1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
35/2017 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2016-2017 ikasturtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdia onesten duena, mugitzeko desgaitasun larriaren ondorioz hezkuntza premia bereziak izanik, Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoekin ordaindutako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan ari diren ikasleentzat.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak zehazten du ezen, besteak beste hezkuntza premia bereziak izateagatik, ohikoa ez den hezkuntza arreta behar duten ikasleentzako hezkuntza baliabideak bermatzea hezkuntza administrazioei dagokiela, ikasle horiek beren gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien gara ditzaten, eta, betiere, ikasle guztientzat ezarritako helburu orokorrak lor ditzaten.
Hezkuntza prozesu integralean garrantzi berezia ematen zaie ikastetxeetan sustatzen eta antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduerei eta jarduera osagarriei, berez eskolakoak diren ekintzen osagarri direlako curriculum proiektu bakar baten esparruan.
Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txosten batean adierazi du komeni dela laguntzen deialdi bat egitea 2016-2017 ikasturtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak antolatzeko, mugitzeko desgaitasun larriaren ondorioz hezkuntza premia bereziak izanik, Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoekin ordaindutako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan ari diren ikasleentzat.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2016-2017 ikasturtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzak arautzen dituen deialdia onestea, mugitzeko desgaitasun larriaren ondorioz hezkuntza premia bereziak izanik, Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoekin ordaindutako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan ari diren ikasleentzat. Deialdiaren oinarriak I. eranskinean agertzen dira.
2. Gehienez 11.000 euroko gastua baimentzea 2017ko gastuen aurrekontuko “Hezkuntza Berezirako bekak eta laguntzak” izeneko 420002-42210-4809-322400 kontu-sailaren kargura.
3. Deialdia eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen hau Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko otsailaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
I. ERANSKINA
2016-2017 ikasturtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdia, mugitzeko desgaitasun larriaren ondorioz hezkuntza premia bereziak izanik, Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoekin ordaindutako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan ari diren ikasleentzat
OINARRIAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da laguntzak ematea eskola komunitateak eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak antola ditzan mugitzeko desgaitasun larriaren ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat. Jarduera horiek eskola orduetan edo eskola ordutegitik kanpo izaten ahal dira, eta ikastetxeak garatzen dituen eskola ekintzen osagarri izanen dira, curriculum proiektu bakar baten esparruan.
2. Helburua.
Deialdiaren helburua da eskatzaileei, hau da, mugitzeko desgaitasun larriaren ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei, laguntzea Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan programatzen diren eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteagatik datozkien gastuak ordaintzen.
3. Onuradunak.
Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak legez baimenduak dituen eta funts publikoekin ordaintzen diren Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan ari diren ikasleetatik hezkuntza premia bereziak dituztenek mugitzeko desgaitasun larria izateagatik.
4. Diruz laguntzen ahal diren jarduerak.
Eskola komunitateak antolatu eta ikasleak protagonista dituzten jarduera guztiak aintzat hartuko dira, bai eskolaz kanpoko orduetan egiten direnak bai eskola ordutegiaren barrenekoak, Eskola Kontseiluak ebaluatu baditu eta Urte Plan Orokorrean sartuak badaude, hurrengo atalean aipatzen direnak izan ezik.
Honako hauek ez dira aintzat hartuko:
a) Ikastetxeko urteko programazio orokorraren barrenean sartuta ez dauden eta/edo Eskola Kontseiluak ebaluatu ez dituen jarduerak.
b) Departamentu honen edo beste erakunde publiko baten deialdiaren bidez laguntza jaso duten jarduerak.
c) Ohiko eskola gehiago ezartzea dakarten jarduerak.
d) Material inbentariagarria erostea.
5. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkez daitezke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).
Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita eranskinak behar bezala beteta ez dituztenak eta datu faltsutuak edo osagabeak dituztenak ere.
6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Mugitzeko desgaitasun larriaren ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek deialdi honetara aurkeztu nahi izanez gero, ikastetxeak arduratuko dira eskaera bideratzeaz, honako dokumentazio hau aurkeztuta:
a) Eskabidea, behar bezala betea, II. eranskineko ereduaren arabera. Horretan Eskola Kontseiluko buruak ziurtatu beharko du jarduerak Eskola Kontseiluak ebaluatu dituela eta urteko programazio orokorraren barnean daudela.
b) Laguntzaren xede diren jardueren deskribapena ikaslez ikasle, III. eranskineko ereduaren arabera.
c) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, IV. eranskineko ereduaren arabera.
Eskaerak aurreko ataleko baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio eta hamar egun naturaleko epea emanen zaio, jakinarazi eta biharamunetik hasita, akatsak zuzentzeko.
7. Eskaerak baloratzea eta laguntzaren zenbatekoa zehaztea.
Laguntza eskatzen duen ikastetxe bakoitzari zenbat diru esleituko zaion zehazteko, balorazio batzordeak honako hauek hartuko ditu kontuan:
Aurkezten den aurrekontua nola egokitzen den laguntza honen xedeko kontzeptuetarako ezarritako gastu mugetara.
1.–Garraiorako laguntza:
Autobus egokitua: autobus arrunt baten kostuaren eta autobus plataformadun baten kostuaren arteko aldea adinako laguntza eskatuko da.
Zerbitzu honetarako laguntza ez da 300 eurotik gorakoa izanen jarduera bakoitzeko.
Taxi egokitua: zerbitzuaren kostua eskatuko da.
2.–Zaintzailearendako laguntza:
Laguntza hau onartzeko, baliabide pertsonala denez, honako hauek hartuko dira kontuan:
–Salbuespenezko laguntza bat da.
–Laguntzaren xedeko ikasleak egiten dituen irteerak banan-banan aztertuko dira, eta horretarako hezkuntza arloko laguntzaile baten arreta behar duen baloratuko da, mugitzeko desgaitasunen bat duten ikastetxeko gainerako ikasleekin egonen ez dena.
–Familiak eman dezakeen laguntza.
–Eskola-egun baterako edo gehiagorako den.
Zerbitzu honetarako laguntza ez da 500 eurotik gorakoa izanen jarduera eta haur bakoitzeko.
Aurkezten diren jardueren guztirako kostuak deialdian ezarritako diru kopurua gainditzen badu, onartzen diren laguntzak hainbanatuko dira.
8. Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau garatzeko, 11.000 euroko gastua esleitu da. Lehenbiziko esleipenean, gehienez 10.000 euro banatzen ahalko dira, eta gainerako 1.000 euroak, berriz, deialdian ezarritako epea bukaturik aurkezten diren eskaeretako beharrei kasu egiteko gordeko dira, maiatzaren 31 baino lehen aurkezten badira betiere.
9. Prozedura tramitatu eta instruitzeko organoak.
Eskaerak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu, eta instrukzio organoa Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzua izanen da.
Aurkezten diren eskaerak honako hauek osatuko duten balorazio batzorde batek aztertuko ditu:
–Batzordeburua: Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.
–Batzordekideak: Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko bi teknikari.
Batzordearen eginkizuna da aurkezten diren eskaerak baloratzea eta dagokien puntuazioa esleitzea, 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
Behin-behineko balorazioa eta kalkulu horretarako aintzat hartutako datuak Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan argitaratuko dira, eskatzaileek behar diren egiaztapenak egin ditzaten. Behin-behineko balorazioan akatsen bat sumatuz gero, eskatzaileek hiru eguneko epea izanen dute behar den erreklamazioa egiteko, balorazioa argitara ematen den egunetik hasita.
10. Ebazpena.
Aurreko oinarrian adierazitako epea bukaturik, eta, kasua bada, behin-behineko balorazioaren aurka aurkezten diren erreklamazioak azterturik, balorazio batzordeak behin betiko balorazioa egin eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari igorriko dio, laguntzak emateko behin betiko proposamena egin dezan.
Hezkuntzako zuzendari nagusiari dagokio deialdia ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 136/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete igarotzen badira espresuki ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatu bezala.
11. Jakinarazpena eta errekurtsoak.
Deialdiaren ebazpena administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.
Deialdiaren ebazpena Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan ere argitaratuko du Hezkuntza Departamentuak, honako hauek adierazita: laguntza hauen onuradun diren ikastetxeen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko dirua eta baztertu diren ikastetxeen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak azalduta.
Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
12. Ordainketa eta justifikazioa.
Finantzatzeko moduko gastu justifikatua:
Gastu justifikatutzat joko da, diru-laguntza ordaintzearen ondorioetarako, diruz lagundutako ekintzara edo jarduerara bideratutako gastua, besterik ez, betiere gastu hori 2016ko irailaren 1etik 2017ko ekainaren 25era bitarte egin eta ordaindu bada.
Diru-laguntzaren ordainketa:
Diruz lagundutako jarduera bakoitzari dagokion diru-laguntza jasotzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio instrukzio organoari 2017ko ekainaren 30a baino lehen:
a) Egindako jardueraren gaineko txosten edo memoria labur bat, aurreikusitako helburuak noraino bete diren azalduta.
b) Gastuen justifikazio kontua. Kontu hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, jardueran egindako gastuak bilduko ditu eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu.
c) Justifikazio kontuarekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten fakturen jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.
Fakturak indarra duen legediari jarraikiz luzatuak izanen dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egin den eguna, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) eta igorlearen sinadura.
Erreziboak eta/edo kutxako tiketak ez dira inola ere onartuko.
Laguntzen ordainketa Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez aginduko da, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, eta familia onuradunei zuzenean ordainduko zaie, nahiz eta ikaslea eskolaturik dagoen ikastetxearen bitartez ere ordain daitekeen.
13. Bateraezintasuna.
Diru-laguntza hau bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Espainiakoek zein atzerrikoek, helburu bererako ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin.
14. Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzea.
Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, diru-laguntza beste zerbaiterako erabiltzen bada, laguntza zertan erabili den justifikatzeko ezarritako epeak eta modua betetzen ez badira, edo datuak faltsutzen badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da, deusetan galarazi gabe eskatzaileak izan litzakeen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak.
15. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.
II. ERANSKINA
Laguntza eskaera, mugitzeko desgaitasun larriaren ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko, 2016-2017 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan.
III. ERANSKINA
Ikasle bakoitzaren jardueren edo bidaien azalpen-txostena.
IV. ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan, 2016-2017 ikasturtean, mugitzeko desgaitasun larriaren ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdira aurkeztutako jardueren zerrenda-laburpena.
V. ERANSKINA
Gastuen justifikazio kontua.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1702670