldetik tratamendu onkologiko aktiboaren ondoren. Mukositia. Goragalea eta gorakoak. Idorreria eta beherakoak. Gustuaren eta salibazioaren asalduak. Kakexia onkologikoa. Mikrobio-eduki gutxiko dieta.
29. gaia.–Dietoterapia disfagian. Disfagia motak. Zer patologitan ager daitekeen. Balorazio eta diagnostiko metodoak, aldaketa dietetikoak, nutrizio bidezko tratamendua. Testura eta trinkotasuna aldatutako dietak.
30. gaia.–Diabetes mellitusaren tratamendua nutrizio bidez. Egitasmo dietetikoa tratamendu farmakologikora egokitzea. Indize gluzemikoa eta elikagaien karga gluzemikoa. Elikagai bereziak diabetesa duten pazienteentzat. Nutrizio arloko gomendioak diabetesari lotutako konplikazioak tratatzeko. Diabetesa duten haurrak eta nerabeak.
31. gaia.–Nutrizioaren betebeharrak pediatrian. Dietoterapia gaixotasun kronikoak dituzten haurrekin. Elikadura minbizia duten haurrekin. Digestio aparatuko patologia; nutrizioaren defizitak. Dietoterapia metabolismoaren berezko hutsegiteetan. Dieta zetogenikoak epilepsia tratatzeko. Nutrizioaren arloko heziketa haur eta nerabeekin.
32. gaia.–Adinekoen beharrak nutrizioaren aldetik. Elikadura gaixotasun kronikoak dituzten adinekoekin. Adinari lotutako aldaketa anatomikoak eta fisiologikoak. Nutrizioa dementziaren kasuan.
33. gaia.–Elikatzeko bide alternatiboak. Barazkijaleen eta beganoen dieta; planifikazioa eta elikagai multzoak barazki-dieta orekatuetan. Elikadura makrobiotikoa. Dieta disoziatuak. Dieta hipokalorikoak. Dieta hiperkalorikoak. Dieta zetogenikoak.
34.–Dietako aldaketak test diagnostikoak egin aurretik. Gantzak kuantifikatzea eginkarietan. Dieta eta katekolaminen iraizpena, dieta azido 5-hidroxiindolazetikoaren proba egiteko. Iodo gutxiko dieta. Glukosarekiko tolerantziaren ahozko proba prestatzea. Gantzak kuantifikatzea eginkarietan.
35. gaia.–Elikadura portaeraren nahasteak. Anorexia. Bulimia. Betekada bidezko nahastea. Epidemiologia eta arrisku faktoreak. Diagnostikoa eta segimendua.
36. gaia.–Obesitatea. Fisiopatologia, sailkapena, lotutako gaixotasunak. Obesitate sarkopenikoa. Obestitatearen tratamendu integrala haur eta nerabeekin. Tratamendu dietetikoa, farmakologikoa, kirurgikoa eta endoskopikoa paziente helduarekin. Lehen mailako prebentzioaren programa.
37. gaia.–Nutrizioa eta kirola. Elikadura eta errendimendu fisikoa. Laguntza ergogenikoak eta kirolariaren ebaluazioa nutrizioaren aldetik. Antropometria. Nutrizioaren arloko esku-hartzea sarkopeniaren gainean.
38.–Nutrizioaren sostengu oinarrizkoa eta aurreratua. Nutrizio osagarriaren printzipioak. Oinarrizko elikadura egokitua; berariazko moduluak. Nutrizio osagarriak eta elikadura enteralaren formulak. Ezaugarriak, osaera eta formula motak. Hautaketarako irizpideak. Elikadura parenterala. Formula motak. Prestaketa. Produktu dietetikoak eta fitoterapia. Elikagai funtzionalak. Probiotikoak, prebiotikoak eta sinbiotikoak.
39. gaia.–Genetika, nutrizioa eta gaixotasuna. Nutrizio molekularra. Nutrizioaren genomikaren kontzeptua: nutrigenetika eta nutrigenomika. Adierazpen genetiko, proteomiko, metabolomiko eta bioinformatikoaren profilak. Genearen eta dietaren arteko interakzioak.
40. gaia.–Ospitalearen antolaketa. Elikaduraren prozesua. Elikaduraren zerbitzuen egitura. Nutrizio unitateak. Produkzio sistemak eta oinarrizko prozesuak elikagaien prestaketan, eraldaketan eta kontserbazioan. Sukaldeko teknologia, elikagai multzo desberdinei aplikatzekoa. Aldaketa kimikoak, nutritiboak eta zentzumenezkoak.
41. gaia.–Elikagaien kalitatea eta segurtasuna. Espainiako eta Europar Batasuneko legedia elikagaien segurtasunari dagokionez. Trazabilitatea, arriskuen azterketa. Ekonomia eta elikaduraren kudeaketa. PPCC sistema. Higienearen eta osasunaren arloetako neurriak eta arauak. Elikagaiak prozesatzean sortzen diren toxinak.
42. gaia.–Kolektibo desberdinen elikadura zerbitzuen elikadura eta funtzionamendua. Sukaldaritza kolektiboa osasun arloan. Prozesu teknologikoen eragina elikagaien nutrizio-balioaren gainean. Sukaldaritza sistemei dagozkien lege alderdiak.
43. gaia.–Ospitaleko elikadura eta nutrizioa. Ospitaleko dieten kodea. Dieta terapeutikoen deskripzioa eta jarraibideak. Gomendioak diseinatzea alta ematean ospitalean.
Bibliografia: deialdi honi buruzko bibliografia web-orri gisa argitaratuko da, 1.2. atalean adierazi bezala.
II. ERANSKINA
Baremoa
1. atala.–Egindako zerbitzuak.
Ondokoak baloratuko dira:
1.1. Beste estamentu eta espezialitate batean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 1,5 puntu.
1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,25 puntu.
1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. urte bakoitzeko, 0,75 puntu.
Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.
Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei jarraituko zaie.
Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldiaren araubidea kontuan hartu gabe.
Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.
Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.
Zerbitzu berezietan egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
Erizain espezialistaren titulua lortzeko egonaldi osoa egin ez bada, egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 azpiatalean baloratuko dira.
Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.
2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:
Atal honetako merezimenduak baloratuko dira aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia baldin badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.
2.4, 2.6 eta 2.7 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak izanda ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.
Akta-liburuetan edo abstraketan egiten diren txostenak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.
2.1. Graduondoko prestakuntza:
–Ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: puntu bat.
–Doktore gradua: puntu bat.
–Unibertsitateko aditua: puntu bat.
–Unibertsitateko master ofiziala: 1,5 puntu.
2.2. Prestakuntza espezializatua:
–Erizain espezialistaren titulua izateagatik, Erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuan ofizialki aitortutako espezialitateetako batekoa: puntu bat.
–Helburuko kategorian lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa ez da atal honetan baloratuko.
2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,05 puntu.
Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztapenean orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko kredituak hartuko dira aintzat.
Ziurtagirian orduen kopurua ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.
Zatikiak proportzionalki puntuatuko dira.
Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.
Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betekizunak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen” barrenean antolatuak.
Titulazio ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.
Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.
2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, afixak edo komunikazioak aurkeztea:
–Nazioartekoak: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,2 puntu.
–Estatu mailakoak: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu.
–Autonomia erkidegokoak: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,05 puntu.
Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.
Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:
–Nazioartekoak: 0,75 puntu.
–Estatu mailakoak: 0,5 puntu.
–Autonomia erkidegokoak: 0,2 puntu.
Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.6. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehenengo hiru sinatzaileak, 0,4 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,2 puntu.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.7. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.8. Irakasle lana:
a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.
Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
b) Irakasle lana osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo adituen tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa, eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.
Egiaztagiriaren arabera, ikasturte osoa egiaztatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Gehienez ere puntu 1 emanen da.
2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak direnez: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.
Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.
3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa:
Euskararen jakite-mailaren balorazioa ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautu baitzen.
Iragarkiaren kodea: F1703072
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
